Astekaria

 Azkena 

Joan zen uda

Jose Ignazio Ansorena

Jose Ignazio Ansorena


2011. alea
2005-10-16
alde 0    kontra 0

Uda honetan hainbat herritako festetan izatea egokitu zait. Pozgarriak festak. Alde batetik, noski, amaitzen direnean ere izugarrizko bakea ematen dutelako. Festetako zaratak nauka harrituta. Gero eta gehiago herrietako erdigunean bizi den jendeak alde egin behar izaten du etxetik, ezin eraman dezakeelako festetako zarata. Eragin fisiko eta psikologiko handiak izaten dituzte.

Uda honetan haurtxoei begiratu diet asko. Beti begiratzen diet. Ikuskizun zoragarria dira niretzat. Haurrek, heldutakoan galtzen den grazia naturala baitute egiten dituzten gauza guztietan. Antropologo batzuen ustez, naturak programatutako ezaugarria da, babes tankerako bat. Zaila da ume baten mugimendu eta jolasen aurrean eraso eginez erantzutea. Animaliek, basapiztiek ere, pertsonekin topatzen direnean ihes eginez edo erasorako prestatzen erantzuten dute. Pertsona-kumeekin, ordea, kontrako jokabidea izaten dute. Piztiek hazitako eta zaindutako haurtxo askoren kasuak ezagutzen dira.

Bada, umeei erreparatu diet festetako musika eta zaraten aurrean. Musika tankera batzuekin berehala hasten dira saltoka. Dantza gogoa suspertzen zaie nonbait. Beste batzuekin aldiz geldi geldirik. Non dago aldea? Onena norberak esperimentua egitea.

* * * * * *

Uda honetan Obanos gainean dagoen Arnotegi menditxoaren tontorrera igo ginen. Hango elizatxoan ermitau bat bizi da. Argirik gabe, urik gabe, bakardadean, meditazioan eta otoitzean ematen ditu orduak eta egunak. Baita hurreratzen direnei hizketa gozoa eskaintzen ere. Asko hurreratzen zaizkio, agnostikoak batez ere, berak esanda. Etxera itzulitakoan, seme-alabei hango berri kontatzerakoan galdetzen zidaten: zertarako balio du? Nik uste dut benetan balio duela, gure eguneroko jardun ustez garrantzitsu askok baino gehiago. Han egote hutsak bakea zabaltzen duela, argi-dorrea dela askorentzat. Niretzat ere bai. Eskerrak ematen dizkiot.

* * * * * *

Uda honetan berriro Hondarribiko alardearen kontuak izan ditugu hedabide guztietan. Bertako doinurik famatuena, Titibiliti, Europako folklorean oso zabaldua dago. Euskal Herrian bertan, Elorrion jotzen da Errebonbiloen egunean eta beste hainbatetan ere. Juan Ignazio Iztuetak 1827.ean argitara eman zuen doinu zaharren bilduma. Eta bertan doinu hori bera izenburu honekin dator: Nescath guizon coiac erritic botatceco soñua. Neskatx gizonkoiak herritik botatzeko soinua! Gizon neskazaleak bakean uzten zituzten nonbait.

Zein tradiziori buruz ari zen Iztueta ulertzeko, Santa Cruz apaizaren bizitzako pasarte bat aldatuko dut hona: "...la pena de emplumamiento, para lo cual raparon su cabello, untaron la cabeza con miel, a la que adhirieron plumas de una gallina. En esta forma la montaron en flamante borriquillo, y rodeada de un piquete de infantería, armado de fusil y bayoneta, y dos robustos makildaris -apaleadores- que al son del danbolin de Echarri, traído por orden superior, llevaban el compás con movimientos más que regulares sobre las costillas de la agraciada, hasta que hecho el recorrido por toda la extensa plaza en esa forma, a las órdenes del capitán, segundo jefe de la partida, Cachín, mandó éste sacarla hasta la cadena (...) y le tiraron algunos cantos en forma de pedrea para que corriese hasta Guipúzcoa...".

Uda honetan berriro kontu bera errepikatu da. Noizbait galdera egin beharko diete serios hondarribiar gehienek beren buruei. Zer gertatu zaigu? Nola iritsi gara erridikulu honetaraino? Ziur aski, aspaldiko amorrazio eta ikusiezin ezkutuak bere garaian gaia planteatzeko iaiotasun ezarekin nahastuko ziren. Honek bakarrik ez du, hala ere, gorrotozko tema hori ulertzeko balio. Batez ere, buruzagi kalamitosoak izan dituzte. Oraindik orain alkateak bere horretan jarraitzen du, maleziaz eta demagogiaz.

Horixe gertatu zaie batik bat. Gidari txarrarekin auto onik ez. Udan zein neguan.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2010
 
azala2009

2011 zenbakia.
2005ko urriaren 16a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia