artikulu nagusira itzuli
Miren Mateo Aierza (EAE-ko Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzako Koordinazio zuzendaria): «Lorpenak kapitalizatzera eta areagotze aldera»
Hogeita sei urte iragan dira, Autonomia Estatutuak (EAE, 1979) euskara Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial izendatu zuenetik eta gure erakunde propioak berreskuratu genituenetik. Orduan, Euskal Autonomia Erkidegoan harturiko oinarrizko neurrietariko bat 10/1982 Euskararen Legea Normalizatzeko Oinarrizko Legea izan zen; hiritarrei hizkuntza-eskubideak aitortu ostean herri-aginteen betebeharrak finkatu zituena, euskararen erabileraren normalizazioa lor zedin. Une hartatik aurrera, Desplazamendu Linguistikoaren Inbertsioa (Reversing Language Shift) izan da hizkuntza-politikaren ardatz nagusi.
Nafarroako lur zati batean ere ofiziala da euskara, baina oraindik ez, ez Ipar Euskal Herrian, ezta Nafarroako lur zatirik handienean ere.
Euskararen balioa eta indarra ere ez dira berdinak lurralde guztietan: euskara nabarmen doa goraka Euskal Autonomia Erkidegoan, behera Ipar Euskal Herrian, eta ez gora ez behera Nafarroako Foru Komunitatean. Horrek lotura zuzena du, jakina, euskara biziberritzeko azken urteotan abian jarri diren hizkuntza-politikekin.
Euskal gizartearen ezaugarri nagusiak
Kopuruak alde batera utzita, esango genuke egoera oso anitza, konplexua eta aldakorra dela. Horretaz gain, egoera eta bilakaeraren irakurketa egiterakoan, ahantzi ezin ditugun bi giltza daude:
- Batetik, biztanleriaren egituran aldaketa sakonak ari dira gertatzen:
Jaiotze-tasa izugarri jaitsi da. Horrek ekarri du, batetik biztanle-kopurua asko gutxitzea; esaterako, EAEn, 16 eta 24 urte bitarteko biztanleriaren ia herena galdu da azken hamar urteotan. Eta, bestetik, populazioa zahartu egin zaigu, eta hori areagotu egingo da datozen urteotan.
Etorkinen kopurua etengabe ari da hazten eta datozen urteetan oraindik handiagoa izango da.
- Bestetik, euskaldunen kolektiboaren ezaugarriak goitik behera ari dira aldatzen:
Euskaldun zaharren kopurua pixkanaka jaitsiz doa eta euskaldun berrien kopurua asko hazi da. Gazteen artean euskaldun berrien kopurua euskaldun zaharrena baino handiagoa da dagoeneko.
Bi kolektibo horiek (euskaldun zaharrak eta berriak) oso ezberdinak dira kualitatiboki, bai euskaraz edo gaztelaniaz hitz egiteko orduan duten trebetasun edo erraztasun erlatiboaren ikuspegitik, bai beraien familiako, gizarteko eta laneko harreman-sareetan duten euskaldun-dentsitatearen ikuspegitik. Eta, azken batean, nagusiki bi faktore horien arabera egin ohi da hizketarako hizkuntzaren hautua.
Aldaketa horiek euskararen lurralde osoan ari dira gertatzen, neurri batean edo bestean. Baina, bereziki agerikoak dira Euskal Autonomia Erkidegoan.
Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren ezaugarri nagusiak
Euskarak oso egoera desberdinak bizi ditu lurralde batean eta bestean. Desberdintasun horiek nabarmenak dira familia bidezko transmisioan, hizkuntza-gaitasunean, galera-irabazietan, euskararen erabileran eta euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarreretan. Beraz, gutxi erakusten dute batez besteko irakurketek, besteak beste, EAEk Euskal Herriko biztanlerian eta euskaldunen kolektiboan duen pisuak ûEuskal Herriko biztanleen ia hiru laurden eta euskaldunen %80tik gora bizi baita bertanû estali egiten dituelako Nafarroako eta Iparraldeko egoerak (ikus koadroa).
EAEn
Hizkuntza-gaitasunari dagokionez, euskaldunen proportzioa gero eta handiagoa da gazteen artean. Aldi berean, euskararen transmisioa ia erabatekoa da guraso biak euskaldunak direnean, eta gero eta gehiago transmititzen da bietako batek bakarrik dakienean -horrelakoetan, euskara gaztelaniarekin batera transmititzen da-.
Erabilerari erreparatuta, gaztelania da gehien erabiltzen den hizkuntza. Halere, euskararen erabilerak gora egin du, batez ere euskaraz hitz egiten hasi diren gazte euskaldun berriei esker. Euskaldun zaharrek ere leial eusten diote euskararen erabilerari. Nolanahi ere, erabilerak ez du gaitasunaren pare egin gora. Esan bezala, euskal hiztunen hazkundea euskaldun berriei zor zaie bereziki, eta horietako gehienek, oraindik ere, erraztasun handiagoa dute erdaraz euskaraz baino. Gainera, familia eta lagunartea erdaldunak dituzte; beraz, hurbileko harreman-sarean ez daukate behar beste euskaldunik euskaraz egiteko. Azken batean, ez dute euskaraz egiteko behar besteko aukerarik, erraztasunik ez dutelako edota norekin hitz egin ez dutelako (ikus koadroak).
Nafarroan
Nafarroan euskaldunak gero eta gehiago dira, euskaldun berriei esker; izan ere, euskaldun zaharrak etengabe gutxitzen doaz. Baina euskal hiztunak gero eta gehiago izan arren, galerak irabaziak baino handiagoak dira oraindik. Zorionez, gazteen artean egoera alderantzizkoa da: 35 urtetik beherakoen artean, euskara ikasi dutenak etxean jaso eta ondoren galdu dutenak baino gehiago dira.
Iparraldean, galera nabaria da. Euskal hiztunak gero eta gutxiago dira adin-talde guztietan, nahiz eta gazteen artean badirudien galera moteltzen ari dela. Familia bidezko transmisioan ere galerak dira: euskara etxean ikasi ondoren galdu dutenak, eskolan edo euskaltegian ikasi dutenak baino gehiago dira -hamar aldiz gehiago gazteen artean-.
Horiek horrela, bi ondorio nagusi hauek atera ditzakegu:
- EAEn euskarak aurrerakada garrantzitsua izan du, ikuspuntu demografikotik (elebitasunaren unibertsalizazioa), geografikotik (hiri-inguruneetara hedatu da) eta funtzionaletik (esparru berriak irabazi ditu) begiratuta. Horrek, dena den, ez du gaztelaniaren atzerakada eragin, gaztelania baino ez zekiten elebakarrak murriztea baizik. Azken batean, mestizaje-egoerak ditugu zabalduenak.
- Aitzitik, Nafarroan, euskara sustatzeko politika beranduagokoa eta EAEkoa baino askoz ere indar gutxiagokoa da (den tokian); horrek dakarrelarik euskararen aurrerakada askozaz ere txikiagoa izatea; eta, azkenik, Iparraldean, euskara oraindik ere atzera doa eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioa ez dago bermaturik, errekuperazio zantzu txiki batzuk antzeman badaitezke ere.
EAEn, hortaz, hogeita bost urtean ez dugu bide makala egin. Ukaezina da orduko eta gaurko egoerak ez dutela zerikusirik, eta hori harrotasunez esan eta transmititu behar diogu gizarteari:
- Indar eta tresna ugari jarri ditugu euskararen alde: erakunde politikoak, lege-araubidea, aurrekontuak, plangintza eta egitura berezituak, gizarte-ekimenaren ekarria ahantzi gabe;
- Hiztun-kopuru ederra eta orduan ez zituen prestigioa eta bizi-indarra irabazi ditu euskarak.
Aurrera begirako erronkak eta eginkizunak
Eginkizun duguna, hala ere, ez da gutxi. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak dioenari jarraiki, euskararentzat ahalik eta hiztun oso gehien irabazten jarraitzeaz gain, orain arteko lorpenak kapitalizatzea da erronka nagusia; hau da, euskararen erabilera soziala areagotzea, euskara eskolan ikasi duten milaka euskal hiztunen hizkuntza-gaitasuna sendotuz eta gure eguneroko bizitzan euskararen presentzia handituz. Horiexek ditugu aurrerabiderako helburuak.
Horretarako, inertzia batzuk astinduz eta euskara biziberritzeko politikaren partaide denok garela benetan sinisturik, eredu koherenteak gizarteratu eta hedatu behar ditugu: familian, gurasoen hizkuntza portaera; eskolan, irakasleena; lanean, zuzendaritza karguenaà.
Hori horrela izan dadin, ezinbestez norbereganatu behar dute esparru guztiotako eragileek "korrespontsabilitate" kontzeptua eta horren arabera jardun eginbide guztietan.
Eta jakina, beti aipatzen ditugun euskarazko -eta zenbaitetan euskara hutseko- zerbitzu eta produktu erakargarriak, kontsumokoak, kulturazkoak, teknologikoak, lanari loturikoak, eta abar egin, merkaturatu eta ezagutarazi behar ditugu, orain artean baino indar eta hedadura handiagoz. Izan ere, eguneroko bizitzan euskararen presentzia aktiboagoa galarazten duten oztopo fisiko eta mentalak gainditzeak besteko garrantzia eta lehentasuna du komunikazio hori erraztu dezaketen aukerak bermatzeak eta areagotzeak. Euskarazko zerbitzu eta produktu horiek eratu, zabaldu eta erabiltzen diren neurrian, hiztunen hizkuntza-kalitatea hobetu egingo da eta noiznahikoa zein noranahikoa izango dute.
Erabilera areagotzeko eginbide horretan muga ditugu oraingoz: euskaldun askoren erraztasun urria eta euren ingurune hurbila erdalduna izatea; erdaraz jarduteko ohitura; prestakuntza profesionala nagusiki erdaraz jaso izana; euskararen indar sozial mugatua; inguruko hizkuntzen balio-indarra eta geure hizkuntza-jarreraren eta jokabidearen arteko aldea. Beraz, faktore horiek denak gogoan egin behar dugu jokoan, irabaziak eta lorpenak gutxietsi gabe.
Datozen urteotan estrategikoak izango ditugu zenbait lan-lerro:
- Euskarak, testuinguru eleanitzean, hizkuntza nagusi behar du izan hezkuntza-komunitatean. Euskara hizkuntza akademiko soil bihurtu ez eta benetako komunikazio-hizkuntza izan dadin, ikastetxearen jarduera eta esparru guztietan eragin behar da modu sistematikoan: eremu instituzionalean, hau da irakasle eta langileen artean, familia eta gizartearekiko harremanetan, zuzendaritza-organoetan, zein eremu pedagogikoan, ikasgela barruan zein kanpoan.
- Etorkinen kopurua hazten doan neurrian, gero eta beharrezkoago da euskara integraziorako prozesuan txertatzea. Ekintza isolatuen ordez, harrera-plan orokor batean kokatu behar da, gurera datozen momentutik bertatik euskara eta euskal kultura presente izan eta haurrek zein helduek euskalduntzeko zerbitzu-aukerak izan ditzaten, hezkuntza-sistemaren nahiz euskaltegien bidez.
- Esparru sozio-ekonomikoa (pribatua zein publikoa) da heldu-aroko esparrurik behinena; hortxe neurtuko dute, laster, euskaldundu ditugun milaka gazteok zein den euskararen erabilgarritasuna eta balioa. Hortaz, orain arte baino modu sistematikoagoan eta hedapenez zabalagoan planifikatu behar ditugu eginkizunak. Euskara-planak organizazio gehiagotara hedatu behar ditugu, eta kontuan izanda gune soziolinguistikoak, jarduera-sektoreak, merkatu geografikoak eta produktu-zerbitzuen hartzaileak baldintzatzen dutela erabilera, guneka eta azpisektoreka jardutea komeniko litzateke. Ahantzi barik, noski, organizazio horien abiapuntuko egoerak erabat baldintzatuko duela planaren esijentzia-maila. Eta nonbait egitekotan indar, gure egunerokotasunari loturiko jardueretan egin beharko litzateke, kalea irabaziz.
Esparru publikoari dagokionez, euskalduntze-lan eskerga egin da aurreko urteotan, euskaraz egiteko gauza diren langileen kopurua izugarri hazi delarik. Eta, horrenbestez, euskara zerbitzu-hizkuntza dugu administrazioen atal askotan. Orain, elebidun izateko ezinbesteko baldintzak bermatu behar ditugu zenbait ataletan, eta euskara lan-hizkuntza izan dadin behar diren programak eta baliabideak sistematizatu eta areagotu, herri-aginteek euskararen biziberritze lanean, bide-erakusle eta ispilu izan behar dutelako.
- Euskarak toki duina behar du teknologia berrien munduan. Horrek eskatzen digu, besteak beste: eduki gehiago garatzea sarean jartzeko; euskaraz lan egiteko tresnak eta baliabideak ugaritzea eta eskura ipintzea; software erabilienak, librea barne, lokalizatzen jarraitzea; euskarazko ahots-teknologietako produktuak garatzea eta erabiltzea ohiko zerbitzuen eta ogasunen eskaintzan; itzulpenerako laguntza-sistemak garatzeaà
- Gure etxeetan indarrez sartzen diren hedabideetan (telebista, irratia, prentsa, internetà) euskarazko eskaintza handitu behar da, gazteek, bereziki, aukera gehiago izan ditzaten kirola, musika-informazioa edo bestelakoak euskaraz jasotzeko. Horretaz gain, jatorrizko ekoizpenaren zein itzulpenen bitartez, euskarazko liburuen, aldizkarien eta komikien eskaintza areagotzera egin behar da ûgazteentzakoak, berezikiû, gaztelaniaz dagoen eskaintzarekin lehiatzeko adinako kalitatea eta erakargarritasuna bermatuz.
Nolanahi ere, euskara Euskal Herriko beste bi hizkuntza ofizialen berdintasun-mailara ekarri eta euskararen belaunez belauneko transmisioa bermatu dadin, nahitaezkoa dugu kontsentsu edota adostasun politiko-soziala areagotzea. Lehentasun nagusietako bat dugu hori.
Hizkuntza-politika, geure herria hezur-mamitzeko politikaren adarretako bat da, adar estrategikoa gizartearen kohesioa eta elkarbizitza lortuz joateko, Euskal Herriaren nortasunari zein eraikuntza prozesuari zuzen-zuzen atxikitzen zaiona, hain zuzen. Beraz, hizkuntza-politika garatzeko behar beharrezkoa da adostasun politikoa areagotzea.
Gaur egun duguna ez da behar bestekoa, gehiago esango nuke, sendotu ordez murriztuz joan da urteotan. Hortaz, gure gizartearen maila guztietako aniztasunari men eginez, kontsentsu-puntuak bilatu eta aurkitzeko lanari ekin behar diogu.
Eta adostasunok bilatzerakoan, kontuan izan behar ditugu hizkuntza-politikaren oinarrizko bi helburu:
- Batetik, euskararen belaunez belauneko jarraipena bermatzea.
- Bestetik, benetako elebitasuna iristeko euskararen erabilpena normalizatu eta sustatzeko neurriak areagotzea, errealitate soziolinguistikoarekin bat datorren eta bere erritmoetan gizarteko gehienen borondatearekiko malgua den hizkuntza-politikaren bitartez.
Finean, "Euskara guztiona da" diogun horrekin bat bagatoz, inork ezin du euskara monopolizatu, ezta duen ardurari uko egin ere. Elkarbizitza eta kohesio soziala baditugu goiburu, behintzat.
Horri lotuta, euskararen lurralde ezberdinetan euskararen erabilera areagotzeko neurri-egitarau estrategikoak eta baliabide zenbait hitzartzeko gai izan beharko genuke, bertako lurraldeotako eragileekin, eta publikoekin bereziki. Neurri batean, Iparraldeko eta Nafarroako euskararen egoera bai baita EAEren erantzukizuna, Nafarroa eta Iparraldearentzat ere euskarak EAEn duen egoera beraien ardura ere baden bezalaxe. EAEk badu bide bat egina, eta hori konpartitzea dagokigu. Indarrak, irizpideak, baliabide eta tresna zenbait konzertatzea denentzako da onura, eta inorentzako ez kalte. Azken finean, neurria neurri eta tamaina tamaina, erronka nagusi bertsua izan behar dugu goiburu, bakoitzak erabakiko duelarik zein erritmotan jardun.
Azkenik, eta ez azken, lanbide honetarako ezinbestez lortu behar dugu erdal komunitatearen konplizitatea eta inplikazioa. Euskararen etorkizunerako ezinbestekoa dugu erdal munduak -euskal gizartearen parte baitira- ere bere egitea euskara. Ailegatu behar dugu beraiengana, ikusi eta ezagutu behar gaituzte. Eta samur adierazi euskararen aldeko diskriminazio positiboa ez dela inposizioa, ez dela erdararen aurkako borroka, "reposizioa" baizik:
"Euskal Herrian beti izango da espainiera lehen hizkuntza duen populazioa, hori baduzu Nafarroan, baduzu Donostian edo Bilbon. Lehen hizkuntza espainiera duen jendea topatuko duzu, eta beraiekin harreman egokiak izatea garrantzitsua delakoan nago. (...) Ez dut uste desiragarria denik haientzat Euskal Herrian bigarren mailako hiritarrak izatea. Ez dut uste hori denik euskaldunek egin behar duten borroka. Eta nik uste dut zuek (...) haiekin egokitze ohoretsu batera iristen bazarete, haiek euskara bigarren hizkuntzatzat hartuta urrunago joango direla" (Fishman, 1999, 121. or.).
Euskara Euskal Herriaren ondare soziala da eta bizirik izatea ona da guztiontzat; bi hizkuntzak jakinda bakarrik aukera dezakegu zein hizkuntza erabili.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.