Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-09-18 -- 2007.zenb

Eider Garaikoetxea


Magoak artistak dira, edo aktoreak, edo psikologoak edo hirurak aldi berean; pertsona magikoak dira hein batean: ezinezkoa ûdirudiena, akasoû, harrigarriena errealitate bihurtzeko abilezia dute, eskuekin, aurpegiarekin, hitzekin. Berbekin sorginduta utzi gaituzte, txundituta; harri eta zur geratu baikara telefono bidezko solasaldien ondoren, aurrean ez edukita ere, batek daki nola, hurkoa aho zabalik uzteko modua bilatzen baitute.

Marsel magoak -Aitor Marcilla "azti abitua" kentzen duenean- urteak daramatza ilusioa sortzen: "12 urterekin hasi nintzen; baina saioekin, profesional modura, 15 urterekin. Orain 30 ditut, pentsa". Eta hori nabaritu egiten da: "Telefono bidez magia egin ote daitekeen? Noski! Orain hori azaltzen duen liburu bat dut eskuartean", esan digu. "Edozein gauzarekin egin daiteke magia, baita elementu sinpleenarekin ere", azpimarratu digu.

Edozeinekin ez ezik, edonoiz murgildu gaitezke magiaren munduan. Hala dio behintzat Txispi magoak (Miren Lazkoz). Irakaslea da lanbidez eta magia zaletasun izaki, eskolan ere abilezia berezi hau erabiltzen duela aitortu digu. "Trikimailuak egiten dizkiet ikasleei; ez egunero, batzuetan. Trukuak bakarrik ez, ahotsa modu berezian erabiltzen dut, antzerki pixka bat egin...", kontatu du irriño batekin.

Txan magoak (Xanti Antero) ez du apenas aurkezpenik behar, oholtza gainean aurrena, telebistan gero eta ume eta heldu askoren bihotzean izan den eta dagoen donostiarra da. Interpretazioa maite zuela konturatu zen, artean gaztea zelarik ,eta geroxeago sartu zitzaion magiaren harra: "Interpretazioa betidanik gustatu zait asko. Halako baten ikusi nuen magiak eta interpretazioak bat egiten zutela nirekin eta horrela hasi nintzen".


Ehundik gora mago

Hirurekin mintzatu gara, baina dozenaka genituen aukeran. Izan ere, zaletasuna handitzen joan den heinean -tradizio txikiko jarduera da magia gure herrian-, gero eta mago gehiago dago Euskal Herrian. Gehienak herrialde bakoitzean dauden elkarteetara biltzen dira; Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ilusionismo elkarte bana baitago. Ipar Euskal Herrian, ordea, ez dago halakorik, ez behintzat modu antolatuan. Bizkaikoa da guztietan beteranoena, 70eko hamarkadan sortu baitzen, eta gerora sortu ziren gainerakoak. Magoak astean behin biltzen dira euren ezagutza elkar trukatzeko, trikimailuak entseatzeko edota ikastaroak eta jardunaldiak antolatzeko. Horren adibide, orain urte batzuk Espainiako Estatuko magia topaketak antolatu zituen Xixka Gipuzkoako ilusionismo elkarteak Kursaal aretoan. "Oso arrakastatsuak izan ziren, baina orain dela hilabete pare bat bukatu genuen pufoa ordaintzen. Oso laguntza gutxi jaso genuen eta Kursaala alokatzeko dirua gure poltsikotik jarri dugu!", azaldu digu Txan magoak.



Diruarekin ezin magiarik egin

Hori da, hain zuzen ere, mago gehienen patua: sosak izan beharrean, zorrak edukitzea. Bada, halere, lanbidea ikuspuntu erromantikotik begiratzen duenik ere. Horietakoa dugu Marsel magoa: "Nik beti esaten dut lan honetan diruaren kontua alde batera utzi behar dela. Gustatzen bazaizu, azkenean moldatu egiten zara. Bizimodu ezberdina da, dudarik gabe, ez duzu nominarik, ez soldata finkorik; hilabete batean saio asko duzu eta beste batean hortxe-hortxe ibiltzen zara".

