Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-09-25 -- 2008.zenb

Oier Araolaza

Honek ez dauka neurririk. Oraintxe bertan jaso dut eskaera gure herriko udaletik. Herri malkartsua da gurea, mendiari lapurtutako aldapetan bizi gara, eta orain Corte Inglesean bezala ibiltzen gara gora eta behera, eskailera mekanikoetan. Asteburuan eskailera mekanikoen zati berri bat irekiko dute eta inaugurazio ekitaldian aurreskua egiteko eskaera egin digute. Beste bat. Dagoeneko dozena erdi eskailera mekaniko inauguratu ditugu beste horrenbeste aurreskurekin. Ezin duzue imajinatu zein tentel senti daitekeen bat eskailera batzuei begira dantzan ari dela.

Ezetz esan genezake noski. Saiatu gaitezke eskailera mekaniko batzuei dantza egitearen absurdua azaltzen. Baina ulertuko al dute? Izan ere, edozein toki eta baldintzatan, edozein ospakizun, protokolo, inaugurazio eta xelebrekeriatan aurreskua ikustera ohitu gara, eta orain, "zertara datoz hauek beren eskrupuluekin?". Omenaldiak, agintariei harrerak, eraikinen inaugurazioak, presoen etorrerak, ezteiak, sari-emateak, errepide eta errotonden irekitzeakà Nire lagun Enrikek esaten du itzal handiko omendu baten aurrean dantza egitea dantzariarentzat berarentzat izaten dela ohore. Baina horrelakoak gutxi izaten dira. Oso gutxi. Eta bestelakoak gehiegi.

Edozer eta dena loratzen da gaur ditxosozko aurreskuarekin. Aurreskuaren booma bizi dugu. Aurreskuaren inguruan dagoen nahasmenak ere ez du asko laguntzen. Soka-dantzak izendatzeko erabili izan da aurreskua batzuetan. Soka-dantzaren buru egiten duena, alegia, lehen dantzaria, aurreskua edo aurreskularia da ere. Gaur egun edozein funtzio publikotan dantzari bakar batek egiten duen dantza da aurreskua gehienentzat.

Soka-dantzatik kanpo dantza hori bestelako funtzioetan eskaintzeko ohitura ez dirudi oso zaharra denik. XIX. mende bukaeran aurreskulari txapelketen bidez hasi zen ezagutarazten aurreskua sokatik kanpo, baina XX. mendearen bigarren erdian hasiko da protokolo funtzioetarako zabaltzen. Azken hamarkadetako aurresku inflazioak dantzariak egoera xelebreenetan jartzeaz gain erabat debaluatu du dantza bera.

Ezkongaiek ezteiak gogoangarriak izateko baldintzen artean jarri dute aurreskua: soinekoa polita izan dadila, bazkari ederra eta aurresku hunkigarria. Koadrilako lehenengoak ezkontzeko asmoa agertu eta berehala poz-pozik etorri zitzaidan: "Aurreskua egingo didak ezta?". Purrustada prest neukan, "Ni dantzan ikustera inoiz ez haizenez etorri, pentsatu diat ez haizela oso dantza zalea izango, eta beraz, ez haut nire dantza kontuekin aspertu nahi hire bizitzako egunik pozgarrienean". Ez zuen ezer ulertu noski. "Primeran! Osaba bat txistularia izandakoa duk. Idoia izugarri poztuko duk".

Eraikin, errepide edo errotonda baten inaugurazioan, porlan tona batzuen aurrean jarri eta dantza egitea baino gauza ergelagorik nekez bururatzen zait. Ba horrelako makina bat eginda gaude. Erakundeetako ordezkariak ere beti prest ditugu aurreskua "jasotzeko". Inaugurazio-zinta prestatu eta ez dira ba politikari eta enpresariak zintaren aurrean jartzen aurreskuarekin "ohoratuak izateko" prest? Baina zer meritu dute horiek egunero zazpi aurresku jasotzeko? Gure diruak kudeatzeko hautatzen ditugu, ez beren buruaren gurtze-ekitaldiak antolatzeko.

Eta asteburuan eskailera mekanikoen zazpigarren faseaà Ulertuko al du udaleko ordezkariak aurreskuaren kontzientzia-eragozle naizela esaten badiot?

Iñaki Martinez De Luna

Oporrak Yemen-en igaro izanak ez du zilegitasun nahikorik ematen herrialde horretaz iritzi sendorik botatzeko; bai ordea bidaia horrek eskainitako bizipenak eta eragindako gogoetak hemen azaltzeko. Goazen horietako batzuk hurrengo lerroetan poliki-poliki aletzera.

Ezjakintasuna eta uste ustelak. Opor-bidaiaren abiapuntua herrialde horretaz ezer gutxi jakitea zen. Hasteko, herrialde horren altxorrak zeharo ezezagunak zitzaizkidan: besteak beste, Sana´a hiriburuaren edertasuna eta basamortuko Manhattan deitua izan den Shiban-eko mirakulu arkitektonikoa -pezoez edo adreilu gordinez eginiko garaiak-; soberan dago justifikatuta Unescok bi hiriok humanitatearen ondare izendatu izana. Horrezaz gain, Yemen-go balio paisajistikoa ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, basamortu, kostalde edo mendialdeko parajeak benetan ikusgarriak baitira.

Aitortutako gabezia kulturalaren harira, nire historia-ezjakintasuna ere ageri-agerian gelditu zen. Ez nuen ideiarik, adibidez, Jesukristo aurreko milenioan herrialde horietako lurrak intsentsuaren ibilbideak zeharkatu zituenik edo Saba erresuma entzutetsua bertan kokatzen zenik -nork ez du Sabako erregina ezagutzen, zinemaren bitartez bada ere?-.

Hala ere, nire burua zuritzeko edo, esango dut informazio okerra edo faltsua askotan kezkagarriagoa izaten dela ezjakintasuna baino. Adibidez, herrialde arabiarrez AEBek eta beste enparauek ematen diguten informazio ustelak uste oso okerrak sortarazten dizkigu. Alegia, askotan erlijioa eta osagai etnikoak nahastuz, islamaren jarraitzaileak edo jatorri arabiarreko gizakiak gaizkile eta susmagarri itxurapean azaldu ohi dizkiguten arren, errealitatea oso bestelakoa da; baita Yemengoa ere.

Herrialde horietako bisitariek etsaiak eta herritar mehatxagarriak aurkitu partez, giro atsegin eta bihotz oneko jende ezin atseginagoarekin egin dute topo. Esaterako, eta mendebaldean uste dugunaren kontra, Yemengo musulman konbentzituek infidelak tolerantzia osoz hartzen dituzte eta, are gehiago, adiskidetasunez ere bai. Mendebaldeko leku gutxitan adieraziko diote turistari horren harrera bero eta tratu atsegina.

Leiho bat beste munduari. Ekialdeko bizimodu arabiar horri begirada arretatsua botatzeko aukera eman digu bidaiak, kulturalki oso urruti gelditzen zaigun beste kultura aberats eta sendo baten hainbat ezaugarri propio agerian utziz. Funtsezkoena erlijioarena dugu: islamaren aginduak eta erritualak zintzo-zintzo betetzen dituzte herritar gehienek, jardun horretan atxikimendu gartsua adieraziz; benetan hunkigarria zen ostiraleko errezoetan gizonezkoek erakusten zuten debozioa; baita kale gorrian ere. Beste kultur balio unibertsal bat musikarena da; Yemenen jendeak entzun ohi duen musika, pop-a izan nahiz folka izan, gehien-gehienetan arabiarra da (Aljeria, Libano, Egiptokoa...); hau da, kutsu mendebaldarrik gabeko musika-eremu propioa dute.

Kultura aberats, sendo eta ezberdin horrek beste adierazgarri bitxi edota -guretzat- ulertezin asko baditu: emakumeak goitik-behera estalita joan beharra; Kalashnikov fusil sobietarra lepotik zintzilik paseoan lasaitasun osoz ibiltzea; cat landare estimulantearen kontsumo hedatua...

Kulturen arteko talka. Halako bidaiek beste gai sakonago batzuei ere erreparatzeko parada ematen digutela, dudarik ez izan. Adibidez, kultura mendebaldarraren eta arabiarraren arteko arrakala gaindi ezina dugu; neurri handian egungo gatazka larri baten ardatza dena. AEBek gidatzen duten globalizazio merkantilistaren eta mundu arabiarraren berariazko parametro soziokulturalen arteko talkaren sorburua. Edo, Isidoro Morenoren hitzak baliatuz, "el choque de las lógicas culturales que rigen los diversos proyectos societarios, incompatibles entre sí, cuando la lógica mercantil pretende imponerse como única a escala mundialà"

Halako egoerak hobeto ulertzeko ikuspuntu berri bat aldarrikatzen du egile horrek: glocalización delakoa; ikuspuntu globala eta lokala biltzen dituena, hain zuzen. Morenok dioskunez, egungo munduan ez da bakarrik sistema ekonomiko, politiko eta eredu kultural bakarreko globalizazioa garatzen ari; egungo dinamika bikoitza da, globalizazioari aurre egiten dioten tokiko dinamika batzuk ere aldi berean agertzen direlako.

Ez al da hori Euskal Herrian ere gertatzen ari dena? Alegia, herri txikiak izan edo luze-zabal handiko kulturak izan, globalizazioaren merkantilismo erasokorretik kanpo bizi nahi duten berezko kulturak ere egon badaude gaur egun. Eta, Morenok dioenez, globalizazioari aurre egiteko beste kultura horiei lagundu behar zaie; euren balioetan eta premietan oinarrituriko dinamikak bultzatu behar dira. Betiere ikuspuntu globalaren baldintzak eta aukerak kontuan hartuta. Hau da, glokalizazioan oinarrituz.

Yemen bezalako herrialdeak ezagutu eta errealitate horiei pentsatu bat emateak, gure herri eta kulturaren iraupenerako klabeak argitzen lagun diezaguke; baita AEBen eta herrialde arabiar batzuen arteko gatazka hobeto ulertzen ere. Gakoa, azken batean, glokalizazioa omen da.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan