Euskara babesteko eta bultzatzeko eskatu du Europako Kontseiluak
Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna 1992an sinatu zuen Espainiako Gobernuak eta 2001ean berretsi. Lehenengo aldiz, Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak euskararen egoerari buruzko azterketa egin du, eta ondorioak eta gomendioak argitaratu berri ditu. Gomendioak guztientzat dira: Espainiako Gobernuarentzat, Nafarroakoarentzat, Eusko Jaurlaritzarentzat, foru aldundi eta udalentzat. Nafarroa eta EAE aipatzean, justizia arloa, administrazioa, zerbitzu publikoak eta hedabideak aipatu ditu. EAEri dagokionez, hezkuntzaren alorrean, Lanbide Heziketa euskaraz egiteko aukera eta D ereduan ikasteko aukera bermatzea gomendatu ditu. Nafarroan berriz, eremu mistoan euskarari eremu euskaldunean adinako babesa ematea eskatu du. Euskalerria Irratiaren egoera hiru aldiz aipatzen da Europako Batzordearen txostenean. Miguel Sanz Nafarroako presidenteak eman du txostenari buruzko iritzia: txostenak berresten omen du Nafarroako Gobernuaren politika eta bide beretik jarraituko omen dute.
Euskaltzaindiaren omenaldia Txillardegiri
Nerekin yaio nun: Txillardegiri omenaldia izena du Euskaltzaindiak Txillardegiren omenez aurkeztutako liburuak. Henrike Knörr Euskaltzaindiako Iker sailburuak eta Pilartxo Etxeberria EHUko irakasleak prestatu dute liburua. Txillardegiren bibliografia hautatua eta hizkuntza, literatura eta historiari buruzko 31 lagunek idatzitako lanak bildu dituzte liburuan.
Ana Toledo Juan San Martinen balizko ordezkoeuskal
Juan San Martin euskaltzain zenaren ordezko gisa hautagai bakarra aurkeztu dute. Ana Toledo antzuolarra Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia eta Jean Haritchelarrek proposatu dute. Urriko osoko bilkuran egingo dute bozketa eta nagusitasun osoa lortzen badu euskaltzain berria izango da. Ana Toledo 1996az geroztik euskaltzain urgazlea da eta maiatzetik Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria. Bestalde, uztailean hil zen Patxi Ondarraren tokia betetzeko, urrian eta azaroan aurkeztu ahal izango dituzte hautagaiak euskaltzainek. Ordezkoa abenduan aukeratuko dute.
Joxe Mari Aranalde hil da
Irailaren 24an hil zen Joxe Mari Aranalde gaztelutarra (Gipuzkoa). Apaiza, Donostiako Santo Tomas Lizeoko irakaslea, bertsozalea, idazlea eta euskaltzain urgazlea zen. Bertso asko idatzi zuen, gai jartzaile aritu zen urtetan eta Orixe bertsolari leihaketako antolatzaile zen. Fernando Aire «Xalbador» miresten zuen eta baita berari buruz Auspoa bilduman idatzi ere (Xalbador (1996), Xalbador pertsularia (1996) eta Xalbadorren barrua (2001).
Daniel Udalaitz
Daniel Udalaitz
Mondragón Corporación Cooperativa (MCC) taldea joan den mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan Gipuzkoako Leintz bailaran sortu ziren euskal enpresa kooperatiboen burua da. Talde bezala, dena dela, geroago eratua da: laurogeiko hamarkadan, hain zuzen. Sortu zenez geroztik, Arrasaten izan ditu beti egoitza soziala eta zuzendaritza. MCCren enpresa-egitura hiru talde handitan eratua dago: finantzarioan, industrialean eta banaketakoan. Hirurek beregain funtzionatzen dute, estrategia bateratuaren barruan. Talde finantzarioak Euskadiko Kutxa banku-negozioa eta aurreikuspen sozialeko Lagun Aro erakundeari atxikitako jarduna hartzen ditu. Talde industrialak produkzioko kooperatiben jarduna biltzen du, zein, aldi berean, sektoreka taldekatuak baitaude, Fagor lider dela. Banaketako taldean, banaketarekin eta elikagaiekin zerikusia duten jarduerak daude, eta Eroski kooperatiba da burua. Duela urte batzuez geroztik, MCCk aurre egin dio globalizazioari, eta, gaur egun, munduko hainbat lekutan dauzka plantak edota komertzializatzeko lantegiak; Txinan ere bai. 2004. urtean, 70.000 lagun inguruko plantilla izatera heldu zen.
PSE-EEren urria bukaerako kongresuaren zain dago klase politikoa, han ere nolabaiteko keinuak ikus daitezkeelakoan. Miguel Buen Gipuzkoako idazkari nagusiak proposamen zehatza egin du eta eztabaidarako onartu du alderdi sozialistak, honakoa funtsean: euskal alderdiek adosten dutena, onar dezala Espainiako Gobernuak. PSE-EEko buruzagi askok onartuko luketela aipatu dute sarri. Hala ere, aho biko labana da proposamena, batetik bertako erabaki ahalmenari erreferentzia egiten badio, bestetik gehiengoarekiko beto eskubidea ere azpimarratzen du. Zer gertatzen da, esate baterako, PP eta PSE, edo hauetako bat, gainerako guztien akordio baten aurka agertzen badira? Hala ere, Buenen proposamena onartu egingo da seguruenik eta klase politikoan aurrerapauso semantikotzat joko da.