Daniel Udalaitz
Siderurgiako multinazional bat da, Europako hiru enpresa hauek elkartuta sortua: Espainiako Estatuko Aceralia, Luxenburgoko Arbed eta Frantziako Estatuko Usinor. Multinazional gisa, 2002ko otsailaren 18an eratu zen, eta data horretan hasi zen Europako burtsetan kotizatzen. Aceralia bera, beste bi enpresa hauen batura da: euskal siderurgiako behialako AHV eta Asturiasko Ensidesa, zein gero, Corporación Siderúrgica (CISen) taldean integratu baitziren. Horregatik, Arcelorren integratuak daude, halaber, Euskal Herriko hainbat lekutako, bereziki Nafarroako eta Bizkaiko, beste enpresa batzuk, 5.000 lagun inguru biltzen dituztenak. Multinazional horretan, produktu lauak, luzeak, altzairu herdoilgaitzak eta abar fabrikatzen dituzte, eta automobilgintzan, eraikuntzan, etxetresna elektrikoen eta enbase-enbalajeen arloetan... merkaturatzen dituzte. Azken hilabete hauetan, Brasilen kontrolatzen zituen hiru sozietateak fusionatu eta gero, Brasilgo eta Hego Amerikako operadore siderurgiko handiena bilakatu da. 2004. urtean, 30.000 milioi euro fakturatu zituen eta 47 milioi tona-altzairu produzitu. Irabazi garbian, 2.314 bat milioi eurora heldu zen. 95.000 laguneko plantilla dauka, 60 herrialde eta gehiagotan banatuta; besteak beste, Euskal Herrian.
Lizarra-Garazi garaiko irudiak ikusi berri dira euskal presoen hurbilketa eskatuz. Sinbolikoki bederen, sindikatu abertzaleen ekimena ez da garai hartako Batera plataformaren pareko, baina presoen eta beraien senideen eskubideen aldeko keinu garrantzitsua da. Dena negoziazio mahaien emaitzetara ezin dela utzi esatera dator, gizartearen presioa ere funtsezkoa dela mahai horien jarduna norabide batean sendotzeko. Oso zaila dirudi sakabanaketaren amaitzea gatazka bortitzaren amaierarik gabe, baina euskal gizartearen gehiengoa horren aurka dagoela erakutsi gabe ere bai seguruenik.
Zazpigarren Hitza Busturialdean
Euskarazko Komunikazio Taldeak (EKT) adierazi duenez, Busturialdeko herritarrek urtea amaitu baino lehen irakurri ahal izango dute Busturialdeko Hitza. Sei edo zazpi mila ale banatuko dituzte egunero Gernika, Bermeo, Busturia, Mundaka, Muxika, Elantxobe eta Ibarrangelun.
Avui jabez eta itxuraz aldatuta
Jabez joan den urtean aldatu zuen, baina itxura berria irailaren hondarrean hartu du. Avui egunkari katalanak formatua eta diseinua goitik behera aldatu ditu eta aurpegi berriarekin agertu da kioskoetan. Jabe berriak berriz, iaztik ditu. 42.000 milioi euroko zorrak zituen egunkariak eta ordura arte Premsa Catalana de Comunicacio taldearena zen agerkaria Godo taldeak (%40), Planeta taldeak (%40) eta Kataluniako Generalitateak (%20) erosi zuten. Hiruen artean osatu dute Corporacio Catalana de Comunicacio eta Avui egunkariaren, Avui Diumenge igandetako gehigarriaren eta Rock&Clasic aldizkariaren argitaratzaile da.
Gaztetxulo aldizkariak bost urteskal
1993an, Irutxulo aldizkaria sortu zuen Bagera euskara elkarteak Donostian. Gaztetxulo izeneko atala zuen aldizkariak eta arrakasta handia. Hori ikusita, Bagera elkartekoek Gaztetxulo izeneko hilabetekaria argitaratzea erabaki zuten. Orain, Euskal Herri osoan banatzen da euskarazko aldizkaria. Bost urte bete dituela ospatzeko Gaztetxulo Busa antolatu dute eta bost herritan geldialdiak egingo dituzte hainbat ikastetxetan ikasleekin euskal kulturari buruz zenbait solasaldi izateko.
Artez Euskara Zerbitzuak 15 urte
1990eko irailean sortu zen Artez Euskara Zerbitzua. Lan munduan euskara normalizatzeko planak sustatzen eta garatzen aritu da urte hauetan. Lau alorretan egiten dute lan batik bat: erabilera planak egiten, itzulpengintzan, euskal papergintzan eta Internet bidezko zerbitzuak eskaintzen. Gaur egun, sei enpresa eta erakunde handi, 37 enpresa txiki, 310 denda eta 53 elkartek jasotzen dute Artezen laguntza.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren webgune berria
www.euskararentelefonoa.com izena du webguneak eta Behatokiko arduradunek erabiltzaileei dei egin diete bertara sartu eta hizkuntz eskubideen urraketak salatzeko edota ondo egindakoak txalotzeko. Lau urte badira, herritarrei esker, hizkuntz eskubideen urraketen eta txalotzeen informazio zehatza jasotzen ari direla Behatokikoak eta webgune horretan ildo berean jarraitzeko aukera izango dute.