Defentsaren genea
Herbeheretako Wageningen unibertsitateko biokimikaria den Iris Kappers-ek zuzendutako ekipoak ingeniaritza genetikoa erabili du landareen defentsa-sistema "garbi" bat sortzeko, hau da, genetikoki aldatutako landare batek ez du bere burua babesteko pestizidarik sortzen -Bt arto transgenikoak egiten duen eran-, baizik eta etsaiaren etsaia erakartzen du, azken honek aurrekoa akaba dezan.
Science aldizkarian argitara emandako artikuluan, deus ere ez dutela asmatu aitortzen dute. Hainbat landarek, marrubi-mota batzuek eta Limako lekak, Tetranychus urticae akaroaren erasoa jasotzen dutenean, terpenoide izeneko substantzia sortzen dute eta honen bidez Phytoseiulus persimilis deituriko akaroaren etsaiak erakartzen dituzte, azken hauek aurrekoak akabatzen dituztelarik.
Iris Kappers-en ekipoak Arabidopsis thaliana deituriko landarean arestian aipatu defentsa-sistema sortzen duten geneak sartu dituzte. Egindako frogetan landare normalak eta genetikoki eraldatuak nahastuta jarri dituzte eta guztiak "akaro gaiztoaren" aurrean jarri dituzte: landare eraldatuan bi aldiz "akaro defendatzaile" gehiago erakarri dira landare normalekin alderatuz.
Hala ere, ikerketan ahulezia bat agerian geratu da, hots, landareak era iraunkorrean emititzen ditu substantzia defendatzaileak eta beraz, "akaro defendatzaileek" une batean paso egin dezakete. Horregatik aurkitu nahi dute zein den erasoaren aurrean substantzia askatzea eragiten duen genea.
![]() |
|
||||
2010 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa