Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-09-25 -- 2008.zenb

Mikel Asurmendi


Alberto Barandiaranek kultur kazetaritzan dihardu. Aldian-aldian literatur lanak ere burutu ohi ditu. Euskal literatur paisaia behatzeko ikuspegi zabala dauka hartara: "Literaturarekin idazleen bitarteko harremana daukat, elkarrizketak eta bestelako lanak egitean. Euskal literatur paisaia askotarikoa da, kolore askokoa: berdeak, horiak, marroiak edota beltzak daude. Ez zait iruditzen paisaia bereziki ederra edo itsusia denik, ez da aspergarria eta hori da azpimarragarriena. Pasaia bizia eta bere urtaroak dituena da".
Paisaia honetan bere ekarpena honela dakusa Barandiaranek: "Pintzeladaren bat ekartzen dut aldian behin, baina nolakoak diren, nik baino, besteek esan beharko dute".
Kazetaritza eta literaturaren arteko uztartzeaz honela mintzatu zaigu: "Kazetaritza nire lanbidea da, eta neurri batean pasioa ere bai. Denboran ondo finkatuta dudan zeregina da, eginahalean lanbide hau zer den ikasi dut. Literatura berriz, beste gauza bat da. Aurreko liburuak oso lotuta izan ziren nire lanbideari, kazetaritza erreportajeak izan ziren nolabait. Berauek garatu eta sakondu ondoren liburu bihurtu zirenak. Mundu txikia berriz literatura da, edo literaturagoa behintzat, beste planteamendu eta ahalegina eskatu didana".

Fikziozko literaturan zure lehen urratsa eta emaitza da Mundu txikia liburua. Nola gauzatu duzu berau?
Beste idazleek ez dakit nola gauzatzen dituzten liburuak. Nik, kasurako, obsesio batzuk nituen buruan, argazki edota irudi moduko batzuk, horiek jira-bueltan ari zitzaizkidan buruan eta zirriborratzen hasi nintzen paperean. Zergatik idatzi nahi nituen ere ez dakit, ez dakit idazten hasten zarenean horretaz kontziente ere idazten ote duzun. Alegia, hasieran ûnire kasuan behintzatû ez nuen liburu bat idatzi nahi izanaren ideia finkoa. Lardaskan aritu nintzen gaiekin, bati eta besteari zer edo zer atera nahian, gai batzuekin zerbait egin nezakeela konturatu nintzen eta beste batzuekin ez.

Zer nabaritu duzu aurreko liburuekikoan. Erosoago edo deseroso aritu al zara honetan?
Honetan modu diferente batez sentitu naiz, eta aritu ere bai. Aurreko lanetan banituen dokumentazioa, elkarrizketa batzuk, erreportajeak, eta orduan horiek oinarrian garatu nituen liburuak. Kasu honetan, esan bezala, ideiak edota irudiak nituen, eta zirriborro horien gainean istorioak gorpuzten hasi nintzen. Alde horretatik, beraz, ez da eroso edo deserosoago aritzen zarela, idaztean zalantza gehiago duzula baizik. Tarteka, idaztea merezi ote duen galdetzen diozu zure buruari. Aurreko liburuetan oso garbi ikusi nuen eginbidea eta aurrera. Niri idaztea gustatzen zait eta deseroso ez nago inoiz. Deseroso nahi baduzu, ideia aurrera ez doala ikusita idazteari uzten diozunean senti zaitezke.

Iñigo Aranbarri idazleak aurkezpen ekitaldian "zaparrada humanoa" iritzi zion liburuari. Zer deritzozu?
Gustatu zitzaidan. Ondo definitzen du liburua. Narrazioak giza-erretrato txikiak dira eta horregatik liburuaren alde humano hori.


Mundu txikia izenburua. Bi hitzetan liburuaren funtsa egoki bildua.
Bai. Aurreko liburuetako tituluek buruhauste batzuk eman zizkidaten, dudak izan genituen. Kasu honetan, karpeta txurian agertu zen lehen titula Mundu txikia izan zen, narrazioak idatzi bitartean iraun zuen eta beraz, horrek tituluari pisu edo sinesgarritasuna eman dio nolabait.

Hamalau narrazio paratu dituzu. Idatzi zenituen guztiak daude ala gehiago izan zitezkeen?
Bai, izan zitezkeen gehiago. Baina daudenek badute tokia liburuan, alde horretatik ez dut damurik.

Hamalauetatik denek izen propio bana dute izenburuan. Ezkurra izenekoak izan ezik. Hau hirugarren pertsonan kontatuta dago...
Ez dut gehiegi gogoetatu horri buruz, istorioa gauzatu ahala hautatu dut kontatzeko moldea. Hau da, batzuetan istorioa lehen pertsonan heldu zait, bestetan hirugarren pertsonan. Horri buruz ez dut teorizatu, nik irudia ondo transmititu nahi nuen, hori nuen lehen nahia, hori izan da nire ahalegin handiena.

Istorioak istorio, ideiak ideia, narrazioen arrakasta ondo narratzean datza. Arrandi handirik gabeko prosa da zurea.
Ez naiz prosa barrokoen zale. Hau ikur eta kakotxen artean diot. Prosa barrokoa egiten duten idazleek ondo idazten baitute, ez diot idatz molde horri maniarik, ez deus. Ni ahozko espresioen inguruan ibili naiz ordea. Irudikatu ditudan pertsonaiengandik gertutasuna dudalako, eta horiek horrela, narrazioek horrela eskatzen zidatelako. Ez nuen inola ere irudia eta kontakizunaren artean oztoporik sortu nahi.

Istorioak badituzu gogoan oraindik?
Bai.

Eta zeinek eman zizun lan edo buruhauste gehiago gauzatzerakoan?
Itxuraz, sotilenak direnak, bizpahiru orrialde inguruko istorio direnak. Afari bat kontatzen duena edota pianistaren bakardadea islatzen duen istorioa, adibidez. Nahiz eta istorioak sotilak izan, lana asko findu behar izan nuen. Asko moztu nuen eta irakurlea galbidera eraman edo despitatu zezakeena kendu. Ez naiz eseri eta berehala idazten dudan pertsona, zirriborro asko geratu da idatzi bitartean. Arestian esan dudanaren harian, narraziotan irudiak daude eta horiek hasieran harriak bezalakoak ziren. Zizelkatzen hasi nintzen eta egin ahala, halako batean irudi bat azaldu zitzaidan. Ni neroni ere irudi eta pertsonaien atzean zegoenaz jabetuta idaztearen zeregina harriduraz hartu dut. Beraz, aldez aurretiko estrategiarik gabe idatziko narrazioak dira.

Mundu txikian mundu eta pertsona txikien berri ematen duzu. Horixe litzateke narrazioen ezaugarrietako bat.
Narrazioetan haur txiki baten begirada aurki daiteke, nire txikitako oroitzapen bat edota etxean entzundako pasadizo bat. Nik badakit zer den kazetaritza lanetan aritzea, mundu honetako zurrunbiloan ibiltzea: manifestazio izugarriak segitzeak, prentsa-aurreko on bat aditu duzula usteak edo elkarrizketa esklusibo izugarri bat egin duzula pentsatzeak poztu eta puztu egiten zaitu batzuetan, eta batzuetan gehiegizko inportantzia ematen diegu horiei. Baina benetan mundua mugitzen duten gertakariak beste batzuk dira: besarkada bat, zaplazteko bat, eskutitz bat... Alde horretatik, liburuak gauza txikien aldarria izan nahi du. Egia esanda horiek guztiak ia denok hobesten ditugu. Noski, horiek bizi garen "mundua"ren arabera onartzen ditugu edo ez. Baina, ez dago dudarik, pertsonen arteko harremanek mugitzen dute mundua. Eskutitz batek manifestu edo komunikatu batek baino askoz gehiago esaten du. Baina ûdenok dakigunezû horiek ez bezala, eskutitz hori ez da hedabideetan ateratzen.

Narrazio hauen bidez zure obsesio zenbait kanporatu duzu. Zer dute autobiografiatik edota zenbat dute zure ingurutik narrazioek?
Idazle guztiek idazten dute bere autobiografiatik neurri batean. Idazlea ez da bere pertsonaiengan azaltzen beti, jakina, baina berak entzun, eta bere barne munduan bildutakoak islatzen ditu pertsonaien bitartez, bai bizitakoetatik bai irakurritakoetatik... Beraz, liburu batek idazlearengandik du asko edo dena. Hemen badago, ez dena, nik entzun, ikusi, eta irakurrikoetatik asko.
Nire ingurutik berriz zenbat? Nire inguruak Iruñean, Sakanan (Altsasu) edota Irunen daude. Badaude horietatik jakina: Iruñea eta Sakana arteko trena, Irungo muga. Erreferentziak daude. Baina edonon ager daitezkeen tokiak daude. Gure inguruak herriak eta hiriak dira, eta horiek usaintzen dira liburuan.

Pertsonaiaren baten nortasuna ezagutzen duzun pertsonaren baten nortasunetik hurbil al dago?
Ez dut uste. Puska asko dago pertsonaia bakoitzaren baitan.

Josune joan den mundu bateko pertsonaia da.
Bai. Istorioan asko esan eta eman zidan mundu bat kontatu nahi izan dut. Halako batean mundu hori joan dela konturatu zara, sentsazio hori, ezin egona...

Elvira pertsonaiaren istorioak Argentinarekin zer ikusia du. Argentina presente beti ere?
Argentinan gertatzea kasualitatea da, gerta zitekeen Venezuelan. Obsesio hori munduan desagertuz doazen pertsonekin daukat. Egia da, Argentinari buruzko kronikaren gaiarekin lotura duela: gerra zibila, isiltasuna... Ni kezkatzen nauen gaia hau da: "gertakizunak historia izatera noiz pasatzen diren". Alegia, gertakari batzuk noiz gelditzen diren oroimenean, hutsean oroimenean edo noiz arte baldintzatzen dituzten gizonen eta emakumeen harremanak. Galdera da gertakari horiek noiz arte segitu behar duten gure bizitza korapilatzen eta zailtzen. Adibidez, noiz esan ahalko dugu 1936ko Gerran gertatua gainditua dugula? Eta berdin Argentinako kasuan ere bai. Asko interesatzen zaidan gaia da.

Pilar Iparragirre

Bi lan hauek osatzeko zein irizpide izan duzu?
Azken hogei-hogeita bost urteotan euskaraz argitaratu diren liburuen artean eginiko aukeraketa bat da nirea. Ziur asko beste egile batek antologia ezberdinak egingo zituen, nik agertutako testuen edo liburuen edo egileen ordez beste batzuk sartuz...

Eta helburuari dagokionean, zer diozu?
Oso sinplea izan da: euskal haur eta gazte literatura modernoak gaur egun duen egoera erakustea.. Dena dela, egia aitortu behar badut, antologia hauek, bertan agertzen diren lanak irakurtzeko pizgarri izatea nahi nuke. Idazle horien nondik norakoa ezagutzeko eta idazlan horiekin irakurleak gozatzen jarraitzeko tresnak izatea.

Norentzat izan daitezke baliagarri?
Edonorentzat, nire ustez. Literaturan gustuak ez du aginterik onartzen, noski, baina gustua landu egin behar da; eta alde horretatik esango nuke liburu hauek badutela eskolarako material gisa ere bere funtzioa. Gure idazleen testuen bidez era askotako idazkera motak, literatur errekurtsoak, denbora eta gaiaren tratamendu ezberdinak, egiturak... ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dutela. Aukeratutako idazleen artean haur, gazte eta helduentzat idazten duten ugari daude, baita haur eta gazte-literaturan berezituak direnak; guztiak dira idazle ezagunak, batzuk oso, beste batzuk ez hainbeste, baina guztiak puntakoak eta kalitate handiko lanak plazaratu dituztenak. Idazlanen artean, berriz, badira poesiazkoak, gehienak prosazkoak badira ere.

Pilar Iparragirre

Komunista.com
Joan Mari Irigoien
Elkar
192 orrialde 11,05 euro

Hiru belaunaldiren ideologi jarrerak

Umorea eta kritika uztartuz aurkezten ditu Joan Mari Irigoienenek Komunista.com nobelan familia bereko hiru emakume belaunaldik ideologiari dagokionez dituzten jarrera ezberdinak. Amona Kontxi komunista sutsua izan da beti, eta halaxe jarraitzen du izaten. Bere alaba Terek, ordea, gazte garaian zituen idealak bazterrera utzi zituen ezkondu zenez geroztik, eta honen hamalau urteko alaba Inesek telebistan agertzea eta modelo gisa ospetsu bilakatzea baino ez dauka gogoan. Senarrak aukeratzerakoan, berriz, ez zuten asko asmatu ez amonak, ez Teresak, eta Kontxik ez luke inolaz ere nahi bere bilobak bide bera jarraitzea. Nolanahi ere, hiruren arteko giroa gehiago nahaspilatuko da amona Kontxiri telebistan agertzeko proposamena egiten diotenean.

Zertan dira askatasuna eta berdintasuna gaur egun?
Xabier Agirre Urteaga
Euskaltzaindia, BBK Fundazioa
180 orrialde / 9 euro

2004ko Mikel Zarate saria eskuratutako saioa

Eskubideak ezinbestekoak ditugula gaur egun-eta, askatasuna, berdintasuna eta giza eskubideak gaietan sakondu du Xabier Agirre Urteagak Euskaltzaindia eta BBK Fundazioak antolatu ohi duten Mikel Zarate lehiaketan 2004koan irabazle suertaturiko Zertan dira askatasuna eta berdintasuna gaur egun? saioan. Lehenik eta behin, bere azterketan bidaide nagusi dituen John Rawls eta Norberto Bobbio pentsalariak aurkezten ditu, jarraian Rawlsen askatasunaren kontzeptua azaltzeko Habermasekin izan zuen polemikaz baliatuz. Ondoren, pluralismoaz esandakoaren hainbat ikuspegi, demokraziaren baloreen aldaketak eta berdintasuna zein giza eskubideen oinarritze filosofikoaren ahuleziak agertzen ditu.

Txalaparta eta beste aldaera zaharrak
Juan Mari Beltran Argiñena
Herri Musikaren Txokoa
240 orrialde


Euskal herri musikaren hainbat alor

Lana eta erritmoa, lanetatik joko eta festara, lan erritmoetatik musikara txalaparta gisako aldaeretan, txalaparta eta bestelako aldaera zaharren oinarri erritmikoak, txalaparta ikasteko hastapeneko ariketa batzuk eta beste hainbat gai landu ditu Juan Mari Beltranek Oiartzungo Herri Musikaren Txokoak sortutako Herri Musikaren bilduman plazaratutako Txalaparta eta beste aldaera zaharrak. Lan erritmoetatik musikara izenburuko liburuan. Beltranek azpimarratutakoaren arabera, lana, jokoa eta musika bat eginik agertzen zaizkigu «atea jotzea» eta «sagar jotzean». Lan tresnak musika egiteko soinu-tresna bihurtzen dira «kirikoketa», «toberak», eta «ttinbilin ttanbalan» joaldietan. Eta «txalaparta» jotzerakoan helburu bakarra musika egitea duten arren, lan egitearen inguruan jotzen dute.

Egan
Batzuen artean
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea
296 orrialde
18 euro

Egan aldizkariaren azkeneko alea

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak kaleratzen duen Egan aldizkariaren azkeneko zenbakian azaltzen diren lanen artean, honokoak azpimarra daitezke: Gotzon Egiaren On Pedro Berraondo, apaiz itzultzailea; Jorge G. Harangurenek osatutako Sarrera: Mickey Mouse eta Don Kijote; Luis Mari Mujikaren Iparraldeko toponimia tipia jasotzeko iturri egoki bat eskuragarri; Joxemari Aranalderen Don Anizeto Zugasti, apaiza (1904-1983); Mari Jose Olaziregik Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea nobelari buruz idatzitako Paradisua hatz mamiekin ukituz; Julen Lekuonaren hainbat kantaren partiturak eta letrak; Genaro Gomez Zubiak prestatutako Manuel Lekuonaren zenbait ipuin klasiko eta olerkiak; eta Joxemari Iturralderen narratibaren indarraz eta bizitasunaz Iñaki Zubeldiak dioena.

Kutxaren arte-ondareak
egindako azken eskurapenak
Batzuen artean
Kutxa
96 orrialde

2003-2004an Kutxak eskuratutako artelanak

«Bilduma dinamikoa» izenarekin jendaurrean ikusgai jarritako erakusketako lanen bilduma da Kutxaren arte-ondareak egindako azken eskurapenak (2003-2004) katalogoa. Aipaturiko biurtekoko epealdi horretan entitate horren arte-ondareak bildu dituen artelanen berri ematen du. 152 artelan izan dira guztira, horietatik 115 erosiak eta beste 35 dohaintzat emandakoak, argazki-bilduma zabal bat ere tarteko. Dena den, ez dituzte denak erakutsi, 27 egileri erositako 77 obra, beste 37 egilek dohaintzat emandako beste horrenbeste artelan, eta argazki-mostra txiki bat baizik. Tartean, Amable Arias, Rafael Ruiz Balerdi, Jose Luis Zumeta eta Jose Antonio Sistiagaren lanak.

Euskal Herria
Batzuen artean
Sua
130 or. / 5,15 euro

100 ibilaldi euskal legenden sorburu izandako hainbat lekutara

Edozein aitzaki da on mendi tontor batera igotzeko edo auskalo nongo bazterrera joateko, baina dena delako toki horrek akelarreekin, lamiekin edo beste edozein mitoekin -hau da egiazkoak ez izan arren ederrak iruditzen zaizkigun izaki misteriotsu horiekin- zerikusirik badu, hainbat hobe. Bada, horretarako aukera paregabea eskaintzen dio oraingoan Euskal Herria aldizkariak bere irakurleriari: Gure lurralde osoan zehar dauden hainbat lekutara 100 ibilaldi magiko egin ahal izatea, alajaina. Animatzen?

Haur eta gazte literaturaren antologiak
Xabier Etxaniz
Elkar
146 or. / 15 euro 158 or. / 19,80 euro

Euskal haur eta gazte literaturaren antologiak

Bi antologia-liburu dira Xabier Etxaniz Erlek oraingoan eskaintzen dizkigunak. Batean, berak aukeratutako Euskal haur literaturaren antologia plazaratu du, 27 idazle eta haien 56 libururen zatiak jasoz, egile bakoitzaren bibliografia eta biografia laburra gehietzen duelarik. Nolanahi ere, lan horiek irudien bidez hornitu dituzten marrazkilarien lana ere ez du bazterrera utzi, eta hor agertzen dira Antton Olariaga, Asun Balzola, Jokin Mitxelena, Mikel Valverde, Iñaki Martiarena «Mattin», Asisko Urmeneta, Belen Lucas eta besteren ahaleginak begien aurrean ipintzen dizkiguten erakusgaiak. Baina azken urteotako euskal haur literaturaren egoera erakusteaz gainera, gazte literaturak gurean izan duen bilakaera ere erakutsi nahi izan du Xabier Etxaniz Erlek, eta horretarako Euskal gazte literaturaren antologia osatu du, mota horretako literatura landu duten idazleetatik 23 hautatuz eta haiek burututako 43 libururen laginak ezagutaraziz. Aukeratu dituen egileen artean Pako Aristi, Yolanda Arrieta, Aitor Arana, Bernardo Atxaga, Javi Cillero, Hasier Etxeberria, Joxemari Iturralde, Maite Gonzalez, Juan Kruz Igerabide, Anjel Lertxundi, Miren Agur Meabe eta Txiliku daude.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan