Daniel Udalaitz
Acería del Atlántico siderurgiako enpresa da ADA eta Baionatik (Lapurdi) gertu dago. Antzina, Marcial Ucín Euskal Taldearen jabetzakoa zen, baina, gerora, Aceraliak hartu zuen kontrolpean eta enpresa hori Usinor eta Arbed enpresekin fusionatu zenean, ADA ere Europako Arcelor multinazionalean integratua geratu zen. ADA 2004ko apirilaz geroztik, La Coruñako Añón talde siderurgiko galegoaren jabetzakoa da, zeinek 100 bat milioi euroan erosi baitzion Arcelorri. Marcial Ucinek Boucau-Tarnos eremuan instalatu zuen ADA, 1996ko urrian, eta horrela sortu zen berriro inguru horretako aktibitate siderurgikoa, hirurogeiko hamarkadaren bukaeran, Forges de l`Adour enpresa itxitakoan, bertan behera geratua zena. ADAk 160 lagunekin ekin zion jardunari, eta bi urteren buruan heldu zen 250 lagun izatera. 2004. urtean, 223 lagun zeuzkan plantillan. ADA enpresak labe elektrikoa eta isurketa jarraitua baliatzen ditu produkziorako, eta totxoa fabrikatzen du. Arcelor taldearen barruan, karbono-altzairuzko produktu luzeen sektorekoa zen. ADAren salmentak, 2004. urtean, 185 milioi eurora heldu ziren, eta 770.000 tona-totxo bidali zituen Europako hainbat herrialdetara eta Afrikako Iparraldera. Baionako portuan, altzairuzko totxoen milioi bat tonatik gorako trafikoa garatzen du eta portuko jardunaren %25 izatera iristen da.
Iruñeko Udaleko euskararen ordenantzak berriz ere aldatuta
UPNk eta CDNk bat egin dute eta irailaren 15ean Iruñeko Udaleko euskararen ordenantzak aldatzea erabaki zuten. Euskararen ordenantzak 1997an onartu ziren PSOEren, Ezker Batuaren eta CDNren botoekin. Lanpostuetako hizkuntz profilak teknikariek eta Administrazioko eta sindikatuetako ordezkariek osatutako batzordeak zehaztuko zituztela erabaki zuten. Batzordeak egin zuen bere proposamena: 130etik gora lanpostutan izango zuen tokia euskarak. Batzordeari entzungor egin eta 1997ko ordenantza bertan behera utzi dute orain. Urte horietan hiritarrek 256 alegazio aurkeztu dituzte; alferrik. Euskararen ordenantzak aldatu eta gero CDNko Luis Ibero zinegotziak esan du «aldaketek lortu nahi dutela hiritarrek Administrazioari euskaraz zuzendu ahal izatea». Erabakiaz kexu, Oinarriak elkarteak elkarretaratzea egin zuen urriaren 6an, Iruñeko Udalaren aurrean. Han bildu ziren beste hainbat talde ere: Iruñea Berria, Batzarre, Aralar, ESK, LAB, ELA, Administrazioan Euskaraz Taldea eta Euskara Kultur Elkargoa.
Eusko Jaurlaritzak euskara Justizian normalizatzeko egindako dekretuak ez du aurrera egin
Eusko Jaurlaritzak Justizia Administrazioko euskararen erabilerari buruz egindako dekretua atzera bota du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak. Auzitegi Konstituzionalak adierazi bezala, euskara meritutzat har daiteke baina inoiz ez ezinbesteko baldintza.
Joseba Erkizia HABEko zuzendari berria
1983az geroztik Gipuzkoako Foru Aldundiko Itzulpen Ataleko arduraduna izan da Joseba Erkizia andoaindarra eta orain Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko zuzendari izendatu du Eusko Jaurlaritzak. Erkiziak Jokin Azkueren tokia hartuko du.
Euskararen Jatorriaren I. Biltzarra Arantzazun
Azaroaren 19an egingo den biltzarra Mikoleta, Euzko Izaera, Bizi-Hitza eta Ena elkarteek antolatu dute. Besteak beste, Imanol Mujika, Felix Zubiaga eta Pako Iriarte arituko dira hizlari. Bittor Kapanagaren euskararen hiru substratuen teorian ere sakondu nahi dute.
Xabier Letona
ARGIAren 2.000. zenbakia ospatzeko antolatutako Topaketen lehena izan zen Bilbon hilaren 4an egindako mahai-ingurua. Astebete lehenago LARRUNeko 92 zenbakian argitaratu ziren nazio eraikuntzaz egin zituzten hausnarketak. Harrituta eta pozik dira halako gai bati buruz aritzeko emakumezkoak deitu ditugulako, ez ei da ohikoena. Berrogeita bat entzule izan zituzten, gehienak emakumezkoak.
guztia irakurri
Zer izan nahi duten, nazio, eskualde ala erkidego autonomo, hori euskal herritarrek erabaki beharko dutela esan berri du PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopezek. Kataluniako eztabaiden hariari jarraituz Lopezek esandakoa esanguratsua da, nazio izendapena hartzen duena eta Espainiako Estatua izenez parekatzen direlako; beste kontua da bakoitzak nola ulertzen duen hitz horren atzean dagoena. Nazioarena burujabetzarekiko nola lotzen den alegia. Nazioen nazio hori -PSOEko askoren Espainia hori- zer den eta nola egituratzen den. Apurka biziko den eztabaida giltzarria da.