Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-10-02 -- 2009.zenb

Estitxu Eizagirre


Beti oholtzan ikusten ditugun arren, Txapelketa prestatzeko «bakar lana da gehien egin beharrekoa. Etxeko lanik gabe ez dago artista izaterik, ez bertsotan ez beste ezertan», baieztatzen du 1980an eta 1982an Euskal Herriko txapeldun eta egungo bertsolaritzaren aitzindari den Xabier Amurizak. Amets Arzallus finaleko atean geratu zen aurreko Euskal Herriko Txapelketan, eta oraingorako punteria finduta dator. Etxean egiten duen lana laburtu digu: «Bertso zaharretatik edatea gustatzen zait, eta egunero bertso zaharrak kantatu eta hauetako batzuk ikasten ditut. Bertso eskolan kantatutako gaiak berriro hartu eta zer beste bide zeuden ikusi... mekanikari olioa botatzeko». Ekaitz Goikoetxeak ere bigarren Txapelketa Nagusia du aurtengoa, eta Gipuzkoako Txapelketan egin zuen lanak aurtengorako espektatibak piztu ditu. Bere burua oso saiatu definitu du, eta tope prestatuta joango dela txapelketara ziurtatu: «Etxean ahal dudanean bertso zaharrak irakurtzen, idazten, eta bertso eskolan kantatutako bertsoak hobetzen aritzen naiz». Andoni Egaña oraindik ez da hasi prestatzen. Finalean sartuko da zuzenean, eta abenduaren 18a urrun samar ikusten du: «ez nuke bertsoekin ætximetarainoÆ eginda iritsi nahi. Baina jabetzen naiz badatorrela, eta pre-okupatzen hasteko hartuko ditut datozen hamabost egunak. Gero okupatuko naiz».

Baina etxean landutakoa Txapelketara atera baino lehen frogan jarri behar da, eta benetako forgak jendaurrean egindakoak dira. Horretarako, oso desberdina da plazan dabiltzan bertsolariek eta ez dabiltzanek egin beharreko prestaketa. Amurizak bereizten duenez, «plazan asko samar dabilenak dituen saio horiek frogarako baliatzea da kontua. Saioan norberak aplikatzea etxean lantzen ari dena, batez ere errima kontuak, eta bakarkako lanean txapelketan egingo duen neurri eta moduan egitea...». Bertsozale bazara garai hau duzu aproposena bertso-saiorik ikusgarrienetakoak harrapatzeko: Bertsolariak sasoian eta akrobaziak egiteko gogoz daude-eta.

Saio gutxi dutenek eta lehen aldiz doazenek egin beharreko lana azaldu du ondoren Amurizak: «Denbora gehiago erabili behar dute jarrera lantzen, kantakerak, jendaurrean egoteko moduak... Goi samarrean dagoenak hori dena gainditua du eta ez du lantzen ibili beharrik». Ekaitz Goikoetxea horretaz kontziente da: «Oso lehia desleiala da. Alde handia dago batzuek eta besteok abiatzen garen lekuen artean. Nik azken 5 hilabeteotan 3 plaza izan ditut. Hau da selektibitatea egitea azken kurtsoan klasera joan gabe. Tope entrenatu zaitezke eta urte osoa hartu horretarako, baina ez da nahikoa. Plazarekin kontaktua beharrezkoa da, etxean kantatzea ez da gauza bera, tentsioa bizi behar da...». Amets Arzallusek, hala ere, plazatik Txapelketara koska handia dagoela gogorarazten du: «Orain arte plazak ez dit gehiegi balio izan prestaketarako. Batez ere balio du konfiantza hartzeko, baina galtzeko ere bai. Umore diferentea izaten da, diferente jokatzen da...». Egañarentzat ere plazak «norbere beldurrak uxatzen joateko» leku dira.


Bertso eskolak sparring

Plazarik gabeko bertsolariek jarduteko duten aukera besteekin biltzea da, eta plazan dabiltzan bertsolari gehienak ere Txapelketa prestatzeko astero biltzen dira, bere herriko kideekin. Ekaitz Goikoetxea, esaterako, Bixente Gorostidi, Diego Riaño, Iban Urdangarin eta Aitzol Barandiaranekin biltzen da, eta Iker Zubeldia tarteka ere gehitzen zaie, lanak uzten dionean. Jesus Goikoetxeak jartzen dizkie gaiak. Talde lanak ematen duen aberastasuna argi du Goikoetxeak: «Jarduna arintzeko, besteei erantzuten ikasteko, beste bertsokera batzuk ikusteko... balio du. Denon artean aztertzen dugu zer beste bide jorratu zitezkeen, zuzenketak egiten ditugu... Oso garrantzitsua da bertsoak bere horretan geratu beharrean buelta batzuk ematea, besteen ideiak entzutea...». Egañak ere etxean mekanika landu ondoren, sparringekin frogatzen du nola doan, eta orduan egiten ditu prestakuntzako zuzenketak: "Txaparringak denetarikoak izan ditut, garaian garaian: 1986 eta 1989an Gasteizko bertso eskolako lagunak, 1993an Nikolas Zendoia, 1997an gure anaia Unai, Gipuzkoako Herri Arteko Txapelketan Mantxi, Zulaika, Nahikari, Epelde, Aranburu...».


Errimak, prestaketa landuena

Amurizak prestatzeko oinarrizkoa den Hiztegi Errimatua egin zuen 1982an, oraindik ere prestaketarako dagoen material onena, eta bakarrenetakoa. Bertsolari denek gehien lantzen dutena errima da. Eremu emankorrenetakoa ere bera da, hor egindako lanak etekin berehalakoa dauka: bertsotako esaldien oinarria errima denez, zenbat eta errima aukera zabalagoa izan, bertsolariak gauza gehiago eta desberdin esan ahal izango ditu. Amurizak gaineratu du errima prestatzeko aproposa bada, ezaugarri batengatik dela: «Errima gauza zehatza da, hitzak jakinak dira, hor daude. Hitz horiek ordenatu daitezke, balio dutenak aukeratu eta balio ez dutenak alboratu, edo nobedadeak gehitu...». Errimak lantzeko errima zerrendak egiten dira, gutxi erabiltzen direnak berreskuratuz eta egokiak ez direnak baztertuz. Hitzak sailkatu egiten dira, errimak euskara zuzenean eta behartu gabe nola erabili aztertzen da eta memorizatu.


Ideiei buruz, idearik ere ez

Ideien mundua askoz abstraktuagoa da, definitzen zailagoa. Amurizak eman izan ditu ideiak lantzeko ikastaroak, eta ariketa hau gomendatu digu: «Gaia jarri eta berehala kantuan hasi beharrean, denboraz eta paperean ideia posibleak atera, hari desberdinetatik tira, bata bestearekin konparatu eta onenak aukeratu... Landuz gero, uste dut balio duela».

Egañak ideiak elikatzeko jarrera dela garrantzitsua nabarmentzen du: «Bele eta belaki izaten hasi nahi dut laster. Ez da nire inguruan ezer pasako, nik irentsi edo xurgatu gabe». Goikoetxeak ere bertsotarako baliagarri izan dakiokeen denari adi egoteaz gain, irakurketa du iturri: «Iritzi artikuluak, saiakerak, egunkari desberdinak... Iritziak jaso eta norberarenekin kontrastatzea beti da aberasgarri». Koadernoarekin ibiltzen da arreta piztu dioten ideia, hitz eta beste oro ehizatzen. Ametsek koadernorik ez du, buruan biltzen ditu erne dituen begi eta belarriek harrapatutakoak. Baina ohartarazi duenez, «buruan gauzak jasotzea bezain inportantea da erreminta horiek buruan ordenatuta izatea, bertsotan ari zarenean bi segundoan atera behar dira-eta».


Kantakera

Orain arte kantakerari ez zaio dagokion garrantziarik eman. Oinarrizkoa da ez desafinatzea, eta norbera bere tonalitate mugen barruan ibiltzea. Baina bertsotan kantakera hori baino askoz gehiago da, kantatzeko moduak esanahian bertan eragiten baitu, Amets Arzallusek azaltzen duenez: «Kantatzen duzuna erritmo batean edo bestean kantatuta, edo hitzak zure ahotsaren koloreari egokituz, testuari kolore bat edo bestea ematen diozu». Sustrai Colina eta biak aurreko txapelketatik hona ari dira kantakera lantzen. Ahotsaz gain, gorputzaren espresioa ere lantzen ari da Goikoetxea, baina bertsoa ez dela antzerki bihurtu behar argi du: «Entrenatzerakoan saiatzen naiz espresioa lantzen, zutik kantatu eta gaia tristea bada espresio tristea jartzen, erronkako bertsoa bada bularra atera eta æhemen nago niÆ esaten, eta haserre banago haserre keinua egiten. Baina nahi nuke natural ateratzea, ez diot horri lehentasunik ematen, ez baitut artifizial egin nahi».


Mentalizazioa

Bertsoa buru lana izaki, kontzentrazioak eta mentalizazioak pisu handia behar luke. Bakoitzak bere erara egiten du hori ere. Ekaitz Goikoetxeak aitortu digunez: «Mentalizatu beti egiten naiz, eta jada ez dut ondo lo egiten. Txapelketa hasi da jada». Amets Arzallusek eta Sustrai Colinak aurreko Euskal Herriko Txapelketarako buruaren kontrolerako ikastaroa egin zuten, bertsotara propio zuzendutakoa ez bazen ere. Arzallusek dudan jartzen du noraino balio duen, «baina zerbait lagunduko du horrek ere. Mentalizatzen eta kontzentratzen lagundu dezake. Erlaxazio teknikak ikasteak laguntzen du burua garbitzen edo konfiantza hartzen, zure baitan indarra biltzen...». Egañak Txapelketarako burua eta egoera kontrolatzea garrantzitsutzat du: «Gertatzera doana aurrikustea. Ikasi behar da gaizki hasiz gero ez etsitzen, ongi hasiz gero ez askietsitzen...».


Dedikazioa

Honetan ere alde handia dago batzuen eta besteen artean. Ekaitz Goikoetxeak denbora du etsai: «Lanean eta lanez kanpo beste lantxo batzuetan ari naiz, eta denborak uzten didana egiten dut». Urtebetetik gora daramate kantatzeko elkartzen. Astean bitan elkartzen dira, eta ordu eta erdiren bueltako saioak egiten dituzte. Amets Arzallusek horretan nabari du aurreko txapelketekiko aldea «Orain artekoetan ikasten edo beste lan batzuetan aritu izan naiz, eta prestatu naizen arren, ez naiz horretara jarrita egon. Orain bestetan baino zentratuago nago prestakuntzan. Udaz geroztik, iraila hasieratik, txapelketa bukatu arte horretara jarri naiz». Goizak eskaintzen dizkio prestaketari, eta Oiartzungo Karrika bertso eskolara astean behin joaten da. Txapelketa hurreratu ahala, arratsaldez ere denbora gehiago eskaintzekotan da.


Bat-batekoa beti da bat-bateko

Gero eta prestaketa kontzienteagoak egiten dira, eta denbora gehiago eskaintzen zaio, baina noraino ziurtatzen du prestaketak oholtzan bat-batean egin behar den bertsoaren maila? Andoni Egaña txapeldunak borobildu du: «Txapelketa ez da ehunekoetan neurtzen, egunekoetan baino». Amuriza ere bat dator: «Prestatutako estrategietatik portzentaia handi bat ez da etortzen behar denean. Baina txapelketan ez bada, beste saioetarako balioko du». Ekaitz Goikoetxeak Txapelketan entrenamenduetako mailari eutsi nahi lioke, faktore askok eragiten dutela badakien arren: «Prestatuz gero egiteko arriskua izaten da, baina bertsoa oso labainkorra da, momentuak asko esan nahi du, gaiak, kantukideak, epaimahaiaren hitzak...».

Eider Rodriguez

Liburuaren nondik norakoak?
2000. urtean, Seaskako lizeoan, Etxepare ikastetxean, Elorri ene alabaren ikasgelan bakartasunari buruzko idatziak aztertzen ari zirelarik literaturan, ene lekukotasuna galdein zautaten. Idatzi labur bat nahi zuten, «bi hitzez», baina abiatu eta nahi baino gehiago luzatu nintzen.

88tik preso, 25 hilabete isolamenduan eta bakartasunari buruz bi hitz soilik. Entziklopedia baterako ere eman dezake, ez da hala?
Ba, segur, gauza frango baditaikela erraiteko, 25 hilabete horietako laburpen baten azalpenera mugatu naiz, etapa nagusiak erakutsiz. Gauza ainitz kondatu gabe utzi dut, bereziki bakartasunean preso batek erabiltzen dituen gogoetei eta hausnarketei buruz, horiek direlarik bakartasun gehienaren funtsa.

Egoera latza narratzen duzu, baina oso era umoretsuan. Nola da hori posible?
Premiatsuena da urruntasuna hartzen jakitea. Egoera surrealistenetan aurkitzen gira, baldintza harrigarrienetan, baina ez da heien jokoan sartu behar. Inposatzen dizkizuten baldintza horiek alegiazkoak balire bezalaxe hartu behar dira, joko bat balitz bezala. Presondegian, eta are gehiago kartierretan, zure aztertzen ari dira, neurri zorrotzenetan zure ihardokipena izartzen, zure iraupena higatu nahian. Bakotxak bere nortasunarekin ihardokitzen du. Batzuk gogor eginez, beste batzuk burua makurtuz edo «kode penala» eskuan. Nik egoera absurduenetan urruntasuna hartzeko xantza hori izan dut.

Pilar Iparragirre


Zubi hautsia
Philip Pullman
Erein
311 orrialde


Hildako amaren arrastoen atzetik

Hamasei urteko neska beltz bat du Koro Navarrok euskaratutako Philip Pullman idazle ingelesaren nobela honek protagonista. Aitarekin bakarrik bizi da Galesen, ama bera jaio eta berehala hil zen ustean. Huraxe zen beltza, Haitikoa; aita, berriz, zuria du eta ingelesa. Nolanahi ere, neska gaztearen ilusiorik handiena ûarte-eskola batera joan eta pintatzera dedikatzeaz aparteû frantsesa ondo ikasi eta Haitira joan ahal izatea da. Baina halako batean bere lagun min batek kontu harrigarri bat esango dio: ama bizirik duela! Eta harrezkero dena aldatuko da Ginnyren bizitzan, amaren atzetik hasiko delako. Haren argazki zahar bat baino ez du bere bilaketan laguntzaile, baina ez du atsedenik hartuko bere bizitzako zubi hautsia konpondu arte.

Lotara joan aurreko ipuinak
Dr. Eduard Estivill, Montse Domènech
Elkar
209 orrialde
18,50 euro

Etxeko txikienei hazten laguntzeko kontakizunak

Haur guztiek izaten dituzte heldutasunera iristeko halako edo bestelako arazoak. Hori kontuan hartuta osatutako liburua da Miren Arratibel eta Aintzane Atelaren artean euskaratutako Lotara joan aurreko ipuinak. Txikiei hazten laguntzeko kontakizunak. Lana, berez, Bartzelonako Institut Dexeuseko Neurofisiologiako Zerbitzuen buru den Eduard Estivillek eta Pedagogiako eta Haur Psikologiako lizentziatua den Montse Domènechek idatzi dute, asmo garbiarekin: gurasoei haurren heziketarako osagarri bat eskaintzea, haur horien hainbat arazo, zalantza, ohitura txar, larritasun eta galdera kontakizun moduan lantzeko tresna eskainiz. 21 kontakizun, gure haurrei irakurtzeko.

Itoti urdinaren azpian
Aintzane Galardi Portu
Euskaltzaindia, BBK Fundazioa
82 orrialde 6 euro

2004ko Felipe Arrese Beitia saria

Iazkoan Aintzane Galardi Porturen Itoti urdinaren azpian poesia bildumak jaso zuen Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak antolatu ohi duten Felipe Arrese Beitia olerki lehiaketaren saria. Eduki iluneko poemak osatutako bilduma da, desolazioa, mina eta iruditeri onirikoa nagusitzen baitira bertan. Nolanahi ere, urruntasunari, nostalgiari eta mugagabetasunari buruzko olerkion hondoan beti agertzen da urdina, difuminaturik. Izan ere, horrelaxe definitu zuen Goethek urdina: zeruaren, urruntasunaren, nostalgiaren eta mugagabetasunaren kolorea bezala. Poema sortaren bukaeran, berriz, A sperança izenburuko olerkia dago, itxaropenaren alegoria izan daitekeena: Ederrak dira eta urrunak/ gauaren zirrikitutik/ ikusten, /usaintzen,/ amesten ditudan/ egun urdinak!

Ados teatroa 10 años
Batzuen artean
Ados Teatroa
158 orrialde

Ados taldearen 10 urteei errepasoa

Dagoeneko hamar urte badaramatzate Ados teatrokoek elkarrekin lanean. Bada, liburu hauxe, antzerki talde horrek aipatutako epean eskainitako emaitzaren bilduma dela esan daiteke. Argazki ederrekin eta bakoitzak eduki zuen lan banaketari erreparatuz gogoratzen dituzte Robinson Crusoe, Lamiak, Desperrados, Manolito gafotas, El amigo de John Wayne, Kokoroko, Las mujeres de verdad tienen curvas, Gus y Gas, Sopa de ganso, El decamerón edo Como agua para chocolate bezalako ikuskizunak, hala nola antzezlan horiek guztiek eskurarazi dizkieten sariak eta beste hainbat kontu. Bukaera gisa, berriz, Eta orain zer? galderari erantzuten saiatu dira. Beraiekin batera lana koproduzitu duten beste antzokiak ere ez dituzte bazterrean utzi.

Aizkorri
Miguel Angulo, Iñaki Alcalde
Sua
80 orrialde 7,90 euro

Anguloren mapa eta Iñaki Alcalderen hitzak

Sua argitaletxeak kaleratutako Aizkorri Kuaderno Pirenaikoa izeneko honen izenburu zehatza Aizkorri. Altzania, Arbarra, Aratz, Urkilla, Elorreta, Arantzazu da. Miguel Angulok osatutako hiru mapa eskaintzen ditu, mapa bakarrean sartuta. Alde batean inguruko mapa azaltzen da, 1:35.000 eskalan, zehaztasun guztiak agertuz (igoerak, bideak, bidezidorrak, iturriak...); beste aldean, mapa bera 1:50.000 eskalan dago, igoerak modu erosoan antolatu ditzagun, mapa erabat zabaldu gabe. Gainera, Iñaki Alcalderen lana ageri da: Aizkorriko berezitasun geografiko eta paisaiak gogoratzeaz batera, 22 igoera, 6 ibilaldi, 4 zeharkaldi eta beste egiteko jarraitu beharreko urratsak gaztelaniaz eskainiz.

Maiatz
Batzuen artean
Maiatz
64 or. / 7 euro

Maiatz aldizkariaren 41. zenbakian agertutako lanak

Bernard Manciet Landetako idazlea eta Juan San Martin hil berriak oroitzeaz batera, besteak beste, honoko lan hauek eskaintzen dizkigute Maiatz aldizkarikoek azkeneko zenbakian: Germantxa Iñarga-Daubas, Itxaro Borda, Eric Dicharry eta Daniela Albizuren olerkiak, Bixente Vrignonen Organbidexka, Alots Nespríasek euskaratutako Marcel Ayméren Poldeviako ipuina, Aurelia Arkotxaren Animalia, Lucien Etxezaharretaren Xinaurri xirtxila eta Institut Occitanekoek igorritako Okzitaniaren deiadarra.

Bakartasunaz bi hitz
Filipe Bidart
Txalaparta
122 orrialde

Filipe Bidart erabat isolaturik eduki zuten garaiaz

1988an erori zen preso Filipe Bidart, Iparretarrak erakundeko militantea. La Santé-ko espetxean sartu orduko isolatu zuten, eta hogeita bost hilabete luzez bakardade osoan eduki. Bitarte horretan guztian, hogeita hiru orduz zelda barruan pasa behar izan zituen presoak, ez senide edo lagunen aurpegirik ikusi, ezta beste presoen harrabotsa somatzerik ez zuela. Ikusten zituen bakarrak zaintzaileak eta jendarmeak ziren, noizik eta behin epailea, eta beste batzuetan espetxeko zuzendariordea. Zaintzaileek ez zioten bonjour! heltzean eta bonsoir! zeldatik alde egiterakoan beste hitzik zuzentzen. Eta berak zer edo zer galdetzen zienean, beti haien buruak erantzuten zion: On verra demain! (Bihar ikusiko da?). Egunean bi aldiz ateratzen zuten ibiltokira, eta irteera horien zain pasatzen zituen Filipek hogeita lau orduak, inoiz ez baitzekien noiz etorriko zitzaizkion bila. Hori bai, uda ala negu izan, sekula ez zien presoak uko egin irteera horiei. Egoera gogor horren guztiaren lekukotasuna da Bakartasunaz bi hitz liburua.. Alboan doazen Filipe Bidarten adierazpenak, berriz, Eider Rodriguezek Txalaparta argitaletxearen Hitzak & Ideiak aldizkarirako egindako elkarrizketatik jasoak izan dira.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan