Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Gaiak >
  • Arizmendi ikastolaren lehenego Kilometroak

2005-09-25 -- 2008.zenb

Arizmendi ikastolaren lehenego Kilometroak

Ainhoa Lendinez

Urriaren 2an, Leintz bailarak jasoko du euskararen urteko ekitaldi nagusiaren lekukoa. Leintz Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasatek eta orobat Araban kokaturiko Aramaiok gidaturik Arizmendi ikastola du helburu euskararen festak.


Arizmendi ikastola kooperatiba Arrasateko San Frantzisko Xabier, San Viator eta Umezaintza eta Eskoriatzako Almen ikastolek bat eginda sortu zen. Hezibide Elkarteak eta Debagoieneko beste hezkuntza kooperatibek Arizmendi Bigarren Mailako Kooperatiba osatu zuten 1999ko ikasturtean eta 2000. urtean, berriz, kooperatiba bakarra. 2003ko otsailean lau kooperatibetako Batzar Nagusiak desegin eta Arizmendi Lehen Mailako Kooperatiba bihurtu zen. Egungo Arizmendik hartu zuen lan guztien ardura. 2003ko irailaren 1etik Arizmendi da Leintz Bailarako ikastola kooperatiba bakarra.

Hezkuntza filosofia, partaidetzan oinarritua
Arizmendi ikastola kooperatiba integral bat da eta hezkuntza zentroaren kudeaketa ikasle, enpresa eta zentroko langileen ardura da. 0 eta 21 urte arteko haur eta gazteak hezten dituzte, hainbat ziklo eta ikasketa-fasetan. Lanerako prestakuntzan eta heziketa iraunkorrean hezkuntza eta prestakuntza zerbitzuak ematen dituzte irakasleek. Pertsona sortzaileak trebatu eta garatzea du helburu, besteekin lankidetzan jarduteko gai izan daitezen eta euren ingurunea eraldatu eta hobetu dezaten. Euskararen eta Euskal Kulturaren aldeko lanean aritzeko konpromisoa hartuta, beste herrialde eta kulturak gurera ekartzen saiatzen dira Arizmendin, kultura aniztasuna eta gizarte integrazioa bilatuta.

Hari horretatik, taldelana eta lankidetza dira zentroaren ezaugarri nagusiak. Horrezaz gain, ikasleak egungo beharretara egokitzeko, punta-puntako baliabideak erabiltzen dituzte, kudeaketan, hezkuntzan eta informazio eta komunikazio teknologietan.


Hezkuntza eskaintza, osoa eta oparoa

Egun 2.836 ikasle daude Arizmendin. Irakasleak 310 dira eta gainerako langileak 32. Bazkide kolaboratzaileak 1.049 dira. Arizmendi ikastolaren hezkuntza eskaintza lau Kudeaketa Unitatetan dago antolatuta: Haur Hezkuntza, Derrigorrezko Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa.

Haur Hezkuntzan 0 urtetik 6ra bitarteko txikitxoenak daude, 635 dira orotara. Banan banako arreta emanda, familia osoaren premiei erantzuten saiatzen dira irakasleak. Eskaintza bikoitza da, 0tik 3 urtera bitarteko talde bat eta 3tik 6ra bitarteko beste bat baitaude.

Derrigorrezko Hezkuntzan 6 urtetik 16ra haurren nortasuna garatzen dute, beren gaitasuna ahalik eta gehien sakondu eta landuta. Lehen Hezkuntzan 6 eta 12 urte arteko 956 ikasle daude. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, berriz, 12tik 16ra bitarteko 76.

Batxilergoan ingurunean eragile izateko eta lankidetzan jarduteko pertsona ekintzaile, sortzaile, euskaldunak eta kultur aniztasunera irekiak garatzeko lan egiten dute, 16 urtetik 18ra 295 haurrekin. Bost batxilergo daude aukeran Arizmendin: Teknologia Batxilergoa, Natur eta Osasun Zientzien Batxilergoa, Giza eta Gizarte Zientzien Batxilergoa, Batxilergo Formatiboa eta Arte Batxilergoa.

Lanbide Heziketan 51 ikasle aritzen dira. Ziklo hau Arrasaten gauzatzen da, kooperatiben gunean. 1990etik ikasleak profesional gaitu bihurtu dituzte, eta ondorengo laneratze maila handia izan da oso. Izan ere, enpresa giro bikainean, eta MCCko partaide izanik, Lanbide Heziketako ikasleek lan esperientzia eta prestakuntza osotua jasotzen dituzte. Ingurumena eta Kimika, Eraikuntza, Gorputz eta Kirol Aktibitateak, Erizaintza eta Kultur eta Gizarte ekintzak dira ikasketa-arlo nagusiak. Eskaintzak esparru arautua eta ez arautua hartzen ditu, hau da: Heziketa Zikloak, Lanbide Hastapena, Prestakuntza Iraunkorra eta Lanerako Formazioa.


Arizmendiren bereizgarria, kudeaketa

Aipaturiko heziketa arlo, giza baliabide eta azpiegitura horiek guztiak kudeatzeko hiru esparru nagusi ditu Arizmendik. Politika eta Estrategia Orokorrean partaidetza zabaleko mahaietan hartzen dira erabakiak. Kudeaketaren Esparruan Talde autogestionatuak (OKU) dira prozesu guztien azken erantzule. Arizmendi Proiektu osoaren koordinazioa eta kudeaketa Kudeatzaile Orokorrak du beregain, berarekin diharduen Kudeaketa Taldearekin batera. Azkenik, Kudeaketa Unitate bakoitzak bere Partaidetza Sozialeko Organoa du, lan-bazkideek, gurasoek eta laguntzaileek Kudeaketa Unitatearen ildo nagusiak eta kontrol soziala gauzatzeko. Arizmendi osoaren partaidetza soziala, berriz, Kooperatibaren Errektore Kontseiluaren eta Batzar Nagusiaren bitartez gauzatzen da.

Horrezaz gain, lankidetza hitz larritan idazten dute Arizmendin. Parte-hartzean oinarrituriko heziketa kooperatiba izanik, hainbat hitzarmen sinatu ditu hango eta hemengo enpresa eta erakundeekin. Euskal Herriko Ikastolen Elkartea eta Partaide, bi erakunde horietako partaidea da Arizmendi. Ikastolen eta hezkuntza zentroen garapenean laguntzeko. 2002ko martxoaren 1ean Arizmendi eta INSUP Akitaniako prestakuntza erakundeak ARINSUP europar hitzarmena adostu zuten. GEIE da elkarlan horren nortasun juridikoa eta hezkuntza eta prestakuntza proiektuak bultzatzea du helburu. Fagor Taldearekin ere lankidetza hitzarmena izenpetu du Arizmendik. Helburua aspalditik bi erakundeen artean landutako harremana formalizatu eta berritzea izan da informazioa trukatzeko eta lankidetza hobetzeko bide berriak bultzatzeko. Bestalde, Mondragon Kooperatiba Korporazioko partaide da Arizmendi, enpresa arloko dinamikari eusteko. Gainera, Arizmendik eta HUHEZIk heziketa alorreko lankidetza hitzarmena sinatu zuten, ikasleak prestatzeko hainbat ekimen gauzatzeko. Azkenik, Gasteizko Diocesanas zentroarekin ekimen bateratuak sortzeko asmoz lankidetza hitzarmena sinatu zuen zentroak.

2005eko Kilometroak, etorkizunaren habe

Azken boladan Arizmendik inbertsio handiak egin behar izan ditu, derrigorrezko inbertsioak. Horiek estaltzen laguntzeko dirua lortzea da Kilometroak 2005 festaren helburu nagusia. Horrezaz gain, jaiaren aitzakian sorturiko dinamika aberatsak, urtebete honetan sortu eta gorpuztu diren ideia eta proiektu batzuei jarraipena emateko bidea ere emango du festak. Artean, sormenean, aisialdian, musikan, kirolean eta bestelakoetan hamaika ekitaldi izan baita aurten. Horixe da Arizmendiren bigarren helburua. Ikastolaren proiektua plazaratzea, elkar ezagutzea, sormena lantzea eta beste asmo batzuk ere baditu oinarrian ikastolen festak.

Ikastola guztiek, Arizmendik ere bai, ekimen eta finantzabide premia dute. Bertako arduradunen esanetan, Arizmendi ikastola berria da, bost urte ditu. Eskualdeko Ikastolak batuta sortutako Ikastola da. Baina Arizmendi Ikastolan batu diren hezkuntza zentro ezberdinak, bakoitzak, bere ibilbidea du. Bateratzearen helburu nagusiak ikastola proiektua indartu eta Leintz Bailaran erreferentzia izatea dira. KMK`05ek ikastolaren etorkizuna eta bere hezkuntza proiektu berritzailea ziurtatzen laguntzea da asmoa.



Pausoz pauso berezia, zirkuitu ikusgarria

Bailarako Ikastola batek antolatuko du aurtengo Kilometroak festa. Eta hori ere bereizgarria da Kilometroen ibilbide historikoan. Leintz Bailarak eta bere Ikastolak erakutsiko dute, eginez eta izanez, badutela zerbait interesgarria, polita eta ikusgarria sortzeko gaitasuna. Arrasaten, Eskoriatzan eta Aretxabaletan bederatzi aukera aztertu ostean, Ikastolen Elkarteak emandako irizpideetan oinarrituta beharrezko baldintzak betetzen dituen zirkuitua prestatu dute Arizmendin. Zortzi kilometro eta 100 metro luze izango da aurtengo zirkuitua, eta Aretxabaleta eta Eskoriatza udalak inguratuko dituzte oinezkoek. Paraje zoragarria eta ibiltzeko erosoa prestatu dute antolatzaileek. Aretxabaletan, Basabeazpi gunean, hasi eta inguruko elizateetatik pasa ondoren, herrira jaitsiko dira ibiltariak berriro. Oso aldapa gutxi ditu, aterpe asko eta trafikorik ez.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan