Astekaria

 Kultura 

Argitalpenak

Irudia

Pilar Iparragirre


2010. alea
2005-10-09
alde 0    kontra 0

40 urteak

Pantxo Hirigarai

Euskaltzaindia, BBK Fundazioa

47 orrialde 3 euro

Toribio Altzaga sariaren irabazlea

Era guztiz umoretsuan bizitzako oso gai sakonak azaleratzen dituen antzezlana da 40 urteak, Pantxo Hirigaraik heriotzak eraman zion bere adiskide Babi omentzeko asmoz burututakoa eta Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak antolatu ohi duten Toribio Altzaga antzerki lehiaketan iazkoan irabazle izendatutakoa. Hiru agerraldiz dago osatua, haietako bakoitzean lagun talde bateko kide baten 40 urteak ospatzera elkartu direnek parte hartzen dutelarik. Aurreneko agerraldian, minbizia duen Xabi izango da omendua; bigarrenean, haren emaztea, eta hirugarrenean senarra istripuz galdu duen emakumea. Festa giroari eman nahiko diote lehentasuna, baina zaila izango zaie bakoitzari bizitzak emandako kolpeak estaltzea.

Nire aitona kateme bat da

Fina Casalderrey

Erein

24 orrialde

4,75 euro

Aitona lau hankan eta miau-miauka aurkitu zuen neskatoa

Erein argitaletxeak lehen irakurleei zuzendutako Maleta magikoa saileko kontakizuna da Fina Casalderreyk sortu eta Marina Seoanek iruditan agertu duen ipuin hau. Martziana izena duen neskato batek kontatzen ditu gertakizunak. Ezer baino lehen, gai garrantzitsu bat argitzen digu: Martziana dela, bai, baina ez Martetik etorria izanagatik, baizik eta urtarrilaren 9an jaio zelako. Egun horretan du, beraz, bere santua eta urtebetetzea. Eta hain zuzen urtarrilaren 9 batez gertatu zitzaion azaltzen duen ezustea: aitonaren etxera iritsi eta gizona lau hankan eta miau-miauka aurkitu zuenekoa. Hori gutxi balitz, Martzianari isiltzeko eskatu, bere logelara joan, eta mailu batez hormari zuloak egiten hasi zen aitona Siro.

Maitagarrien Hiru Ipuin

Gustavo Martin Garzo

Elkar

174 orrialde 10,70 euro

Hamar urtetik aurrerakoentzat

Espainiako Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala irabazi zuen iaz Valladoliden jaiotako Gustavo Martín Garzok, Juan Kruz Igerabidek euskaratu duen Maitagarrien Hiru Ipuin lanarekin. Elkar argitaletxeak kaleratu duen liburuan agertzen diren irudiak, berriz, Elena Odriozolak eginak dira. Neskato bat eta hark sendatu zuen urretxindora dira aurreneko ipuineko protagonistak. Bigarrengoan, haur izan nahi zuen maitagarriaren istorioa kontatzen da, eta hirugarrengoan, printze nahiko maltzur baten gorabeherak. Istorio apur bat tristeak dira guztiak, egileak dioenaren arabera maitagarriak, haurrak zoriontsu ez direnean bakarrik agertu ohi direlako. Malkoak gustatzen omen zaizkie maitagarriei! Eta hori baino gehiago, jendearen arima, batik bat haurrena.

En este lugar

Antonio Crespo Massieu

Kutxa Fundazioa

62 orrialde 4 euro

2004an Irun Hiria jasotako poesiak

Jakina denez, urtero antolatu ohi ditu Kutxak Irun Hiria literatur lehiaketak. Batzuk euskarazko lanei zuzenduak daude, beste batzuk gaztelaniaz osatutakoetara. Eta Antonio Crespo Massieu-ren En este lugar izenburuko olerki bilduma bigarren arlo horretan izan zen saritua, bistan da. 1951n Madrilen jaiotako poeta honek Irakeko gerrak bertako populazio zibilean izan dituen ondorio ankerrak ditu oraingoan gogoeta gai nagusi, gerra hori martxan jarri zutenen ûeta bereziki «gerrari ez!» aldarrikatuz kalera irten zen bere herriko jendetzari entzungor egin zion Jose Maria Aznar bezalakoenû erantzukizunak gogoratzeaz batera. Haatik, Antonio Crespok ez ditu bazterrera utzi Hiroshima deuseztu zuten bonba atomikoak, ez eta Argentinan militarrek desagerrarazi zituzten haiek ere.

Otsadarreko kolore guztiak

Josu García, Marga Martín

MPC Ediciones

36 orrialde 12 euro

Egungo ikasgeletako kolore aniztasunaz

Egunetik egunera gehiago areagotzen ari da eskola, ikastola zein beste ikastetxetara doazen ikasleen jatorria eta kolore aniztasuna. Horixe izan dute buruan Josu Garcíak eta Marga Martínek kontakizun hau osatzerakoan, beren seme-alaba kaukasiar eta txinatarra, eta haiekin batera ikasten duten beste hainbat ume. Otsadarreko kolore guztiak liburua Ines Furlanettok apaindu du irudiz. Euskarazko bertsioa, berriz, Koldo Biguriri zor zaio. Gaia, ohiko egun bat kontatzailearen ikastetxean. Desberdintasuna naturaltasun osoz bizi du mutiko honek, eta bere begiekin ikusitakoa baino ez du agertzen. Hark dioenez, bere ikastetxean egunero ikusten dute ostadarra, hango lagunek osatzen baitute.

Bidaiarik luzeenak

Amaia Iturbide

Erein

228 orrialde

Amaia Iturbideren hemezortzi narrazio laburren bilduma

Izarra bezain urrun eta eraztuna bezain hurbil, baina beti harrigarriaren atalasean egon behar duen zera omen da ipuina, Amaia Iturbideren esanetan. Errituz zipriztindutako kutxatila, kometa bat, erretinan eztanda egiten duen txinparta, gauza bitxien taupada, horixe omen da ipuina. Bidaia txartelaren zehaztasuna behar duen zerbait. Filmaren distira, karta partiden bidegurutzea, harribitxien imana izango duena. Eta osagai horiekin guztiekin ahalegindu da biribiltzen Bidaiarik luzeenak ipuin bilduma.

Patologia orokorra

Edurne Ugarte Nuñez

Elhuyar

1.000 orrialde 52,50 euro

Patologia orokorrak euskaraz ezagutzeko aukera

Medikuntzan lizentziaduna eta Endokrinologian eta Nutrizioan espezializatua den Edurne Ugarte Nuñez EHUko irakasleak osasun arloko ikasliburuen argitalpena bultzatzeko Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak urtero antolatzen duen Agote sariaren irabazle gertatu zen 2001. urtean. Sari horri esker aurrera atera ahal izan du Elhuyar Fundazioaren eskutik oraindik orain kaleratutako Patologia orokorra. Atal orokorra, arnas aparatua eta zirkulazio-aparatua izenburuko lan mardula. Asier Garroren Giza Fisiologia kenduta, Edurne Ugarterena da medikuntzaz zentzu orokorrean euskaraz argitaratu den lan bakarra. Han aztertzen dira modu ulergarrian, baina zehaztasun zientifikoarekin, Medikuntza fakultateetako ikasleak patologiaren eta klinikaren mundura hurbilduko dituzten gaiak, gaixoekiko harremanean erabilgarri izango dituztelakoan. Patologia orokorra. Atal orokorra, arnas aparatua eta zirkulazio aparatua egiterakoan oso kontuan izan ditu egileak lehen mailako asistentzian arituko diren sendagileak eta Medikuntza fakultateetako bigarren zikloan patologia medikoa irakasten hasi berri diren irakasleak eta haien material didaktiko falta.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2009
 
azala2008

2010 zenbakia.
2005ko urriaren 09a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia