Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-10-02 -- 2009.zenb

Errioxako upategietan mila milioi litro ardo

Daniel Udalaitz

Hego Euskal Herrian ari dira mahatsa biltzen, 2005eko uztarekin egindako urteko ardoa datorren urtean merkatuan izateko. 2004an, Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren (Errioxa JDK) uzta 260 milioi litrotik gorakoa izan zen, eta Nafarroa Jatorrizko Deiturarena (Nafarroa JD), berriz, beste ia 88 milioi litrokoa. Aurten izandako uztarekin, urtearen bukaerarako upelategietan aise izango dira mila milioi litrotik gora: mila milioi Errioxa JDK eta 250 milioitik gora Nafarroa JD.


Mahats bilketa bete-betean gaude Euskal Herrian, eta datorren urteko lehenengo hilabeteetan hasiko dira 2005eko uzta merkaturatzen. Uztaren kalitatea azken bi hilabeteetan meteorologiak izandako bilakaeraren araberakoa izango da. Euririk izan ez denez, badirudi lehengo urtekoa baino uzta urriagoa izango dugula, baina kalitate bikainekoa. Beraz, oraindik inork ez daki 2005eko uztaren kantitatea eta kalitatea zenbatekoak izango diren. Jakinak diren gauza bakarrak honakoak dira: 2004ko uztaren kantitatea eta kalitatea, eta 2004ko abenduaren 31 arte upelategietan zenbat ardo zegoen: guztira 784 milioi litrotik gora. 2005 honetako uztarekin zenbateko hori mila milioitik gorakoa izango da. Arrazoi horregatik aipatu ditugu 2004ko uztaren datu ofizialak. Datu horiek Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren (Errioxa JDK) eta Nafarroa Jatorrizko Deituraren (Nafarroa JD) Kontseilu Arautzaileetatik hartu ditugu.


Errioxa Jatorrizko Deitura eta Nafarroa Jatorrizko Deitura

Orain dela zenbait urte ardoentzako eta beste zenbait produktuentzako jatorrizko deitura, JD, sortu zen. Ardoaren kasuan, Euskal Herriko mahastizaintza eta ardogintzaren ekoizpena bi JDtan banatuta dago: alde batetik Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatua, Errioxa JDK, dugu, eta bestetik, Nafarroa Jatorrizko Deitura, Nafarroa JD. Hala ere, kontuan izan behar da Errioxa JDKren barruan Arabako ardo ekoizpena eta Nafarroako zati batena sartzen dela, errioxar geografiatik hurbilen dauden mahatsondo hektareen ekoizpena hain zuzen ere. Nafarroa JDn, berriz, Nafarroako ardoak besterik ez dira sartzen, hau da, Errioxa JDKren barruan daudenak kenduta, beste guztiak.

Bi deiturak mahastien kalitateari eta horien azken produktuari, hau da, ardoari, lotuta daude. Gainera, kontseilu arautzaileak izeneko erakunde arautzaileak daude -kasu honetan Errioxa Ardoarena eta Nafarroako Ardoarena-, kalitate hori zaindu eta kontrolatzeko. Hori dela-eta, geografia eremu bakoitzean badaude kalifikazio fasea gainditzen ez duten ardoak, eta ardo horiek JD bakoitzaren ekoizpen ofizialetik kanpo gelditzen dira.


Errioxa ardoaren 270 milioi litro 2004. urtean

Errioxa JDKren Kontseilu Arautzaileak emandako datu ofizialek erakusten dute 2004. urtean guztira ia 270 milioi litro ardo ekoiztu zirela (269.695.002 litro zehatz-mehatz); alegia, aurreko urtean baino pixka bat gutxiago (298 milioi litro izan ziren 2003an), 2002an baino dezente gehiago (196 milioi litro atera ziren 2002an), eta 2000. urteko uzta paregabe historikoan baino askoz ere gutxiago (urte hartan 310 milioi litrotik gora ekoiztu baitziren). Kontuan hartzea komeni den datu esanguratsu bat dago: azken bost urteotara mugatuz, ekoizpenerako mahastien azalera gorantz joan da urtez urte. Azalera hori 58.132 hektareakoa zen 2004. urtean; 56.580koa 2003an, 55.545ekoa 2002an, 53.820koa 2001ean, eta 52.029 hektareakoa 2000n.

Errioxa JDKren ekoizpen osoa kontuan hartuta, ia 86 milioi litro (zehatz esanda 85.994.561 litro) Hego Euskal Herrian ekoiztu ziren, eta gehiena (79 milioi baino gehiago) ardo beltza izan zen. Arabak ia 74 milioi litro ekoiztu zituen (beltza, gorria eta zuria) eta Nafarroak, berriz, ia 13 milioi litro. Hortaz, bistan denez, Errioxak ekoiztu zuen Errioxa JDKren ardo kopururik handiena 2004an (ia 184 milioi litro ekoiztu zituen; ia 163 milioi ardo beltza izan ziren). Goiko koadroan ikus daitezke kopuruak, geografia eremu eta ardoka banatuta, eta ardo bakoitzari dagokion upelategi mota.

2004an guztira 251 milioi litro pasatxo Errioxa JDK saldu ziren; 182 milioitik gora barruko merkatuan eta 69 milioitik gora kanpokoan. 2004ko abenduaren 31n Errioxa JDKren upelategietan guztira 784 milioi litrotik gora zeuden biltegiratuta. Horietatik 268 milioi baino gehiago azken uztakoak ziren eta beste 515 milioitik gora aurreko urteetakoak, hau da, 1990etik aurrerakoak. Aurtengo uztarekin, kopuru horrek mila milioi litroak gaindituko ditu. Ardoa botilaratu edota merkaturatzeaz arduratzen diren 550 upelategi zeuden guztira 2004. urtean. Aurreko urtean, aldiz, 517 zeuden eta 2000. urtean 443. Barrika kopuruari dagokionez, 2004an guztira milioi batetik gora zeuden (1.106.000 barrika).


Errioxa Garaia, Arabako Errioxa eta Errioxa Beherea

Nahiz eta hedaduraz txikia izan, Errioxako berezko eskualdeak hainbat lurzoru eta zona klimatiko ditu. Errioxako lurrak, mendebaldetik ekialderantz egin ahala, klima aldetik gero eta lehorrago eta beroagoak dira Mediterraneoaren eraginez. Ardo dastatzaile finek oso ondo bereizten dute Errioxako Ardoaren jatorria; ondo jakiten dute ardo bakoitza Errioxa Garaikoa, Arabako Errioxakoa edo Errioxa Beherekoa den. Hiru inguru horietan egiten da JDK ardoa. Errioxa Garaiak klima atlantikoaren eragina du, eta 24.457 hektarea mahasti daude bertan. Hango ardoak graduazio ertain eta azidotasun total handikoak dira, eta egokiak dira barrikan zahartzeko. Arabako Errioxak klima atlantikoaren eta mediterraneoaren eragina du, eta 12.040 hektarea mahasti daude bertan. Han graduazio eta azidotasun total ertaineko ardo beltza egiten da. Ardo hori egokia da bai edateko -beratze karboniko bidez egindako ardo gaztea izaten da-, eta baita barrikan zahartzeko ere. Azkenik, Errioxa Behereak klima mediterraneoaren eragina du, eta 20.907 hektarea mahasti daude bertan. Hango ardoak beltzak eta gorriak izaten dira, graduazio eta aterakin gehiagokoak.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan