artikulu nagusira itzuli
Joxe Jabier Iñigo (Kontseiluko plangintza burua): «Politikaren garaia»
Euskararen normalizazio erritmoa benetan da kezkatzekoa. Nafarroan geldi samar, alde batetik galtzen ari garen euskaldun kopurua beste aldetik juxtu samar irabaziz, Iparraldean atzerakadari aurre egiteko zailtasun handiekin, eta EAEn, urte hauetan daramagun erritmoan, ehun urtetik oso gorako epeak aurreikusi behar direlarik euskararen ezagutza indizeak orokortuko badira. Eta ezagutza orokortzea ez da, inondik ere, bere horretan normalizazioa, herritarrek euskara jakin arren gizarteko entitate eta erakunde gehienek erdaraz funtziona baitezakete.
Hizkuntza baten normalizazioa hamarkada askotako kontua bada ere, hurrengo 20 urteetan urrats erabakigarri batzuk egin ezean, uhin sozialak aldatu eta aurrera ezinezko egoera batean aurki gintezke. Motiboak daude kezkatuta egoteko. Aukera handi asko galdu dira joan deneko 20 urteetan: euskarari lehentasunezko estatus bat emateko; euskaldunduko duen hezkuntza sistema bat ezartzeko; helduek euskara ikastea doakoa izateko; administrazioaren euskalduntzean, langileen kontratazioetan eta administrazio atalen eta aginte organoen lan hizkuntza euskara ezar dadin urrats nabarmenak egiteko; osasun mundua euskalduntzeko; unibertsitatean euskaraz ikasteko eta ikertzeko aukerak orokortzeko; erdarazko komunikabideei kuotak ezarri eta irrati lizentzietan euskara aintzat hartzeko; izaera publikoko zerbitzuak direnetan -estatus publiko nahiz pribatua izan- eta kontzesioetan euskarazko zerbitzua bermatzea derrigorrezkoa izateko; enpresetan euskara planak orokortzeko; etorkinak euskalduntzeko bideak ezartzeko... Eta beste hainbat alorretan egin ez direnak, eta egin zitezkeenak, hurrengo 20 urte honetarako gelditu dira. Horren eraginkortasun handiko ekintza multzo bat abian jarriz gero, euskararen ezagutzaren portzentaia %50era hurbildu beharko luke aipatu epean, eta erabilerarena %25 ingurura.
Egia da joan deneko urteetan egindakoak ez direla hutsaren hurrengoa izan. Euskarazko hezkuntza orokortuz joatea, helduen euskalduntzean lortu diren milaka eta milaka hiztun berriak, euskarazko telebista baten osatzea eta prentsa idatzian lortu diren mailak, enpresa munduan euskara sartzen hasi izana, euskarazko liburugintza eta musikagintzaren hedadura erlatiboki handia... Emaitza oso garrantzitsuen datuak dira horiek denak. Baina EAEren kasuan hizkuntz politika ofizial epel bat baino ez dute izan atzetik azken 20 urteetan, helburu bezala normalizazio osoa ez, baizik eta gizartearen integratzea eta kohesionatzea bezalako kontzeptuek estalirik, gizarteko sektore elebakarren haserrerik ez piztea izan duena, haiek "behartuko" edo "molestatuko" ez dituen hizkuntz politika egitea, eta batez ere, komunikabide "handien" erasoa ahalbidetuko ez duena.
Hizkuntzaren normalizazioa atzera ezinezko egoera batean utzi beharko luketen urratsak eman al daitezke hizkuntz politika ausartago batekin bakarrik? Are gehiago, eman al daitezke gaurko egoera politikoan? Egoera politiko orokorra aldatuko balitz, eta epe ertainean burujabetzarako prozesua abiatuko balitz, egin litezke, noski. Horrelako egoera bat gabe, ordea, nekez orokortu liteke hizkuntz normalizazio prozesu bizkorra Euskal Herri osora. EAEn, dena den, indar politiko eta sozial euskaltzaleak gehiengo direlarik, goian aipatu diren ekintza gehienak burutu egin beharko lirateke nolanahi ere. Nafarroan eta Iparraldean prozesu politiko eraldatzaile bat gabe nekez lortuko dugu ofizialtasun formaletik haratagoko zerbait, hizkuntz eskubideen nolabaiteko errespetua eta hezkuntzan aurrerakuntza aipagarri batzuk, besteak beste. Baina hori ez da gutxi, eta prozesu politikorik gabe ere, horretan ondo saiatu beharko genuke euskaltzaleok.
Egiteko dauden neurri garrantzitsuenak erabaki politikoetara lotuta daude, eta beste era bateko dinamikei buruz euskalgintzak esperientzia luzea eta arrakastatsua baldin badu ere, ezin da esan gauza bera politikaren munduan eragiteari buruz.
Euskararen politikan eragiteari buruz
Hegoaldean norbanakoen konpromisoena izan da frankismotik 90. hamarkada arte indarrean izan den euskalduntze estrategia ia bakarra eta oraindik gaur egun, neurri handian, indarrean dagoena. Diktadura eta trantsizioaren garaietarako ezinbestean egin beharrekoa hori zen, derrigor oinarritu beharra zegoen euskalduntzea konpromiso pertsonaletan: helduek euskara ikasi, haurrek euskaraz ikasi... ez dago adibideetan luzatu beharrik.
Autonomiarekin ordea, erabaki politiko eta sozialak hartzeko aukera zabaldu zen, hizkuntz eskuduntza gehienak Iruñean eta Gasteizen daudelako orduz geroztik. Norbanakoen mailan txukun samar aritu gara geroztik ere, eta arlo sozialean gizarteko estamentu gehienetan euskalduntzea bultzatzeko estrategia ere itxuratua du euskalgintzak, oraindik osoki garatzeko baldin badauka ere.
Baina politikatik etorri behar diren konponbideen mailan huts egiten ari gara. Huts egiten politikoak berak, ez dituztelako abian jartzen euren esku dauden neurriak, eta huts egiten euskalgintza, ez garelako gai politikoei behar den neurrian eragiteko, egin behar dituztenak egin ditzaten.
Abiapuntuzko gogoeta autokritiko hau egin beharra dago: euskalgintzak erabaki politikosozialetan eragiten behar diren indarrak jarri beharrean, indar testimonialak baino ez ditu jarri. Datuak benetan kezkagarriak dira. 2002an Kontseiluan egin zen zenbaketa baten arabera, euskararen gizarte erakundeen errekurtso ia guztiak, %95etik gora -alegia, baliabide pertsonalen, ekonomikoen eta azpiegiturazkoen %95etik gora- konpromiso pertsonalak eragiten eta bideratzen jarrita dauzkagu oraindik gaur egun, eta soilik ehuneko txiki bat politikosozialki eragiten edo entitate publiko edo pribatuen euskalduntzea bultzatzen. Zehazki esanda %98,5 eta %1,5 ematen du bataren eta bestearen batuketak. Portzentaje txiki hori handitu liteke pixka bat, %5eraino edo gehienez ere, zalantzazko erabaki batekin, euskararen festa eta ekitaldi handiak ekintza presionatzailetzat hartzea.
Urte hauetan huts egin dugun kontua hain zuzen ere horixe da: ez dugu asmatu norbanakoak aktibatzen erakunde sozial eta politikoei modu nahikoan eragiteko. Gure presioa ez da nahikoa izan. Neurriren batean asmatu dugu, noski -batez ere arlo sozialean 1.000 entitatetik gora normalizazio prozesuetan abiatzea lortu dugulako-, baina ez dugu oraindik modu nahikoan eragitea asmatu. Izan ditugun baliabideetarako 1.000 entitate sekulako arrakasta izan arren, euskararen premietatik ikusita hasiera baino ez da.
Zer esanik ez, instituzioen hizkuntz politikak aldatzeko gure eragina hutsa ez, baina hutsaren hurrengoa izan da. Arlo politikoan gehiena asmatzeko daukagu. Bi hitzetan: nola eragin alderdiei eta instituzioei? Nola eragin erakunde sozialei orain artekoa baino neurri handiagoan? Horiek dira erantzuteko dauzkagun galdera handiak hurrengo 20 urteei behar den probetxua aterako badiegu.
Beste hitz batzuez ere formulatu izan da desafio handi hau: gehiengo sozio-politiko bat aktibatu behar dugu, hau da, ahalik eta agente politiko eta sozial gehien eta ahalik eta herritar gehien jarri behar dugu erabaki politikosozial egokiak eskatzen, horien alde presio egiten.
Erabaki horiek izan behar dute euskarak behar dituen neurri politikoak hartzeko eta horrek bi gauza esan nahi du: 1) hizkuntz neurriak -euskararen estatusa, ereduen sistema gainditzeko erabakia, modu horretakoak alegia-, eta 2) euskarak garatzeko behar-beharrezkoa duen marko politiko berri baten aldeko neurriak, burujabetza prozesu bat alegia. Lehen puntuko hizkuntz neurriei buruz jardun dut gorago, bigarren puntu horretan sakonduko dut segidan.
Politika orokorrean eragiteari buruz
Nire ustez, hizkuntz politika egoki eta ausarta abian jartzearekin soilik ez da nahikoa. Dozenaka urte asko irauteko balio dezake horrek, oraingoa baino askoz egoera hobean jartzeko ere bai, baina ez normalizazio osoa lortzeko. Eta ezin dugu pentsatu joan deneko ehunka urteetan euskarari eutsi diogunez, horrela izango denik aurrerantzean ere. Hizkuntza batek izan dezakeen babes mailarik handiena bilatu behar dugu, eta maila hori, gaur egungo gizartean, estatua da. Euskararen normalizazioak nekez egingo du aurrera modu erabakigarrian estatu babesa izan gabe. Estatuarekin ere egoera eskasean egongo gara haren ahalmenak baliatzen ez badira, baina estaturik gabe ezina dugu, biziraupen gorabeheratsuko egoera batetik haratago.
Euskaldunon Egunkaria itxi digute. Estatu erasoen aurrean dugun irtenbide bakarra babestuko gaituen estatu propio bat eratzea da. Itsukeria litzateke gure aldetik uste izatea garai erasokorrenak ez direla berriz gertatuko. Baina bestela ere, hizkuntzaren normalizazioak behar dituen neurri erabakigarrienak hartzeko -eta gure herriaren interes sozial, ekonomiko, kultural eta politiko orokorrak aurrera ateratzeko- behar dugu estatua.
Zaila ikusten dut, ordea, alderdi politiko abertzale guztiek burujabetzaren bideari serio ekitea, premia hori gehien bizi duten gizarte mugimendu garrantzitsuenak lan politikoan murgiltzen ez diren bitartean. "Gizarte mugimendu garrantzitsuenak" aipatzean honakoak dauzkat gogoan: nagusiki euskal sindikalgintza, euskalgintza eta irakaskuntzako sektoreak. Beste askotaz ere hitz egin liteke, baina batzuk eragimen sozial txikiagoa daukate, beste batzuk politikan murgiltzeko aski zail ikusten ditut, eta beste batzuk dagoeneko murgilduta daude lan politikoan -errepresioaren aurkakoak eta bakegintzan dihardutenak esate baterako-. Euskal sindikalgintza lehen multzoan sartu dut eta ez azken horretan, uste baitut bere potentziala oraindik erdizka baino ez dela baliatzen ari prozesu politikoaren mesedetan. Sindikalgintzak, irakaskuntzak eta euskalgintzak ezaugarri garrantzitsua daukate: sektore horietako bakoitzak ehunka mila laguneko multzora iristeko gaitasuna dauka, eta gainera kopuru horien erdiarengana bazkidetza zuzenaren bitartez. Mundu horien artean -batez ere euskalgintza eta irakaskuntzaren artean- teilakapenak daudela kontuan hartu behar da, baina hala ere kopuru ederrak dira.
"Lan politikoan murgiltzea" esaten diot sektore sozial horiek euren errebindikazioak garatzeko beharrezkoa duten marko politikoaren aldeko lana egiteari. Hau da, burujabetza eta estatu independente baten aldeko kontzientziazio eta mobilizazio lana egitea, bai eta sektore politiko eta sozialekin beharrezkoak diren dinamikak abiatzea ere. Eta oso bereziki, mundu politikoan eragitea urratsak burujabetzaren bidean eman daitezen, eta ez interes partidisten baitan.
Goian aipatutako sektore sozial horiek politikan askoz gehiago eragiten ez duten bitartean, oso zaila ikusten dut burujabetza prozesua aurrera joatea, nagusiki bi arrazoirengatik. Batetik, alderdiek presiorik sentitzen ez duten bitartean, alderdi interesak nagusitzen direlako. Bestetik, prozesua sozialki babestuta ("blindatuta" esaten dute) ez dagoen bitartean, estatuak errazago joko baitu itxura hutsezko edo erdibideko prozesu politiko bat eskaintzera, gatazkaren benetako konponbidera baino.
Eta une honetan, prozesua "babesten" dauden indar sozialen parte hartzea ahula da benetan: kasu gehienetan elkartasun edo testimonio hutsa ematera mugatzen da. Indar sozial horietako gehienen barnean hausnarketa falta zaigu erabakitzeko horrelako prozesu batean zein estrategiarekin sartu.
Horixe baita, nire ustez, gakoa: mugimendu sozialak estrategia propio batekin politikara sartzen ez diren bitartean, indar politikoen estrategien menpeko izango dira, batetik, eta bestetik, euren barnean errazago izango da alderdi ezberdinetako kideek eragindako liskarrak izatea. Ondorioz, indar sozialek alderdi politikoetan eragin beharrean, alderdiek eragiten dute mugimendu sozialetan. Egoera horri buelta ematen ez diogun bitartean ez dut uste benetako prozesurik eta blindaje sozialik izango dugunik.
Badakigu mugimendu gehienak ez daudela helduta horrelako proposamenak egiteko eta horrelako prozesuak lideratzeko. Baina, bestalde, motibo asko daude alderdiak ere gizarte mugimenduen heldutasun egoerarako prestatuta ez daudela pentsatzeko. Mesfidantza horretarako badaude arrazoiak: gaiak duen garrantziak, dauden arrisku handiek, eta seguruenik beste arrazoi batzuk ere bultzatzen dituzte alderdiak mesfidati izatera gizarte mugimenduen balizko salto politiko horrekiko. Horregatik nahiago dute gizarte mugimenduak bidekide testimonial bezala izan, zerbait gehiago bezala baino.
Nire ustez hamar urte aurretik gaude. 5-10 urte behar ditugu, gutxienez, gizarte mugimenduek bide hori egiteko, eta orduan, alderdi abertzaleak estrategia soberanista bat adostera eta egitera behartzeko indarra (indar sozial benetakoa) dutenean gizarte mugimenduek, eta alderdi abertzale guztiak bide hori benetan egiten hasten direnean, orduan bai, orduan estatuak izango du premiaren bat.
Zalantzak ditut gizarte mugimenduek bide hori egitea beharrezkoa ikusiko dugun, ikusten badugu ere nahi izango ote dugun, eta nahi badugu asmatuko ote dugun. Gainerako gizarte mugimenduekiko ere eszeptikoa naiz. Eta oraindik gehiago alderdiei buruz. Baina beste biderik ez dut ikusten.
Euskalgintza gaur egun diharduen lanetan aurrerantzean ere aritzea garrantzitsua iruditzen zait, funtsezkoa baita. Gaur egun dugun hutsuneaz jardun nahi izan dut ordea: politikaren alorrean ere jokatzea beharrezkoa da. Europan bertan eta Ipar Amerikan badaude politika munduari gizarte mugimenduetatik eragiteko esperientzia oso interesgarriak. Ez dugu dirurik ekonomian oinarritutako lobbya izateko, baina aski gutxiengo handia gara euskaldunok eta euskaldun ez diren euskaltzaleekin nabarmen handitzen den multzo soziala gara. Gure posizionamendu politikoa ordea, ahula da oraindik, izan litekeenarekin alderatzen badugu. Hor dugu gure estrategiaren giltzarria hurrengo 20 urteetarako.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.