Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-10-02 -- 2009.zenb

Joan den irailaren 26an egun oso garrantzitsua bizi izan zen Ipar Irlandan, IRAk bere armak suntsitu zituela iragarri zuen, bertako bake prozesu luzeari beste bultzada bat emanez. Eta orain zer? Teorikoki Ipar Irlandako Gobernu autonomoa indarrean jarri beharko luke berriz Londresek, baina denak adierazten du DUP eta Sinn Fein gobernuan eskuz esku ikusiko ditugun argazki giltzarri horrek itxaron beharko duela oraindik. 90eko hamarkadaren hasieran hasitako prozesu luzearen azken oztopoa ez da eduki edo printzipio sakratuetan trabatu, sinbologiaren korapiloan baino: DUPko unionistek IRAren armen suntsipenaren argazkiak behar dituzte, komunitate unionistari horrek bakarrik emango diolakoan IRAren desarmearekiko konfiantza. Aste edo hilabeteren batzuk besterik ezin du iraun azken aitzaki honek, baina bitartean, mugimendu errepublikarrak prest izan beharko du beste kartaren bat hemendik eta denbora batera ateratzeko. Desarmeko argazkiak akaso?

CiUren finantzazio eredua dela eta, askok -sozialistek batez ere-, CiUren baitako kontraesan gisa ikusi dute «foralitate anakronikoetan» oinarritutako eredua proposatzea. Bataila dialektiko honen pasartea bizi zen duela bi asteko El Pais-en eta SER irrati katean. CiUk eredu horrek Konstituzioa urratzen duela badakiela argudiatzen zuen kazetariak hilaren 18ko artikulu batean; eta bere argudioak sendotzearren, Miguel Herrero de Miñonen Derechos Históricos y Constitución liburua aipatu zuen, eta bertan agertzen zen Jordi Pujolen hitzaldi bat, 1987an Kataluniako Legebiltzarrean egindakoa. Pujolek, funtsean, Gernikako Estatutua «foralitate anakronikoan» oinarritzen zela zioen eta hori ez zela katalanen eredua. Hilaren 19ko SER-eko arratsaldeko tertulian gaia atera zuen berriz moderatzaileak, egunkariko artikuluan oinarrituta, baina Miguel Herrero de Miñon tertuliakideak berehala jarri zuen bere lekuan: «Bai, bere garaian hori esan zuen Pujolek, baina gero behin baino gehiagotan aipatu du 1987ko diskurtso hartan erratu zela eta ez datorrela bat ordukoarekin». Herrero de Miñonen hitzak uhinek eraman zituzten, urruti gainera; paperekoa, aldiz, hor da eta iruzkin ugaritan agertzen ari da.

Eugenio Etxebeste æAntxonæ ek Gara-ko elkarrizketa batean utzi berri duen datua da, ez da berria baina gogoratzeko interesgarria bai: Aljerreko 89ko negoziazioetan Espainiako Gobernuko ordezkariekin izandako azken bilerak 30 ordu iraun zituen.

Daniel Udalaitz

Hego Euskal Herrian ari dira mahatsa biltzen, 2005eko uztarekin egindako urteko ardoa datorren urtean merkatuan izateko. 2004an, Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren (Errioxa JDK) uzta 260 milioi litrotik gorakoa izan zen, eta Nafarroa Jatorrizko Deiturarena (Nafarroa JD), berriz, beste ia 88 milioi litrokoa. Aurten izandako uztarekin, urtearen bukaerarako upelategietan aise izango dira mila milioi litrotik gora: mila milioi Errioxa JDK eta 250 milioitik gora Nafarroa JD.
guztia irakurri

Estatuaren guneetatik ezker abertzaleko esparruen aurka egiten ari den presioak eta ETAren Avilako atentatuak, prozesuaren egoera zertan den erakusten dute, ikusten denarekiko bederen: egurra eta azenarioaren unea da keinuei dagokienez. Orain arteko politika horrek, dena den, ez dio modu erabakigarrian eragin mahaiaren azpiko jokoari eta denak adierazten du harreman sare sendoa eratzen ari dela euskal alderdi politikoen artean, bereziki PSE-EEko eta ezker abertzaleko kideen artean. Prozesua geldoa, gogorra eta luzea izango zela zioen Zapaterok eta horrekin bat datoz aktore nagusiak. Ipar Irlandan bake prozesuaren leherkaritzat jo ziren Adams-Hume akordioak 90eko lehen urteetan gauzatu ziren. Ia hamabost urte geroago heldu diren lekura heldu dira. Prozesu bakoitzak bere ezaugarriak baditu ere, ez da zalantzarik hemendik asko begiratzen zaiola Irlandan azken 15 urteetan gertatu den guztiari.

Mikel Asurmendi


«Ez naiz politikaria zentzu hertsian», adierazi digu Antton Karrerak. Donostiako Udalean zinegotzia zelarik, bere lana normal-normal bete zuen Fraisoro eskolan: «Ez dut nire burua politikari profesionaltzat. EB Jaurlaritzan sartzean ardura osoa hartu behar izan nuen nahitaez. Gobernuan hiru alderdi gaude (EAJ-EA-EB), gauza asko adostu behar da, eta horrek denbora asko eskatzen du. Ezinbestean bihurtu naiz profesionala».
Aurreko legealdiko eskarmentuaz mintzatu zaigu: «Politika Legebiltzarretik ezagutzeko parada izan dut. Hori oso positiboa da. Alabaina, zoritxarrez, azken lau urteotan blokeo egoeran gaude. Oposizioak Jaurlaritzak aurkeztutako guztiari ezetz esan zion. Adostasunak lortzeko lan asko eskatzen du blokeo egoerak, egoera ez da baikorra».
Legegintzaldi honetako iragarpena egin digu: «Legebiltzarkide askorekin bakarka hitz eginda, akordioak iristeko aukera ikusten duzu, baina gero talde parlamentario gisa ez dago hori lortzerik. Izan ere, jarduera politikoa batez ere makro-politikaren menpe dago. Blokeo egoera hautsi eta akordioak lortuko bagenitu aldaketa etor liteke. Haatik, blokeoa mantentzen bada, legealdi hau aurrekoa baino zapuzgarriagoa izango da».

Akordioak hizpide, PSE-EEk aurrekontuen negoziazioa kontrolatzeko bulego bat eskatu dio hirukoari. Akordioak lortzeko prest omen dago. Nola ikusten duzu PSE, gai hauetan adosteko?
PSE prest omen dago aurrekontuen negoziazioan blokeoa gainditu eta akordioak lortzeko. Baina PSE kontraesanean ari da. Azken hauteskundeetan EAJren alternatiba izateko asmoz aurkeztu zen. Jokabide politiko horrek maila honetako adostasunak lortzea ezinezkoa bihurtzen du.

Zergatik?
PSEk bere politika markatu nahi duelako, herritik eta gizartetik premia biziz egiten ari diren eskaeren gainetik. Eusko Legebiltzarrean onartutako Estatutu Politiko Berriaren proposamenaren aurka aritu da. Bere helburu nagusia bada Gobernuaren politika blokeatzea eta alternatiba izatea, nola nahi du adostasunak lortzea aurrekontuen negoziazioan? Demagun legegintzaldi hau onuragarria dela. Gehien irabaziko duena Ibarretxe izango da. Orduan bere alternatibak ez luke izaterik. PSEk ez badu bere politika nagusiaren norabidea aldatzen, ezinezkoa da maila apalagoko akordiorik lortzea.


EHAKren Ezker Abertzalea taldea dago bestalde. Akordioak lortzeko aukerarik ikusten al duzu?
Guretzat EHAK-k beste edozein alderdi batek duen legitimitate bera dauka. EHAK-k ezkerreko proposamenak bideratu nahi dituela dio, bada, EB/Berdeak-eko taldearekin azterketa eta proposamenak egitea daukate ezkerraren ikuspegitik. Bestalde, autodeterminazio eskubidea onartu behar dela? Gehiengoak esaten duena onartu behar dela? Ni duela 30 urte preso egon nintzen autodeterminazio eskubidea defendatzeagatik, eta gaur egun ere hori defendatzen segitzen dut. Gu EHAKrekin akordioak egiteko prest gaude, baina inposatzerik gabe.

Aurreko legealdian Lurzoruaren Legeak ez zuen aurrera egin. Legegintzaldi honetan onartuko al da?
Hori da gure helburu nagusietako bat. Ez dago Lurzoruaren Legerik ez duen autonomia erkidegorik. Gu gara legerik gabe gauden bakarrak. Etxebizitzaren alorrean behar eta zeregin handia dago eta legea oso beharrezkoa da. Aurreko legegintzaldian eztabaida izugarria izan zen, hedabideek aditzera eman zuten baino askoz konfrontazio handiagoa izan zen etxegile eta etxe agentziekin. Etxe-eraikitzaileek bilera ugari eta izugarrizko presioa egin zituzten legea ez zedin aurrera atera. EAJko hainbat alkatek bilera horietan parte hartu zuten legea geldiarazteko. Bilerak goi-mailaraino, Ibarretxerenganaino, iritsi ziren legea geldiarazteko. Hala ere, legeak aurrera egin zuen. Gero, tamalez, Legebiltzarrean ez zen atera blokeo egoera dela-eta. Gu Legebiltzarreko blokeoa gainditzeko prest gaude, baina alderdien arteko blokeoaz gain, udalek orubeak erabili eta kudeatzeko modua aldatu behar dute. Udalek beren arauak aldian-aldian aldatu egiten dituzte beren interesen mesedetan. Udal asko lege horren aurka dago. Berau onartua izan balitz, lurzoruen jabeen irabazia 3 milioi euro jaitsiko zen legealdi batean.

EAEko Legebiltzarreko politikatik bake eta normalizazio prozesuaz aritzera pasa nahi nuke. Zer irizten duzu «bake» eta «normalizazioa» kontzeptuez?
Bi terminoak kontzeptualki ez dira berdinak. Gauza bat da bakea eta beste bat normalizazioa. Herri honetan "bakea" egon daiteke baina normalizazio politikorik ez. Katalunian, esaterako,"bakea" dute baina normalizazio politikorik ez. Hemen ere "bakea" lortzeagatik ezin dugu ziurtatu normalizazio politikoa izango denik. PSOEk eta PPk terminoak erabili eta nahastu egiten dituzte. «Bakea" ez delako "normalizazio politikorik" ez dela, sinestarazi nahi digute. Kontzeptuak zehaztu beharra dago, normalizazio politikoa behar dugu, bakea lortuko bada.

Artean, ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko balizko harremanak hitzetik hortzera dabiltza. Zapaterok prozesu luze eta konplexua iragarri du.
Zapaterok «bake prozesua» aipatzen du. Alderdi sozialistak hori ere ez. Badirudi Zapaterok gehiago sinesten duela bake prozesuan PSOEk baino. Edonola ere, Zapatero bake prozesuaz ari da oraindik, ez normalizazio politikoaz. Zapaterok bere politika bake bidean garatu nahi duela dirudi, aukerak ikusten ditu antza. Bere alderdiak nonbait pentsatzen du Zapaterok oinarriak dituela esaten dituenak publikoki esateko. Hori baikorra da. Guk Zapaterok ETArekin hitz egin behar duela eta bake akordioa lortu behar duela diogu etengabe. Beraz, aurrera!

Patxi Lopezek ontzat jo ditu Zapateroren hitzak. Nola ikusten duzu PSE-EE?
Aukera historiko izugarri baten aurrean gaude eta PSEk berau baliatu behar du. Horren ardura handia duen alderdi honek arduragabekeriaz jokatzea onartezina litzateke. Baina, orain arte ez dut urrats sendoak ematen ikusi. Adibidez, Rodolfo Aresek esan berri du EHAK ETAren adar bat dela, legez kanpo uzteko zantzuak ikusten dituela. Alderdi sozialistako bozeramaleak hori esaten badu, zalantzak ditut, ez dut zertan baikorra izan.

Entzutegi Nazionalak nolako rola joka dezake gatazkaren ebazpenean?
Rol edo ardura izugarria dauka. Duela bi urte PPk egin zituen lege aldaketak indarrean daude. PSOE eta PSEren laguntza izan zuen eta orain aldaketa horiek beste politika bat egitea zailtzen dute. PSOEk eta Gobernuak Entzutegi Nazionalarekin zailtasunak dituzte. Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiaren presidentea frankista amorratua da: Francisco Hernando. Horiek hor daude, ez dira aldatu. PSOEk PPren politika aldatu nahi badu oztopo horiek gainditu beharko ditu. Hori da benetako apustua, bestela ez du politika berririk egingo.

Bestetik, alderdi politikoen arteko mahaia funtsezkotzat jotzen da.
Gobernuaren eta ETAren arteko harremana gauzatzea beharrezkoa da, baina arazoa politikoa denez, alderdi politikoek legitimitate osoa dute akordio politikoez hitz egiteko. Alderdien arteko mahaia beharrezkoa da. Guk aspaldi esan dugu zein diren baldintzak: ETAk su-etena eman behar du eta segidan herri honen hitza eta erabakia errespetatu behar dira.

"ETA bitarteko politikoak erabiliz garaitu behar dela...", esan duzu inoiz. ETAren garaia gaindituta bitarteko politikoek bermatuko al dituzte euskaldunon erabakiak?
Baietz uste dut. Gizarte mailako eztabaidetan pauso handiak ematen ari dira. Historiari begira, lehenik nazioak izan ziren, gero estatuak eta ondoren estatu-nazioak. Orain atzera, nazioak eta herriak gero eta indar gehiago hartzen ari dira. Prozesu horretan gaude. Euskaldunok badugu aukera gure nortasuna Europan finkatzeko, eta hori egiteko gai garela uste dut. Testuinguru horretan, ETAren biolentziaren erabilera lekuz eta garaiz kanpo dago. Baina ETAk defendatu dituen helburu politikoak ez dira zertan baztertu behar. Esaterako, Joseba Arregik lehengoan honela esan zuen: "ETAk defendatu duena nola onartuko du gizarteak orain?» Zergatik ez? ETAk defendatu duena gizarteari galdetzea dago, eta gehiengoak hori nahi badu, zergatik ezin da onartu? ETA politika eginez gainditu behar da. Ni ETAkoa izan nintzen, eta ez diet orduko nire helburu politikoei uko egin. Nigan aspaldi aldatu zena politika egiteko modua da, ez helburuak.


Hitzarmen Demokratikoa gauzatzen ari da, alderdi eta eragile politikoen artean lortu daitekeen akordioa. EB non kokatzen da honetan guztian?
Guk mintegi horretan eztabaidatzen ari denaren berri badugu, harreman onak ditugu. Zuzenean ez dugu parte hartu, baina zeharka bai. Hala ere, akordio hori lortzea ondo ikusten dugun arren, guretzat beharrezkoa da bertan alderdi guztiak egotea. Guk sindikatu eta eragile sozialekin sortutako mahaia ontzat jotzen dugu, baina ardura azken buruan alderdiena da, hauteskundeetan hautatuena, berauek dute legitimitatea.

Lizarra-Garaziko Akordioan parte hartu zenuten ordea.
Hura beste garai bat zen. Lizarra-Garaziko garaian ez zen egun Jaurlaritzan egiten ari den politika. Guk Jaurlaritzatik lan egin behar dugula uste dugu, baina ez ditugu gizarte ekimenak baztertzen. Elkarri-ren Eginoko Akordioan parte hartu dugu. Mahai zabalagoa da. PPko jendea dago, modu pertsonalean bada ere. Hitzarmen Demokratikoa ekimena ondo dago, baina EBn aldion alderdien arteko foroak hobetsi ditugu.

Bake eta normalizazio prozesuaren ondoren, galtzaile ateratzeko beldur ote zarete?
Lizarra-Garaziko Akordioaren porrotaren ondoren gu atera ginen kaltetuen. Arrisku hori beti dago. Guk ondorioez gogoeta egin behar dugu eta akordio hartatik hainbat ondorio atera genuen. Orain, bakea eta normalizazioa lortzen badugu, espazio politikoan mugimendua izango da, dudarik gabe. Orain dauden alderdi politiko guztiak ez dira egongo etorkizunean.

Ezker Batua egongo al da?
Bai, dudarik gabe. Guk Estatuaren eredu hau aldatu behar dela diogu, boterea kudeatzeko ereduak frankismoaren kutsu handia duelako. Autonomien Estatua gauzatu da baina azken hitza Madrilek dauka. Estatuaren botere eredua krisian dago, eta horregatik hemen akordioa behar du gizarteak eta Estatuak berak. Guk Atxikimendu Libreko Federakuntza eredua proposatzen dugu. Guk euskaldun bezala egon nahi dugu hemen. Ni euskaldun naiz, ez espainola. Herri hau egin behar dugu. Horrek ordea, ez du esan nahi ezin dugula herri kataluniar, galiziar, madrildar edota andaluziarrekin harremanik gauzatu. Estatu eredua aldatu behar dugu, baita hori egiteko Konstituzioa aldatu ere. Hori funtsezkoa da Estatuaren botere eredua aldatuko bada. EBk lehenbizi euskaldunon arteko erabakitzeko eskubidea lortu nahi du, ondoren Estatuarekin akordio berri bat egiteko. Hori lortzen badugu, dudarik gabe EBk espazio politikoa izango du etorkizunean.

Ainara Sarobe


12 urte igaro dira, Debabarren eskualdean, hainbat udalek Kirola Euskaraz ekimena martxan jarri zutenetik. Urte asko dira, baina Iñaki Ugarteburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendariaren hitzetan, «oraindik asko falta da egiteko».

Proiektuaren hasierako helburua euskarazko kirol materiala sortzea eta monitoreen euskarazko prestakuntza lortzea ziren. Bi helburu hauek beteak daudela esan daiteke gaur egun. Alde batetik, ia kirol guztien inguruko materiala kaleratu dute euskaraz. Guztira 26 karpeta sortu dituzte hainbat kirol materialekin. Liburuxka hauek Donostiako Kirol Etxean (943458357 telefonoan) eta Arrasateko kiroldegian (943771627 telefonoan) lortu daitezke.

Aurten, hirugarren adinekoentzako gimnasia ariketei buruzko eta uretako gimnasiaren inguruko liburuak kaleratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Iñaki Ugarteburuk dioenez, «hasieran eskola kiroletako monitoreei eman nahi genien materiala. Baina konturatu ginen beste kirol batzuetako monitoreekin lan egiteko (xakean adibidez) eskola esparrutik atera behar genuela». Euskarazko kirol material horiek liburu dendetan salduz ere zabaldu nahi izan zituzten, baina «helburua ez zen dirua irabaztea», Iñaki Ugarteburuk azaldu duenez, «prezioa jartzekotan eskuragarria izan zedin nahi genuen. Zabaltzen banatzailearekin saiakera egin genuen, baina irtenbide komertzial oso txikia zuen eta baztertu egin genuen bide hori».

Kirolei buruzko euskarazko materialgintza zen egiteko bat, eta bestea, monitoreen formakuntza. Sentsibilizazio kanpaina dezente egin dituztela azaldu digu Ugarteburuk: "Hala ere, arlo hau sortu berria den Euskal Kirol Eskolaren bidez lantzen da eta, beraz, formakuntza arautua bihurtu da».

Hau ikusita, programaren arduradunek beste helburu batzuk bilatu dituzte, beste behar batzuk ere sortuz joan direlako. Lehenik eta behin, kirol batzuetan, hasierako materiala kaleratu eta gero, bigarren material multzoa kaleratzea komenigarria dela uste dute, baina Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea (SHEE) bezalako ikasketek material hori eskaintzen dutenez, bigarren atal hori lantzearen egokitasunaz eztabaidatzen ari dira.

Beste helburu bat gaur egun informazio teknologiek ematen duten aukera baliatzea da. Hori dela-eta, euskaratutako material guztia web orrian eskegi nahi dute (www.gipuzkoa.net/kirolaeuskaraz) interesa dutenek kontsultatzeko aukera izan dezaten. Gabonetarako material hau guztia bertan eskegita izatea espero dute arduradunek.

Materialgintza, monitoreen prestaketa, Internet eta kirol federazioen esparruan ere aritu dira lanean. 10 urtez aritu da langile bat koordinazioan. Ugarteburuk azaldu duenez, «Federazioek beraiek, askotan, euskaraz lan egiteko zailtasunak zituzten eta beraz, batetik, itzulpen eta informazio zerbitzuak eskaintzen dizkiegu eta bestetik, bertako langileak euskaraz lan egiteko trebatzen aritu gara». Federazioak konturatu dira euskarazko zerbitzua eskaini beharra dutela. Izan ere, berriki onartu den dekretuak kirol federazioen dokumentu eta txostenak eleanitzak izatea behartzen du eta lan horretarako laguntza eskaini nahi diete Kirol Saileko arduradunek. Ugartebururen ustez, «orain arte federazioetan lan egin duten pertsonen jarrera konpromisozkoa izan da, borondatezkoa».


Erakundeen inplikazioa

Iñaki Ugartebururen aburuz, Kirola Euskaraz programak baditu ahuldade batzuk. Alde batetik, erakundeen konpromisoa ez da nahikoa izan, bere iritziz: «Horrek baliabideak behar baino gutxiago izatea ekarri du eta ondorioz, lan erritmoa moteltzen da, guk nahiko genukeena baino gehiago». Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiekin elkarlana bultzatzen saiatu diren arren, gaur egun, Gipuzkoan baino ez dago abian programa. Hala ere, «aurrera begira, beste bi erakundeekin ekimena berriro ere martxan jartzeko asmoa daukagu» dio Ugarteburuk.

Euskaraz argitaratu duten material hau guztia kirol irakasleek asko eskertu dute. Hala ere, materialak eguneroko lanean zenbaterainoko erabilera duen neurtzea ez da batere erraza. Ugarteburuk esan digunez, «alde batetik, errealitate oso desberdinak daude Gipuzkoako zonalde batzuetan eta besteetan. Bestetik, guk neurketa puntualak egiten ditugu, euskararen egoerari buruz batez ere, baina ez dugu arlo hori zehazki lantzen».

Kirola euskaraz bultzatzeko asmoz, ez dira ahaztu komunikabideek gai horrekiko duten garrantziaz: «Komunikabideek herri kirolez hitz egiten dute, eta askotan, gaztelaniaz egiten dute. Gure helburuetako bat herri kirolak behintzat, euskaraz eskain ditzaten da». ETBrekin saiatu dira zerbait egiten eta Ugartebururen iritziz, futbolarekin, saskibaloiarekin eta pilotarekin adibidez, lortu dute emisioak euskaraz egitea. Komunikabideek hizkuntza hedatzeko ematen duten aukera eraginkorra dela dio Ugarteburuk, batez ere telebistarena. Hemendik aurrera, telebistaz beste kirol batzuk ere euskaraz eskain daitezen lortu nahi dute eta prentsan, herri kirolak behintzat euskaraz azaltzea.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan