Jakoba Errekondo
Pozoituak ibili dira urak Donostia parean... Haizearen aztiak ur-axalak harrotu eta hala moduzko uberak ikusi dira Donostiako ditxosozko estropaden azken egun honetan. Bart goizaldera ostaza haziak emango zizkion baten batek itsasoari.
Ostaza edo apo-belarra edo apo-lilia (Verbascum thapsus) urak pozondu eta arrainak errazago arrantzatzeko erabili izan da. Lan iktiotoxiko honetarako makina bat landare erabili izan da eta badarabilte gaur egun ere: Mediterraneo aldean torbiskoa (Daphne gnidium) eta esne-belarrak (Euphorbia sp.) ûtartean aparteko aipamena mereziko duen tartikuaû, Guyanako indioek Hariari sonatua eta Tephrosia, Kolonbian Phyllanthus mexiae eta abar.
Ostazak aza edo hosto multzoa lurrean zabaltzen du. Verbascum izenak "barbascum" (bizar) omen du jatorri eta hostoa babes-estaltzen duen errauts-ilaun koloreko ilazki trinkoa arrazoi. Hosto hauen erdian bi metroraino irits daitekeen gara sendoa tontortzen du. Hau lore hori biziz janzten da.
Ostaza ortziaren aza ote da? Garai batean aztiek bere gara aginte-zigor gisa dantzatuz espiritu txarretatik babestu eta onei deitzeko erabiltzen zuten. Gara bera kriseiluen mukitarako ere jarri izan da. Asma, bronkitisa, tisia... apalduz arnasa hobetzen du loreen urak; ur honexek zimari distira horia eransten dio. Zainen ehokinak uzkiko zuringodolen mina baretzen du eta, esan bezala, hazi pozoitsua arrantzaleen zorroan dabil. Intsektuak akabatzen dituen rotenoideak dituenez, ostaza osoa beratzen izan duen ura landareak bustitzeko oso ona da.
Urak pozoitzen, arraunlarien ipurdia eta tosta arteko borroka goxatzen eta arnasa luzatzen, ontzi-buru azti-usteen kriseilu eta zigor, horiz tindatutako kalparretan, arerio intsektu alaenak uxatzen... Donostiako estropadan izan da bai ostaza!
Jabier Agirre
Gorputzak bere tenperatura kontrolatzeko gaitasuna galdu, eta pilatutako beroa uxatu edo desagerrarazteko kapaz ez denean gertatzen da bero-kolpea edo "intsolazioa". Egoera hori tenperatura oso altuen eraginez edo giro oso beroetan jarduera fisikoak egitearen ondorioz agertzen da. Ohizko sintomak zorabioak, ahultasun-sentsazioa, hotzikarak (gezurra dirudien arren), zurbiltasuna eta goragaleak izaten dira.
Bero-kolpea jasateko arrisku gehien dutenak adineko pertsonak, umeak, lehendik bihotzetik gaixo daudenak eta eguzkitan lan fisikoak egiten dituztenak izaten dira. Eta ez da ahaztu behar zenbait kasutan heriotza ere ekar dezakeela, berehala neurri egokiak hartu ezean. Lehenengo sintomak sumatu bezain laster, berehala hidratatu beharra dago, bere gorputzeko tenperatura urarekin jaisten saiatuz eta leku freskoan jarriz. Akidura-sintomak baldin badauzka, ospitalera eraman beharko dugu, ahalik eta bizkorren.
Bero-kolpearen kontrako aholku batzuk emango ditut ondoren, baina guztien gainetik, aholkurik onena zentzua erabiltzea da:
- Bero eta hezetasunik handieneko orduetan, ez egin ariketa fisikorik, behar bezalako entrenamendurik ez baduzu. Eta, nola ez, arreta bereziarekin jokatu farmako edo botikak hartzen badituzu.
- Kontuz eguzkitan denbora luzean egon behar baduzu: eramazu arropa arina eta lasaia, zuntz naturalekoa. Zuntz artifizialek lurrinketa (transpirazioa) eragozten dute.
- Edan likido ugari, izerdia eragiteko -baldin eta horretarako kontraindikazio medikorik ez baduzu-.
- Komeni da ur ez oso hotzarekin freskatzea (bainuak edo dutxak), egunean hainbat aldiz, orduan eta hobeto.
- Gaixotasunen bat dela medio ohean dauden pertsonentzat, airearen zirkulazioa erraztu behar da gelan -haizagailuak, airea girotzeko sistemak-, eta etengabe urarekin freskatu.
- Bero handia egiten duen egunetan, alkohola edo estimulatzaileak kontsumitzea oso kaltegarria izan daiteke.
Joxerra Aizpurua
Metanoak uste baino eragin handiagoa du eguraldi-aldaketan
Azken urteotan eguraldi-aldaketa dela eta ez dela, ikerlari asko dabil gizakiak isuritako gasen eraginen peskizan. Ikerketa-lan ugari ari dira argitara ematen aldizkari espezializatuetan eta interesgarrien deritzogunen berri emango dugu.
NASAren Goddard Institutuko klimatologoa den Drew Shindell-ek metano-isuriak aztertu ditu eta oso gutxitan entzun dugun datua eman du, alegia gasak atmosferan beharrean lurrazalean aztertzea komeni dela. Gas-molekulak oso erraz nahasten dira beste batzuekin eta ondorioz beren propietate eta ezaugarriak aldatu egiten dira; hau dela eta, gasak lurrazalean aztertu dituzte eta ez atmosferan.
Atmosferara isurtzen diren gasen artean ozonoa eta metanoa dira erreaktiboenak, hau da, aipatu gasek joera handia dute airean topatzen duten gasekin erreakzionatzeko. Berotegi-gasen artean garrantzitsuenak karbono dioxidoa, oxido nitrosoa, metanoa eta halokarburuak dira.
Egoera horretan egindako ikerketen arabera, metanoaren eragina berotegi-efektuan berotegi osoaren herena dela kalkulatu da, orain arte uste zenaren bikoitza. Datu honi metanoa atmosferan beste substantzia batekin nahastean sortzen diren konposatuen eragina gehitu beharko litzaioke, baina hori beste ikerketa batzuetatik neurtu beharko da.
Espora jaurtitzen azkarrena den onddoa
Michigan unibertsitateko Frances Trail eta Iffa Gaffoor eta Duke unibertsitateko Steven Vogel-ek elkarrekin egindako azterketa baten arabera Gibberella zeae onddoak bere esporak askatzean grabitate-indarra baino 870.000 aldiz azelerazio handiagoarekin ateratzen dira.
Datu honek ez ditu nekazariak larritu behar, zeren eta esporek egiten duten ibilbidea bost milimetrokoa baino ez da.
Orain arteko errekorra Pilobolus deituriko onddoak zuen, baina 100 aldiz azelerazio txikiagoa zuen eta bitxikeria gisa aipa dezakegu eskopeta batek bala tiro egitean dagoen azelerazioa Gibberella zeae-rena baino hamar aldiz txikiagoa dela.
Ikerlarien helburua ez zen aipatu errekorra lortzea, onddoen jaurtiketa edo desarra sistema ulertzea baizik, kontutan hartu behar baita gorputz bat zenbat eta txikiagoa izan aireak sortzen duen frikzio-indarra gero eta handiagoa dela; hortaz, gorputz bat zenbat eta txikiagoa izan gero eta azelerazio handiagoa behar du esporen dispertsio "duin" bat lortu ahal izateko.
Ikerketak egiteko esporentzako "tiro-galeria" antolatu zuten eta bertan ikusi zuten esporak dauden edukinontzietan sabiak sortzen duela behar adina presioa gerora desarra egin ahal izateko. Desarra-sistema hau ulertzeak etorkizunean aplikazio espazialak eta medikoak sortzeko aukerak emango ditu.