"Ordenagailuak adimenaz jabetu eta mundua kontrolatzera hel daitezke". Hitzok ez ditu telebistan agertu ohi diren sasi-iragarle xelebre horietako batek esan. Ezta zientzia fikziozko film bateko heroiak edo ospetsu bilakatu nahi duen zientzialari ero batek ere. Arriskuaz Stephen Hawking fisikari britainiar ezagunak ohartarazi gaitu. Dioenez, ordenagailuen ahalmena izugarri ari da handitzen oso denbora gutxian, gizakiena mila bider motelago garatu den bitartean. Aurrerapen teknologikoak kontrolpean izan ezean, etorkizunean makinek gu mendean har gaitzaketela dio zientzialariak.
Gizakiek sortutako makinen adimenari buruz hitz egitean, adimen artifizialaz ari gara. Litekeena da hitz horiek entzun eta zientzia fikziozko filmetako androide beldurgarriak irudikatzea. Hala ere, teknologiaren adar honek aplikazio ugari du jada. Gure artean dago eta bere presentzia handituz doa. Zientzialari gehienak bat datoz ordenagailuak geroz eta azkarragoak izango direla baieztatzean, baina batzuek gure adimen maila izatera sekula helduko ez direla dioten bitartean, apokaliptikoenak aspaldi hasi ziren gizakien eta makinen arteko borrokaz hitz egiten.
Ziurrenik 2001: Odisea espazioan filmeko HAL makina edo Harrison Ford protagonista duen Blade Runner pelikulako replicant izeneko androideen modukoak gure artean ikusi arte denbora franko pasako da, baina Stephen Hawking fisikariaren hitzak kontuan izan beharrekoak dira, etorkizun hurbilean zer topa dezakegun aurreikusten lagun diezaguketelako.
Arma adimendunak?
AEBetako Giza Genomaren Ikerketarako Institutuak eta Suediako Lund Unibertsitateak garatu duten txipak ere onura handiak ekarri ditzake. Biotxip hau analisi genetikoetan erabiliko da eta gai da, besteak beste, minbizi motak desberdintzeko. Halaber, oroimen galerak sortzen dituen arazoei aurre egiteko, zientzialariak laguntza bidezko ezagutza sistemak garatzen ari dira. Aparailu horiek gaixoari leku guztietara laguntzen diete eta adimen artifiziala oinarri duen softwarea, GPS teknologia, sentsore sareak eta identifikazio-plaka infragorriak dituzte. Haiei esker adinduak denbora luzeagoz egon ahal izango dira euren etxeetan, laguntza jaso beharrik gabe.
Sofan esertzean telebista piztuko da...
... eta ordenagailuek gure sentipenak irakurriko dituzte
Egun, adimen artifiziala oinarri duen aparailu ugari dugu inguruan: pertsonak begiko irisagatik edo ahotsagatik ezagutzen dituzten sistemak, agenda elektronikoak, spam mezuen aurkako programak, diafragma automatikoki egokitzen duten kamerak, kanpoaldeko informazioa jaso eta horren arabera ehunaren tenperatura igo edo jaitsiko duten sentsoreak dituzten jantziak, automatikoki erregulatzen diren haize egokituko sistemak eta abar. Makina horiek, erregela jakin batzuen bidez ondorio logiko bat ateratzen dute. Alegia, giza burmuinak egiten duen moduan, jasotako informazioa alderatu eta egoera bakoitzaren aurrean erabaki egokiena hartzen dute. Dena den, hainbat datu prozesatzeko ahalmena izan arren, makina horiek ez dute sentipenik. Ez dira gai emozioak garatzeko. Gizakiok, aldiz, erabaki bat hartzean emozioak kontuan hartzen ditugu. Albert Einsteinek zioen bezala, "makinek arazoak konpondu ahal izango dituzte, baina ezingo dituzte sekula planteatu". Stephen Hawking fisikariaren iritziz, ordea, etorkizunean teknologiak gizakia gaindi dezake. Hori eragozteko, giza burmuinaren eta ordenagailuen arteko konexio zuzena ahalbidetuko duten teknologiak garatu behar direla uste du, gure kontra egin beharrean, makinek gizakioi lagun diezaguten.
Adimen artifizialaren esparruan lanean diharduten zientzialarien helburuetako bat makinek gizakion moduan hitz egin dezaten lortzea da. Oraindik lortu ez duten arren, aurrerapauso handiak eman dira eta jada posible da makina batzuei zerbait esan eta erantzun egokia jasotzea. Noski, beti ez da hala gertatzen eta pertsona ugarik iraindu ditu aparailuak, pertsona batekin hitz egiten ari balitz bezala. Aipatu makinak lortzen ari diren "gizatasun mailaren" erakusgarri dira jasotzen dituzten errietak.
Pasa den ekainean, Eusko Jaurlaritzak euskaraz dauden ahots teknologiako produktuak ezagutarazi eta garatzeko hitzarmena sinatu zuen Belgikako Scansoft enpresarekin. Teknologia horren bitartez, ahotsa testu eta testua ahots bihur daitezke. Besteak beste, eguraldiari buruzko informazioa edota tren eta autobusen ordutegiak kontsultatu, banku transferentziak egin eta zinema sarrerak erosteko aukera eskainiko luke. Hitzarmen horren fruitu Aditu programa da. Hari buruzko informazioa web gune honetan eskura dezakezue: www.euskara.euskadi.net/
![]() |
|
||||
2011 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa