Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-10-16 -- 2011.zenb

Ezin da ukatu konfrontazioaren logikak bere horretan dirauela euskal politikan, nahiz eta honen mailak ez duen zerikusirik esate baterako duela hiruzpalau urteko giro bortitzarekin. Baina konpondu gabeko gatazkaren ondorioak hor dira, beren norabide desberdinetan dituzten ohiko eraginekin. Konfrontazio hori, dena den, hor badago ere, elkarrizketa giroa ere agerikoa da, eta Arrasateko batzokiaren aurka edo Getxoko LABeko egoitzaren aurkako erasoak apurka gailendu beharko lukeen elkarrizketa logika horretatik kanpo dira. Zarautzen Nazio Eztabaidagunean elkarrekin eraiki nahian aritu eta gero han bertan ari direnen arteko halako erasoak ez dirudi logika berdinean direnik. Hausnarketa hau biolentzia jasan edo eskubideen murrizketa jasaten diren beste esparru askotara eraman daiteke, zalantzarik gabe, baina eraso mota batzuek hausnarketa berezia eskatzen dute une honetan.

Atzerapen zurrumurru ugariren ondoren, azkenean azaroan hasiko da 18/98 auzia eta zortzi bat hilabete iraun dezakeela aurreikusten da. Ondoren etorriko lirateke beste makrosumario batzuk, besteak beste, Amnistiaren Aldeko Batzordeen (AAB) aurkakoa, Batasunarena edo Egunkaria-rena... Hauek eta beste auzi askok Auzitegi Nazionala hankaz gora jarri dutela diote bertako iturriek, eta egia esan, auzitegian pixka bat ibili besterik ez dago hartzen diren neurri zentzugabeez jabetzeko (hiru akusatu berdinekin bi epaiketa bi orduko tartean, ordu erdiko tartearekin hasten diren bi epaiketetan abokatu bera egon beharra...). 18/98 auziari dagokionez, Madrilen egiteaz gain, ekitaldiren bat Bilbon ere egin daitekeela entzun izan da, edo Javier Gomez Bermudez Auzitegi Nazionaleko Penal Aretoko lehendakariak bederen hala nahiko lukeela. Hausnarketarako ere izan daiteke, bestalde, ea zergatik nahi duen Auzitegi Nazionalak 18/98ko auzia AABetakoa baino lehenago egitea ûhorregatik askatu ei zuten Juan Mari Olano, bestela AABetakoa egin beharko litzatekeelako bestearen aurretikû. Besterik gabe, auzien prestakuntza lanen kontua da, hala arrazoi politikoengatik egindako jokaldia? Jarrai-Haika auziak tesi garrantzitsuak utzi zituen ondorengo epaiketa askotarako. Ikuspegi horretatik, bizi den elkarrizketa giro xume honetan, Madrilentzat errazagoa eta interesgarriagoa ote da politikoki zigor txikiago bat jartzea 18/98koei AABeetakoei baino? Auzitegi Nazionala kaosa izan liteke, baina seguruenik ez urrats hauek ondo pentsatu gabe egiterainokoa.

Aitortu behar zaio bere ibilbidea Nazio Eztabaidaguneari, batez ere 2003ko uztailean abian jarri zenean ez zegoelako ekimen berriak izan zezakeen ibilbideari buruzko baikortasun handiegirik. ETArentzat prestatutako lurreratze pistatzat ere hartu izan zen, soka motzean lotua zegoela, beste bat gehiago zela... eta antzeko balorazio asko entzun eta irakurri ziren. Bi urte geroago bere saio esanguratsuenetakoa egin du Zarautzen eta jadanik beren kabuz doazen gatazkarako mahai bat eta nazio hitzarmen bat ere abiarazi ditu. Gaur gaurkoz, eta Nazio Plan eta gisako hausnarketei garrantzirik kendu gura barik, behar bada euskal nazioan sinesten duten askoren artean izan dezakeen bilgune funtzioa azpimarratu beharko litzateke. Pozik dira antolatzaileak, baina beren mugez jakitun ere bai, beraiek aitortu duten moduan, ezin baitute parlamentu baten lana aurrera eraman. Nazio kontzeptuaren errealitatea pil-pilean dagoenean, euskal nazioaz jarduteko eta hausnartzeko ahalegin zabal guztiak ongi etorriak beharko lukete.

Mikel Asurmendi


Leia Nafarroa Beherean barrena eraiki nahi duten 2x2 autobidearen aurka antolatu zen, 1998an. Garai hura oroitarazi digu Daniel Olzomendik: «Haste-hastetik Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko presidente Jean-Jacques Lasserrek æez da autobide bat eginenÆ erran zuen. Nafarroako lehendakari Miguel Sanzek, aldiz, baietz zioen. Azkenik, beren asmoa argi eta garbi dago: bietan biko errepidea egitea. Leia errepide horren kontrako mugimendu gisa sortu zen».

Oroit dezagun amiñi bat gehiago garai hura.
Pirinioen gaindiko azpiegituren proiektu zabalaren barnean, zazpi pasabide posible egiteko aurreikusiak ziren. Autobide posiblearen aurkako lehen bi manifestazioak 1999an izan ziren. Kontseilu Nagusiak «lasai, ez da autobiderik izanen" erran ondoren, proiektua isil-isilik gelditu zen bizpahiru urtez. Ez zuten garbi mintzatzen, ordea. Alta, Orreagan egindako bilkura batean, Nafarroako Gobernuko Alvaro Miranda Garraio Saileko kontseilariarekin batera 2x2 delako errepide proiektua aurkeztu zuten. Mirandak "Nafarroako Gobernuaren proiektua Iruñea-Donostia lotzen duen A-15 bezalakoa da» erranez, trenkatu zuen afera. Hemengo hautetsiak orduan ohartu ziren gibel-asmo bat bazela eta hasi ziren mugitzen. Agintarien asmoak ikusirik hautetsien kolektiboa sortu da berriki. Ordura arte hemengo jende askok ez zuen sinesten 2x2 errepidea eginen zela.

Azken manifestazioa Bidaxunen izan da. Zer balorazio egin duzue?
Balorazio izugarri ona. 3.300 lagun mugitu dira, laugarren aldikoz mugitu ere. Normalki jendea akitzen baita manifestazioz manifestazio ibiltzen, baina, afera honetan jendeak mugitzen segitzen du. Hauen artean badira manifestazio batera inoiz joan ez direnak, laborariak bereziki. Leia inguruko mugimendua azkatu eta zabaltzen ari da.

Proiektuaren aurkako hautetsien kolektiboa sortu dela erran duzu.
Baiki. Ni Izpurako hautetsia naiz eta barnean nago. Lehen aldikoz hautetsi asko mugimendu sozial batean biltzen ari da, nagusiarenganako itzulikatu dira "ez gira ados" erraiteko. Gainera, sekula mugitzen ez zen jendeak bere desadostasuna agertu du. Errate baterako, Barthélèmy Agerre kontseilari nagusiak Ainhize-Monjolesen proiektua aurkeztu zuenean 100 jendek oztopatu zioten bilkura egitea. Eta herritar hauek ez ziren Leiaren izenean bildu, beren gisara joan ziren. Agintari horiek kontrakoa erran arren Leiak ez du etiketa politikorik.

Azpijokoaren aurkako borroka ere egin behar duzue, beraz.
Bistan da. Jean-Jacques Lasserre eta Barthélèmy Agerrek Leia kolektibo politiko gisara azaltzen dute. Baina Leiak ez du kolore politikorik, Baxenabarreko jendeak osatua da. Herritarrak aspaldi ohartu dira ez garela alderdien interesen alde ari, tokiko jendearen interesen alde baizik. Gainera, guk ez dugu «bidea hemen ez, eta haratago bai» erraiten, kamioientzako errepiderik ez dugula behar baizik.

Errepidearen ezaugarriak ezagutzen al dituzue?
Barthélèmy Agerre -Mazaud teknikariarekin batera- gisa bateko proiektua ezagutarazten ari da herriz herri. Hastapeneko trazatua dela diote, ez dela definitiboa, aldatzen ahal dela... Adibidez, nik ez dut Arnegi-Luzaidetik pasako den errepidearen trazatua ezagutzen. Tokian tokiko hautetsiek berea ezagutzen dute. Proiektuan badaude zati beltz batzuk, arazo handiak ekartzen dituztenak. Donibane Garazi, Uharte Hirin, Lakarran edota Larzabalen saihesbideak egin behar dira, eta proiektua baliatu nahi dute herri horietako saihesbideak egiteko.

Proiektua haien aldera eramateko eta hautetsien iritzia aldarazteko amarruak badituztela, alegia.
Hain justu! Gu ez gara, saihesbideak egitearen aurka. Lasserrek eta Agerrek, berriz, hautetsiak beren aldera eraman nahi dituzte saihesbideen beharren estakuruan. Orain hogei urte beharrezko ziren saihesbideak orain eginen omen dituzte. Orduan ez zituzten egin eta orain horiek egiteko aukera bakarra 2x2 errepide proiektua dela sinetsiarazi nahi dute.
Guk dagoen errepidea ondo apailatua izan dadin eskatzen dugu, behar diren saihesbideak egin ditzaten. Baina ez diezaien hautetsiei 2x2 errepide proiektua inposatu saihesbide hauen aitzakian. Agintariek, saihesbidearen beharraren aitzakian, proiektuaren alde sina dezaten behartu nahi dituzte hautetsiak.

Oro har, zein da errepide horren aurkako Leiaren argudioa?
Argudioa gure ekonomiaren hiru zutabetan oinarritzen da: laborantza, artisautza eta turismoan. Gure laborantza tipia eta kalitatekoa da, beraz, ez du horrelako errepideren beharrik. Turismoa maila apalekoa da, ez da masiboa. Artisautza ez da industria handia. Beraz, autobide hori zertarako? Ez dugu Baxenabarreko bailarak zeharkatuko lituzkeen errepide hori behar. Errepide horrek ez du Arnegitik Biarnoko Saliseraino bitartean deus ekarriko.

Errepidea zein lur eremutan gaindi pasa daitekeen badakizue?
Ez. Agerrek kaltetutako laborariei ordezko lur eremuak emanen zaizkiela dio. Nongo lur eremuak? Hori Bidaxunen egin daiteke, gazteak ez baitira laborantzan plantatzen, baina Oztibarre edo Garazin hektarea bat libratzen delarik, bederen bost erosle dira. Agerrek zozokeri handiak erraiten ditu. Adibidez, traktoreak errepide berritik joanen ote diren galdeturik: "Ez, traktoreentzako beste bide bat izanen da", erraiten du. Hirugarren bide bat? Nondik? Agerrek ez daki deus, Lasserrek agindutakoa besterik ez daki. Proiektua politikoki inposatu nahi dute, gero nahi dutena egiteko. Eta bien bitartean gezurrak erraiten dituzte.

Hala nola...
1998ko Kontseilu Nagusiaren eta Nafarroako Gobernuaren txostenak 2015ean eguneko 4.500 kamioi pasako zirela zioen. Azken txostenak, berriz, «1.600 kamioi» dio. Lehen ikerketak 300.000 euro kostatu zuen, bigarrenak 2.000.000 euro. Ikerketak kariotzen ari dira eta kamioen kopurua tipitzen. Halaber, Garazitik Iruñera joateko 35 minutu beharko omen dira eta Donapaleutik Iruñera 45 minutu. Donapaleutik Garazirako 30 kilometroak 10 minututan eginen ditugu, orduko 180 abiaduran. Zer-nahi gezur sakatzen dute aldiro. Oposizioa populu tipiak sostengatua dela diote. Guk, berriz, populuaren iritzia errespetatu behar dutela diogu. Orain arte, populuak Lasserrek eta Agerrek erraten zutena sinesten zuen eta orain ez. Eta ezin dute hori irentsi.

Agerrek errepidea eginen dela dio.
Horrela dio, baina ez da abil-abila. PCD (Herrien Garapenerako Proiektuak) delakoetan gizarte zibilak parte hartzen du. Beraietan herrietako komite sindikalak eta garapen batzordeak daude. Hautetsiak ere bertan ari dira lanean. Errepide proiektu hau PCD proiektuen aurka doala deliberatu dute jada tokian tokiko herri kolektibitateek. Proiektuaren aurkako bozak irabazi du, baina Lasserrek ez du bozka errespetatu nahi. Agintariek proiektua Baxenabarreko CDL (Herrietako Garapen Batzordeak) delakoen aitzinean aurkeztu behar dute urrian. CDL delakoek proiektuaren aurkezpena eragile guztien (200 pertsona) aitzinean izan dadin nahi dute. Michel Bergouignan presidenteak proiektua denen aitzinean aurkeztu behar dutela berretsi du. Lasserrek eta Agerrek, ordea, 40 lagunen aitzinean baino ez dute aurkeztu nahi. Demokrazia hitza aipatzen dute, baina errespetatu ez.

Proiektua zein unean dago?
Proiektua aitzina eramateko lau urrats eman behar dituzte instituzioek. Lehenik, dokumentu teknikoa bukatu behar dute. Bigarrenik, Kontseilu Nagusiak bozkatu behar du. Adostu, bozkatu eta onartu edo errefuxatu. Oraindik ere lehen urratsean daude, eta hori ere jendeari ezkutatu nahi diote. Alegia, Kontseilu Nagusiko 52 kontseilarien bozketak proiektua gibelera bota dezake.

Proiektu honen antzekorik izan al da Pirinioetan?
Bai, Somporteko proiektua. Proiektu haren aurka borrokatu zutenek "ez saiatu afera juridikoki irabazten, politikoki baizik" gomendatu digute. Hots, ez badugu afera politikoki irabazten haste-hastetik, gero Estatua eta administrazioa auzitan gailenduko dira. Instituzioen hirugarren urratsa DUP txostena (Erabilpen Publikoko Onarpena) bozkatzeko unea da. Somporteko errepide proiektuaren aurkariek txosten hori gibelera bota zuten, baina administrazioak beste bat antolatu zuen. Estatuak lege eremuan nahi beste jukutria erabiltzen du bere proiektuak aurrera eramateko.

Proiektua ekonomikoaz gain politikoa ere bada.
Bistan da. Nafarroako Gobernuak eta Miguel Sanz presidenteak beren errepidea nahi dute, Nafarroa Garaia Frantzia eta Europarekin lotuko dituen autobidea, beren ekonomia indartzeko finean. Sanzek ez du Nafarroako garraioa Euskal Autonomia Erkidegotik pasa dadila nahi, bere independentzia nahi du. Portugal, Andaluzia edota Madriletik heldu den trafikoa Baxenabarren gaindi pasarazi nahi du. Iruñea ikusten du Bilbo, Bartzelona eta Bordele hirien arteko erdigunea. Sanzek ez ditu alta, Biarno (Salise) ez Baxenabarre (Donibane Garazi) aipatzen ez ikusten.

Azkenik, demagun agintariek erreferenduma proposatzen dutela afera trenkatzeko.
Guk jendea proiektuaren kontra agertu dela diogu, eta kito! Gainera ez da gure eskualdeko afera bezala ikusi behar, orokorki ikusi behar da. Akitaniako Alain Rousset presidenteak trenbidearen aldeko proiektuak hobesten ditu. Hemengo hautetsiek jendearen lana eta nahia berretsi dute, beheko jendea mobilizatzen bada, goiko agintariek amore eman beharko dute. Mugimendua azkar dago eta Paueko Kontseilu Nagusian ezin dutela haiek nahi duten politika inposatu pentsatu behar dute. PCD delakoetan jendeak parte hartzen du, ekonomiaren garapenaz interesa daukalako. Beste gauza dira politikarien interesak. Guk lau manifestazio antolatu ditugu, 15.500 sinadura bildu ditugu, eta urriaren 12an berriz ere Larzabalen manifestatuko gara. Baxenabarrek proiektuari ezetz erran dio, ez dugu erreferendumaren beharrik.

Kike Amonarriz


Erribera ezerk bereizten baldin badu Euskal Herriko beste ingurune erdaldunetatik, euskararekiko bizi duen urruntasun geografikoa, historikoa eta soziala da. Gizartean euskararen presentzia oso urria da, eta «Ley del vascuence»k ezarritako zonifikazioaren ondorioz, ez dauka inolako lege babesik edo erabilera ofizialik.

Euskara normal antzera entzuteko aukerak Erriberatik kilometro askotara daude. Ikastolako ama eta euskaldun berria den Axunek adierazi digun bezala, Iruñera joan eta haurrek norbait euskaraz entzuten dutenean, harrituta hurbiltzen omen zaizkio «ama, ama, horiek euskaraz ari dira hizketan» esaka.

Historiari dagokionez, Jabier Sainz Pezonagaren El euskera en la Ribera de Navarra bezalako liburuek eta ikerketek, euskarak Erriberan izan duen presentzia ukaezinean arakatu badute ere, badira bertan -Euskal Herriko beste zonaldeetan ez bezala- Erriberan ez dela inoiz euskararik hitz egin defendatzen dutenak.

Eta hala ere, oztopo guztien gainetik, euskarari bidea zabaltzen ari zaizkio Erriberan. Euskarak gure historia ezagunean inoiz izan duen euskaldun kopururik handiena eta azpiegiturarik sendoena du gaur egun Erriberan. Dinamika hau ordea oso ahula da oraindik; populazioaren oso portzentaje txikia da euskalduna, euskaraz eskolatzen diren haurren kopurua murritza da eta hizkuntzarekiko jarrera, oro har, oraindik ezkorra da.

Egoera soziolinguistiko berezi honek, beste hainbat eskualde eta egoeretarako baliagarri zaizkigun moldeak ezbaian jartzera behartzen gaitu. Esate baterako, emaizkiozue arrazoiak, Tuteran euskaraz zergatik egin behar duen galdetzen dizuen 14 urteko gazteari. Edo planteatu zein den hurrengo urteetan Tuteran lortu beharko genukeen hizkuntza helburua. Eta zer diote bertakoek?

Galdera horiek buruan abiatu nintzen, erabat egoera alegalean dagoen Argia Ikastolara, 12-16 urteko gazteei euskararekiko motibazioen inguruko hitzaldia ematera. Duela 21 urte sortua, bera da, bere 230 ikasleekin, Erriberan dagoen D ereduko ikastetxe bakarra. Eskualdeko ikasleen %2,1 hartzen du.


Euskaraz egitea arazo iturri

Ikastolatik kanpo oso harreman gutxi dute ikasleok euskararekin. Beraien artean, gutxi dira guraso edo aiton-amona euskaldunen bat dutenak -herena inguru, irakasleen seme-alabak barne-.

Ikastolako irakasle Pizti Larrañagak eta Edurne Garziak adierazi digutenez, gaur egun, ez dago Tuterako kaleetan euskaraz ari den gazte talderik. Are gehiago, euskaraz egitea arazo iturri suerta daiteke herriko hainbat gunetan. Adibide gisa: 13 urteko ikaslea, ziber gunean lagunarekin euskaraz ari zen txateatzen. Hori ikusita, gazte zaharragoa inguratu eta «como te vea otra vez chateando en euskara te doy de ostias» esan omen zion.

Egoera honetan, nola bizi dute euskalduntasuna ikasle gazte horiek? Horixe jakin nahi genuen, eta beraiekin hitz egiteaz aparte, galdera sorta anonimo eta irekia -erantzun prefabrikaturik gabe- banatu genien. Ondoren azalduko ditugunak, 12-16 urte arteko 43 ikasleetatik, bertan zeuden 38ren erantzunak dira -beraiek idatzita bezala jaso ditugu-. Alegia, adin horietako Erriberako ia gazte euskaldun guztiena.


Gurasoen arrazoiak

«Zure ustez zergatik matrikulatu zintuzten gurasoek Ikastolan?» galdetu eta ia denek erantzun dute «euskara» edo «beste hizkuntza bat» ikas zezaten matrikulatu zituztela ikastolan; edo besterik gabe «gustatzen zitzaielako», «euskara bultzatzeko», eta abar.

Bakarrak aipatu du «Hemengo hizkuntza delako» eta bakarra izan da ere, motibazio instrumentalen bat aipatu duena: «Irtenbideak izateko».


Ikastolatik kanpo euskararik ez

Ikasle hauen artean bakanak dira etxean euskaraz egiteko aukera dutenak. Eta ikastolatik edo etxetik kanpo euskararen presentzia soziala hutsa da; Larrañagak azaldu digunez «ikastolak berak antolaturiko eskola-orduz kanpoko jardueraren bat, urtean zehar Ikastolak, AEK-k edo elkarte jakin batzuek antolaturiko euskarazko ekintza solteren bat, eta A ereduko ikasleekin batera euskarazko filmak ikusteko aukera -bertako zineman 150 bat gazte biltzen dira horrelakoetan-».

Euskarazko telebista da euskararekiko harreman biderik sendoena, baina adin hauetako ikasleen artean gehiago dira noizean behin ikusten dutenak, gutxienez astean behin ikusten dutenak baino. Herriko beste gazteek ikusten dituzten programak ikusi nahi dituzte gazte hauek ere. Heren batek, noizean behin Euskadi Gaztea entzuten du, eta hortik aurrerako euskarazko hedabideen kontsumoa erabat minoritarioa da.

Ikastolatik kanpo non/norekin egiten duten euskaraz galdetuta, erantzunek erabateko isolamendu linguistikoa islatu dute: bostetik batek esan du inoiz ez duela euskaraz egiten eta bostetik bik batzuetan baino ez dutela egiten (ikastolako) lagun batzuekin. Ingurune euskaldunagoetan bizi diren senideekin egiten dutela euskaraz erantzun dute seik.

Bostetik bik etxeko norbaitekin egiten du, edo aita edo amarekin (biekin bik baino ez), edo anai-arrebekin. Ikasle batek oso argi adierazten du egoera: «Ahizpak ikastola bukatu duenez, euskara ez ahazteko, berarekin».


Euskaraz zergatik?

«Zure ustez, zergatik hitz egin behar da euskaraz -hitz egin behar bada-?» galdetu eta ia denek «ez galtzeko, gero eta zabalduago egoteko, aurrera ateratzeko, salbatzeko...» moduko erantzunak eman dituzte.

Multzo txiki batek bestalde (zortzitik batek), ez du beharrezkotzat jotzen euskaraz hitz egitea, eta bakarrik «nahi dutenek hitz egitea» planteatzen du; alegia, «bakoitzak nahi duena egitea», nahiz eta hori esan ondoren, batek zehazten duen bezala «baina Tuteran ia ezin dugu egin». Erantzun solteen artean, bakarrak aipatzen du euskarak «hizkuntza ofiziala» izan behar duela.


Zer egin?

Ez dakit gazte hauei zer erakutsi dieten soziolinguistikaz, baina, Tuteran eta Erriberan euskara gehiago egiteko zer egin beharko litzatekeen galdetuta eman dituzten erantzunak irakurrita, badirudi Txepetxen teoria buruz dakitela. Laburbilduz: jendearen motibazioa hobetzea, jende gehiagok ikastea eta dakitenek gehiago egitea.

Kalean sumatzen duten kontrako jarrera ere nabarmendu dute: «Jendeak euskara errespetatzea», «Fatxa gutxiago eta euskaldun gehiago». Ikastolaren egoera larria ere aipatu dute ikasleek: ikastola legalizatzea, diru-laguntza gehiago jasotzea, ikastola gehiago edo ikastola publiko bat sortzea bezalako eskaerak luzatu dituzte.

Euskarazko jarduera gehiago bi lagunek baino ez dute eskatu -gehientsuenek, oraindik ere, helburu hori urrutiegi ikusten dutelako?- eta bi bakarrik izan dira ezer ez dela egin behar erantzun dutenak.

Azkenik, jakin nahi izan dugu, euskaraz egiteko horren aukera gutxi izanik, zergatik ez duten euskaraz hitz egiten beren lagun euskaldunekin. Eta erantzuna oso sinplea da: Tuteran ez delako euskaraz hitz egiten. Aldez edo moldez horixe erantzun digute ia ikasle guztiek. Batzuek «ohitura» aipatu dute, beste batzuek «ez dakitela» zergatik baina beti horrela egin dutela, lagunekin biltzen direnean beti dagoela euskaraz ez dakien norbait...

Baina espero zitezkeen erantzun horietatik haratagoko arrastoak ere eman dizkigute erantzun batzuek. Esate baterako, euskaraz egiteak berak sor dezakeen beldurra: «Askok euskaraz entzuten bagaituzte gurekin harremanik ez dute nahi» erantzun digu 13 urteko neska batek eta adin bereko beste batek dio: «Kaletik fatxa asko dagoelako eta euskaraz egiten badugu jotzen digutelako». Lehenak izatearen bertigoa ere adierazi digu 16 urteko mutil batek erantzun honetan: «Denek gaztelaniaz hitz egiten dutelako eta ni izango nintzateke bakarra euskaraz hitz egiteko».

Ikasle hauek, noski, errazago egiten dute erdaraz, eta kaleko hizkera lantzeko aukerarik ez dutenez, oso maila formaleko euskara dutela aitortu digute irakasleek eta hori ere badela erdarara jotzeko arrazoi nagusietako bat. Horregatik, hizkera informala eta ahozkotasuna lantzeko beharra nabarmendu dute. «Hitz egiten dut, baina blokeatzen zarenean erdarara joaten gara beti» adierazi digu 14 urteko mutil batek.

Hizketaldian garbi geratu zen bestalde, etorkizuneko Erriberako euskara bertan zeuden gazte haiek, ikasle ohiek eta ondoren datozen ikasleek sortuko dutela.


Babestu beharreko gunea

Euskarak badu gune bat Erriberan. Txikia baina sendoa. Oso egoera zailean, euskararentzat prestigio soziala lortzen ari dena, eta etorkizunean Erriberan euskara hizkuntza bizia eta erabilia izan dadin sekulako ahalegina egiten ari dena.

Egoera horretan ordea, ekonomikoki erabat ezinezkoa zaie haur eta gazte horiek euskararekiko harremanak sakontzeko edo euskararen prestigio eta presentzia soziala handitzeko ekintza gehiago antolatzea. Guraso eta irakasleekin izandako hitz aspertuan ordea, ideia bat sortu zen; ez al litzateke posible, Nafarroako zonalde erdaldunetan hitzaldiak, emanaldiak edo era guztietako ekintzak antolatzeko «elkartasunezko funtsa" antolatzea; alegia urtean emanaldi bat doan emango luketen pertsona, talde eta erakundeen sare bat sortzea?

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan