Astekaria

 Kultura 

Argitalpenak

Irudia

Pilar Iparragirre


2011. alea
2005-10-16
alde 0    kontra 0





Lotsaizuna

J. M. Coetzee

Elkar

284 orrialde 17 euro

Norberaren erantzukizunaz

Oskar Aranak euskaratu duen J. M. Coetzee idazlearen Lotsaizuna nobela norberaren erantzukizunaz diharduen idazlan interesgarri, gogor eta sakona da. Hegoafrikako Errepublikaren Lurmutur Hirian sortua dugu J. M. Coetzee, 2003. urtean Nobel saria irabazi zuen idazlea, eta bere eleberri hau ere lurralde haietan kokatua dago, baina gaia guztiz unibertsala du. Sexu kontu batengatik unibertsitatean daukan lana galduko duen irakaslea eta haren alaba nekazaria ditu pertsonaia nagusi. Mendeetako arrazismoaren ondorioz bortxatua izango da emakume hori, eta aita ahaleginduko da daukan etxaldea saldu eta Lurmutur Hirira edo Europara alde egin dezan. Baina gazteak ez du ihesaren bidea onartuko, ez eta haurdun dagoela dakienean ere.



BBK-Euskaltzaindia Literatura Sariak. 1958-2003

Batzuen artean

Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa, Euskaltzaindia

185 orrialde

Nobela, antzerkia, poesia eta saiakera sarien irabazleak

Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioaren eta Euskaltzaindiaren artean antolatzen dituzten literatur lehiaketa guztietan saridun gertatu diren lanen eta haien egileen berri ematen duen liburua da hauxe. Txomin Agirre eleberria saria, Toribio Altzaga antzerki saria, Felipe Arrese Beitia olerki saria eta Mikel Zarate saio saria eskuratu dutenen bibliografia eta saritu zaizkien lanen berri ematen du, eta baita Resurrección Mª Azkue izenarekin antolatu izan diren literatur lehiaketa guztietan irabazle gertatu direnena ere. Jakina denez, Resurrección Mª Azkue eleberri, olerki eta saio saria 1986an sortu zen helduentzat Bilbao Aurrezki Kutxaren eskutik, baina 1991. urtetik hona idazle gazteen lanak baino ez ditu saritzen.

Lux mundi

Batzuen artean

Euskal Idazleen Elkartea

208 orrialde

Ipuinak sarrailatik begira

Honelakoxe izenburu zehatza du Euskal Idazleen Elkarteak plazaratutako liburu honek: Lux mundi. Ipuinak sarrailatik begira. 2004. urtean Pirinioen ekialdean dagoen Vall de Boìn elkartu ziren hainbat idazle euskaldun eta katalan, Galeusca deitu ekitaldien barnean. Bilkura horren ondorioz sortu zen ipuin bilduma honek kontakizun guztiak haran horretan kokatuta daudela du berezitasun. Liburuan parte hartu duten idazleak Lluís Anton Baulenas, Itxaro Borda, Pep Coll, Aingeru Epaltza, Iñaki Friera, Maite Gonzalez Esnal, Andreu Lonça, Josep Lozano, Xabier Macià, Antoni Marí, Gerardo Markuleta, Susana Rafart, Fito Rodriguez, Andoni Sarriegi eta Urtzi Urrutikoetxea ditugu. Jakina, idazle katalanen ipuinak euskaratuak izan dira.

Juan de Albret y Catalina de Foix

Álvaro Adot Lerga

Pamiela

430 orrialde 22 euro

Nafarroako erresuma (1483-1517)

Pamiela argitaletxearen eskutik Álvaro Adot Lerga historialariak aurkezten digun lan honek Juan de Albret y Catalina de Foix o la defensa del Estado navarro (1483-1517) dauka izenburutzat, eta bertan daude jasoak Nafarroako Juan III.ak eta Catalina I.ak beren menpe zeukaten erresumaren indarra eta independentzia babesteko egin zituzten ahaleginak. Nafarroa eta Biarnoko independentzia deuseztatzeko asmo sendoa zeukaten bai Gaztelako erregetzak eta baita Frantziakoak ere, eta Adot Lerga historialariak dioenez, Albreteko Juanek eta Foixeko Catalinak balantzin motako politika aurrera eraman behar izan zuten beren menpe zeuzkaten lurraldeen burujabetasuna babesteko, unearen arabera etsai arriskutsuenetara gerturatuz edota haiengandik irmoki urrunduz.

Etxe-ataritik globalizazioa eta balioak

Joan Jose Uranga Unanue

Utriusque Vasconiae

172 or. / 14 euro

Baserri giroan eman diren aldaketa itzelez

Garai batetik hona baserri-arloan ezagutu diren aldaketa ikaragarriak dauzka hizpide Joan Jose Uranga Unanuek Etxe-ataritik globalizazioa eta balioak saioan. Baserri-ataritik begira, hasi berria dugun XXI. mendearen erronkak aletzen ditu, banan-banan, beti ere gizarte humanoago baten alde eginez, gizakia eta giza balioak salbatu nahirik. Joan Jose Uranga Unanue sakramentinoa sortzez Zestoako Arroa auzokoa da, eta beraz, nekazaritzako gizartetik informazio arora bitarteko ibilbidean eman den aldaketa izugarria oso hurbiletik ezagutu du. Bere iritziz, ilusiorik eta idealik gabeko gizakiak heldu dio XXI. mendeari. Etorkizun hobeagoa eraiki ahal dezagun du helburu bere lan honek.

Berba galduen putzua

Seve Calleja

Desclée

72 or. / 8 euro

Seve Calleja kontakizunak harilkatzen Berba galduen putzuan

Irakurle gazteenei begira Seve Callejak sortu duen Berba galduen putzua ipuin liburuan, lurraren barren-barrenean ezkutaturik dagoen putzu misteriotsura amilduak izan omen direnen istorioak harilkatuak daude. Putzu edo haitzulo sakon horri, zenbait lekutan Gurarien Putzua deitzen omen diote. Beste zenbaitetan, Putzu Mingotsa, edota Piraten Haitzuloa edo Deabruaren Zintzurra. Bada, gutxi esploratutako putzu babesgabe horretara eroriak dira kontakizunean agertzen dituen pertsonaia asko.

Ikus gaitzazuen

Txema Ramírez de la Piscina

Alberdania

150 orrialde 12 euro

Bestelako komunikazioa: alternatiba kritikoak

Txema Ramirez de la Piscinak Ikus gaitzazuen. Bestelako komunikazioa: alternatiba kritikoak saiakeran erakutsi nahi izan du komunikazioaren munduan baliabide gutxirekin bada ere posible dela iritzi publikoarengana iristea, irudimena tartean izanda eta tresna erretorikoak behar bezala uztartuz gero. Ez du esan posible izango dela garaipen osoa, inondik ere, baina bai lehen baino hobeto iristea jendearengana eta zenbait garaipen partzial lortzea. Bere iritziz, bestelako komunikazioa behar- beharrezkoa da komunikazioaren munduan eredu neoliberala jaun eta jabe agertzen den mundu honetan; eta komunikazio mota hori matxinada-ekintza bat da, manipulazioaren, merkatuaren diktaduraren eta gorrotoaren aurka altxatzen den errebolta horizontala eta demokratikoa. Han eta hemen, egunez egun, hedatuz doan sarea dela dio; teknologia berrien abantailez baliatuz eraikitzen ari den mugimendua. Txema Ramírez de la Piscinak aldarrikatzen duenez, komunikazio merke eta alternatibo honi dagokionez, zapatismotik asko ikasi behar dugu; baina baita Venezuelan, Iraken, eta liburuan jasoak dauden munduko hainbat lekutan emandako zenbait fenomeno interesgarrietatik ere.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2010
 
azala2009

2011 zenbakia.
2005ko urriaren 16a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia