Magoak artistak dira, edo aktoreak, edo psikologoak edo hirurak aldi berean; pertsona magikoak dira hein batean: ezinezkoa ûdirudiena, akasoû, harrigarriena errealitate bihurtzeko abilezia dute, eskuekin, aurpegiarekin, hitzekin. Berbekin sorginduta utzi gaituzte, txundituta; harri eta zur geratu baikara telefono bidezko solasaldien ondoren, aurrean ez edukita ere, batek daki nola, hurkoa aho zabalik uzteko modua bilatzen baitute.
Marsel magoak -Aitor Marcilla "azti abitua" kentzen duenean- urteak daramatza ilusioa sortzen: "12 urterekin hasi nintzen; baina saioekin, profesional modura, 15 urterekin. Orain 30 ditut, pentsa". Eta hori nabaritu egiten da: "Telefono bidez magia egin ote daitekeen? Noski! Orain hori azaltzen duen liburu bat dut eskuartean", esan digu. "Edozein gauzarekin egin daiteke magia, baita elementu sinpleenarekin ere", azpimarratu digu.
Edozeinekin ez ezik, edonoiz murgildu gaitezke magiaren munduan. Hala dio behintzat Txispi magoak (Miren Lazkoz). Irakaslea da lanbidez eta magia zaletasun izaki, eskolan ere abilezia berezi hau erabiltzen duela aitortu digu. "Trikimailuak egiten dizkiet ikasleei; ez egunero, batzuetan. Trukuak bakarrik ez, ahotsa modu berezian erabiltzen dut, antzerki pixka bat egin...", kontatu du irriño batekin.
Txan magoak (Xanti Antero) ez du apenas aurkezpenik behar, oholtza gainean aurrena, telebistan gero eta ume eta heldu askoren bihotzean izan den eta dagoen donostiarra da. Interpretazioa maite zuela konturatu zen, artean gaztea zelarik ,eta geroxeago sartu zitzaion magiaren harra: "Interpretazioa betidanik gustatu zait asko. Halako baten ikusi nuen magiak eta interpretazioak bat egiten zutela nirekin eta horrela hasi nintzen".
Ehundik gora mago
Diruarekin ezin magiarik egin
Are kritikoagoa ageri zaigu Txan magoa, edo kasu honetan Xanti Antero langilea. "Ni bai ni "autonomazo"! Autonomoa naiz orain dela urte mordotik. Magook ez daukagu inolako laguntzarik, negozioa ondo joango balitz ulertuko nuke, baina ikusita nola ibiltzen garen... Penagarria da! Agintariek pentsatzen dute magia umeen kontua dela eta bost axola! Magoak ere langileak gara eta kultura mugitzen dugu, baina halere, oso utzita gaude. Kanpora, Espainia aldera, joatekoa naiz, hemen ez dago lanik-eta", esan digu haserre.
Mago euskaldunek erdaldunek baino lan eskaintza gehiago dutela esan daiteke, kopuruz gutxiago dira, gainera. Euskarazko magia egiten aitzindarietako bat izan zen bere garaian Txan magoa. Hizkuntzaren alorrean dena zegoen asmatzeke: nola esan gazteleraz hain ezagunak diren abracadabra edo varita? "Batzuetan nik asmatzen nuen terminoa eta beste batzuetan, ba... hanka sartzen nuen, askotan saioa bukatzean, norbait hurbiltzen zitzaidan eta esaten zidan: hau horrela ez da esaten, beste erara esaten da", kontatu digu Txanek. Termino jakin batzuk sortzeaz gain, umorea egiteko erdarara jo behar izate horren kontra egin behar izan dute mago euskaldunek.
Magia potagia jokoa baino haratago
Gehienek liburuak izan dituzte ikasketa lagun: "Mila liburu baino gehiago ditut etxeko liburutegian; ez dira diruditen bezain hotzak. Izan ere, liburuan teknika agertzen da baina gero zuk hori interpretatu behar duzu; eleberri batean oinarrituta, filma egitea bezala da; askotan testu bera bi zinemagilek hartuta, oso pelikula diferentea ateratzen da, bada magian berdin", arrazoitu du Marselek. Gainerakoan, bideoak, jardunaldiak eta, batez ere, beste mago batzuk izan dituzte hobetzeko tresna. "Nire ustez azken horrek garrantzi handia du: taldean bazaude, ideia berriak sortzen dira, errazagoa da, gehiago motibatzen zara eta guztion artean landu daitezke teknikak", nabarmendu du Marselek.
Eta teknika aipatuta, galdera etorri zaigu burura. Magoen lanbidean zerk du garrantzi gehien trikimailua edo horri dagokion interpretazioa, aurkezpena? "Nik adibidez landuagoa dut showman aldea, gazte-gaztetatik koadrilako bufoia izan naiz, horrek asko izorratu nau ikastolako garaietan, baina gero asko lagundu dit oholtza gainera igotzeko", azaldu digu Txan magoak irribarrea ezpainetan.
Honakoa gaineratu du Marselek: "Teknika inportantea da, azken batean horretan datzalako trukua baina magiaren atzean gauza asko daude, teknika psikologikoak esaterako".
Helduen neurrira egindakoa
Umeekin, berriz, ez da halakorik gertatzen. Haurrak aurreiritzi gabekoak dira, magian sinesten dute. "Umeei planteamendu magiko bat egitean, 'ba noski, zu magoa zara!' esango dute, baina heldu bati sinestezina egingo zaio, bere eskema guztiak apurtuko dituzu eta orduan txalo bikain bat eskainiko dizu", esplikatu digu Txanek.
Hortaz, uste denaren kontrara, magia helduentzat egina dago. Merkatuak, baina, haurrak ditu oinarri eta mago askok, Txanek berak tarteko, bestelakoa aldarrikatzen dute. "Nik umeei asko zor diet, saioen %80 umeentzat egiten baitut, baina saiatzen ari naiz irudi hori aldatzen; umeentzako magia baztertu gabe, helduei pixka bat gehiago hurbiltzen", azaldu digu. Zeregin hori magoei beraiei dagokie, Txanen iritzian: "Magook eman behar diogu prestigioa magiari; uste dut oso desprestigiatuta dagoela, helduek pentsatzen baitute magia umeen kontua dela, txorakeria dela. Askotan helduren bat etorri zait saioa amaitzean esanez: 'Aizu, niri ez zitzaidan magia gustatzen eta hunkitu egin naiz!'. 'Hori da magia', erantzun diot nik".
Heldu zein ume, denok behar dugu magia, hori esan digu behintzat Txispi magoak: "Mundu honetan bizitzeko, magia ez dut esango, baina ilusioa behar duzu aurrera egiteko eta magia eta ilusioa oso hurbil daude".
Txispi magoa da, afizioz edo adikzioz, txikitatik izan baitu magiarekiko grina. Trikimailuak egitea, publikoa bere egitea, ilusioa sortzea du zeregin taula gainera igotzen denean; batzuetan, baina, harridura sortzen du: Txispi emakumea da, Miren Lazkoz gipuzkoarrak haragitzen du. Magia munduan emakumeak partenaire, laguntzaile gisa agertu izan dira beti, magoak ûgizonezkoakû kutxa barruan sartu eta erdibana mozten zituena edo ilusionistak lortutako abilezia txalotzen zuen lehena izaten zen. Lazkozi, baina, ez zaizkio halakoak gustatzen: "Nik neuk egin nahi dut magia, horretan murgilduta egotea gustatzen zait", esan digu. Mago lagun bati esker, Xixka Gipuzkoako Ilusionismo elkartera bildu zen orain sei urte eta gustura dago han: "Magia gizonen mundua dela esango du askok baina nik ez dut horrela hartzen, gizonak badaude egon daitezela, ez dut arazorik". Saioak lortzeko orduan, gainera, emakume izateak oztopatu baino, lagundu egiten omen dio. "Batzuetan berezia iruditzen zaienez, hartzen naute, 'Begira! Emakumea da, eta zergatik ez?' esaten dute eta kontratatzen naute. Hasieran, dena den, arraroa da, baina gero konturatzen dira emakumeok egin dezakegula".
Hala izango da, behinik behin, irailaren 15etik 18ra. Egunotan Magialdia 2005 hartuko baitu Arabako hiriburuak, hau da, XII. nazioarteko magia jardunaldiak. Urteroko zitari jarraiki, magiari buruzko hitzaldiak, magia erakustaldiak, produktu magikoak aurkitzeko azoka berezia eta garrantzitsuena, nazioartean sona eta abilezia handien duten magoak ikusteko aukera. Munduko txoko guztietatik etorritako dira gonbidatuak, besteak beste, Lennart Green Suediatik, Vik & Fabrini Brasildik, David & Dania AEBetatik eta Jorgos-Katsaros Greziatik.
![]() |
|
||||
2007 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa