Lau herri lotuko ditu hiru orduko ibilbide honek. Industriak hazitako herrien atzeko atean, baratzeek oraindik mosaiko aberatsa eskaintzen digute. Adin eta mota guztietako pertsonentzat atsegina da bide hau: oinez, gurpil aulkian, txirrindan, patinetan... egin liteke. Garraio publikoa da aldameneko herri hauek lotzen asmatzen ez duen bakarra.
Hernanin, Donostiatik errepidez joanda (GI-2132) herriaren bigarren sarreraren parean hasiko dugu ibilbidea. Bidegurutze honetan, Buruntzaldeko mankomunitateak jarritako txartelak markatzen digu Lasarte-Oriarako norabidea. Alberro sagardotegira doan bide bera da. Asfaltozko bidean sartu, eta Buruntzaldeko mankomunitateak oso ongi markatuko digu bidegurutze bakoitza: egurrezko txarteletako txantxangorria izango dugu txanogorritxu despistatuon gidari.
Aldapa gora bakarra
Berehala iritsiko gara Elutxeta sagardotegira eramango gaituen aldapara. Aldapa gogorra da, baina laburra, eta behin hori igota ibilbide osoan altura eutsi edo jaitsi egingo dugula oroitzeak arinduko digu pausoa. Aldapa igota, kartelak markatzen duenez, zuzen jarraituko dugu aurrera, eskalatzaileen orma-petik Lasarte aldera joateko. Pareta hauek izan omen dira eskalatzaile handien eskola, eta institutoko ikasleen piperlekua.
Aurrera joanda Saretxo taberna eta golf txikia pasatuko ditugu. Olazabal berrientzat denborapasa polita. Hauek eskuinera utziz, Jauregi bailarara sartuko gara.
Lasarte bidea-Hernani bidea
Hainbeste kartelekin, galduko den bakarra postaria izango da. Izan ere, hemendik Lasarterainoko bideari «Lasarte bidea» deitzen diote hernaniarrek, eta «Hernani bidea» lasartearrek, dena baita nondik begiratzen den. Irudika dezakegu postari gajoa, Hernanitik Lasartera eta Lasartetik Hernanira, bidearen benetako izenaren bila.
Komantxeen lurraldetik koktelera
Ordea, Buenos Aires maldan behera jaitsi gara eliza eta udaletxe aurrera, gaurko Lasartera: XVIII. mendetik industriak Lasarteren hazkundea azeleratu zuen, hamaika lekutatik etorritako langileak 6.000 metro koadrotan pilatuz. Herria atzo arte Donosti, Hernani, Urnieta eta Usurbilen jurisdikziopean egon da, 1986an lortu baitzuen udalerri izatea. Sarasua anaiek bertso batean bildu zuten historia:
Lasartearrak definitzean
entzun izan dut esaten
Hernani eta Espainiako
usaia nola daukaten
usurbildarren kasta
donostiarren pasta
dena udalerri baten
tamalez, noski, nahasketa danak
ez dira koktel izaten.
Udaletxe atzeko Geltoki kalean aurrera, izkinako Jalgi tabernan sartu gara, Ttakun euskara taldearen kafe antzokian, eta tortila pintxoak eman digu aurrera jarraitzeko indarra.
Zubieta
Errebotean jokatzeko Gipuzkoako frontoi bakarrenetakoa dago bertan, elizari itsatsia. Eta parean, frontoi estali dotorea, estrainatu berri. Plazan bertan, Alamandegi tabernan etxeko jakiez gozatzerik izango dugu.
Donostiaren auzo den Zubietak, aparteko kasta du. Ikusteko dago, ordea, noiz arte gordeko duen. «Loteria» denak tokatzen zaizkiola dirudi: Txalet itxurako etxe-txanpinoi pila egiten ari dira, bertako biztanleria aurki bikoiztu edo hirukoiztuko dutenak. Erraustegia ere bertan jarriko zutela zabaldu zen azkena, horregatik daude leihoak aurkako trapuz josita. Eta kartzela ere Zubietan jartzekotan omen dira...
Usurbilera
Begi-belarriak aztoratuta iritsiko gara Santuenera. Zubi erdian Oria ibaiari so geratu, adurra darigula, eta beste aldera, Ingemar enpresa aurrera aterako gara.
Trenbidea oso kontuz zeharkatuko dugu barandila berde ondotik, eta burdinazko zubiak Usurbilgo kalera eramango gaitu.
Arratsaldea pasatzeko bada zer ikusi bertan.
![]() |
|
||||
2011 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa