Autolaguntza liburuak: ustezko zoriontasun pilulak
Unai Brea
Autolaguntza liburuak, arrakasta lortu duten beste gauza asko bezala, AEBetan sortu ziren orain dela zenbait hamarkada. Gaur egun, generoa ezin osasuntsuago dabil. Milaka izenburu topa ditzakegu, arlo ugari eta modu ugaritan jorratzen dituztenak. Oro har, ezaugarri bi edukitzen dituzte: erraz irakurtzen dira, eta gure bizimodua hobetzeko bitartekoak ematen omen dizkigute.
Gero eta liburudenda gehiagok eskaintzen diote atal bat autolaguntza deritzon generoari. 15.000 izenburu inguru ditugu merkatuan, eta gero eta argitaletxe gehiagok daukate autolaguntza sailen bat. Asko idazten da, asko irakurtzen delako. Eta autolaguntza liburuak etengabe agertzen dira gehien saldutakoen zerrendetan, fikzioz bestelakoen alorrean behinik behin. Hala ere, eta aurrera jarraitu aurretik, argitu dezagun autolaguntza liburu asko, fikziotzat hartuak ez izan arren, narrazio gisa emanak daudela. Izan ere, horiek izan ohi dira salduenetakoak, Ediciones Urano argitaletxe espainiarreko Carmen Garcia-Trevijanok dioskunez.
Hain zuzen ere, Ediciones Uranok argitaratu zuen, Espainiako Estatuan, Spencer Johnson estatubatuarraren Who moved my cheese? (¨Quién se ha llevado mi queso?), azken hamarkadako autolaguntza libururik ospetsuenetako bat. Narrazio laburra da, ziztu bizian irakurtzen dena, eta metafora erraz batzuen bidez bizitzaren aldaketei modu egokian aurre egiteko aholkuak ematen dituena. Beste liburu batzuek gure seme-alaben adimena indartzeko modua azaltzen digute, edo gure enpresako langileen lan-gaitasuna handitzekoa, edo geure sentimenduak behar bezala adieraztekoa. Adibide bakanak besterik ez dira. Izan ere, hamaika azpigenerok aurkitu dute babesa autolaguntzaren altzo ezin zabalagoan: osasun-teknikak, norberaren garapena, ongizatea, medikuntza alternatiboa, giza-harremanak...
Gazta batek iraulitako generoa
Who moved my cheese? orain zazpi urte argitaratu zen AEBetan űhemen, urte bi geroagoű, eta salmenta kopuru itzelak erdietsi zituen. "Enpresaren batek 25.000 ale erosi zituen, langile guztiei bana emateko", dio Garcia-Trevijanok. Beraren ustez, liburu hura argitaratzeak autolaguntzarenganako jarrerak aldatzea eta generoak gora egitea eragin zuen, Espainiako Estatuan behinik behin.
"Ordura arte, era honetako liburuek kritika latzak jasotzen zituzten, komunikabideengandik batez ere. Baina ¨Quién se ha llevado mi queso?ren arrakastaz geroztik, argi geratu zen jendeak halakoak nahi zituela, irakurterrazak eta ideia ulerkor eta erabilgarriz osatuak. Dagoeneko ez da inor autolaguntza liburuak erosteaz lotsatzen; lehen bai". Nolanahi, eta salmentak salmenta, Johnsonen liburuak oso kritika txarrak jaso zituen, literatur-kritikoengandik batik bat. Alde horretatik ere, autolaguntza generoaren paradigma dela esan dezakegu.
Zenbateraino lagungarri?
Benetan laguntzen al dute autolaguntza liburuek? Era guztietako iritziak daude horretaz, baina bereziki interesgarria iruditu zaigu psikologoena ezagutzea. Eta haiek ondoko ideia hau azpimarratu gura izan dute, batez ere: autolaguntza liburuak irakurtze hutsak ez dio inori laguntzen. Zerbait lortzekotan, profesional baten gidaritzapean lor liteke, eta ez liburu guztiekin gainera.
Consuelo Rico psikologoaren ustez, autolaguntza liburu batzuk kaltegarriak ere izan daitezke benetako arazoak dauzkan norbaiten eskuetan: "Depresioa daukan norbaitek, esaterako, honelako liburu bat irakurtzen duenean, ćegizu hau eta gainditu egingo duzuĆ, ćzuk bakarrik gainditu dezakezuĆ eta halako mezuak jaso ditzake. Jakina, pertsona hori konturatzen denean ezin duela bere kabuz depresioa gainditu bere buruari botatzen dio errua, eta beraren gaitzak okerrera egiten du". Dena den, Ricok ez lituzke autolaguntza liburuak gaitzesi nahi, "gehienetan ez baitute kalterik egiten. Mesede handirik ere ez, bestalde. Nola aldatuko du norbaitek bere portaera liburu bat irakurtze hutsagatik? Ia ezinezkoa da".
Tratamenduen osagarri izan daitezke
Monica Alonsok, Bilboko Tadi zentroko psikologoak, berretsi egin ditu, nolabait, Ricoren berbak: "Iruditzen zait zenbait autolaguntza liburu irakurrita norberak ergeltzat jo dezakeela bere burua: ćEz zara gauza izan zeure arazoak gainditzeko? Oso erraza da bada!Ć, esango balute bezala". Antza, AEBetatik datozen liburuetan ohikoagoa da halako mezuak topatzea, Europakoetan baino. "Han zabalduago dago 'edonor iritsi daiteke presidente izatera' pentsamoldea", dio Consuelo Ricok.
Hala ere, eta Ricok bezala, Alonsok ez du aditzera eman nahi autolaguntza liburu guztiak kaltegarriak direnik: "Liburu eta irakurleen araberakoa da hori. Badaude benetako profesionalek idatzitako liburu onak. Baina ez dute ezertarako balio beste profesional baten aholkupean irakurtzen ez badira. Tratamendu baten osagarri dira, ez tratamendua bera. Edozelan, nik neuk ere erabili egiten ditut, neure lanerako, egokiak iruditzen zaizkidan batzuk".
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.