Juan Mari Arregi
Petrolioaren eta bere deribatuen prezioak gora egin du nabarmen azken asteotan. Dirudienez, gorakadak mahai gainean jarri ditu orain kontuan izan eta etorkizunerako hausnartu beharreko datuak. Halako mehatxu serio batek ondorio ezin kaltegarriagoak izan litzake Euskal Herriko eta mundu osoko ekonomiaren hazkundean. Bestalde, etengabeko hazkundeak inflazioa izugarri puztea ekarriko du, izan ere, karburanteen prezioaren gorakadak lotura zuzena baitu prezioen egonkortasun ezarekin. Zergatik gertatzen da gauza berdina aldian-aldian? Arrazoiak ugari dira: batetik, mundu mailako eskaera izugarri igo da, Txina eta AEB inoizko kontsumo erritmo handienak izaten ari direlako. Bestetik arrazoi politikoak daude: egungo egoera politikoak Golko Pertsiarra planetako lurralderik ezegonkorrena bihurtzen du, lurrotan munduko produkzioaren %40 lortzen den arren. Gainera, gero Katrina urakana heldu zen... Onartu nahi ez izanagatik, ziurgabetasun egoeraren arduradun nagusia AEBetako politika zapaltzailea da eta egun Irak hankapean izan arren... auskalo, agian bihar Iran izango da, munduko bigarren ekoizlerik handiena!
Hala ere, horiek ez dira arrazoi bakarrak. Nork ez daki petrolioa inoiz bukatuko den energia-iturria dela? Ezin har genezake kontuan energia-iturri bakarra. Izan ere, hain nabarmena da petrolioarekiko dependentzia, ezen bere prezioa desorekatzen den bakoitzean, azken asteotan bezala, gure ekonomien oinarriak dardarka jartzen diren. Ezin jarrai dezakegu petrolioa kontsumitzen bere kontsumoa neurtu eta energia-iturri berriak bilatu eta bultzatu gabe. Eta egon badaude. Energia berriztagarriak, esaterako. Nazioarteko organismo batzuek -NMFk, besteak beste, edo Europako hainbat gobernuk, Espainiakoak-, aldiz, "etenaldi elektrikoak" erabiltzen dituzte petrolioaren prezioa igo eta energia nuklearraren alde egiteko.
"Petrolioaren egungo prezioa ikusita, normala da energia nuklearra egungo eredu energetikoaren parte izatea", azaldu berri du Rodrigo Ratok, Alderdi Popularraren gobernuko ekonomia ministro ohi eta egungo NMFren arduradun nagusia. Jakina da NMFk multinazional handien interesen arabera jarduten duela, multinazional nuklearren interesak ahaztu gabe. Espainiako egungo ministro sozialistak, Montilla katalanak ere, antzeko adierazpenak egingo lituzke. Hemengo Arzalluz eta Garaikoetxea ekartzen dizkigute gogora, duela hogeitaka urte "uhazak eta kandelak" baino ez zituztenean ikusten gure etorkizunean, Lemoizko zentral nuklearra martxan jarri ezean!
Biktima langileak. Egunero entzuten ditugu hainbat gobernu, talde politiko eta gizarte eragileren diskurtsoak indarkeria politikoaren "biktimen" parte bati buruz. Gogoan izaten dira, omenaldiak egiten zaizkie, manifestazioak antolatzen dira, elkarretaratzeak, kalte-ordainak ematen zaizkie, eta abar. Indarkeria politikoaren beste biktima baztertu batzuez gain, badira egitura, patronal, gobernu edo gizartearen indarkeria jasaten dutenak, bazterkeria sozial eta politikoan ahaztuta bizi direnak: lan-istripuetako biktimak dira. Urte honetan dagoeneko, gutxienez 67 pertsona hil dira lanean Euskal Herrian. Eurek ere familiak izango dituzte, ezta? Zer egiten dute gobernuek, talde politiko eta sozialek arazo horiek argitu eta konpontzeko? Bizitzeko eskubidea eta begirunea ez omen da berdina kasu guztietan. Errealitateak jatorri politikoko heriotzak garrantzitsuagoak direla azaltzen du: eskubide gehiago dute, entzute handiagoa izaten dute jendaurrean eta lan-istripuetan hildakoek baino kalte-ordain handiagoak izaten dituzte. Hala ere, ezin ahantz genezake langileen heriotzek ere jatorri politikoa dutela, hilen arduradunek bizitza edozein kasutan babestu behar baitute. Lan prekarietatea eta malgutasuna saihesteko legeak egitea ere arduradun horien betebeharra da, euren eskuetan izaten baita askotan lan-heriotzen kopurua murriztea.
GAMESAko aeronautika salgai. Aste honetan bertan Gamesa taldearen Aeronautika sailaren jabe berria ezagut genezake, izan ere, BBVA eta Iberdrolak nagusiki kontrolatutako administrazio kontseiluak saltzea erabaki baitu. Salmentak eragin zuzena izango du 800 pertsonarengan eta zeharkakoa Gasteizeko eta hiriburu inguruko milaka lanpostuetan. Enpresa aipatuak sektore eolikoan finkatu nahi du negozioa eta hain errentagarri gertatzen ez zaion saila saldu nahiko luke 140 milioi euro ingururen truke. Salmenta erakargarri egiteko, Gamesa aeronautikako taldea "argaldu" nahian dabil, bertako langileak beste enpresa batzuetara bidaliz, antolakuntza-egiturak moldatuz, lan-baldintzak malgutuz, eta abar. Sindikatuak beldur dira jabe berriek ez ote duten plantilla oraindik gehiago murriztuko. Murrizketa are handiagoa izango litzateke jabe berriak sare komertzialaz baino ez balira interesatuko. Aukera hori ezin liteke ahaztu. Gamesaren estrategia bat dator bere jabeen filosofia kapitalistarekin -gaur egun "neoliberal" esaten zaio-. Aeronautika saila erosten dutenen filosofia ez da ezberdina izango. Zein izango ote da sindikatu eta langileen filosofia praktikan?
Joseba Barandiaran
Uda gehiena Bilbon eman ostean, ARGIArako hirugarren postal hau bertatik idaztea baino ezer hoberik ez zait otu. Bada oporretan ahal bezain urrun joan zale denik, bada etxeko-zuloa planetako edozein toki baino hobea dela uste duenik baina, bada, "oporretan" lan egiten duenik ere. Eta, inguruotan, ez gutxi. Turismoa, joan den mendean indartutako industria hori, Bilbora ere, beharrik, iritsi da. Donibane Garazin, Iruņean edo Donostian bezala, egungo Bilbon ere bada bertako postalik. Duela 20 urte ez nukeen horrelakorik esan ahal izango.
Bazen turismo gida zahar bat, neure lagun batek oso laket zuena eta Kantauri itsasoko bazterrak deskribatzen zituena. Donostiaren edertasunari zenbait orri eskaini ondoren, horrelako zerbait zioen: "Eta mendebalderago, bada beste harribitxi bat: Santander. Hori bai, bertara iristeko, Bilbotik pasatzea beste erremediorik ez duzu izango". Ona, ezta?
Kanpokoei gure bazterrak saldu beharraren beharraz, egun gai gara Artium, Baluarte, Kursaal, Guggenheim, Boulevard, Exhibition Center eta Megapark andana ordaindu eta abiatzeko. Chillida´s Place izendatu zezaketen Chillida-Leku ere badugu eta, hainbestean, gaitzerdi. Gure lekua, lekutxoa, badugu tarteka.
Baina askotan, bertan dugunari duen balioa aitortzen ez dugu asmatzen. Ez da ordea gaitz endemikoa. New Orleans hiria arras ezaguna da AEBetan, Disneyland, San Francisco edo Las Vegasen pare, jaigune erakargarri eta gaugirokoa izateagatik. Bertako Bourbon Street, blues eta jazz bandak, tabernak... ezagunak zituzten AEBetan hainbat gazte eta gazte ohik. Ohikoan herrialde txiroak bisitatu ohi dituzten urakanetan bat, Katrina izendatu dutena, han izan da aurtengo udan.
Baina George W. Bush presidenteak 10.000 soldadu doi bidali zituen New Orleans nahiz bertako herritarrak salbatzera, Irak zaintzen (edo) 250.000 soldadu dituelarik. Espazio estralurtarra dela eta ez dela ere, AEBek Martitzen urik baden begira NASAren bidez dirutzak xahutzen dihardute, baina 2005eko iraila hasieran ur edangarria urri zen Louisianan bertan, ez edangarria, aldiz, sobera. Gorpuzkinak lurmentzen ikusi ditugu, ustez munduko potentzia ekonomiko-politiko-militar nagusi eta bakarra den horren etxean bertan. Aitaren etxea defendatzen ez dute asmatu.
Dramatismo gutxiagorekin baina, nago gurean ere badirela antzeko adibideak. Ez dakit Mundakako ezker olatuarekin, pottoka bezalako espezie endemikoekin edota Bilboko Aste Nagusiarekin ere, besteak beste, antzeratsu ez ote gabiltzan. Natorren gaurko postaletik gertuen dagoen azken gai honetara, Marijaiaren erreinura.
Ez dirudi Azkuna eta enparauek Bilboko jai herrikoiei duten balioa aitortzen dietenik. Neure lagun Alfonsok jai horiekiko objektibotasun eskasa egozten dit baina, auto-antolakuntza den aldetik, Gipuzkoako Telleriarte edo Aņorga auzoetan -zeharka ezagutzen ditudan bi kasu aipatzearren- eman ohi denaren parekoa izan liteke. Euskal Herriko eta munduko beste auzo eta herri txiki askok izango du antzeko gaitasun, borondate, auzolan eta onginahi nahasketa. Hori ziur.
Baina horrelakorik egungo Bilbon gertatzea, jaien inguruan zer hobetu franko dela jakinik, urteak joan urteak etorri errepikatzen den mirari txiki bat da. Zoaz Madril, Mosku, Kathmandu edo Torontora antzeko zerbaiten bila. Joko Olinpikorik ez, baina Jai Olinpikoak dira Bilbokoak. Bai horixe.
Bertako Gran Via, Haroko Diego Lopezi baino, konpartsei eskaintzeko besteko gertaera miragarria, gutxienez. Beraz, jar diezaiotela Konpartsak Street gura badute. Baina etxeko altxorrak, geronek zaintzeko dira. Urak daroana, ez du ohikoan urak ekartzen. Ez hemen, ez New Orleansen.