Katixa Garate
Kultur Errotak 1.000. alea gertu
1998ko azaroan ekin zion Topagunea euskara elkarteen federazioak euskarazko kultura sustatzeko xedea duen Kultur Errota ekimenari, jendeak euskarazko ikuskizunetara joateko ohitura har zezan eta programazio jarrai eta kalitatezkoa egon zedin. Ordutik, formatu txikiko ehunka kontzertu, antzezlan, hitzaldi eta ekitaldi antolatu ditu makina bat herritan. Ikasturte honetan 166 emanaldi eskainiko ditu. Aurtengoan asko ugaritu dira literatura oinarri duten ikuskariak eta diaporamak. 1.000 zenbaki borobila erdietsiko du Kultur Errotak abenduaren 17an. Izan ere, Ez Dok Hiru bikoteatroak, Patxo Telleria eta Mikel Martinezek, Euskara sencilloaren manifestua eskainiko du, Elorrion. 1.000. emanaldia. Eta aleak ehotzen jarraitzeko asmoa du errotak.
Kaxianori gorazarre
Lizartza bizileku izan zuen Kaxiano Ibarguren soinu jotzaileak hainbat urtez eta bertako herritarrek haren omenezko kultur astea atondu dute. Irailaren 20an Imanol Lazkanok, Iñaki Muruak eta Txomin Garmendiak bertsolaritzaz hitz egingo dute. 22an soinua eta musika izango ditu hizpide Aitor Furundarenak. Asteburuan, kalean izango dira ekitaldiak. 24an herriko pilotalekuan bilduko dira txistulari, soinujole eta panderojoleak eta dantzariek Kaxianoren bizitzari buruzko koreografia aurkeztuko dute eta bere bizitan oinarritutako antzerkia ere izango da. Igandean, hilak 25, musikariak arituko dira kalean goizean. Eguerdian bertso saioa eskainiko dute Imanol Lazkanok, Joxe Lizasok, Joxe Agirre, Txomin Garmendiak eta Jon Azpillagak.
Gasteizko Antzerki Jaialdiak 30 urte..
hogeita zortzi ikuskari hartuko ditu aurten Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak hilaren 23tik azaroaren 20ra. Antzerkikoak gehientsuenak, baina izango da dantza eta opera ikusteko aukerarik ere. Batetik, On Kixoteren mendeurrena gogoratuko dute, Els Comediants taldeak jaialdia irekiko baitu El Elogio de la locura lanarekin. Bestetik, Jaialdiak 30 urte betetzen dituela-eta, nazioarteko talde ugari bertaratuko da: Japoniako Bunraku txotxongilok, Hanneton konpainia, Lindsay Kemp. Bertako taldeak ere izango dira: Ados eta Tartean, esaterako. Aurten, estreinakoz, Arte Eszeniken Jardunaldiak antolatu dituzte azaroaren 14 eta 15erako. Zuzendaritza teknikoa izango dute hizpide.
Latinoamerikarekin zita Miarritzen
Irailaren 26tik urriaren 2ra Latinoamerikako kulturaren jaialdia egingo dute Miarritzen, hamalaugarren aldiz. Iaz arte La Cita zuen izena jaialdiak, baina diru arazoak eta antolatzaileen arteko desadostasunak medio, zuzendaritza eta izena aldatzea erabaki dute. Miarritzeko Jaialdiak da izen berria. Hamar film luze lehiatuko dira sail ofizialean, beteak beste, Ruy Guerraren O Veneno da Madrugada (Brasil), Ricardo Beneten Noticias Lejanas (Mexiko) eta Francisco Nordenen El trato (Venezuela). Film labur ugari ere proiektatuko dituzte, Kubako San Antonio de los Baños zinema eskolako ikasleenak eta Eusko Jaurlaritzaren Kimuak egitasmokoak tartean. Literaturak izango du tarterik: Guillermo Cabrera Infanteren lana omenduko dute eta Bernardo Carvalho eta Leopoldo Brizuela etorriko dira. Arteari dagokionez, lau erakusketa izango dira. Alberto Hernandezen margoak, Therese Vian Mantovaniren argazkiak, Olga Lunak egindako murala eta Mexikoko Casasolako argazki artxiboetako argazkiak ikusi ahal izango dira. Halaber, Latinoamerikako musika entzuteko parada izango da. Kubako Magali Oropesaren taldearen eta DJen eskutik.
Francoren ondorengo artelanak
Francoren Diktaduraren amaierak aldaketa handiak ekarri zituen maila guztietan. Baita artean ere eta horixe erakutsi nahi du Vital Kutxa fundazioan dagoen Askatasun garaiak. 1975-1990 erakusketak. Espainiako Estatuko artista ugariren 30 pintura eta eskultura paratu dituzte. Besteak beste, Miquel Barceló, Soledad Sevilla, Cristina Iglesias, Jaume Plensa eta Alonso Albaceteren lanak ikus daitezke urriaren 1a bitartean. Erakusketako komisario Fernando Francesek adierazi duenez, 1920ko abangoardi historikoen garaitik Espainian ez zen egon halako artista ezberdin, aske eta garrantzitsuz osatutako multzorik.
Gaztetxeak eta literatura eskutik helduta
Santutxuko Sorgintxulo gaztetxea (Bilbo) 2004ko abenduaren 16an itxi zuen Bilboko Udalak. Baina Santutxuko Gazte Asanbladak lanean darrai. Horren adibide gaztetxeak gai hartuta Durangoko Azokarako Elea argitaletxearekin plazaratuko duten liburua. Hainbat idazleri (Unai Elorriaga, Uxue Alberdi, Harkaitz Cano, Juan Luis Zabala, Felipe Juaristi...) gaztetxeen inguruko sormen lanak eskatu dizkiete eta lan horiek laguntzeko zenbait artistek marrazki eta argazkiak egin dituzte (Conny Beyreuther, Mattin, Erramun Landa...). Liburua argitaratu ostean, errezitaldiak egingo dituzte gaztetxez gaztetxe. Liburuarekin lortzen dituzten irabazien zati bat Santutxuko gazteak laguntzeko baliatuko dute. Gaztetxearen aldeko mobilizazioetan parte hartzeagatik 78 gazte daude auziperatuta eta beste batzuek isunak ordaindu behar dituzte.
Auto-ilarak mendian
Maider Lopez artista donostiarrak Proyecto coches erakusketa jarriko du aurki Gasteizko Artium museoan. autoarekin dugun harremanaz hausnartzen duen lana da. Egitasmo horren barne, auto ilara bat irudikatu nahi du Nafarroako Intza herrian. Hilaren 18an 150 auto bildu nahi ditu bertan, eta jendearen laguntza eskatu du horretarako. 687559011 telefonoan eta ataskoa@amaste.com helbidean eman daiteke izena.
Mari Jose Olaziregik literatur irakasle eta kritikariak Bernardo Atxagaren obra aztertu du argitaratu berri den Waking the Hedgehog. The Literary Universe of Bernardo Atxaga ( Trikua esnatzen.Bernado Atxagaren unibertso literarioa) liburuan. Renoko Euskal Ikasketen entroak argitaratu du The Basque Studies Texbook Series sailaren baitan.
Pablo Malok bigarren film luzea errodatuko du aurki: Algún día será hoy. Suspense filma izango da eta aurreko filmaren (Frío sol de invierno) ekoizle berarekin, Luis Goiarekin, egingo du lan.
Biarrizko Baletak konpainia gazte bat osatu du Donostian, EAErekin harremanak estutze aldera. 12 dantzari gazte daude konpainian. Azaroaren 17an eskainiko dute lehen emanaldia Egia auzoko Gazteszena aretoan.
Gaztesareak eta Xirika gazte kazetak Entsegu Lokala hirugarren musika bilduma plazaratu dute. Euskaraz abesten duten eta diskoetxeekin kontraturik ez duten hamasei talderen abestiak bildu dituzte. Besteak beste, Nuke, Oliba Gorriak eta Mix6t taldeek hartu dute parte.
Chimeres eta Pok antzerki taldeek Kaukasiar kreazko borobila antezlana estreinatuko dute Izpuran, urriaren 13an. Bertold Brechten obra Itxaro Bordak euskaratu du. Hamazazpi antzezle izango dira taula gainean eta lau musikari.
Mikel Valverde ilustratzailearen lanak ikus daitezke Bilboko Deustuko udal aretoan abenduaren amaiera bitarte. Erakusketa Bilboko Udalaren Expodistrito pogramaren baitan antolatu dute. Expodistritok artea auzoetara gerturatzea du helburu.
Iñaki Segurolak honakoak esan zizkion Ostielari: «Ni mundu honetako jaun eta jabe banintz, esango nuke: bihartik aurrera liburu, kuadro, disko, etzakiat zer... denak atera behar dituk izenik gabe eta horrekin merkatu eta sistema kulturala ba... Artearen kontuan zer esanik ez, kasu estremoa izango huken (...) Artean zer saltzen da? Izena, arte haundi milamiliodunean».
Carlos Gilek Garan idatziak: «Egun hauetan ikuskizunen saila begiratu eta soilik kontsumorako produktuak topatzen ditut (...) Europako edozein antzoki publikotan zaharkituta dauden formula hauek ukiezinek programatzen dituzte, aitortu ezin diren interesen izenean (...) Horregatik beldurra dago. Konpainiak ahulak dira. Bizirauteko, sortu dutena ukiezinen gustukoa izatea beharrezkoa da».
Xabier Payaren hitzok jaso zituen Berriak: «Orain ematen du idatzizkotik ahalik eta hurbilena ibili behar dugula, perfekzionismoaren bila. Hori garai bateko bertsolariek ez zuten egiten, eta hori da bertsolariek izan dezaketen konplexu moduko bat. Bertsoa izugarri lantzen da, sortzen diren neurri luzeetan ikus daitekeenez, baina bertsoa ahozkoa da, eta hori bertsolari askok ahantzi egiten dute lantzean behin».