Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-10-02 -- 2009.zenb

Markel Olano

Aurtengo ekainaren 5eko Larrunen bake prozesua martxan jartzearen beharra adierazi nuen, Eusko Legebiltzarrean alderdion artean Atutxa auzia zela mokoka genbiltzan bitartean. Oporrak pasa ondoren erakustaldi tamalgarri hura agortu da, ematen duenez, eta garai honi definizioa eskaintzen dion kontzeptua "diskrezioa" da. Hala hobe.

Baina bake prozesuak ez du oraindik behar bezala aurrera egiten, eta, diskrezioaren irakurketa baikorra eginaz, isilpean jendea mugitzen ari dela sinetsirik, normalizazio politikoa helburu duen alderdi politikoz osaturiko mahai bat -edo mahai batzuk- sortzeko baldintzak aztertzeko unea dela iruditzen zait.

Lehendakariak ekainaren 22ko Legebiltzarreko bere hitzaldian ekarpen garrantzitsua egin zuen nire ustez:

- Alderdien arteko elkarrizketa-mahaia bideratzeko konpromisoa hartzen du.

- Bide horretan abiatzea errazago izan dadin, alderdi politikoei metodologia irekia eta malgua proposatuko die.

- Elkarrizketa prozesu erabakitzailea garatu baino lehenago, indar politikoen artean adostu behar genituzkeen printzipioen, edukien eta tresnen inguruan ekarpen bat egiten du.

- Horrez gain, Eusko Jaurlaritza bake eta normalizazio prozesuan eragile aktiboa izatea nahi luke, horretarako Normalizaziorako Kontseilu Politiko bat sortzeko proposamena egiten duelarik.

Ikusten den bezala, Ibarretxe lehendakariak Hegoaldeko Autonomia Erkidegoan normalizazio akordio zabala lortzeko apustu sendoa egin du, eta, noski, apustu horrek orain arte lortu diren adostasunak gainditzeko eta areagotzeko helburua du. Horrek ez du esan nahi, ordea, orain arte lortu diren adostasunak errespetatu behar ez direnik; horixe da, hain zuzen ere, 2004ko abenduaren 30ean Legebiltzarrean gehiengo osoz onartu zen Estatutu Politiko Berriaren proposamenaren kasua.

Lehendakariak dio, eta berekin Jaurlaritza babesten dugun hiru alderdiok, Estatutu Politiko Berriak "zume" garrantzitsuak dituela, normalizazio akordioa iristeko ezinbestean negoziatu behar diren oinarrizko hainbat kuestiori erantzuna eskaintzen dietenak.

Besteak beste, ondoko zume hauek proposatzen dira:

- Euskal Herria subjektu politikotzat aitortzea.

- Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen onespena.

- Euskal Herria egun antolatuta dagoen eremu juridiko-politikoetako herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko kontsultatuak izateko duten eskubidea errespetatzea.

- Lurraldetasunaren ikuspegitik, zazpi lurraldeek lurralde esparru komun batean biltzeko duten eskubidea onartzea.

- Atxikimen askea, negoziatzeko beharra eta giza eskubideen lehentasuna.

Egia da beste proposamenek ere zilegitasun osoa dutela, baina EAJ, EA eta EBren ikuspegitik aipatu ditugun osagaiak giltzarri izan daitezke normalizazio akordioa iristeko. Hauexek dira, behinik behin, elkarrizketa fase hau hastear dagoenean, debaterako egiten ditugun ekarpenak.

Baina ez dago ukatzerik, sintesi modura kontzeptu bat jorratzea egoki balitz, hori "gatazkarena" izango litzatekeela. Aukera historikoa baitaukagu -esaldia gastatu ez baldin bada behintzat- XIX. mende hasieratik -Cadizeko Gorteetatik hain zuzen ere- piztu zen euskal gatazkari konponbidea eskaintzeko. Garai hartan ezarri zen Espainiaren nazio subiranotasun zatiezina, eta gure herriaren ukapen bortitza.

Gure inguruko herrialde eta estatuekin elkarbizitza egokia antolatzeko aukera borobila daukagu, eta hori euskal herritarrok geure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidean oinarrituaz gertatuko da. Globalizazioa hedatuz doan neurrian geroz eta elkarlotuago izango gara beste hainbat eta hainbat errealitate politiko, ekonomiko eta kulturalekin, baina elkarbizitza hori guk erabaki dugulako gauzatuko da, eta bestela ez da elkarbizitza izango, zapalketa baizik. Ibarretxe lehendakariak Zapatero presidenteari esan zion bezala, "elkarrekin bizitzea erabakitzeko ahalmena izan behar dugu".

Josemari Velez De Mendizabal


Ez dakit asmatu dudan tituluarekin ala ondoko lerroen buruari ez ote zitzaion hobeto "Bush ergelaren begirada" etorriko. Dena den, ondo pentsatuta, berdin diola uste dut, batak zein besteak egoki mugatzen baitute esan nahi dudana. Amerikako Estatu Batuen hegoaldea indar osoz astindu duen Katrina urakanak utzitako ondorioen gain ari naiz.

Urakana berea egiten ari zen egun haietan Arthur Koestler-ek iragan mendeko hirugarren hamarkadan idatzitako Zero eta infinitua liburuan honela irakurri nuen: "Neanderthala lur azalera ageri zenean tximinoek barre egingo zuten, nonbait. Tximinoak, zibilizatuak oso, adarrez adar zebiltzan bitartean Neanderthaleko gizakia baldarra zen eta lurrerantz makurtuta. Tximinoak, bakezaleak eurak, berritsukeria errefinatuko giroan bizi ziren; Neanderthala, aldiz, mundutik zehar urrats astunekin zebilen, bere inguruan makilakada izugarriak errepartitzen. Ironikoak, tximinoek txantxa egiten zuten haien bizkar eta arbolaren gainetik intxaurrak jaurtikitzen zizkieten. Beste batzuetan ikaratu egiten ziren, eurek garbi eta osasuntsu landare eta fruituak jaten zituzten bitartean gizakiek haragi gordina irensten baitzuten eta kidekoak hiltzeraino hel zitezkeen. Neanderthalak arbolak lurreratzen zituen, harkaitzak aldatzen zituen haien betiko tokitik eta oihaneko legea hausten zuen. Tximinoen iritziz, Neanderthala historian atzerapausoa zen". Hitz horiek Miguel Unamunorenak gogorarazi zizkidaten: "Tximino antropoide batek seme gaixo bat izan zuen. Animalien eta zoologiaren aldetik zeharo gaixoa zen seme hura..."

Katrinaren arrastoari begira, tonto aurpegia jarri zitzaion lehen unean Bushi eta "Niri hau? Ez al zuen, bada, God bless Amerika?" bere buruari ziotsola zirudien. Kazetariei zuzeneko elkarrizketetan erantzuten zienean patetikoa zen presidentearen musua. Aitzakia eta zurikeria guztiak baztertuta, Michael Moorek bere web orrian Bushi eskainitako eskutitz irekian, besteak beste, helikopteroak non zeuden galdetzen zion, ironikoki.

Berriz ere naturak bere mailan jarri gaitu gizakiok. Eta ez dago bueltarik. Iazko abenduko tsunamiak gehienbat txiroak hil zituen, lurralde behartsuetan. Katrinak munduko estaturik boteretsuenean deskargatu zuen bere indarra eta askok egin dute antzerako galdera txikia: nola da posible? Baina, otoi, inork uste al du izadia baino gehiago garela? Lurrak, gu gizakiok gabe, milioika urtez iraun du bizirik eta osasuntsu. Gurekin, aldiz, arriskuan dago oreka. Ni ez nago ados, estatubatuar agintariek hondamendi honetan azaldutako jarrera arrazakeriari leporatu behar zaiola diotenekin. Ez dira naturaren haserre birrintzaileko ondorioei garaiz aurre egiteko gai izan, eta kito! Gizakiok jainko izatera jolasten ari gara aspalditik naturaren aurrean. Eta jolas horrek itsuarazi gaitu, zeharo. Eta galduarazi.

Naturak erakutsi digu, garbi gainera, gizakion botere eta gurari aseezin guztien gainetik dabilela. Gu -oraingo bizidun adimentsu bide garenok- lur azaletik desager gintezke, gure planeta hiltzeraino eraman baikenezake, baina zenbait mila urte barru lurra bere koordenada naturaletara itzuliko litzateke. Giro berrian gizakiak beranduago agertuko lirateke -agian, bospasei milioi urtera- baina (ziur nago) kide berriak gaur bezain adimentsuak balira aurki desordenatuko lukete ordena naturala. Eta ziklo berriari ekingo litzaioke.

Aipuekin jarraituz, amai dezadan Ali Baba eta berrogei lapurrak ipuineko azken berbekin, pixka bat egokituta zirkunstantzia hauetara: "Bizitzarik alaien eta itsuenean bizi izan ziren, goxotasun guztien birrintzaile, jendetzen bereizle, jauregien ezabatzaile eta hilobien eraikitzaileak bisita egin zien arte".

Arantxa Urbe

Timitar hitzak zeinua esan nahi du tamazighera-z. Hizkera hori da hain zuzen ere Amazigh herriaren hizkuntza, eta tifinagh bere idazkera; egun, Tuareg-ek bakarrik gordetzen dutena.

Timitar musika jaialdia uztailaren 2tik 9ra egin zen Agadiren, Marokon. Bertan, zortzi egunez, amazigh, marokoar eta munduko beste hainbat herrialdetako musika talde aritu ziren: guztira 47 talde, Euskal Herria barne, Kepa Junkerak ordezkaturik.

Timitar bertatik bertara ezagutzeko aukera izan nuen, adiskide on batek emandako aukerari esker. Eta han ikusi eta entzun nituenak zer pentsatua franko eman didate.

Zer dakigu Afrikari buruz? Jende gehienak komunikabideek kontatzen digutena, soilik. Eta komunikabideek Afrikari buruz gerra, HIESA, gosea, izurriteak, lehorteak, bizitza hobeago baten itxaropenaren itsasoan itotzen diren paterak erakusten dizkigute. Antza, Afrikan ez da ezer gehiago gertatzen; ez gauza onik, behintzat.

Amazigh herriari buruz ez dira jardun ere egiten. Atera kontuak, beraz, komunikabideetan agertzen ez dena ez bada existitu ere egiten!

Lurralderik ez duen Afrika iparraldeko etnia zaharra da. Marokon, populazioaren %30 osatzen dute. Agadir dute hiriburutzat, biztanleen gehiengoa amazigh baita.

Zenbait ikerlari aztertzen ari dira euskaldunon eta amazighen arteko antzekotasunak, euskarak eta tamazigherak kideko zenbait hitz baitauzkate, beste mailako hainbat parekotasunez gain. Erromatarrek berbere izendatu zituzten, barbaroak esan nahi du. Eta horra hor beste berdintasuna: euskaldunoi Pirinioen alde banatan kanta eta dantza egiten duten barbaroak lez izendatu baikintuzten!

Hari askotatik tira egin geniezaioke gaiari. Baina bati tira egin nahi nioke bereziki.

Musika asko eta oso ezberdina entzun ahal izan nuen Timitar jaialdian; entzuleak hunkiarazten zituen amazigh musika, tradizionala eta joera berrietara egokitua; Afrikako beste herrialdeetakoa eta munduko hainbat lekutakoa; amazigh gazteak ikusi nituen Hip-Hopa egiten txilabaz jantzirik.

Eta otu zitzaidan gazte haien eta musikari haien ahaleginak ez direla Euskal Herrian edo Europako beste edozein herrialdetan egiten direnetatik hain desberdinak. Beraz, sorkuntza baldin badago, taldeak baldin badaude eta bitarteko teknikoak baldin badituzte, zergatik ezagutzen ditugu hain gutxi?

Musikak gero eta presentzia handiagoa du gure bizitzan. Baina zein motako musika entzuten edota kontsumitzen dugu? Anglosaxoniarrez eta gazteleraz egiten dena -espainola, hegoamerikarraā- batik bat, eta nagusiki. Norbaitek lauzpabost musikari anglosaxoi edo espainol izendatzeko eskatuko baligu, zailtasun handiegirik gabe egingo genuke. Baina gai ote ginateke afrikarrak izendatzeko, adibidez?

Laburbilduz, komunikabideak gure hezitzaile garrantzitsu bilakatu dira. Eta horrek, askotan esaten didazun hori ekarri dit gogora: gu, gehienetan, EITB irratiarekin komunikatzen gara; kilometroak egitea egokitzen denean, batik bat. Denbora-pasa kalkuluak egiten aritzen zara: "seitik bat euskalduna" ondorioztatu zenuen lehengoan, "eta gainerakoak ingelesez edo gazteleraz, badirudi munduan ez dagoela beste musikarik!", gaineratu zenuen.

Orain esan diezazuket baietz, badagoela; eta kalitatekoa, gainera.

Hauxe da gure errealitatea, EITBko salbuespen aipagarri gutxi batzuk salbu. Eta hortik hezten ari gara, eta horra begira ipini gaituzte, munduaren herri gehiengoak gure bizkar, ahaztuta, uzten ditugun bitartean: globalizazioaren izenean, munduko zeinu gehienak ezabatuz goazelarik.

Benetan ohartzen ote gara galtzen ari garen aberastasunaz?

Gari Berasaluze

Berezia da benetan bi pertsonak elkar ezagutzeko bizitzak eta munduak zenbat buelta eman behar duten ikustea. Antzeko zerbait sentitu dut uda honetan, baina ez pertsona zehatz batekin, kontu eta liburu batekin baizik.

Azken Portuko jaien eta kontuen inguruko blog batean bueltaka, komentarioen atalean, norberaren herria ezagutzeaz ari ginela, artean ezezaguna genuen norbaitek Meatzaldeko Harrizulatzaileen Elkartea aipatu zuen, eta harrizulatzaileei buruzko kontuak ezagutze aldera esteka bat jarri zuen. Bertara joan, eta informazio zabala eta ezezaguna aurkitu genuen artikulu batean. Lehenago inoiz ez nuen entzun harrizulatzaileak zirenik ere, eta are gutxiago lan gogor hura herri kirol bihurtu eta erakustaldiak eta txapelketak egiten zituztenik, duela mende bateko ohiturari helduta. Artikulua irakurrita, eta blogeko komentarioen hariari tiraka, azkenean, Meatzaldeko Harrizulatzaileen ahalegin eta borondateari esker, abuztuan Azken Portuko jaietan Galdames eta Jaizubiako harrizulatzaileen arteko norgehiagoka ikusi ahal izan genuen. Ikuskizunak aho zabalik utzi zituen erakustaldia ikustera bildutako ehunka lagunak. Saioa amaitzean, harrizulatzaileetako batek liburu bat eman zidan, blogaren bidez ezagutu genuen lagunak oparitutakoa, eskaintza batekin, bere herria eta era berean baita nirea ere hobeto ezagutu nezan.

Vicente Blasco Ibaņez idazle eta pentsalari errepublikarraren El intruso zen liburua. Blasco Ibaņez ezagutzen banuen ere, ez nuen inoiz haren libururik irakurri. Liburuaren testuingurua eta bertan kontatzen den historiaren berri izanda, ordea, Azken Portuko jaiak igaro eta ahal izan bezain laster ekin nion irakurketari. Berehala ohartu nintzen altxorra zela hura. Lehen aldiz 1904an argitaratu zen El intruso eleberriaren haria, garai hartako Meatzaldeko bizimodu gogorra da. Mende hasieran plazaratutako liburua, guretzat hain ezagunak diren Txomin Agirreren Garoa eta Kresala lanen garaikidea da, bada. Ikuspuntua, ordea, beste muturrekoa. Batean herri eta paisaia idilikoak ageri diren bitartean, bestean, meatzeetan esklaboen moduan bizi eta hil ziren milaka eta milaka lagunen bizimodua ageri da, gordin bezain zehatz.

Liburua irakurtzen hasi, eta ezin nuen ulertu zergatik ezkutatu zaigun horrelako testigantza. Eta "ezkutatu" diot, horrela, lehen orrietatik ohartu bainintzen ez zela kasualitatea bizitza erdia liburu artean eman arren horrelako lan bat ez ezagutzea. Liburuan aurrera egin ahala ohartu nintzen zergatik. Orain ikasi dut nola sortu zen Bizkaian burdinaren inguruko industria, nola garatu zen Ezkerraldea, nola aberastu ziren asko eta asko, beste dozenaka mila lagun arratoien modura eduki eta zapaltzearen kontura. Benetako errealitate gordin eta basatia, 1936ko gerrak baino askoz hildako gehiago eragin zituena.

Hori guztia, gainera, hein handi batean, kristautasunaren izenean, diruak eta josulagunek bat eginda zuten botere izugarriaren babesean gertatu zen, politika kontuak ere zipriztinduz. Loiolatarren itzalak milaka hildako eragin zituen, eta hori ere primeran islatzen du El intruso liburuak. Uda honetan ezagutu eta irakurri dut, eta eleberri bezala biribila iruditu ez bazait ere, islatzen duen garaia, giroa eta bizimodua arrotzak zitzaizkidan zeharo. Irakurritakoak irakurrita, ordea, ez naiz batere harritzen hau guztia ezkutatu izana zenbait belaunaldiri. Eskuak ez ezik, leporaino odolez zikinduta behar dute herri honetan askok eta askok, zapata dotore, korbata eta alkandora ederki lisatuekin ondo disimulatu arren. Txomin Agirrek eta beste askok beste aldera begiratzen zuten. Lotsatuta segur aski. Edota lotsarik gabe. Auskalo. Baina lortu dute kontu hauek guztiak arrotzak izatea gaur egun ere gurean. Hain arrotzak, eleberri zehatzak ez ezik, oraindik, beste asko bezain gureak ditugun herri kirolak hedabideetan ia ezkutatzeraino. Horregatik bakarrik, isiltasunaren harriak zulatzen ahaleginduko gara.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan