Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2005-10-09 -- 2010.zenb

artikulu nagusira itzuli
Paula Kasares (NUPeko Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika Saileko irakasle elkartua): «2O25eko Euskal Herriari buruz»



Hizkuntza komunitate guztien xedea irautea izaten da, euren burua birsortu, belaunaldi berrietan geroratu eta, horrela, izaten segitzea. Hori hala izanda, hemendik gizaldi batera, 2025 urte aldera, ez dut uste Euskal Herrian egoera bera eta bakarra izanen dugunik, baina bai oraingo aldeak nabarmenago eta, agian, Ipar-Hegoaren egungo joerek hara eramanda, orain baino bereiziago.



Euskararen egoerari dagokionez, hiru joera garbi atzeman daitezke, hain zuzen ere banaketa administratiboak bereizten dituen hiru lurraldeak, eta hein handi batean, administratiboki bat ez izateagatik azken hamarkadaotan Euskal Herriak izan dituen hizkuntza politika instituzional ezberdinen ondorioz: EAE, Nafarroa eta Iparraldea.



Hiru lurralde horiek euren barnean ere ez dira homogeneoak: aldeak daude Gipuzkoa eta Bizkaia herrialdeen eta Arabaren artean; bai eta Nafarroan legeak ezarritako hizkuntza eremuen artean ere eta Iparraldeko Lapurdi kostako Biarritz-Baiona-Angelu hirigunearen eta Nafarroa Behereko eta Zuberoako landa eskualdeen artean.



Estatuek euren barneko hizkuntzen estatusaren gainean hartzen dituzten erabakiak, hizkuntza horietatik zeinek irautea eta zein galtzea nahi duten erabakiak dira, finean; eta gurean, bertako botere publikoek euskararendako hagitz nahi bertzelakoak erakutsi dituzte. Beraz, egungo hizkuntza politikaren, instituzionalaren nola gizarte dinamikak bultzatuaren ondorioa izanen da euskararen egoera 2025ean. Bertzalde, kinka politiko berezian gaude eta ez da erraza iragartzea EAEren (eta agian Euskal Herri osoaren) eraentza instituzionala aldatuko denentz eta, hala izanen balitz ere, horrek hizkuntzaren egoeran funtsezko eraginik izanen ote lukeen.



EAE


Egun, euskarak EAEn du egoerarik onena eta gerora begira irauteko aukerarik gehien. Periferiako euskaldunondako ezinbertzeko erreferentzia da, han baitago egungo euskaldungoaren masa kritikoa eta harrobia, nolabait errateko. EAEn bi hizkuntzei ofizialtasun maila bera aitortzen bazaie ere, euskara eta gaztelaniaren arteko aldeak handiak dira oso erabilera sozialean ez ezik, trataera administratiboan ere. 25 urteko ofizialtasunak ez du berarekin ekarri EAEko euskaldunek oinarrizko zerbitzu publikoak (osasuna, justiziaà) euskaraz hartzeko duten eskubide aitortua gauzatu ahal izatea. EAEn dugu euskararen hazkunde tasarik altuena eta erabileraren gora egite mantsoaren zantzurik baikorrenak. Populazioaren euskara gaitasunak ez erruz baina dezente hobera joko du heldu diren hamarkadetan eta, ziurraski, hemendik 20 urtera EAEko populazioaren erdixeak euskara jakinen du. Izan ere, azken hamarkadan, eta bereziki irakaskuntzari esker, belaunaldi berrien euskararen gaitasun tasa bikoiztu da: 1991n 16 eta 24 bitarteko gazteen %25ek zekien euskara eta hamar urteren buruan, 2001ean, %49k1 . Euskararen erabilera, ordea, bertze gauza bat da. Ontzat emanda gure soziolinguistek agerian utzitakoa, egitura demolinguistikoa sakonki aldatu ezean ez dela erabileraren hazkunde ikusgarririk gertatuko2, igoera bai baina, ziurraski euskararen erabilera soziala apala (eta bazterrekoa?) izaten segituko du EAEko hirigunerik handienetan eta Arabako eta Bizkaiko enkarterrietako landaguneetan ere, egoera hagitz bertzelakoak baitituzte EAEko hiru lurraldeek.



Jakin badakigu ezagutzak ez dakarrela zuzenean erabilera, ez maila berean bederen. Euskarak izan eta izanen dituen irabazi kuantitatiboek, gehienak irakaskuntzaren bidez euskaldunduek, euskararen erabilera sozialean zer eragin izanen duten ez dakigu. Zenbait ikerketa3 eta proposamen4 dugu horren inguruan ahalegin gehiago biltzearen alde jotzen dutenak, hezkuntzaren bidezko euskalduntzea bermatzeko ez ezik -eta alde horretatik poztekoa da Tontxu Campos sailburuak hasi omen nahi duen ikastereduen inguruko gogoeta-, eskolatik kanpoko alor zabala lantzeko ere.



EAEtik aterata, euskaldunondako bizi aukera-baldintzak aldatzen dira, ez naiz ari errekurtsoen banaketaz, alde horretatik ezin erran bazterreko giza taldea garenik, baina bai kultura berezitasunaren aitortzeaz, hau da, hizkuntza komunitate gisa ditugun beharrak asetzeko eta oro har, geure kultura berezitasunaren begirunean, hizkuntza komunitate nagusiaren pareko izateko.





Nafarroa


Nafarroan aldeak daude legeak ezarritako hiru hizkuntza eremuen arabera. Hiruretan euskarak belaunaldi gazteetan gora egin badu ere, Nafarroako lurralderik gehienean euskararen berreskuratzeari ezarritako legezko trabak -estatus ofizialik eza eta, horrekin batera, euskarazko irakaskuntza publikorik ez izatea-, hazkunde hori oso bertzelakoa izatea ekarri du: (a) Nafarroako iparraldean euskara ofiziala da eta hezkuntza sistema publikoak euskarazko irakaskuntza eskaintzen du. Belaunaldi gazteetan euskaldunen portzentajea hagitz altua da (%70,5 1991n eta %86,4 2003an5). (b) Iruñerrian eta Nafarroako erdialdean euskarak ez du estatus ofizialik baina bai zenbait erabilera ofizial aitortua (gero eta gutxiago, egia erran). Hazkundea izan da baina belaunaldi gazteetan euskaldunak 4tik bat izatera ere ez dira iritsi (%5,8 1991n eta %19,1 2003an). (c) Nafarroaren lurralderik gehienean euskaldunek ia ez dute hizkuntza eskubide aitorturik. Euskaldunak arrunt gutxiengo txikia dira, belaunaldi gazteetan ere (%1,1 1991n eta %4,4 2003an). Bertzalde Nafarroako Administrazioak ez du euskararen berreskuratze soziala helburu eta, de facto, nafar guztiak erdalduntzat jotzen ditu. Gaztelania jakitea da, hain zuzen ere, nafarren arteko aukera berdintasunak duen ezinbertzeko baldintza.



Iparraldea


Iparraldean populazioaren ia %25 da euskalduna baina jakin badakigu, portzentaje hori gainbehera heldu dela abiada bizian. Egun duela hamar urte baino 15.000 euskal hiztun gutxiago dira eta, gauzak horrela, hizkuntza komunitatea gehiago urrituko da zati handi bat adinduek osatua baita eta belaunaldi gazteek ez baitute, ez etxean ez eskolan, euskara ikasten. 65 urte baino zaharragoen artean %35,5 dira euskaldun, 16 eta 24 urte bitartekoen artean, ordea, %12,2 baino ez6. Errepublikako Administrazioaren babes eta aintzatespenik ezak XVI. mendean xede politiko garbi batez hasi zen hizkuntza ordezkapen prozesu historikoak bere bidea egiten segitzea ahalbidetzen du, hizkuntza gutxiatuaren komunitateari birsortu eta bere iraupena bermatzeko beharrezko bitartekoak ukatzen zaizkiela.



Egungo erronkak, biharko aukerak


Arestian erran dut honez gero egun baditugula jarriak hurrengo belaunaldiak euskaraz bizitzeko izanen dituen aukeren oinarriak, eta artikuluaren hasmentan erran bezala, ez dut ikusten, inondik inora, egoera bakarra gure Euskal Herri txiki -baina anitz- honetan.



Badakigu mundua globalizazio, mundializazio edo planetarizazio izenez ezagutzen diren fenomenoetan sartuta dagoela eta giza elkarreragiteak inoiz ezagutu ez ditugun bezain zabal eta maiz biderkatuko direla. Badakigu biharko euskaldunek, ez elebidunak, eleaniztunak baizik izan beharko dutela. Testuinguru horretan euskararen etorkizunaz galdegitea da, azken batean, euskara komunikazio bide (nahiz eta ez bakarra) izanen duen giza komunitate batez galdegitea. Elebitasun sozialak hizkuntza txikiarendako luzera duen ordezkatze arriskua ekidin eta euskararen irautea bermatzeko, interesgarria litzateke Euskal Herriko eleaniztasun sozial horretan euskarari eman beharreko gutxienezko funtzioak edo erabilera esparruak zein izan beharko luketen identifikatzea. Albert Bastardas soziolinguista kalauniarrak proposatu bezala, gizarteen poliglotizazio fenomenoaren aitzinean, tokiko hizkuntza txikiek euren testuinguru soziohistorikoetan bizirik iraunen badute, nolabaiteko hizkuntza subsidiaritatea7 ezarri beharko litzateke: tokiko hizkuntzak egin dezakeena ez dezala hizkuntza handiak egin. Gure kasurako, hizkuntza subsidiaritatearen formulazioa litzateke: egin dezagun euskaraz euskaraz egin daitekeen guztia eta erdaraz euskaraz ezin egin daitekeena soilik. Horrek tokiko hizkuntzak, berak bakarrik edo nagusiki beteko lukeen funtzio gune gogorra identifikatzea eskatuko luke, euskaraz eta ez bertze hizkuntzaz beteko genituen zenbait funtzio informal nola formal. Erderen beharra -oso handia izanen dena- bertze funtzio batzuetan -ekonomiko, politiko eta zientifikoetan, kanpo herremanetanà- nagusituko da.



Halakorik egiteko ordea, hau da, gure biziraupen kulturala bermatzeko, egun ez dugu baldintza soziopolitiko egokirik Euskal Herririk gehienean. Hau da gure etorkizunaz aritzean egin beharreko lehen egiaztapena: euskal hizkuntza komunitateak, Nafarroan eta Iparraldean bereziki, bere birsortze eta garapen kultural osoa egiteko aukera egokiak behar ditu, egun ez dituenak. Eta horrek tokiko hizkuntza komunitatearen legezko aintzatespena, babesa, haren garapenerako plangintza eraginkorrak eta sustatzeko bitarteko egokiak eskatzen ditu.



Euskarak bete beharko lukeen funtzio gune gogor horretaz, hizkuntzaren transmisioa, hau da, hizkuntza komunitatearen birsortzea ahalbidetzen dutenak sartuko nituzke lehendabizi: familia bidezko hizkuntza transmisioa eta irakaskuntza, bereziki.



Familia bidezko transmisioa eta hezkuntza dira hizkuntza komunitatearen irabazien bide nagusiak. Alde horretatik, datuek ez dute hemendik 20 urtera begira itxura onik: Gipuzkoan soilik osatzen dute gehiengoa unibertsitate aurreko ikasketak D ereduan egiten dutenek (%64,3). Gero, hurrenez hurren, Bizkaia (%43,2) eta Araba (%29) ditugu. Nafarroak Arabak baino ia bederatzi puntu gutxiago du: %20,78. Baina kezkagarriena, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian euskara kontuan hartzen ez duen irakaskuntzak gehiengo zabal-zabala duela ikustea da: %60,2 eta %78,1 hurrenez hurren. Euskarazko irakaskuntza, zuzenean hizkuntzaren estatusari loturik dagoena da nire idurikotz, bermatu beharreko funtzioetatik premiazkoena.



Bertzalde, eskolaren bidezko euskalduntzearen mugez ohartu gara eta hezkuntzak betetzen ez duen esparru hori dugu, hain zuzen ere, belaunaldi berrien euskalduntzearen inguruan egun aurre egiteko dugun erronka nagusietako bat. Euskara herritarren gehiengoaren hizkuntza ez den lekuetan, euskara erabiltzeko guneak sortzeak du premia: hiztun berrien belaunaldiei eskolatik haratago doazen bizipenak euskaraz izateko aukerak zabaldu eta aisialdi, kirol, kultura eta haur-gazteen munduko esparrurik erakargarrienetan euskara sartzeko proiektuak abiatzea. Horrela eta ez bertzela, orain eskolak euskalduntzen dituen haurrak euskaraz ongi eta eroso mintzatuko diren hiztunak izanen dira etorkizunean, euskara euren bizipenei lotuko dieten euskaldunak eta hizkuntza nonahi erabiliko dutenak. Zorionez, kantitateaz gain, hasiak gara azken urteotan kalitateaz ere kezkatzen eta gero eta gehiago dakigu haur euskaldunberrien hizkuntza gaitasun komunikatiboa bermatzeko bideez9.



Izan ere, hizkuntza komunitatearen birsortze bideak sendotzea helburu hartuta, xede honetara jo beharko genuke: euskara bigarren hizkuntza gisa ikasi dutenek euren seme-alabei lehen hizkuntza gisa eman diezaietela. Horrek eskatzen du eskolak euskaldundutako belaunaldien hizkuntza jatortzea eta horretarako bideak ezarri behar dira.



Euskararendako bermatu beharreko bertze funtzioak arlo formalekoak lirateke, hizkuntza komunitate gisa gure esperientzia linguistikoa osoa eta normala izanen bada. Erakunde publikoei dagokie, hein handi batean, arlo formal eta instituzionalizatuetako hizkuntzaren erabilera eta hizkuntzari ematen dizkioten legitimazio eta aukera publikoek eragin handia izaten dute hizkuntzaren pertzeptzio sozialean. EAEn, eta zer erranik ez aintzatespen ofiziala ez dagoen Nafarroan eta Iparraldean, anitz dago egiteko Administrazioak euskal hiztunei ematen dizkien oinarrizko zerbitzuetan eta politika ausartagoa beharko litzateke herritarren hizkuntza eskubideak babesteko.



Bertzalde, ezin ahantzi gurera etorri eta etorriko diren atzerriko herritarrak, Iparraldean aspaldiko errealitatea dena. Erakunde Publikoek euskararako bidea erraztu beharko liekete gure hizkuntza elementu integratzaile eta instrumental baliotsu gisa aurkeztuz, eta hizkuntza komunitateak erakarri eta abegikor hartu beharko lituzke. Horrela izan ezean, aldaketa demolinguistikoek irauli ezinezko ondorioa izan lezakete. Nafarroan, adibidez, EAEn baino handiagoa da etorkinen fenomenoa eta, gauzak dauden bezala, herritar horiek gaztelania indartu, erabilera sozialean nola zerbitzu publikoetan, irakaskuntzan edo osasunean, eta nafar euskaldunen portzentajea ttipiagotuko dute.



Zaila da iragartzea zein bidetatik joanen diren gauzak baina, garbi da, egungo errealitatearen oinarriek arrunt helmuga diferenteetara garamatzatela euskaldunok zein lurraldetan bizi garen arabera. Euskal hizkuntza komunitateak bere botere publikoen esku hartze epelkeriarik gabeko eta sistematikoa behar du euskaraz biziko den giza taldea izan nahi badu. Hori da gakoa, nola ikusten dugun geure burua. Eta gurea bezalako hizkuntza komunitate ttipiek zail izanen dute irautea euren garapen eta ongi izatea euren hizkuntzaren garapenari lotzen ez badizkiote.



* * * * * * * * * * * * * * *



1 Eusko Jaurlaritza (2003). Euskararen jarraipena III. 2001. Euskal Herriko Soziolinguistikako Inkesta. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.



2 Ramos, Rosa (2002). "Datu tematiak". [Sarean]. Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen erakundearen webgunean.

http://www.sortu.org/modules.php?op=modload&name=Subjects&file=index&req=viewpage&pageid=53>



3 ISEI-IVEI, Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (2005). "Euskararen B2 maila. Derrigorrezko irakaskuntzaren amaieran (DBH-4)". Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen webgunea http://www.isei-ivei.net/eusk/argital/euskarab2-1.pdf>



4 Euskara Aholku Batzordea (2004). Euskararen kalitatea. Zertaz ari garen eta zertarako. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza. Kultura Saila.



5 Nafarroako 16 eta 24 urte bitarteko gazteen hizkuntza gaitasunaren datuak, Nafarroako Gobernuaren honako bi azterketatan oinarritutako kalkuluak:

Nafarroako Gobernua (1995). Euskararen datu soziolinguistikoak Nafarroan / Datos sociolingüísticos del euskara en Navarra. Iruñea: Nafarroako Gobernua. Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia.

Nafarroako Gobernua (2004). Estudio sociolingüístico sobre el vascuence en Navarra. 2003. Competencia lingüística, uso y actitudes. Pamplona: Gobierno de Navarra. Departamento de Educación.



6 Eusko Jaurlaritza (2003). Op. cit.



7 Bastardas, Albert (2002). "Política lingüística mundial a l'era de la globalització: diversitat i intercomunicació des de la perspectiva de la 'complexitat'". [Sarean]. World Congress on Language Policies (Barcelona, 2002ko apirilaren 16tik 20ra). Linguapax erakundearen webgunean.

http://www.linguapax.org/congres/plenaries/bastardas.html>



8 EHBE, Euskal Herriak Bere Eskola (2005). "Hizkuntza ereduak Euskal Herrian". [Sarean] Erabili.com Azpeitiko Euskara Patronatuaren webgunean.

http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1115637200/inprimatzeko>



9 Euskara Aholku Batzordea (2004). Op. cit.


Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan