Xabier Oleaga
Aldaketa garaian omen gaude, aldaketa sakon eta ez ohikoen garaian, aldaketarik desiratuenaren atarian, Ipar Irlandan egon ziren bezala Downin Streeteko adierazpenaren bezperatan. Oraingoa izan omen daiteke, aurrekoak ez bezala, benetakoa.
Ikusi izan ditugu hilabeteotan balizko aldaketa horren adierazle izan omen daitezkeen batzuk. Aurretik antzerako beste pasarte batzuk ezagutu izateko adinean gaudenok, hirurogeita hamargarren hamarkadaren bigarren atala esate baterako, erraz aurkituko ditugu parekotasunak. Eferbeszentzia politikoa, erakundetze politiko ez ohikoak, hauteskunde espazioen korrimenduak, alderdi proiektu abenturazaleak, eta, horien guztien gainetik, plataforma bateratzaileen aldeko saioak. Ordura arteko ereduak, edo horietako batzuk, kolokan jartzen dira eta inseguritatea zein desorientazioa eragiten diguten baina guztiz beharrezkoak diren beste berri batzuk sortzen dira.
Aldaketaren zeinupean datozen garaiaren adierazleak dira, orduan bezala orain ere. Eta, hori, hasieraren atarian besterik ez omen gaudela.
Adierazle horietako bat dugu Nazio Eztabaidaguneak eta Nazio Biltzarrak osatzen duten hau. Lerro hauek argia ikusterakoan jada igarota egongo da Zarautzen burutzekoa den saioa. Eta komunikabide gehienek isilezko hesi esanguratsua jarriko dioten arren, beste batzuek bozgorailua topean jarriko dioten bezala, ez dut uste gutxietsi beharko litzatekeenik bertan egosten ari dena.
Ezker abertzaleko lider errespetatuenetako batek berriki ziostana egia bihurtzen bada, alegia, "ETA Madrilgo Gobernuarekin hitz egiten, gu alderdien mahaia elikatzen eta, aldi berean, Nazio Biltzarrean giharketa ariketak egiten, berandu baino lehen etorriko denerako prestatzen", egia bihurtzen bada, diot, proiektu honen inguruan gertatzen ari denari garrantzia eman beharko zaio. Besterik da eboluzioaren arabera zein eredutan gauzatuz joango diren horko egitasmoak.
Proiektuan daudenek definituko dute egosten ari dena, baina baita ere ez daudenek euren ausentziarekin. Une honetako egitura ereduaren sendotasuna edo egokitasunaz haratago, osakide bakoitzaren konpromiso maila desberdinaz haratago, proiektu horren plazako atetik etengabeko sartu irtenean batzuk eta modu iraunkorrean beste batzuk, EAJren ezkerrean, eredu nazionalean zein sozialean, dagoen espazio sozial eta politikoko alderdiak, mota desberdinetako taldeak eta gizabanakoak dabiltza. Kasualitatez edo, ELAko goi arduradunek azken adierazpen publikoan aipatzen zuten espazio soberanista ere bada hori.
Kontuan hartzen badugu, bestalde, aspaldikoa dela espazio sozial eta politiko hori nolabait egituratu eta hauteskundeetarako aukera bihurtzeko hipotesi eta asmoa ere, aipatu ditugu urriaren 8an Zarautzen joan etorrian ibili zirenen proiektuaren ibilbidea arretaz jarraitzeko arrazoi batzuk.
Sentsibilitate desberdinetako pertsonak eta egitura antolatuak, alderdi politiko desberdinak, azken autonomismoaren iturrian edandakoak eta horren errefusatzaileak, denetarik dabil proiektu honen inguruan, modu batean edo bestean. Eta bi urteren buruan, 2004ko Aberri Egunean Iruņean asmoa inauguratu ondoren, barruan ibili direnak elkarrenganako hurbilketan irabaziz joan dira eta harremanak sakondu egin dituzte. Egitasmoa ez da lurrinduz joan, sustraiak sakonduz baizik. Eztabaidak ez ditu osakideak sakabanatu, gerturatu baizik.
Ezkerreko espazio horretan anitza da, bai, biltzen dena, baina anitzak dira gaur egun gobernatzeko bokazioarekin hauteskunde lehian aritzen diren alderdiak ere. Ikus bestela, esate baterako, Tony Blairren alderdi laborista. Soberanismoak berak anitza beharko du izan, hala beharrez, baina soberanismo horrek motor indartsua beharko du bidea egin nahi badu.
Esan bezala, aldaketa garaitan gaude, eta orain arte ezagutu ez dugun eszenategi politikoan ez ohiko saio eta proposamen ereduak ikustekoak gara. Betoz.
Gotzon Barandiaran
Alokairu eta maileguari buruzko Europako Batzordearen 92/100/CE zuzentarauak, herritarroi maileguan hartzen dugun sorkuntza lan bakoitzeko euro bateko kanona -nire euskaran lapurreta- ordainarazteko agintzen die Europar Batasuneko estatuei. Euro bat maileguan hartzen dugun DVD bakoitzeko, aldizkari bakoitzeko, interneten lortutako dokumentu bakoitzeko, argazki bakoitzeko, euro bat liburutegian hartzen dugun liburu bakoitzeko. Espainiako Estatuak ez du oraingoz agindua bete eta euskaldunoi ere ez digute betearazi. Baina nago Belgikari ezarri dioten isunaren ostean neurriak hartzen hasiko direla. Eta hasi badira hasi dira, orain arte DVD bat alokatzerakoan, filma hasi orduko drogazaletzat hartzen bagintuzten, orain pirata edo lapur ere bagara. Izan ere, jabego pribatua lapurtzea delitua ei bada, maila bereko bekatua ei da jabego intelektuala lapurtzea.
Interneteko edukien eskuratze librearekin eta musikaren erreprodukzio librearekin hasi zitzaizkigun jabego intelektualaren inguruko gezurrak sinestarazten. Ordura arte egile eskubideetatik eta prezio altuegia duten diskoetatik dirutza ikaragarriak irabazten zituzten multinazionalak larritzen hasi ziren iturriak emari mendreegia zekarrelako. Eta Senegalgo saltzaileak zein hamasei urteko nerabeak atxilotzen hasi ziren. Orain liburutegietan liburuak hartzearren ordaintzea gura dute.
Liburutegien onurak zerrendatzeak luze joko liguke baina bat-batean zenbait arrazoi datozkigu akordura: mailegua doakoa izateak egilearen lana hedatzen laguntzen du, hau da, egilearen ideiak eta jakintza ezagutarazten laguntzen du, liburutegietako maileguak doakoak izanik, ez dago diruduna izan beharrik beste bide batzuetatik eskuragaitza den ezagutzaz jabetzeko, ikastea librea da, jakitea ez da eskubidea, ezkerbidea baino. Duela gutxi argitaratu da EAEko 11.000 lagun pobreziaren mugetan bizi dela.
Egileen eskubideak defendatzeko neurria dela diote baina gezurra da, liburutegiek egileen eskubideengatik ordaintzen baitute ale bat erosten duten bakoitzean. Beraz, mailegua ordainarazten badigute, bitan ordainduko dugu. Europako Batzordearen agindua bete dadin indar gehien egiten ari direnak CEDRO eta SGAE dira, egileen eskubideen kudeaketaz arduratzen diren irabazi asmo handiko elkarteak, eta horiek ez dute egilearen obra ahalik eta gehien hedatu gura, egiten den obraren erabilera bakoitzeko zein kopia bakoitzeko ahalik eta gehien kobratzea baino. Liburutegietan liburua hartzearren ordainduko genukeena elkarte horiek jasoko lukete, ez egileak, Europako zuzentarauak ez baitu egileari ordaindu beharreko portzentajearen aipamenik egiten. Dena dela, ez dut uste egileak kobratzeak zilegitasuna ematen dionik.
Nire uste apalean, maileguak ordaintzearen alde dagoen egileak helburu ekonomikoak baino ez ditu aintzat hartzen, inolaz ere bere obraren duintasuna. Eta bizi behar dela aitxakiatzen duenak egin ditzala urteko aurrekontuetan ekarpenak eta exigitu ditzala sorkuntza lanentzako benazko laguntzak. Azken batean, kulturaren hedapenaz ari gara, ezagutza konpartitzeaz, irakurtzeko ezkerbideaz. Oso lantzean behin egiten dut baina txarto pentsatzen hasita zera bururatu zait: Europar Batasuna osatzen duten herrialdeetako agintaririk gehienak eskuineko alderdietako ordezkariak dira, beraz, kultura etsaitzat dute noiz eta, gai honi dagokion lez, dirutzak sortzen ez dituenean. Badakite gutxi irakurtzen dena eta jakiteaz gain horixe dute helburu, alegia, gutxiago irakur dadila.
Izan ere, gero eta gutxiago irakurtzen duenak gero eta gutxiago pentsatzen du eta gero eta gutxiago pentsatzen duena engainatzea errazagoa da eta irakurtzeari prezioa jarriz gero are gutxiago irakurriko da eta are jende gehiago engainatu ahal izango da. Berandu orduko, urtero ogasunari ordaindu beharrekoen artean, ehunekoa kenduko digute lagunei egin diezaiekegun balizko maileguarengatik. Liburuei, eskuak ezberdintzen dituen txipa erantsiko zaie eta poliziak etxez etxe arituko dira esku aldaketak zenbatzen. Berandu orduko oparitan jasotako liburuak irakurtzearren ordaindu egin beharko dugu, berandu orduko obra bakarreko idazleak hogeita hamabost urterekin jubilatuko dira eta dakiten gutxiari eta ez dakiten beste guztiari buruzko iritzia emanez dibertituko dira telebistan. Barkatu, gehiegi irakurtzearen betekada izango dut.
Xipri Arbelbide
Bazterrak harrotu omen ditut, deslokalizazioen alde nintzela idatzi dudalarik. Erreakzionario antisozial bat naizela entzun dut. Hori erran didanari galdetu diot ea protestatu ote zuen Michelinek deslokalizatu zuelarik Clermont Ferrand-etik Lasarte-Oria eta Gasteizera. Wolkswagenek eta Mercedesek Alemaniatik Iruņea eta Gasteizera. Daewok Koreatik Arabarat. Ez dut erantzunik izan.
Bestentzat egin legeak bakoitzak beretzat ere ez onesteak ez baitu baliorik niretzat, nire hartan nago: deslokalizazioen alde. Ez dut ikusten zergatik bortxatuak litezkeen arabiarrak, beltzak edo indioak hona etortzera lan bila. Zergatik eraikitzen diren lantegiak langilerik ez dagoen herrian. Zergatik ez eraiki haien herrietan Michelin, Wolkswagen, Mercedes eta Daeworen lantegiak? "Lana herrian" oihukatzen zen berriki arte manifestaldietan.
Iparraldean ere badugu inmigrazioa. Ez Maroko edo Perutik, baina Paris edo Frantzia behere horietarik. Urtean 5.000ko bat sartzen da hemen, batzuk erretiroa hartzeko, baina besteak, urte oroz 1.200 bat, hartzen ez ditugun lanpostuen betetzekoā langilerik aski ez delakotz hemen. Sortze baino heriotza gehiago bada -urtean 450 bat- eta desagertzen den baino 750 bat lanpostu gehiago sortzen da. Gure arduradunek sinetsiarazi nahi digute lanpostuak falta direla, lanpostuak sortu behar ditugula. Ez digute erraten norentzat... Gauza segurra, ez dela euskaldunentzat.
Ba ote dakizue hemen garapen handiena daukan ofizioa, inmobiliarioa dela? Etxe saltzaileena. %500ez hazi da 10 urtez! 280 ziren 1990ean. 1.682, 1999an. Garapena oraino handiagoa da azken sei urte hauetan. Gure herria saltzen ari dute eta euskaldunentzat ez da gehiago tokirik hemen! Banku batetako arduradunak erran dit behin, euskaldunek Landesetara joan beharko dutela etxea egitera lurraren prezioarengatik. Hots, bigarren deportazio bat Landesetara, 1792an Cavaignacek egin hura baino molde "zibilizatuagoan".
Zergatik? Hona etortzen diren jende horiek denek nonbait bizi behar dute. Etxe berriak eraiki behar dira. Gero eta gehiago etxe berri. Eta lurra gero eta garestiago da. Hamar urtez egoitzen kopurua %15,2z emendatu da: 127.000tatik 146.000tara pasatu da. Joan den urtean Hazparne aldean, metroa 25 eurotan negoziatzen ari zen etxe lur bat, egunetik biharamunera 50etara pasatu da, inmobiliarioek eskutan hartu duten puntutik.
Ondorioz, etxe-lurrek (eta etxeek) gaitzeko punpea egin dute denetan.
Orain arte, haurren artean ondorengoa partekatzean, aita-amek etxe lur bat ematen zieten laborantzan gelditzen ez ziren haurrei. Etxean gelditzen zena, nekazaritzatik bizi zitekeen. Horren egitea debekatzen die orain legeak. Etxetik kanpo erosi behar dute lurra etxe bat egin nahi baldin badute. Eta bikote baten soldatarekin ez daiteke etxe berririk egin: lurrak berak etxeak bezainbat balio du. Bertzalde, sortetxean geldituko den haurrak ez die, nehondik ere, etxe-ondoak gaur egun hartu duen balioaren beren partea ematen ahalko. Iparraldeko etxeak salduko dira emeki-emeki, nonbaitik jinikako ingeniari, mediku, lantegi zuzendari eta horrelakoei. Euskal Herria euskaldunez hustuko da.
Horra zertaratzen gaituen gure adituek asmatu "garapenak".
Ez aipa euskararik. Urtean 5.000 kanpotar sartzen baldin bada Iparraldean -hamar urtez 50.000, hemen gauden euskaradunen kopurua- euskara itoa izanen da urte laburrik barne.
Garapena eta ekonomia, gaurko jainko berrien izenean den ber, nor menturatuko da "dogma" hori dudan eta zalantzan ematera? Ez dela oso baikorra erratera, alegia?