Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-10-09 -- 2010.zenb

Jakoba Errekondo


Uda txatxua udazkenaren aurrean makurtzen hasten denean loratzen da kolonizatzaile kolonia. Cortaderia selloana, panpako belarraren lumatzarrak ederki ikusten dira sasoi honetan; lorategi ugaritako amon hauen hazi ugariek bide ertz, betelan eta orokorrean lurra mugitua topatzen duten edozein txoko erraz harrapatzen dute. Ur gazia eta geza nahasten diren errioetan gero eta maizago topatuko duzu Baccharis halimifolia alua; oraintxe lore zuriztaz estalia. Errioaren ura erabat gezatzen den ibai eta erreketan Reynutria japonica berak uste zuena baino samurrago nagusitzen ari zaio bertako beste edozeini eta erriberatako lur beltzak lorategietara saltzen diren eran zabalkunde ederra bermatzen zaio; lotsagabe erakusten ditu lore-mordo zintzilikarioak. Errepide erraldoien maizter, Oenothera biennis-ak onil-itxurako lore horiz limurtzen gaitu.
Kanpotik ekarri diren landare guztiak ez ditugu gustuko. Lorategietarako dotoreak zirelako ustetan ekarri ziren batzuk eta modako gustu txepela aldatu ordurako abandonatuta, inguruko biotopoetan bizirauteko adinako tartea topatzea beste aukerarik ez dute izan. Beste batzuk itsasontzietako lasta osatzeko sartzen zen lurretan nahastutako hazietatik zabaldu zaizkigu; herri berrian ernetu eta bertakotu nahian hemen dabiltza paperik gabeko.
Geurera egokitu landare hauen zabalkundea bertako landaretzaren oreka kolokan jartzen ari da. Txingudi, Urdaibai eta izen apalxeagoko baina haiek bezainbesteko balore ekologikoa duen makina bat tokietan kolonizazio latza gertatzen ari da eta gu hanka hankari emanda lasai. Eskozian, Kantabrian... buru belarri ari dira kolonizazio hau kontrolatu nahian. Geurean, Ibarretxek hainbestetan errepikatzen duen eran errenta edo sakela lehen mundukoa, zentzua hirugarrenekoa...

Jabier Agirre


Nature aldizkariak giza genomaren eta txinpantze genomaren arteko konparazio zorrotz eta exhaustiboa argitaratu du azken zenbakian. Ondorioa bitxia da, hitz potoloago bat ez erabiltzeagatik: bi espezieek sekuentzia genetikoaren %96 berdina dute, ikerketaren arabera.
Amerikako Estatu Batuetako Giza Genoma ikertzeko institutu nazionalak (NHGRI siglarekin izendatuko dugu aurrerantzean) diru mordoa bideratu du azken urteotan, txinpantzearen genoma sekuentziatu eta aztertzeko. Ikerketa horretan hainbat herrialdetako ikertzaile eta adituek hartu dute parte, eta ondorioak oso interesgarriak izan dira. NHGRIko zuzendari Francis Collins-en hitzetan, "txinpantzearen genoma sekuentziatzea giza osasunarentzat inplikazio eta ondorio bikainak ekarriko dituen aurkikuntza historikoa" izan da.
24 urterekin hil zen txinpantze baten genoma aztertu zuten. Bertatik bi lerro zelular kontserbatu zituzten. Gizakiaren eta txinpantzearen genoma oso antzekoak direla izan da ikerketaren ondorioa, eta proteina antzekoak kodifikatzen dituztela: kodetutako proteinen %29k amino sekuentzia berak kodetzen dituzte. Izan ere, giza proteina tipikoak aldaketa bakarra pilatu omen du, duela 6 milioi urte gizakia eta txinpantzea beren arbaso beretik banandu zirenetik.
Gizakien eta txinpantzeen arteko desberdintasun genetikoa 60 bat aldiz txikiagoa da gizakiaren eta saguaren artekoa baino, eta 10 aldiz txikiagoa saguaren eta arratoiaren artean dagoena baino. Eta bestetik, gizakiaren eta txinpantzearen arteko diferentzia genetikoa bi gizakiren artekoa baino 10 aldiz handiagoa da. Antzekotasunak handiak dira, beraz, baina baita bi espezieen arteko aldea ere: 35 milioi inguru ADN base-bikote diferente dauzkate gizakiak eta txinpantzeak. Laburbilduz, gure ahaide horrek asko erakuts diezaguke geure buruari buruz, baina oraindik gauza asko geratzen dira argitzeko.

Joxerra Aizpurua


Negutegi-efektuak kanikula areagotu du

2003ko udan izandako kanikula ez dugu luzaro ahaztuko, Europan bakarrik 35.000 hildako eragin baitzituen. Hala ere, kanikulak aukera aparta utzi zuen ikerlarien esku, hainbat gertaera hobeto ulertzeko. Zabalduta dagoen ustearen arabera berotegi-efektuak landareen hazkundea bultzatuko duela eta horrela fotosintesia areagotuko dela CO2 kantitatea murriztuz. «Usteak ustel» dio esaera zaharrak eta horixe esan digute Philippe Ciais eta lagunek Nature aldizkarian.
Ikerlari hauek sateliteek 2003ko kanikulan zehar emandako CO2ren kantitateei buruzko datuak aztertu zituzten. Gogoratu beharra dago aipatu kanikulan tenperaturak Europan 6Nk C altuagoak izan zirela 1851n jarritako errekorrekin alderatuz eta euri-kantitatea normala baino %50 gutxiago izan zela. Ciais eta lagunek diotenez, landareek hazkundea murriztu egin zuten eta ondorioz fotosintesia ere bai; beraz, CO2 maila handitu egin zen aurreko lau urteetan gertatutako jaitsiera ezabatuz.
Ondorioz, beroaldien maiztasuna handituz joaten bada, negutegi-efektua areagotu egingo da.


Defentsaren genea

Herbeheretako Wageningen unibertsitateko biokimikaria den Iris Kappers-ek zuzendutako ekipoak ingeniaritza genetikoa erabili du landareen defentsa-sistema "garbi" bat sortzeko, hau da, genetikoki aldatutako landare batek ez du bere burua babesteko pestizidarik sortzen -Bt arto transgenikoak egiten duen eran-, baizik eta etsaiaren etsaia erakartzen du, azken honek aurrekoa akaba dezan.
Science aldizkarian argitara emandako artikuluan, deus ere ez dutela asmatu aitortzen dute. Hainbat landarek, marrubi-mota batzuek eta Limako lekak, Tetranychus urticae akaroaren erasoa jasotzen dutenean, terpenoide izeneko substantzia sortzen dute eta honen bidez Phytoseiulus persimilis deituriko akaroaren etsaiak erakartzen dituzte, azken hauek aurrekoak akabatzen dituztelarik.
Iris Kappers-en ekipoak Arabidopsis thaliana deituriko landarean arestian aipatu defentsa-sistema sortzen duten geneak sartu dituzte. Egindako frogetan landare normalak eta genetikoki eraldatuak nahastuta jarri dituzte eta guztiak "akaro gaiztoaren" aurrean jarri dituzte: landare eraldatuan bi aldiz "akaro defendatzaile" gehiago erakarri dira landare normalekin alderatuz.
Hala ere, ikerketan ahulezia bat agerian geratu da, hots, landareak era iraunkorrean emititzen ditu substantzia defendatzaileak eta beraz, "akaro defendatzaileek" une batean paso egin dezakete. Horregatik aurkitu nahi dute zein den erasoaren aurrean substantzia askatzea eragiten duen genea.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan