Marijo Deogracias2005-10-09 |
Elantxobera portura jaitsi beharrik ez dago Ogoņora joateko. Ibarrangelu amaitu eta berehala, Elantxobera norabidean ezkerrera, markaturik dago Ogoņoko lurmuturra. Bide hori hartu daiteke, herriko hilerriraino doan bidea, han hasten baita Elantxobeko zaindarira igotzeko bidea.
Hilerritik bide bi ateratzen dira Ogoņora iristeko, Bermokiz auzoan. Bata PR BI-165 deitzen da. Guk ordea, autoa hilerri parean laga eta pareko hormaren izkinatik behera, herrirantz doan bidexka jarraitu genuen. Herriko erripak nolakoak diren ikusteko polita da bidea. Batez ere, beherantz eginez gero; osterantzean, lau hankan-edo igo behar da. Hala ere, badira adoretsuak herrian eta autoak imajinatu ezingo genukeen maldan aparkaturik uzten dituzte Matxikal estratan.
Lehenengo aldapa hori jaitsita, berehala, kantoi batean topatuko ditugu seinale bi: batek hilerritik ateratzen den Ogoņorako bidea markatzen du; besteak, marka zuri-gorriekin, gure bidea.
Hitchcock-en antxetak
Pare bat kilometro ei daude Ogoņora gure bidea hartuta eta baliteke luze samarra egitea, baina nahiko erraza da. Lehenengo zatiak, ur ertzetik garamatza denbora osoan, artadi artetik. Lagun izango ditugu antxeta hanka horiak. Ogoņoko horman dituzte euren habiak eta, benetan, guztiak batera txio-txioka hasten direnean beldurra ere ematen dute. Hitchcock-ek ez zuelako Ogoņo ezagutu, bestela The Birds (txoriak) filmak beste itxura bat izango luke.
Alde batera Ispaster, bestera Izaro
Tregua apur bat ere emango digu bideak. Ogoņora arte geratzen zaigun bide osoa aldapa gora izan arren, laburra da eta basotik ateraldi txiki bat egiten du, haitz artean, Kantauri itsasoaren bista ikusgarria eskainiz. Alde batera kostaldearen jarraipena, Ispaster aldera eta beste aldera Izaroko irla ikusi daitezke.
Kontrabandisten baso iluna
Ogoņotik begira
Bertigoa duenak kontuz ibili beharko du hemen goian. Itzelezko altura sumatzen da, izan ere, Ogoņok pareta izugarria dauka, bertikal zuzen-zuzena.
Bueltako bidea
Hortaz, aukeran, beherako bidea hartuko dugu. Harrizko bide batera eramango gaitu berehala, baina hor ere aukera batzuk badira. Bata harrizko bidea jarraitzea hilerriraino; bestea, karobitik pasatzen den ezkerreko bidea hartzea. Guk erdi-erditik doana hartu dugu. Pare bat etxeren ondotik igaroko gara eta segituan autoa laga dugun lekura iritsiko gara. Bidegurutzean jartzen duen seinalearen arabera, handik Ogoņo kilometro batera dago. Hortaz, beste bat geratzen da iristeko.
Guztira ordu bat eta hogei minutuko ibilaldia egin dugu. Laburra, baina betea eta duda barik, hara gora igotzen denak, bere begi zuloetan gordeko du betiko panoramika bikaina.