Jakoba Errekondo
Dubain biziko bazina eguna hasteko eskukada agar ezpaltxo sutontzian piztu eta txingortuz etxea ketzea ezinbestekoa zenuke. Dubaitarra izateko diruduna behar... agar on kiloa 8.000 eurotan baita egun. Dirudunetan dunenek agar olio distilatua erabiltzen dute etxeko airea etxekotzeko, 10.000 euro kiloa...
Aquilaria malaccensis espezieko zuhaitzetik dator agarra, batik bat arabiarrek erabiltzen duten intsentsu gisako zura. Zuhaitz honek, Phialophora parasitica onttoak erasotzen duenean, aparteko usaina duen erretxina sortu eta blaitzen du bere egurraren giharra. Papuatik Himalaiarainoko tartean oihan tropikaletan hazten den zuhaitz hau CITES bezala ezagutzen den munduko fauna eta flora espezie basati mehatxatuen merkaturatzeko hitzarmen internazionalaren altzoan da 1995etik. Horrelakoetan espero den gisan, harrez geroztik are mehatxatuagoa dago. Babesaren ondorioz prezioa lehertu egin da. Kanbodia, Laos, Vietnam, Brunei, Thailandia, Bangladesh, Malaysia, Maynmar, Singapur, Indonesia, Bhutan, eta Filipinetako mafien sakelak bete eta basoak agarrez hustu dira. Zuhaitzetan hamarretik batek bakarrik du agarra garatzen, hala ere errazenera jotzen dute, denak eraitsi eta gero egokia denaren zura soilik eraman. Indian, Txinan, Japonian eta Arabiako Golkoko estatuetan ederki ordainduta erabiliko dituzte bere zura eta olioa ohiturak agintzen duen erlijio ospakizunetan, axaleko lurringintzan...
Zuhaitz honek elorrio du. Etorkizuna bermatzeko lanean dihardu botanikari multzo zabal bat. Botanikariak eta mafiak aurrez aurre... egin trabesa! Lurringintzan erabiltzeko moduko agar olioaren ordezko sintetiko bat sortu da, baina ez da inola ere naturala. Usain berezia eransten dioten egitura kimikoak, terpenoak, eta hauen nahasketak zailak eta ikaragarri garestiak dira. Agar-zura, berriz, zer esanik ez, imitaezina!
Jabier Agirre
Prebentziorako Erakundeen Elkarteak (ANEPA izenekoak) prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez, langileen %35ek oporren osteko sindromea bezala ezagutzen den gaitzaren sintomak jasaten omen dituzte, bere mailarik larrienean.
Patologia horretaz asko hitz egin da azken urteotan. Udako oporraldiak amaitu ondoren, pertsonak bere lanpostura edota urtearen gainerako hilabeteetan egin ohi dituen eguneroko prozesuetara itzuli behar duenean agertzen diren sintomak biltzen dira izen horren azpian: ahultasun orokorra, astenia edo nekea, apetitu-galera, somnolentzia edo logura, eta lan-orduetan kontzentratu ezina.
Consuelo Rico psikologoak esan bezala, "lanera itzultzeak egonezina dakar, eta horrekin batera antsietatea eta depresioa". Horrek lokartzeko zailtasuna ekarriko du, edota suminkortasuna. Psikologoaren ustez horiek lirateke sintomarik normalenak, oro har, baina muturreko kasuetan erreakzio psikosomatikoak ere ager daitezke: buruko minak, palpitazioak, eta abar. Dena den, adituak egoera desdramatizatzearen aldeko jarrera erakutsi zuen, gizartean alarmarik sor ez dadin.
Egoera hori ez da berria. Aitzitik, betidanik gertatu dira egokitzeko zailtasunak oporraldien ostean lanera itzultzean, baina arazoak azken urteotan aurrez eman ez zaion garrantzia hartu du, komunikabideen artean batez ere. Lanera itzultzeak lagunak eta hurbilekoak ikusteari uztea esan nahi du, etxeko lanei heltzea, erantzukizunak, fakturak, maileguaren ordainketa, eguneroko martxaren presak eta estuasunak, eta abar. Eta hori guztia, gainera, 11 hilabetez luzatuko da. Baina lehen egunetako sintoma horiek ez dute adituaren ustez sindromerik osatzen. Udan askeago bizi gara, ez daukagu ordutegirik ezta ardurarik ere. Eta eguneroko errutinara aldatzeak egokitzeko epe bat eskatzen du ezinbestean, astebeteko bueltan normalean lortzen dena.
Joxerra Aizpurua
Ozono-zuloa berriz
Orain 20 urte Science aldizkarian argitara emandako artikulu baten bidez ozono-zuloaren berri izan genuen. Hego Poloan negutik udaberrira igarotzean ûguretzat udatik udazkenera igarotzeanû ozono-maila asko jaisten zenaz ohartu ziren ikerlariak eta horren arrazoi nagusia gizakiak isuritako CFC substantzietan zegoela ere esan ziguten. Ozonoak izpi ultramore mota batzuetatik babesten gaituenez, ozonoaren eskasiak Lurra jotzen duten izpi ultramoreen hazkundea ekar dezake eta honen eraginez azaleko minbiziak, aldaketa genetikoak, eta abar sor daitezke.
1985-1995 urte bitartean ikerlari gehienak oso ezkorrak ziren ozono-zuloaren eboluzioarekiko, kontuan hartu behar baita CFC substantzien bizia mendetakoa dela. Azken hamarkadan, aldiz, ozono-zuloak zuen progresibotasuna hautsi egin da eta 2000. urtean orain arte ezagututako zulorik handiena sortu bazen ere, ia zulorik gabeko urteak ere izan dira. Hau dela eta, zientzialariek zulatzearen fenomenoa orain 20 urte baino hobeto ezagutzen badute ere, ez dute prozesu zientifikoa deskribatu eta urtero neurketak eta ikerketak burutzen dituzte urte sasoi honetan.
Aurtengo abuztuaren erditik orain arte neurtutako datuak azken 10 urteotako bigarren txarrenak dira. Dena den azaro-abendu aldera, aurten gertatutakoa laburbilduko dizuegu.
Nanobalbula sortu dute
National Science Foundation-ek finantzatutako eta Los Angelesko Californiako Unibertsitateko ikerlariek garatutako nanobalbularen bidez, molekula mailako partikulak harrapatu edo askatzerik izango da. Ikerketa honek aplikazio asko izan baditzake ere, garrantzitsuena farmakoen doitasunezko horniketa izan daiteke.
Nanobalbula gure nahiaren arabera kontrola daitekeen sistema mekanikoa da, iturri baten antzera. Ikerketaren erronka handiena molekula bat harrapatzea eta balbula hermetikoki ixtea izan zen, zeren eta lortutako lehen balbulek jarioa baitzuten.
Nanobalbula 500 nanometroko silize-pieza bati erantsitako hainbat zati higigarriz osaturik dago eta une honetan ikerlariak tamaina txikitzen ari dira. Silize-piezak oso nanometro gutxiko poroak ditu.