Are kritikoagoa ageri zaigu Txan magoa, edo kasu honetan Xanti Antero langilea. "Ni bai ni "autonomazo"! Autonomoa naiz orain dela urte mordotik. Magook ez daukagu inolako laguntzarik, negozioa ondo joango balitz ulertuko nuke, baina ikusita nola ibiltzen garen... Penagarria da! Agintariek pentsatzen dute magia umeen kontua dela eta bost axola! Magoak ere langileak gara eta kultura mugitzen dugu, baina halere, oso utzita gaude. Kanpora, Espainia aldera, joatekoa naiz, hemen ez dago lanik-eta", esan digu haserre.

Mago euskaldunek erdaldunek baino lan eskaintza gehiago dutela esan daiteke, kopuruz gutxiago dira, gainera. Euskarazko magia egiten aitzindarietako bat izan zen bere garaian Txan magoa. Hizkuntzaren alorrean dena zegoen asmatzeke: nola esan gazteleraz hain ezagunak diren abracadabra edo varita? "Batzuetan nik asmatzen nuen terminoa eta beste batzuetan, ba... hanka sartzen nuen, askotan saioa bukatzean, norbait hurbiltzen zitzaidan eta esaten zidan: hau horrela ez da esaten, beste erara esaten da", kontatu digu Txanek. Termino jakin batzuk sortzeaz gain, umorea egiteko erdarara jo behar izate horren kontra egin behar izan dute mago euskaldunek.


Magia potagia jokoa baino haratago

Oztopoak oztopo, aurrera egin dute gure magoek, ikasten jo eta su ibili ondoren, batez ere. Bistan denez, saio bikaina egiteko luze entseatu behar dute ilusionistek eta horretan, ikasten, harrapatu dugu Marsel magoa: "Opor gutxi hartzen dut nik, esan nahi dut saio batean ez nagoenean trikimailuak egiten edo entseatzen ari naizela. Bizitzeko modua da niretzat, beti nabil ideia berriak pentsatzen, ikasten eta ikertzen; azkenean bizitza osoa ematen dut magia buruan", esan digu.

Gehienek liburuak izan dituzte ikasketa lagun: "Mila liburu baino gehiago ditut etxeko liburutegian; ez dira diruditen bezain hotzak. Izan ere, liburuan teknika agertzen da baina gero zuk hori interpretatu behar duzu; eleberri batean oinarrituta, filma egitea bezala da; askotan testu bera bi zinemagilek hartuta, oso pelikula diferentea ateratzen da, bada magian berdin", arrazoitu du Marselek. Gainerakoan, bideoak, jardunaldiak eta, batez ere, beste mago batzuk izan dituzte hobetzeko tresna. "Nire ustez azken horrek garrantzi handia du: taldean bazaude, ideia berriak sortzen dira, errazagoa da, gehiago motibatzen zara eta guztion artean landu daitezke teknikak", nabarmendu du Marselek.

Eta teknika aipatuta, galdera etorri zaigu burura. Magoen lanbidean zerk du garrantzi gehien trikimailua edo horri dagokion interpretazioa, aurkezpena? "Nik adibidez landuagoa dut showman aldea, gazte-gaztetatik koadrilako bufoia izan naiz, horrek asko izorratu nau ikastolako garaietan, baina gero asko lagundu dit oholtza gainera igotzeko", azaldu digu Txan magoak irribarrea ezpainetan.

Honakoa gaineratu du Marselek: "Teknika inportantea da, azken batean horretan datzalako trukua baina magiaren atzean gauza asko daude, teknika psikologikoak esaterako".


Helduen neurrira egindakoa

Magiaren gakoetako batekin egin dugu topo: psikologia. Magoak psikologoak dira hein batean; izan ere magia psikologian oinarrituta dago. Ezinezkoa den zer edo zer egiteko kapaz dira aztiak, logikaren kontrako jarduerak egiten dituzte eta horrek barne-gatazka sortzen du helduaren buruarengan. Hala azaltzen du Marsel magoak: "Normalean saio bat ikusten dugunean, beti bilatzen dugu esplikazio bat. Txanpon bat nire eskuan jarri eta desagerrarazten badut, ikusleak esango du: ænola da posible?Æ eta gatazka emozionala delakoa sortuko da".

Umeekin, berriz, ez da halakorik gertatzen. Haurrak aurreiritzi gabekoak dira, magian sinesten dute. "Umeei planteamendu magiko bat egitean, 'ba noski, zu magoa zara!' esango dute, baina heldu bati sinestezina egingo zaio, bere eskema guztiak apurtuko dituzu eta orduan txalo bikain bat eskainiko dizu", esplikatu digu Txanek.

Hortaz, uste denaren kontrara, magia helduentzat egina dago. Merkatuak, baina, haurrak ditu oinarri eta mago askok, Txanek berak tarteko, bestelakoa aldarrikatzen dute. "Nik umeei asko zor diet, saioen %80 umeentzat egiten baitut, baina saiatzen ari naiz irudi hori aldatzen; umeentzako magia baztertu gabe, helduei pixka bat gehiago hurbiltzen", azaldu digu. Zeregin hori magoei beraiei dagokie, Txanen iritzian: "Magook eman behar diogu prestigioa magiari; uste dut oso desprestigiatuta dagoela, helduek pentsatzen baitute magia umeen kontua dela, txorakeria dela. Askotan helduren bat etorri zait saioa amaitzean esanez: 'Aizu, niri ez zitzaidan magia gustatzen eta hunkitu egin naiz!'. 'Hori da magia', erantzun diot nik".

Heldu zein ume, denok behar dugu magia, hori esan digu behintzat Txispi magoak: "Mundu honetan bizitzeko, magia ez dut esango, baina ilusioa behar duzu aurrera egiteko eta magia eta ilusioa oso hurbil daude".

Pilar Iparragirre

Zein izan da zure lan honen sorrera?
EHUn irakurri nuen doktorego tesia. Ikerketari, dena den, 1997an ekin nion. Euskarak prentsa abertzale elebidunean zeukan presentzia aztertzeko, gaiari buruzko informazioa biltzen eta liburuak irakurtzen aritu nintzen, harik eta Andoaingo Udalaren eta EHUren Rikardo Arregi euskarazko kazetaritza ikerketarako beka eskuratu eta lanari bete-betean heldu ahal izan nion arte.

Zein da lanaren ondorio nagusia?

Kazeta elebidunak aho biko ezpata direla euskararentzat, haren gutxieneko presentzia duten arren, beronen garapen kuantitatiboa zein kualitatiboa eragozten dutelako.

Baina erdaraz bizi den gizarteak ere behar ditu bere komunikabideak. Abertzaleek uko egin behar ote liokete haientzat erdaraz jarduteari?

Kontua abertzale/ez abertzale parametroetatik planteatuz gero, eztabaida horrek zentzua dauka. Euskararen ikuspegitik erreparatuz gero, ordea, ikusmira guztiz bestelakoa da. Urteak joan, urteak etorri, kazeta elebidun abertzale bakar batean ere ez da euskara kopurua hazi. Eta euskara leku periferiko, anekdotikoetara kondenaturik egon da kazeta horietan. Euskarari betelan hutsa ematen bazaio, gauza funtsezkoak erdaraz esaten badira, irakurlearen inkontzientean euskararekiko sendotuz doan ustea balio sinboliko handia baina praktikotasun urria duen hizkuntza dela izango da. Haatik, euskararen nagusitasunean oinarrituriko hedabideak sendotuta ûnahiko lan orduan ereû, euskararik ez dakitenen arreta erakarri genezake.

Pilar Iparragirre

Lunaren Goiztiri
Juan Luis Mugertza
Ataramiñe
85 orrialde 8 euro

Preso baten alabaren begietatik

Euskal Errepresaliatu Politikoen Koadernoak plazaratzen dituen Ataramiñeren eskutik eskaini digu Juan Luis Mugertzak Lunaren Goiztiri lana. Jose Mari Sagardui Moja Gatza euskal preso politikoak 25 urte espetxeraturik zeramatzala-eta, haren omenez, bere alaba txikia protagonista nagusi duen kontakizuna osatu du. Narrazioan zehar, aita presoa bisitatzerakoan bai umeak, eta bai haren amak eta lagunak bizi behar izaten dituzten egoerak ezagutzeko aukera ematen du, kartzela barruan dirautenek jasan behar izaten dituzten hainbat inguruabar astungarri agertzeaz batera. Lunaren Goiztiri ez da inolaz ere ipuin bat, dispertsioaren bidez urrutiratutako euskal preso politikoen seme-alabek pasa behar izaten dituztenen berri ematen duen liburua baizik.

100 recetas con label. Guía de los mejores productos de la cocina vasca
Batzuen artean
Ttarttalo 232 orrialde/ 23,50 euro


Euskal sukaldaritzak eskaintzen dituen 100 errezeta gozo

Babarrunak, zainzuriak, karduak, ilarrak, txakolia, Errioxa, Irulegi eta Nafarroako ardoak, bisigua, sagarrak, gaztak ... hamaika dira gaur egun euskal sukaldaritza osatzen duten elikagaiak. Ttarttalo argitaletxeak 50 aukeratu ditu, eta horiekin Euskal Herriko hirurogeita zortzi jatetxetan osatu ohi dituzten ehun errezeta gozo bildu ditu liburu honetan, errezeta bakoitza Juantxo Egañak eginiko argazkiekin hornitua agertuz. Txuleta eder bat edo bokartak erretzerakoan puntu-puntua noiz dauden jakiteko aukeraz gainera, bazkari edo gure gonbidatuei afari guztiz berezia eskaintzeko orduan sukaldari bikain gisa agertzea ahalbidetuko diguten errezeta sofistikatu ugari ikastekoa ere ematen du.

Pierre Haristoy. Historia Jardunaldia
Batzuen artean
Eusko Ikaskuntza
183 orrialde 11 euro

Pierre Haristoy gogoan

1833an jaio eta 1901ean hil zen Pierres Haristoyren heriotzaren mendeurrena zela-eta, Eusko Ikaskuntzakoek 2001. urtean bere sorleku izandako Aiherran hausnarketa eguna eskaini zioten. Eta hain zuzen ere orduko ekarpenen bilduma plazaratu dute orain Pierre Haristoy. Historia Jardunaldia. Journée d´Histoire liburuan. Lan gehienak monografikoak dira eta Iparraldeko problematikari lotuak daude. Egileak, berriz, honoko hauek dituzue: Piarres Xarritton, Xipri Arbelbide, Manex Goyhenetche, Dominique Robin, Ivette Cardaillak-Hermosilla, Patrick Castoreo, Claude Mehats eta Pascal Goni. Jakina, Pierre Haristoyren nortasuna eta lan historiografikoa nolakoak izan ziren jakiteko aukera ere ematen da bertan, Piarres Xarritonek zein Pascal Goñik eskainitako lanen bitartez.

Harizpeko neskaren afera
Juan José Ispizua Hormaetxea
Euskaltzaindia, BBK Fundazioa
139 orrialde
9 euro

2004ko Txomin Agirre saria

Juan José Ispizua Hormaetxea gernikarraren Harizpeko neskaren afera polizia nobelak eskuratu zuen iaz Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak antolatu ohi duten Txomin Agirre literatur lehiaketa. Gaia hauxe du: perretxikozale batek hogei urte ere ez dituen neska gazte baten gorpu biluzia aurkitzen du ezustean Gernika inguruko harizpe batean. Gorpua beroki batez estalita dago. Perretxikozaleak Ertzaintzari abisua ematen dio, eta polizi indar horrek Priego inspektorea aukeratzen du kasua argitzeko. Gizon diskretua eta bere lana zuhur betetzea gustuko duten horietakoa da Priego ertzaina, baina argibide gutxi eta oztopo eta gezur ugarirekin aurkituko da oraingoan. Lortuko ote du harizpean aurkitutako neskaren aferaren atzean zer eta nor dagoen jakiterik?

Asedio a Fuenterrabía
Pedro Esarte Muniain
Pamiela
348 orrialde 20 euro

Hondarribiak jasan zuen setioari buruzko datuak

Pedro Esarte Muniainen lan honen izenburu zehatza Asedio a Fuenterrabía y avasallamiento de Guipúzcoa (1635-1644) da, eta bertan historiaren bertsio ofizialari aurre egiten dioten datuak eskaintzen ditu historialariak. Gipuzkoako probintzi agiritegietan, Hondarribia bertako udal agiritegietan, Gipuzkoako Junten artxibategian eta Moretek zein Palafoxek utzitako narrazioetan arakatu eta gero jasotako datuak dira, eta haien arabera, Espaniako monarkia izan zen setio anker haren errudun bakarra, aurretik utzi zuelako Frantziako armadak Hondarribia inbadi zezan, ondoren bera salbatzaile gisa agertzearren. Oso ondo planifikatutako operazioa izan zela azpimarratzen du Pedro Esartek.

Pirata 1
José A. Lopetegi
Saure
40 or. / 15 euro

Haur zein helduen gustuko izan daitekeen komikia

Julen Bandera Beltza deiturak ditu José A. Lopetegik sortu eta Koldo Bigurik euskaratu duen komiki honen protagonista nagusiak, eta horrexegatik deitzen dio mundu guztiak Pirata. Mutiko bihurri honek gurasoak ere baditu, bananduta dauden arren, eta baita lagun mordoa eta ezinikusi galanta dioten etsai ez gutxi ere. Eskolako jarduna, bestalde, ez zaio gehiegi atsegin, nahiago duelako futbolean aritzea edota neskei musutxoak nork emango dizkien jokora jolastea, eta, jakina, maisu-maistrek ez dute bera asko maite.

Bidegorriak hizkuntzentzat
Aitor Zuberogoitia
Elkar
304 orrialde 21 euro

Euskarazko komunikazio-esparrua trinkotzeko

Prentsa elebidunaren eredua kale itsua dela-eta, pertsona eleanitzek osaturiko euskara hutsezko komunikazio esparrua aldarrikatzen du Aitor Zuberogoitiak doktorego tesian oinarriturik idatzi duen Bidegorriak hizkuntzentzat. Euskarazko komunikazio esparrua trinkotzeari buruzko burutazioak lanak. Euskarak azken hogeita hamar urteotan sortutako prentsa abertzale elebidunean daukan presentzia ikertu eta gero iritsi da egilea ondorio horretara, hipotesi honetatik abiatuta: prentsa elebiduna, abertzalea izan arren, aho biko ezpata dela euskararentzat, bere gutxieneko presentzia bermatzen duen bitartean, garapen kuantitatiboa mugatu eta kualitatiboki bere barne-ahalak taxuz garatzea eragozten diolako. Aitor Zuberagoitiaren iritziz, esparru elebidunak, gehientsuenetan, ezinbesteko hizkuntzaren eta hizkuntza baztergarriaren eremuak direlako, ezinbesteko hizkuntzak gaztelania zein frantsesa direlarik, eta hizkuntza baztergarria euskara. Horixe ondorioztatu du 1975. urtez geroztik komunikabide elebidunen aldeko apustua nagusitu eta Euskal Herria osoan sortu ziren komunikabide elebidunen euskararekiko jarrerak sakonki aztertu eta gero.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan