Asier Agirresarobe / Muskilda Tellabide
Zanbrana edo Berantevillatik irits gaitezke Portilla edo Zabalate herrixkara, labore soroen mugan, ekialdetik mendebaldera luzatzen diren mendilerroetako baten babesean dagoena (655 m). Trinitatearen elizatik abiatuta, armarridun hainbat etxe dauden Iturriaren kaletik eta kale Nagusitik joan etorria egin ondoren, Gazteluaren kalean gora abiatu gara. Kale amaieran PR-A-34 ibilbideko seinaleei kasu eginaz gaztelurako bidean jarri gara. Landaretza joria egon arren, azaleratzen diren hainbat harkaitz landu ikustean berehala ohartu gara galtzada batean gora goazela.
Zabalate Erdi Aroko gaztelua
Bihurgunearen ondoren, begi-bistan geratu zaizkigu lehenengoz, han goialdean, Erdi Aroko Zabalateko gotorlekuaren harresiak eta gazteluaren hondakinak. Kareharrizko gain zorrotz hauetan, hainbat mendez erasoetatik babesteko erabili izan diren eraikuntza garaiezinetatik, egun, eguzkia eta haizea medio, horma zahar arrailduak besterik ez dira geratzen. Alabaina, aspaldian hustuak izanagatik ere, euren historiak artean osorik dirau eta metro eta erdiko hormatalak igaro eta landaretzak jandako barrualdera sartzean sentipen bereziak somatu ditugu. Txorien kantek soilik hausten dute, isiltasuna nagusi den inguru honetako bakardadea (755 m).
Gandor luzatuaren gainean goratzen den gaztelura igo nahi izanez gero, atzera gotorlekutik irten eta kareharrizko orri itxurako gandorren hegoaldetik igotzen den zidor lausoa jarraituko dugu. Tentuz eta eskuen laguntzaz, arrakalara helduko gara, eta berriro ipar isurialdera igaroz, pareta eta ezpeldian zabaldutako arrastoak gazteluak duen sarbide bakarrera eramango gaitu, ondoren puntu gorenera, zaintza dorre aurrera igo eta Ibda edo Uda ibaiaren harana menpean hartzeko (790 m).
Lanos gaztelua
Hegoaldeko bailara gordearen beste aldean luzatzen den Txulato tontorrera igotzekotan gaude, baina lehenik, gandorraren beste aldean, Inglares ibaiaren haranean, Ocioko herrixka menperatuz muino lerdenaren gainean kokatzen den Lanos gaztelura joan nahi dugu. Hartara, igotako bidetik jaitsi gara gaztelutik, eta hegoaldera, landaretzan erdi galdua dagoen zidorrari heldu diogu. Sigi-saga jaisten da bi gandorren artean zabaltzen den haranaren hondoraino. Jaitsiera honetako azken zatian, Goi Erdi Aroan finkatu zen Soportilla izeneko herrixka baten zenbait aztarna ageri dira. Kostata baina azkenean harana goitik behera igarotzen duen bide zabalera ailegatu gara (685 m).
Bailaran behera jo dugu, Ocio eta Zanbrana herrien artean, Santa Cruz del Fierro ingurutik datorren pistan barrena. GR-1 zidor historikoa delakoaren arrasto zuri-gorri gutxi batzuk ikusi ahal izan ditugu. Une batez, pista utzi eta Txulato mendiaren mendebaldeko magala inguratuz, zuzenean Ocio herrixkara iritsi gara. Arrastoak, ordea, gutxi dira eta zidorrak, landaretzak -ezpelak, abaritzaką- erabat itxiak ditu.
Errepide bazterretik iritsiko gara Ocio herrixkara. Etxeak bidearen beste aldean utzi eta Inglares ibaia zeharkatu ondoren, ezker aldetik abiatzen den asfalto bide berrian gora abiatu gara. Malda pikoak ekialdetik inguratzen du tontorra, burdinazko ate handi batera iritsi aurretik. Arabako Foru Aldundia gaztelua zaharberritzen ari denez, debekatua dago sartzea. Dena den, atea zabalik dagoenez, aurrera segi eta gazteluraino bertaraino iritsi gara (640 m). Hemen, ordea, gazteluaren ate nagusia itxita topatu dugu. Barrura sartu ezin eta ingurutik begiratzea beste aukerarik ez zaigu geratu.
Txulato tontorra
Ocio herrixka eta gazteluari bizkarra emanaz Txulato tontorrerako bidea hartu dugu. Etorri garen bide beretik itzuli beharrean, nahiz eta zertxobait luzeagoa izan, Zanbrana aldera joko dugu errepidetik, harik eta nekazaritzarako urmael handi baten parera iritsi arte. Orduan, urmaelaren ezker aldetik gora, arestian utzitako pistara irtengo gara. Harana zeharkatzen duen pista honetan gora, egurrezko seinaleak Txulato 20 minutura dugula adierazten duen bidegurutzera iritsi gara. Zalantza zipitzik gabe, eskuinera hartu eta zuzen zuzen, gandorrarekiko elkartzuta igotzen den suebakitik gora abiatu gara. Malda latzak aurrera egin ahala are latzagoak bihurtu dira. Harri solteek gainera are igoera nekezagoa egin dute. Izerdi patsetan baina azkenean goialdera agertu gara eta zidor lauso batetik -galtza luzeak eramatea komeni da- aurre tontorra inguratu eta tontor nagusira iritsi gara (946 m). Hala adierazten dute behintzat bertako erpin eta buzoi bik.
Ibilbidea jarraitu asmoz, bide berean behera, harana zeharkatzen duen pista hartu dugu berriro, lehen utzitakoa. Berehala iritsi gara beste bidegurutze nagusira (840 m) eta Berganzora daraman bidea eskuinean utzi eta ezkerrera hartu dugu. Gandorra gainditu eta maldan behera, makal lerro, nahiz kareharrizko geruza mehar eta bertikal ikusgarri batzuen artetik Zabalate gaztelupetik Zabalate abiapuntura iritsi gara (655 m).