Ixabel Etxeberria
Duela bi urte Sarako besteen egunetan, irailaren 16an, Sarako eliz dorreak su hartu zuen, goizeko 9etan, zur gehienak erre ziren. Elizak 1615ean arramoldaketak ezagutu zituen Pedro Axularren eskutik. Idazle famatuak, lapurtarrez idatzia, euskal letretan erreferentzia bihurtu den Gero liburuaren idazlea berak ordaindu zituen obrak.
Eliz dorrearen gainean idatzia zen "Oren guziek dute gizona kolpatzen azkenekoak du hobira igortzen", mendeak zeharkatu ditu, herri euskaldunaren nortasunaren lekukotasun gisa geldituz. Bi urtez dirua bildu eta zauriak zainduz -saratarrak tradizioari oso loturik baitaude, eta beraz elizari atxikiak- dorrea konpondu dute. Konponketak poesiari eta arteari lotu dituzte Juan Gorritiren laguntzarekin, hark zur hondatuei bizi berri bat oparitu dielako. Tradizioa zaindu dute Saran, usaian bezala, euskarari babesa ematen. Ezkila berria erakutsi digute, sinboloz betea eta euskaraz idatzitako esaldiz betea. Plaza bete-betean erakutsi digute, tradizioa herriak zaintzen baitu, harekin bizi behar baita.
Inaugurazio eguna etorri da eta hara non ezkilaren amabitxia heldu zaigun, tradizioaren babesle, Michele Alliot-Marie anderea! Bera baita tradizioaren zaindaria, Euskal Herriko ondarearen babesle, ezkila horren aitzinean dugun hori, auzapez ardura zuelarik euskaraz hitz egitea debekatzen zuena, hura bera deitu dute. Hura baita Jauntxoa, tradizioa menpekotasunaren sinonimoa baita oraindik, Frantziako armadaren nagusiari eskaini zaio ohorea, Frantziako Iraultzaren ondotik saratar familia osoak desterratuak, eta han hil izan zirenen herrian, Frantziarekiko traidoreak zirelakoan!
Hori guztia politika baita, Alliot-Marie andereak hautesleria beharrezkoa baitu eta tradizioari interesa dionaren itxura ematea funtsezkoa baitu. Harrigarria dena da horretan sinesten dugula oraindik, boza hari ematen segitzen dugula, nahiz eta hain agerian izan faltsukeria hutsa dela, haren interesa bakarra boterea dela, eta hemen beharrezko dituen indarrak ezarriko dituela. Izan ere, ezkilaren inaugurazioaren ondotik, berehala joan behar izan zuen Donibane Lohizuneko erretore berriari harrera egiten baitzitzaion eta han ere agertu behar baitzuen. Horri antolaketa eta determinazio politikoa ez bazaio deitzen, ez dakit zer izen eman!
Baina, hain nortasun ukatzaile den emazte horren aitzinean, esperantzazko argiak ere piztu zaizkigu, esperantza Marie Darrieusseq idazlearen eskutik etorri zaigu azken aste hauetan. Euskal Herrian sortua, Frantzian eta frantses letretan fama eta ohorea lortu ditu oso gaztetik. Hogeita hamasei urteko idazlea munduan zehar ibili da, eta egun batez euskal idazle bat zela erran omen zioten. Horrek bere baitan oihartzuna izan du, euskara ikasten hasi da, beste euskal idazleekin harremanetan sartu da eta argitaratu zuen lehen liburua (Truismes) Alberdaniaren eskutik euskarara itzuli eta plazaratu zuen.
Bi emazte, abantzu auzo berekoak, fama handikoak eta hautu desberdinetakoak. Marie Darrieusseqek sustraiei buruzko gogoeta bat eramaten ariko da, baina zerbait gehiago ere. Azken eleberrian Le Pays izenburua duena, haurdun den emazte bat, independentzia lortu duen herrira itzultzen da. Sustraiak, familia, herria, bizia, oroimenak, ingurumenak ditu aipatzen, erreala bihurtu den euskaldun askoren ametsa: independentzia. Idazlearen eskutik dugu ezagutzen amets hori altxagarriagoa zaigu politika hutsa baino. Gai bera gaur egun ia desagertu baita, independentista izateak presondegira eramaten ahal baitu.
Tradizioa hor, lerroetan dago, frantsesez idatzia da, baina munduan zehar ibili eta gero, idazleak ametsa posible dela eskaintzen digu, herria gure baitan baitago. Agian, euskaraz irakurtzeko aukera ere izanen dugu.
Xabier Aierdi
Irakurri berri dut ELAren "Burujabetza irabazteko konfrontazio demokratikoa prestatu" hausnarketarako agiria. Idazki benetan interesgarria da eta, irakurketaren ondoren, egoera berri baten aurrean egon gaitezkeela eta, neurri batean, denok itsasorratzik gabe gaudenaren inpresioa eman dit. Edo, baita, etorkizunean, gero eta espazio zailago, erreduzituagoetan eta subjektu gutxiagorekin garatuko dela euskal politika.
ELAk Lizarra-Garaziko Akordioaren eskema -nostalgiaz?- eta abertzaleen indar metaketa kontsideratzen ditu ezinbesteko, subiranotasunaren benetako bideari horrela bakarrik eutsi ahal izango zaiola uste izanik. Horren aurrean, badirudi umetan genion bezala "azkena, putxi!!" esanda, alderdi abertzaleek lasterketa zoro eta indibidualari hasiera eman diotela, denak helburu (bakar) batean bat datozela esan arren: euskaldunok garela erabaki behar dugunok.
Hala ere, helburu garden honen ostean datoz zailtasunak, inkognitak segurtasunak baino askoz gehiago dira-eta. Hasteko, ez dakigu, gutxik daki, ia inork, gehienok hala nahi izan arren, egoera berri baten aurrean gauden ala ez. Garai berria zerbait izatekotan garai post-biolentoa da, eta ordurako bakoitzak, subiranotasun era ezberdinak proposatuz, bere burua postulatu nahi du, baina susmoa daukat, ezer egotekotan, ETAk erabaki duela bere jardunaren emaitza berak baina ez duela amortizatuko, ez dagoela mailegurik egiteko prest. Bere iritziaren arabera amaitu dira indar metaketak. Metaketak gehiago dira ilusio optiko bat egoera erreala baino. Esaterako: Zarautzen bilduko diren ehunetik gorako eragileak. Ba ote dago, egon, hainbeste eragile edo eragile berbera ehun aldiz klonatua al da?
Beraz, ez dago ELAk nahiko lukeen Lizarra-Garaziko eskemetara bueltatzerik. Bere dokumentuan argi uzten du nola ez duen ikusle bakarrik izan nahi eta ez duela alderdiek zedarritutako eremua gustuko (ikus 49-51 arteko puntuak). Baina negoziazio eskema hau ez da oraingoan Madrilen diseinatutakoa, bertatik abiatu dena baino.
Dagoeneko, Batasuna etzidamuko eszenatokian jokatzen ari da, abertzaletasunaren hegemonia eskuratzekoan. Hori, EAJk badaki. Bakea, normalizazioa eta abar aipatuz, orain badaki aspalditik askok zekusatena, bake baldintzetan ezker abertzaleak nazionalismoaren baitan itsasorratza eduki zezakeela, beronengan, hori bai, ezker abertzalean, baina orokorki hartuta, baitzegoen berrikuntza kulturalaren ardatza. Hori liteke, ondo aprobetxatuta, bere altxorrik preziatuena.
Hala ere, itsasorratz honek baditu bere arriskuak ere: hegemonia noraino eraman eta zein erritmotan aplikatu gura dituen. Beste arlo batzuetako maisutasuna, tempoa kontrolatzearena adibidez, bere kontrara joan daiteke ere, batez ere urrats guztiak era berean eman gura baditu, eta horrelako hainbat sintoma ere ikusten da. Zeren negoziazioetan aritu baino batzuetan badirudi irabazi baino ez duela egin nahi, eta horretan antsia puntu bat nabaritzen zaio Batasunari.
Hegemoniaren borroka ez da bakarrik abertzaleen artean ematen. Estatu espainiarrean ere, PP eta PSOE borroka ezin bortitzagoan daude Espainiaren bi ideia oso ezberdin elkarri inposatze nahian. Egoera honetan arriskutsua da koiunturaren sintomak ulertzen ez jakitea, eta badirudi, honetan ETAk baduela psikopataren nolabaiteko argitasuna. Alegia, min egiten ederto daki, baina egungo egoeran, horra dilema: alde batetik PSOE ahuldu dezake eta PP indartu, berez mugimendu txarra dena. Eta bestetik, PSOEk ederto ondo aprobetxatu dezake PPk politika antiterroristan egin zuen aldaketa erabakiorra. Hala nola, Barne-saileko hainbat eskumen Justizia-sailera eraman, non, errepresioa neurri batean ezkutatuz, malgutasun gehiago duen Legea nahi duen moduan erabiltzeko; batzuetan soka luzatuz eta besteetan, momentua helduta, estutuz.
Egoera berririk dagoen ez dakit, baina egoera berri batean gaudela ziur nago eta abertzaleen baitako borrokan jokoa oso bortitza dela ere bai. Hainbat subjektu sobran daudela erabaki da, eta nire usterako hori da ELAren dokumentuan neurri batean islatzen dena. Inork ba ote du itsasorratzik?
Itxaro Borda
Hiri handietan sortu diren mutil banda salbaien fenomenoa ezaguna da, erregela eta ohore kode bereziekin. Baina azken urteotan, neska bandak agertu dira, buruzagi eta sehiekin, nesken artean legea egiteko. Uste nuen AEBetan baino ez zela hori gertatzen, New Orleanseko geltokian molde horretako gatazka baten lekuko izan naizen arte.
Harritu naiz neska-nagusiaren hiztegiaren pobreziaz eta gordintasunaz, haren keinu bortitzetaz, adineko neskatxaren bat zuela partida: ez zen landerrean, etsaia bakarrik zen eta bera bizkartzain eme kankaila batez lagundua. Bere burua zuritzen saiatzen zen arerioa biloetarik tiraka, zafla eta kaskaka erabiltzen zuen. Lurrean zen jadanik geltokiko seguritatekoak, nik deiturik, etorri zirenean.
Arra irainduaren antzera arrabokatu zitzaien.
Ikusgarriaren aurrean triste sentitu naiz, emazte eta herritar gisa. Neska eta mutilek nahi berdinak izatea nahi nuke, ghettoetakoek besteek bezala, baina neskek mutil biolentoen urratsak errepikatzen ikustea handi zait. Arrak sinonimokatuz baizik ez al dira neska horiek existitzen? Agian horrek erakusten du gizarte guztia oinarrian maskulinizatzen doala, feminismoaren diskurtsoa medietarik kasik desagertzearekin.