Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-10-16 -- 2011.zenb

Jakoba Errekondo

Gaztain morkotsek musua eman eta hartzeko ezpainak irekitzen dituzte. Sagarrak jostalari penditzean behera pirrilaka. Intxaurrak kattagorrien biltegien neguko kontabilitatea osatzen. Gurbitz aleak hartzitze aldera euri ttanttak bereganatzen. Otsolizarren aleak zozo eta eskinosoen amu laranga zorrozten. Hurrak muxar habietara prozesioan.
Ganbara ondo antzera duenak badaki, uzta bihotzean, negurako ganbara bete jaten. Uzta guztiak, jaten guztiak ez dira, ordea, fruitu. Hostoak, loreak, sustraiak... denetatik behar eta jaso behar... Kalamua adibide. Landare emearen loretzarra da uztagaia. Aparteko garrantzia hartzen ari da azkenaldi honetan kalamua geure nekazaritzan. Balkoietan, terrazatan, parke eta lorategietan, mendian sasitzatan, errio bazterreko zanpiuratan, etxe-zuloko eskapoletan... nonahi topatuko duzu usain berde gazitxoaren arrastoa.
Udaberriko lehen ilargiarekin erein, apirilean lurra berotzen hasi denean landatu, etengabe ureztatu eta ongarritu, maiatzean eta ekainean kimatu, uztarako komeni ez den hazirik ez hazteko arrak zikiratu eta udazkenean sartu bezain pronto uso-hiltzaileek hain gustuko dituzten hego-haizedun egun bero horietako batean ipurditik atera eta hezetasuna eta argitasunetik urruti buruz behera zintzilikatu. Lan-kate dotorea du bai kalamuak.
Azken katenbegiarekin argi! Lorea izaki ilargia gorantz doanean jaso, loretzarra lizunak gozatu eta zeuretzako mikaztu ez dezan uzta unea cancer, scorpius eta piscis zeinuetatik urrutiratu, egunaren lehen orduek eransten duten aparteko energia eta magnetismoa profitatu... Gros eta Vermot-Desrochesen ilargiaren egutegiaren arabera aurtengo kalamu-uzta unerik onenak urriaren 13 osteguna 14:00etatik 20:00etara eta urriak 22 larunbata 11:00etatik 12:42 artekoak dira. Osasunakin urratu.

Jabier Agirre


Itxura guztien arabera, isurtzaile goiztiarrek badute jadanik beren arazoa konponduko dien Viagra moduko pilula miresgarria. Botika berri honek isurketa edo eiakulazioa kontrolatzen laguntzen omen du, eta bere eraginez koitoaren iraupena hiru-lau aldiz luzatzeko aukera ematen omen dio gizonari. Eta horrek mesede izugarria egingo die, zalantzarik gabe, isurketa goiztiarrak jotako gizonezkoei -lautik bat omen dira, azken inkesten arabera-.
Duela gutxi bukatu duten ikerketaren datuek agerian uzten duten bezala, asaldu edo gaitz hori jasaten duten gizonezkoek beren sexu-harremanetan 1,8 minutu ematen dituzte batez beste; egoera normalean, aldiz, iraupena 7,3 minutukoa izan ohi da. Dapoxetina hidrokloruroa izeneko botika hori Prozac ezagunaren antzeko ekintza-mekanismoa duen antidepresiboa da: serotonina inhibitzeaz gain, isurketa kontrolatzen duen mekanismoari ere eragiten dio, aldartea aldaraztearekin batera.
Pilula koitoa egin baino 1-3 ordu lehenago hartzen da, eta bere egitekoa isurketa atzeratzea da. Orain arteko saiakeretan 18tik 77 urtera bitarteko 2.614 gizonezkok hartu dute parte eta beren arazoa ahazteko moduko ondorioak lortu dituzte. Sei hilabetez botika hartzen aritu ondoren, minutua egin aurretik agertzen zen isurketa hiru minutu eta 20 segundoko batez besteko epera atzeratzea lortu dute gehienek. Ikerketa handi hori Johnson & Johnson laborategi amerikar ezagunei lotuta dagoen talde baten gidaritzapean egin da, bikotekide egonkorra zuten gizonezko boluntarioekin, eta bere ondorioak ikusita -sexu-harremanen iraupena hiruzpalau aldiz luzatzea-, berandu baino lehen botika hori salmentara aterako dela pentsa dezakegu.

Joxerra Aizpurua


Gorilen berrikuntza-ahalmena

Kongoko Errepublikan dagoen Nouabalé-Ndoki parke nazionalean Tomas Breuer eta lagunek ateratako argazkiek agerian utzi dute gorilen berrikuntzarako ahalmena. Orain arte gauza jakina zen txinpantzeek edo gorila gatibuek tresnak jan ahal izateko erabiltzen zituztela, baina mendietako gorila basatiek erakutsi dutena erabat ezezaguna zen. Aipatu parkean gorilak beren joan-etorrietan tresnak erabiltzen harrapatu dituzte. Adibidez, argazkian gorila eme bat atera dute, elefanteek sortutako ur-putzuaren sakonera neurtzen, eta enbor bat garraiatzen zuen beste eme batek enborra zubi gisa erabiltzen zuen eremu hezeak zeharkatzeko.
Argazkien egileei berehala egin diete galdera: zenbat gorila topatu dituzte berrikuntza ahalmenekin? Oraingoz 140 kideko taldean bik baino ez dute ahalmen hau erakutsi, beraz, gehiegikeria litzateke berrikuntzarako ahalmena gorila guztiei egoztea.


Kaioak hegazkinen eredu

Floridako Unibertsitateko ingeniariek NASAren eta AEBetako militarren laguntzarekin egindako ikerketan kaio hegalen eredua izan dute oinarri. Helburua zuzendutako hegazkin txikiak sortzea izan da, hegazkin isilak, zubien azpitik igarotzen direnak eta terrazetan edo apartamentuen balkoietan lurreratzeko gai direnak. Horretarako 15 eta 60 zentimetro arteko prototipoak eraiki dituzte, espazio txikietan maniobra pentsaezinak egiteko ahalmenekoak. Orain arteko hegazkinen ezaugarriek ezinezko egiten zuten espazio txikietan maniobratzea, baina kaioen hegalaldiak behatuz konturatu ziren ikerlariak gakoa hegoen itxuran zegoenaz.
Floridako Unibertsitateak garatutako lehen prototipoak hiru urteko garapena behar izan du eta oinarrian Wright anaiek erabilitako prozedura errepikatu da, hots, hegalen hainbat zati hegalaldian bertan mugitu ahal izatea. Hasieran hegalak beherantz baino ezin ziren higitu, baina hainbat hobekuntza egin ondoren gorantz eta beherantz higitzea lortu zen.
Dena den azken prototipoak beste higidura bat badu, hauxe: hegala beso baten antzera higitzea, kaioek egiten duten eran, hain zuzen ere. Egindako lehen hegaldiek behatzaile guztiak harritu dituzte, lortutako maniobrak ikusi gabeak baitziren orain arte. Agian maniobrarik harrigarriena segundo batean 360 graduko hiru bira eman ahal izatea izan da. Are gehiago, hainbatek aipatu du jada maniobrarako duten ahalmena dela eta, gidatu ezinak direla.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan