Katixa Garate
Euskal Herriaren argazki bat
Euskal Kultur Erakundeak Praktika kulturalak eta nortasun kolektiboak Euskal Herrian zein diren neurtzeko egindako inkestaren emaitzak kalean dira jada. Hamasei urtetik gorako 4.000 pertsonari egin zaie inkesta; Iparraldeko 1.610i, Nafarroako 1.008ri eta Euskal Autonomia Erkidegoko 1.204ri. Horrez gain, probintzia guztietako pertsonez osatutako sei eztabaida taldek identitatearen eta kultur praktiken inguruan hausnartu dute. Guk azken horiei eskainiko diegu arreta. Euskal Herrian ohiko izan diren kultura adierazpenek (kantua, dantza, ohiturak...) pisua galtzen ari direla nabarmendu du inkestak eta egungo praktiken artean euskarak ez duela lehentasunik, bai ordea zinemak zuzeneko musikak, dantzak eta arte aretoek. Halaber, antzerkia, bertsolaritza eta literatura ez dira oso erakargarriak pertsona askorentzat. Euskal Herriaren argazki bat da, bakar bat, baina paisaia ezagutzeko lagungarria.
Jazza Deban barrena
aurtengoan ere jazz doinuez gozatzeko aukera izango da Deba, Mutriku, Elgoibar, Eibar, Soraluze eta Elgetan. Iaz antolatu zen lehenengo aldiz Debajazz eta orduko arrakasta ikusita, aurten, jaialdiaz gain, Jazz Talde Berrien I. Lehiaketa antolatzera animatu dira. Lehiaketan hamabost taldek eman dute izena, bertako nahiz kanpokoak, gai propioak nola bertsioak interpretatzen dituztenak. Horietatik lau dira finalista: Donostiako Musikeneko El Eje Quintet, Madrileko Zafari Project, Bartzelonako Karion eta High Groovin europarra. Urriaren 8an eta 9an lehiatuko dira Elgetako Espaloia kafe antzokian, Debajazzi hasiera emanez, eta irabazleak 1.500 euro eta disko bat grabatzeko aukera eskuratuko ditu. Azaroaren 4a bitarte Carme Canela, Miren Aranburu, Santi Ibarretxe eta Bill Evans musikariek eskainiko dituzte kontzertuak Debabarrenan.
Zinema soziala Iruñean
Aste honetan zehar egingo dute Civican kulturgunean eta Carlos III. zinean Iruñeko VI. Zinemaldia, gizarte gaietan espezializatutako jaialdia. Guztira, bost film luze eta hogeita hamar labur lehiatuko dira, Cienactiv eta Alternatiff sailetan. Sariak hobetu dituzte; hala, Cienactiv saileko irabazleak 10.000 euro jasoko ditu Alternatiff sailean gailentzen den filmari 5.000 euro egokituko zaizkio. Bestalde, lan andana izango da ikusgai Valor Visual gizarte elkarteei zuzendutako sailean eta ikasleentzako Educatifen. Aurtengoan hogeita hiru lan aurkeztu dira gidoi lehiaketara eta egunotan jakinaraziko dute irabazlea. Azkenik, larunbatean, urriak 8, egile nafarren lanak erakutsiko dituzte. Besteak beste, Arturo Cisneros, Karlos Alastruey eta Urko Mauduit zinemagileenak.
Literatur itzultzaileen lantegia
Euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko asmoz, aurten itzulpen lantegia antolatu du Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) bigarrengoz. Urriaren 3tik 6ra Jokin Muñozen Hausturak narrazioa itzuliko dute alemanera (Gabi Schwab), italierara (Roberta Gozzi), katalanera (Daniel Luján) eta polonierara (Adam Zawiszewski), elgetako Espaloia kafe antzokian. Urriaren 6an itzultzaileek mahai-inguru bat egingo dute Gasteizko Montehermoso kulturunean, esperientziaren berri emateko. Lantegiaren emaitza Senez aldizkarian argitaratuko dute.
EAEren kultur politikaren ildoak
Miren azkarate Kultura sailburuak datozen lau urteetan Kultura Sailak izango dituen helburuak azaldu ditu Eusko Legebiltzarrean. Kulturaren Euskal Planean zirriborratutako proiektuak gorpuzten hasiko dira. Legegintzaldi honetan hiru azpiegitura garatuko ditu Kultura Sailak: Euskadiko Liburutegia, Agiritegia eta Filmategia. Tresna berriak abiatzeko asmoa agertu du Jaurlaritzak. Horien artean, Kulturaren Euskal Behatokia eta behatoki eredu bat nola garatu aztertzen ari dira. Bestalde, Arteen eta Kultur Industrien institutu bat beharrezkoa denentz hausnarketari ekingo dio Kultura Sailak. Halaber, hainbat alor legeztatuko ditu: Museoen Legea, Liburutegien Legea eta Agiritegien Legea onartu nahi ditu.
Arte dramatikoko eskola ofiziala aldarri
Antzerkiaren munduko profesionalek Bilbon arte dramatikoko eskola ofiziala jartzeko eskatuko diote Iñaki Azkuna alkateari. Eskaera formala apailatzen ari dira eta laster bidaliko diote. Izan ere, Azkunak eskola ofiziala jarriko zuela agindu zien duela urte gutxi Bilbon antzerkiari buruz egin zen biltzar batean eta ordutik ez dute berririk izan. Idatzia bidaltzeaz gain, antzerki munduko aktore, zuzendari nahiz teknikariek batzorde bat eratuko dute Bilbon eskola jartzearen alde.
SMSoinu
Euskal Herriko talde eta bakarlarien abestien melodiak sakeleko telefonoan jartzeko aukera eskaintzen du Goiena eta Goazen enpresek sortutako proiektuak (www.smsoinu.com). Euskal kulturak poltsikoko telefonoetan duen hutsunea betetzeko asmoz sortu dela adierazi dute arduradunek. Ehun melodia eta soinutik gora (rocka, folka, irrintzia, txalaparta...) eta hainbat logo eta irudi jarri dituzte deskargatzeko moduan eta aurrerago abestiak eurak eskaini nahi dituzte eta norberak nahi duen abestia pertsonalizatzeko aukera.
Kukubiltxok Dir-dir txotxongilo ikuskizuna estreinatu du. Ikastolen Konfederazioarekin elkarlanean osatutako lana da eta Euskaraz Bizi egitasmoko Argitxo du pertsonaia nagusi.
Alex de la Iglesia zinemagile bilbotarraren Crimen ferpecto filma Europako Zinema Akademiak 2005eko film onenaren sarirako hautagaia da, beste 45 filmerekin batera. Saria Berlinen banatuko dute abenduaren 3an.
Marta Cardenas, Judas Arrieta eta Jose Llanos euskal artisten ehun artelan inguru ikusgai daude Bartzelonako Casa Asia museoan. Asiak hiru artistengan izandako eragina da 3 x Asia erakusketaren ardatza. Azaroaren amaiera arte izango da zabalik.
Jabier Muguruzak Abenduak 29 (Resistencia) diskoa atera berri du plazara. Angel Unzuren gitarrak eta Mireia Otzerinjauregiren ahotsak jantzi dute Muguruzaren diskoa. Irundarrak haur musikan espezializatutako Mara-mara diskoetxea sortu du eta abendurako kaleratuko du lehen diskoa.
Hasier Etxeberriak hitzok izkiriatu zituen El Mundon: «Inork irakurtzen ez duen mundutxo honetan, Durangok jarraituko du markatzen urteroko uzta. Eta izan liteke egia borobila, idazleak ez idaztea egiazki Durangokoa duelarik buruan, baina, nahi hala ez, halaxe gertatzen da, Durangorako idatzi gabetan ere, Durangokoak jarriko baitio aurtengo bere liburuari, jaiotze data eta, aldi berean, iraungitzekoa».
Maite Idirinek honakoak esan zizkion Berriari: «Euskal kantariak ez badira kontratatzen, ez dute lanik eta isiltzen dira. Baina horrek ez du erran nahi ez dagoela musikaririk. Musikari eta kantari oso onak daude, baina lanik gabe. Nor kontratatzen da? Prentsan dagoena. Prentsak sekulako garrantzia du. Eta euskal kantua ez da aski mediatizatua, nire ustez (...) Oro har, kantugintza bertsolaritzari konparatzen badugu, ohar gaitezke haiek beren zuloa egitea lortu dutela. Publiko bat badu. Zaintzen da. Kantugintza bertsolaritza bezainbat zaindu beharko genuke».
Montxo Armendarizek Garari esanak, Obaba Oscar sarietan Espainia ordezkatzeko aukeratu berritan: «Hollywood ez zait interesatzen, baina industriako jendea ezagutzeko baliagarria izan daiteke».