2005-10-16 -- 2011.zenb
Bideetako lanek, istripuek, kamioiek... auto-ilarak eragin ditzakete, baina ibilgailu partikularrek ere badute zeresana arazo honetan. Auto gidari asko bakarrik joan ohi da autoan eta ibilgailuak gehiago betetzeak, trafikoa gutxitzea ekartzen du. Horregatik Euskal Herriko hainbat udaletan autoa partekatzeko ekimenak daude abian. Egun, Urola Kostan, Arrasaten, Bilbon eta Zuatzu Parke Enpresarialean Autoan Elkarrekin ekimena dago abian. Zonalde berean bizi eta lanera edo ikastera toki berera joaten diren pertsonak harremanetan jartzeko zerbitzua da. Modu horretan, pertsona bat baino gehiago joaten dira auto berean, erregaia aurreztuz, kutsadura gutxituz eta trafikoa lasaituz. Ekimenean parte hartu nahi duenak www.compartir.org web gunean aurki dezake autoa partekatzeko modua, baita udal bakoitzari dagokion web gunean ere. Beste udalerri batzuetan ere antzeko ekimenak abian jartzeko asmoa adierazi dute. Oarsoaldeko lau udalerrietan, esaterako, Autorik Gabeko Egunaren atarian autoa partekatzeko foro bat zabaldu zen Agenda 21eko web orrian.
2004. urtean guztira 2.013 pertsonek eman zuten izena jatorria Katalunian duen Compartir zerbitzuan. Horietatik egunero 258 bidaia partekatu egitea lortu zuten (%14). Egunero 7.753 kilometro partekatu ziren. Auto horiek errepidetik ateratzeaz gain, bidaia hauek egiteko zirkulazioan jarraitu duten autoen okupazioak nabarmen egin du gora (1,2 pertsona zerbitzuan sartu baino lehen eta 2,84 ondoren). Kotxea partekatu duten guztiek, orotara, 157.000 euro aurreztu dituzte, 163.748 litro erregai gutxiago kontsumitu dituzte eta 180 CO2 tona gutxiago emititu dute.
Baina ekimen hauek ez dira oraindik nahikoa errotu eta gure errepideetako ibilgailu kopurua gora ari da etengabe. Autoa partekatzeko joera zabalduz gero, etorkizunean eragina izan dezake auto-ilarak murrizteko. Bitartean, auto-ilara batean harrapatuta geratuz gero, zerbitzua erabiltzen dutenek konpainia izango dute gutxienez.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa