Iñaki Murua
Gizakiak betidanik lapurtu dio lurrari bere izerdia, batzuetan lore, belar, hostoà bidez, eta bestetzuetan lurra bera eraldatuz, urperatuz edo urpetik atereaz. Ludiak, ordea, berea dena berak lehenago zeukan moduan berreskuratu nahi izaten du, berea denez, berari gogoak ematen diona egiteko.
Aurrerapen teknologikoei esker, hainbat autobide eta eraikuntza egin dugu itsasoan, horretarako beharrezko dikeak eta hormatzarrak eginez, baina, hark lehenago edo geroago berea dena eskatzen du, hondamendiak eraginez. Geuk egiten edo egingo genukeen bezalaxe, ezta?
Azkenak, Rita deituak, egundoko hautsak harrotu dituen arren, ez omen du uste adinako txikiziorik eragin herritarren eta hauen ondasunetan. Petrolio ustiaketa orubeetan egin duenaren zenbaterainokoa, ez dakigu zehaztasunez.
Azken aurrekoa New Orleansen gertatu da. Aurrez zekiten, iragarritako hilketa izan dela diote. Nola liteke munduko lurralderik aurreratuenean, AEBetan, hau gertatzea? Nola liteke populazio hori lekualdatzeko beharrezko neurriak ez hartzea? Nola liteke, bitarteko askoz gutxiago duen Kubak, duela gutxi, bi milioi pertsona inguru mugitzea eta hildakorik ez gertatzea? Nola liteke munduko petrolio erreserba handienak dituen estatuak horrelako hondamendiaren aurrean behar beste manta ez izatea? Edo janaria falta izatea? Prebisio falta? Prepotentzia, harrokeria?
Populazioa jakinaren gainean omen eta ez ziren mugitu; ez zeukaten nola, nora eta zerekin. Ikusten da zer jatorritakoak ziren: garai batean Espainiak menperatutako lurraldekoak gero Frantziak eta, azkenik, honek AEBei saldutakoa. Esklabuen jatorriko jendez eta Haitiko etorkinez jantzitako lurraldea. Aski zuten ehun kilometro lur barrura urruntzea, baina hori ere ez zuten lortu. Izan ere, joan zaitezte inora bizitzan eskuratu duzuen dena bertan utzita! Nola bizi? Zergatik eta zertarako? Gainera, joatea erabaki eta lortu dutenak, biziko badira, hoteletan dagokiona ordainduz ari dira eta denek ez zuten hainbeste dolar aurrezturik, agian, zorretan bai.
Medizina gabeziak ere harritu nau, mundu osoa hornitzen duten medizinak asmatzen dituen estatuak bere biztanleak babesteko lain ez edukitzea ere, ez da normala. Kolerak jota, berehala, hildakoak ugaltzen hastea ez nuen aurreikusiko halako estatu batean, agian, koleratuta jende gehiago hiltzea, bai.
Konponbidea ejertzitoak ekarriko omen du. Tiroka ari direnak tiroka isilduz; etxeak uztea bizitza galtzea dela deritzotenak, bizilekuetako ateak txikitu eta indarrez atereaz; hildakoak dauden lekuak gurutze gorriz seinaleztatuz eta "arriskurik" gabekoak gurutze beltzez. AEBetan dena ejertzitoaren bidez konpontzeko joera erabat errotzen ari da. Bestelako aukerak garestiago dira presupostuaren hiru laurdenak ejertzitoa eta armen inguruan xahutzen dituenarentzat. Semea falta duen amak bakarrik aurre egin dio, benetan, aginteari.
Gure arteko batzuk, hala ere, eta hori ere zur eta lur utzi nauena da, poztu egiten dira gertatu den lekuan gertatu delako triskantza: «Amerikano harroputz horiek zer uste zuten bada?» Hori baino gehiago ez bereizteko bezain itsu al gaude? Nola sar ditzakegu agintari ankerrenak eta herritar txiroak zaku berean? Gorrotoak hainbeste galdu arazi al digu burua ala lehendik galdua genuen? Injustiziaren eragilea eta pairatzen duena berdin hartzen ari gara, jatorrizko izen bera dutelako. Guk ere izan ditugu hangoen eskutik ibili direnak eta antzeko agintariak, duela gutxi arte gainera. Ala oraindik ere bai? Noiz konturatuko ote gara, han eta hemen, horrelakoak jasan beharko ditugunak berdinak garela.
Guk ere eragin ditugu hango behartsuak. Behin hurbildu zitzaigun oso azal beltzarana zeukan gazte bat eta bere bi abizenak euskaldun puruak zeuzkala konturatuta, galdegin genion: «zer, zure aitona amonak euskaldunak ala?» «Ez, baina beren jabeak bai», erantzunda utzi gintuen. O, gutarrak!
Adio, puska baterako, jazza eta gospelaren lurraldeari. Adio armonia eta goxotasunaren doinuzko maindirez gogoa biltzen zuten gau hezeei, txiroen oinazeak miazkatzen zituzten dorremifasolazko haize bafada kizkurrei. Jo ezak berriro Sam!
Santiago Leone
Montxo Armendariz egilea da, edo "un auteur", Cahiers du cinéma aldizkariak bultzatu zuen hizkeran. Bere zineman gai batzuk -paisaiarekiko maitasuna, kasu-, forma batzuk -musika erabiltzeko modua-, jarrera batzuk -ahulak direnekiko konpromisoa- errepikatu egiten dira film batetik bertzera. Film horiek guziek, beraz, obra bat osatzen dute, eta berauetan egilearen zenbait mamu eta kezka behin eta berriz agertzen dira.
Arestikoa Armendarizen zinemaren gogo-oneko deskripzio bat izan daiteke. Baina bertzelako deskripzioak ere, adei gutiagoko deskripzioak hain zuzen ere, posible dira. Pentsa liteke, adibidez, film batetik bertzera errepikatzen dena dela zenbait pertsonaia topiko -helduen mundua aurkitzen duten ume xaloak; gazte erreboltariak; aita hotzak eta urrunak; aitatxi jakintsuak eta ulerkorrak-, zenbait forma -ikuslea erakartzen duten irudi politak-, zenbait jarrera -arrisku estetikorik ez hartzekoa, adibidez-. Armendarizen film bat ikusitakoan, zinema aretotik atera eta iduritzen zaizu gauza sakon, eder eta mamitsu bat ikasi duzula: mundua ez dela bidezkoa eta horregatik etorkinek beren etxea uzten dutela, edo gazteek droga hartzen dutela, edo oldartzen direla -zertarako sobera ongi jakin ez arren-; eta heldu sekretudun eta ez fidagarriegiekin batera, badirela begi handiko haur tolesgabeak eta jakinduriaz beteriko gizon zaharrak ere; eta herriak eta mendiak, arazoetatik guztiz libre egon gabe, ederrak direla. Hau guztia ikasi dugula irudituko zaigu, baina susmoa dut filma ikustera sartu baino lehen bagenekiela. Hau da, filmak ez digu zirikatu, ez ditu gure ideiak astindu, baizik eta aldez aurretik pentsatzen genuena baieztatu du.
Cahiers du cinéma aldizkarian asmaturiko "egileen politika" esaldi horretan, egilearekin batera bada bertze hitz bat, "politika" hain zuzen. Hau da, zer zinegile ditugun gustuko, eta zergatik. Galdera hona ekarrita, Montxo Armendariz gustuko dugu Euskal Herrian? Eta zergatik?
Armendarizen zinema normalean pil-pilean zeuden gaiez arduratu da: droga eta langabezia (27 horas), inmigrazioa (Las cartas de Alou), gazteen ezinegona (Historias del Kronen), Espainiako gerraren ondoko erresistentzia (Silencio roto). Gaiak polemikoak izan arren, ez dut uste Armendarizen filmek gauza handirik ekarri dutenik. Nire iduriko, ez dute ikuspuntu berririk edo sobera pertsonalik eskaintzen; are gehiago, nik erranen nuke film horiek kontent daudela gai korapilatsu batez hitz egiten ari direla jakitearekin. Hots, hitz egite hori aski dute, zer erran original edo ausartik ez izan arren. Bertze modu batean adierazita, Armendarizen obran, gaiak bertzenaz estetikoki pobre diren filmeak zuritzeko balio du.
Eta zein da, bada, oraindik orain gure zinegileak hartu duen gaia? Bada nik euskalduntasuna dela erantzunen nuke, nahiko erantzun potoloa bada ere. Atxagaren Obabakoak euskal mundua zen, euskaldun batek kontatua. Euskaldunen edo Euskal Herriaren alegoria bat. Eta puntu hori, Armendarizek arras ongi jakin du bereganatzen, trebeki, itzulpen bikoitz baten bidez: gaztelaniara eta irudietara. Hor dugu, bada, emaitza, Obabakoak familia osorako, mundu zabalerako, euskal zinegile batek kontatua. Bertze baten lanaren bidez, gure bozeramaile bihurtu da Armendariz. Hori baita, azken buruan, gure auteur nafarraren zinemaren funtsa: bertze nonbait dagoen gai edo lan interesgarria harrapatu, moteldu, eta denok esfortzurik gabe ikusteko moduan prestatu. Goitian erran bezala, gure ideiak eta aurreiritziak ukitu ere egin gabe, Armendarizen film bat ikusita, zerbait ikasi dugulakoan aterako gara aretotik. Hala ere, beldur naiz eskaintzen zaiguna azala dela, Montxoren begi lasai horien gibelean ez dagoela deus, ez dugula promesturiko sakontasuna aurkituko. Baina, preseski, begirada trankil hori da publikoa liluratzen duena, liluratzen gaituena.
Zinema -nire ustez- topiko batez aritu naizenez, irakurleak nik ere topiko batez amaitzea barkatuko dit. Montxo Armendarizen hondarreko filma ikusi eta gero, zera pentsatu nuen: "Liburua gehiago gustatu zitzaidan".