Beti oholtzan ikusten ditugun arren, Txapelketa prestatzeko «bakar lana da gehien egin beharrekoa. Etxeko lanik gabe ez dago artista izaterik, ez bertsotan ez beste ezertan», baieztatzen du 1980an eta 1982an Euskal Herriko txapeldun eta egungo bertsolaritzaren aitzindari den Xabier Amurizak. Amets Arzallus finaleko atean geratu zen aurreko Euskal Herriko Txapelketan, eta oraingorako punteria finduta dator. Etxean egiten duen lana laburtu digu: «Bertso zaharretatik edatea gustatzen zait, eta egunero bertso zaharrak kantatu eta hauetako batzuk ikasten ditut. Bertso eskolan kantatutako gaiak berriro hartu eta zer beste bide zeuden ikusi... mekanikari olioa botatzeko». Ekaitz Goikoetxeak ere bigarren Txapelketa Nagusia du aurtengoa, eta Gipuzkoako Txapelketan egin zuen lanak aurtengorako espektatibak piztu ditu. Bere burua oso saiatu definitu du, eta tope prestatuta joango dela txapelketara ziurtatu: «Etxean ahal dudanean bertso zaharrak irakurtzen, idazten, eta bertso eskolan kantatutako bertsoak hobetzen aritzen naiz». Andoni Egaña oraindik ez da hasi prestatzen. Finalean sartuko da zuzenean, eta abenduaren 18a urrun samar ikusten du: «ez nuke bertsoekin ætximetarainoÆ eginda iritsi nahi. Baina jabetzen naiz badatorrela, eta pre-okupatzen hasteko hartuko ditut datozen hamabost egunak. Gero okupatuko naiz».
Baina etxean landutakoa Txapelketara atera baino lehen frogan jarri behar da, eta benetako forgak jendaurrean egindakoak dira. Horretarako, oso desberdina da plazan dabiltzan bertsolariek eta ez dabiltzanek egin beharreko prestaketa. Amurizak bereizten duenez, «plazan asko samar dabilenak dituen saio horiek frogarako baliatzea da kontua. Saioan norberak aplikatzea etxean lantzen ari dena, batez ere errima kontuak, eta bakarkako lanean txapelketan egingo duen neurri eta moduan egitea...». Bertsozale bazara garai hau duzu aproposena bertso-saiorik ikusgarrienetakoak harrapatzeko: Bertsolariak sasoian eta akrobaziak egiteko gogoz daude-eta.
Saio gutxi dutenek eta lehen aldiz doazenek egin beharreko lana azaldu du ondoren Amurizak: «Denbora gehiago erabili behar dute jarrera lantzen, kantakerak, jendaurrean egoteko moduak... Goi samarrean dagoenak hori dena gainditua du eta ez du lantzen ibili beharrik». Ekaitz Goikoetxea horretaz kontziente da: «Oso lehia desleiala da. Alde handia dago batzuek eta besteok abiatzen garen lekuen artean. Nik azken 5 hilabeteotan 3 plaza izan ditut. Hau da selektibitatea egitea azken kurtsoan klasera joan gabe. Tope entrenatu zaitezke eta urte osoa hartu horretarako, baina ez da nahikoa. Plazarekin kontaktua beharrezkoa da, etxean kantatzea ez da gauza bera, tentsioa bizi behar da...». Amets Arzallusek, hala ere, plazatik Txapelketara koska handia dagoela gogorarazten du: «Orain arte plazak ez dit gehiegi balio izan prestaketarako. Batez ere balio du konfiantza hartzeko, baina galtzeko ere bai. Umore diferentea izaten da, diferente jokatzen da...». Egañarentzat ere plazak «norbere beldurrak uxatzen joateko» leku dira.
Bertso eskolak sparring
Plazarik gabeko bertsolariek jarduteko duten aukera besteekin biltzea da, eta plazan dabiltzan bertsolari gehienak ere Txapelketa prestatzeko astero biltzen dira, bere herriko kideekin. Ekaitz Goikoetxea, esaterako, Bixente Gorostidi, Diego Riaño, Iban Urdangarin eta Aitzol Barandiaranekin biltzen da, eta Iker Zubeldia tarteka ere gehitzen zaie, lanak uzten dionean. Jesus Goikoetxeak jartzen dizkie gaiak. Talde lanak ematen duen aberastasuna argi du Goikoetxeak: «Jarduna arintzeko, besteei erantzuten ikasteko, beste bertsokera batzuk ikusteko... balio du. Denon artean aztertzen dugu zer beste bide jorratu zitezkeen, zuzenketak egiten ditugu... Oso garrantzitsua da bertsoak bere horretan geratu beharrean buelta batzuk ematea, besteen ideiak entzutea...». Egañak ere etxean mekanika landu ondoren, sparringekin frogatzen du nola doan, eta orduan egiten ditu prestakuntzako zuzenketak: "Txaparringak denetarikoak izan ditut, garaian garaian: 1986 eta 1989an Gasteizko bertso eskolako lagunak, 1993an Nikolas Zendoia, 1997an gure anaia Unai, Gipuzkoako Herri Arteko Txapelketan Mantxi, Zulaika, Nahikari, Epelde, Aranburu...».
Errimak, prestaketa landuena
Ideiei buruz, idearik ere ez
Egañak ideiak elikatzeko jarrera dela garrantzitsua nabarmentzen du: «Bele eta belaki izaten hasi nahi dut laster. Ez da nire inguruan ezer pasako, nik irentsi edo xurgatu gabe». Goikoetxeak ere bertsotarako baliagarri izan dakiokeen denari adi egoteaz gain, irakurketa du iturri: «Iritzi artikuluak, saiakerak, egunkari desberdinak... Iritziak jaso eta norberarenekin kontrastatzea beti da aberasgarri». Koadernoarekin ibiltzen da arreta piztu dioten ideia, hitz eta beste oro ehizatzen. Ametsek koadernorik ez du, buruan biltzen ditu erne dituen begi eta belarriek harrapatutakoak. Baina ohartarazi duenez, «buruan gauzak jasotzea bezain inportantea da erreminta horiek buruan ordenatuta izatea, bertsotan ari zarenean bi segundoan atera behar dira-eta».
Kantakera
Mentalizazioa
Bertsoa buru lana izaki, kontzentrazioak eta mentalizazioak pisu handia behar luke. Bakoitzak bere erara egiten du hori ere. Ekaitz Goikoetxeak aitortu digunez: «Mentalizatu beti egiten naiz, eta jada ez dut ondo lo egiten. Txapelketa hasi da jada». Amets Arzallusek eta Sustrai Colinak aurreko Euskal Herriko Txapelketarako buruaren kontrolerako ikastaroa egin zuten, bertsotara propio zuzendutakoa ez bazen ere. Arzallusek dudan jartzen du noraino balio duen, «baina zerbait lagunduko du horrek ere. Mentalizatzen eta kontzentratzen lagundu dezake. Erlaxazio teknikak ikasteak laguntzen du burua garbitzen edo konfiantza hartzen, zure baitan indarra biltzen...». Egañak Txapelketarako burua eta egoera kontrolatzea garrantzitsutzat du: «Gertatzera doana aurrikustea. Ikasi behar da gaizki hasiz gero ez etsitzen, ongi hasiz gero ez askietsitzen...».
Dedikazioa
Bat-batekoa beti da bat-bateko
Azken laurdenetan kantatuko dutenak: Bixente Gorostidi, Igor Muniategi, Joxe Juan Zubieta Etxabe, Amaia Agirre, Xabier Silveira, Estitxu Eizagirre, Etxaun Lekue, Iker Zubeldia, Iñigo Izagirre, Asier Otamendi, Ekaitz Goikoetxea, Iñaki Gurrutxaga, Xabier Paya, Iratxe Ibarra, Jon Martin, Oihane Enbeita, Oihane Perea, Miren Artetxe, Fredi Paya, Jokin Uranga, Amets Arzallus, Julen Zelaieta, Onintza Enbeita, Iñigo Manzisidor, Aitor Sarriegi, Estitxu Arozena, Nahikari Gabilondo, Arkaitz Goikoetxea, Arkaitz Estiballes eta Iñaki Zelaia.
Finalaurrekoetan zain dituztenak: Igor Elortza, Jon Maia, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga eta Jexux Mari Irazu.
Finalerako zuzenean sailkatutako Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio.
Andoni Egañak definitu du Txapelketara joan aurretik bertsolariaren lan nagusia: «Zein talaiatatik aritu nahi duen erabakitzea. Ze bertsolari mota izango naiz han, erasokorra, makina, irudimentsua, xegurola...? Gero, zarena izango zara, baina aukera egiteak lasaitasuna eta ikuspegia ematen dizu». Amets Arzallusen hitzetan, bertsolariak bere ahots propioa du landu eta findu beharrekoa: «Paper diferenteak jokatzen ditugu bertsotan, eta saiatzen gara paper bakoitzean ahalik errealistena izaten. Baina paper denen artean zure haria dago, denak lotzen dituen koherentzia, zure ahotsa. Garrantzitsua da bilatzea zure ahots hori, gauzei buruzko zure iritzia landuz. Hausnartuta ditugun gaietan emankorragoak gara. Zure begietatik ikustea da kontua».
Oholtzan kantatzen ohitzeko, froga benetakoa izan dadin, hainbat bertsolarik bere herriko aretoetan egiten dituzte entrenamendu saioak. Txapelketan egingo duten lan bera egiten dute, mikrofono aurrean eta fokoen azpian. Ez dira publiko zabalari irekitako saioak, baina bertso eskolako kideak biltzen dira ikusteko. Bideoz grabatzen dituzte saioak, norberaren burua ikustea bezalakorik ez baitago norbere akatsez ohartzeko.
![]() |
|
||||
2009 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa