Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-10-09 -- 2010.zenb

Ekialdekoentzat aldizkaria

Onintza Irureta

Aurtengo maiatzean kalean zen lehenengo zenbakia. Euskal Herriko Ekialdeko zazpi eskualde elkartu dira, eta urtean, Ekialde izeneko aldizkariaren lau zenbaki argitaratu nahi dituzte. Bigarrena, urrikoa, Erronkarin aurkeztu berri dute. Ia-ia dena euskara hutsean da eta euskaraz aritzeko hain aukera gutxi duten eskualdeotan bultzadatxoa izan nahi du aldizkariak.


Eskutik eskura banatu zuten Ekialde aldizkariaren lehenengo zenbakia. Jone Usoz, orain, Zangozako ikastolako irakaslea da eta duela gutxi arte Erronkari eta Zaraitzuko euskara teknikaria. Maiatzean, Ekialderen lehenengo zenbakia banatzeko 1.200eko tirada egin zutela esan digu. Doan, eskoletan banatu zituzten batzuk eta gainerakoak banatzeko herriz herri egin zituzten euskaldunen zerrendak eta banaka-banaka eskura eman. Euskal Herriko ekialdeko zazpi eskualdeetarako jarri dute abian aldizkaria: Erronkari, Zaraitzu, Irunberri, Agoitz, Zangoza, Aezkoa eta Zuberoa. Biztanle gutxi biltzen dituzte zazpiek eta euskaraz aritzeko gai direnak gutxiago. Jone Usozek argitu digunez, eskolako umeak ari dira euskaraz eta 25 urtetik gorakoak euskaldun berriak dira. Kalean euskaraz nekez egiten dute zazpi eskualde horietan, bat ez bada besteak ez baitaki euskaraz.


Zazpi elkarteen ekimena


Eskualdetako zazpi euskara elkartek hartu dute parte aldizkaria sortzeko: Sü Azia (Zuberoa), Xardoki (Zaraitzu), Etxabarrengoa (Aezkoa), Zintzurri (Irunberri), Bi Haizetara (Zangoza), Karrika (Agoitz) eta Kebenko (Erronkari). Azken elkarte honek proposatu zuen iaz aldizkaria egitea eta lehenengo zenbakia egiteko dirua elkarte honek berak jarri du. Oraingoz ez dute diru-laguntzarik, baina lortzen badute, asmoa aldizkariaren ardura hartuko duen norbait aurkitzea da, orain arte elkarteetako kideak baitira aldizkaria egin dutenak. Koloretan da Ekialde eta 16 orrialde izango ditu. Frantsesez eta gaztelaniaz laburpentxo bat ez ezik gainerako guztia euskaraz da. Jone Usozek badaki gehiena euskara batuan izango dela baina, esate baterako, aezkeraz idatzi nahi badu norbaitek pozik jasoko dute eskaintza.

Euskara eta kultura gaiak bereziki zainduko dituzte aldizkarian, baina ez dira bakarrak izango. Zapaburu atalean eskolek dute txokoa, Guk ere bai atalean euskaldun berriek, eta nola ez, naturak ere bere txokoa du. Eskualdeko informazioa egoki jasotzeko asmoz Ekialde bizi izeneko atala zabaldu dute eta Zuberoak toki berezia izango du, Jone Usozek aitortu digunez, «gainerako eskualdetakoek Zuberoaz ćahaztekoĆ arriskua baitaukagu».

Herrietako berrien bidez, kolorez eta argazkiz hurbildu nahi dute Euskal Herriko Ekialdean euskaraz egiteko gai den irakurle urria. Urriko zenbakia aurkeztu berri dute eta dagoeneko Gabonetakoa prestatzen ari dira.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan