Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-09-18 -- 2007.zenb

Pako Sudupe

Sei urteko alabak mendiko botak behar ditu eskolako irteera bat egiteko. Inguruan ditugun bi kirol-saltoki handitara joan, alderatu eta alderatzekorik ere ez: bietako batean askoz aukera gehiago eta modu hobean. Itxura batera, mendirako oinetako bigunak, malguak, arinak eta ondo eginak, aukerakoak: hamahiru eurotan. Kontent gara gehiago begiratu beharrik ez dugulako. Etiketari begiratu eta: Made in Bangladesh. Beste batzuk Txinan eginak, Macaun edo Vietnamen. Esku-eskura, modu onean.

Ordaintzeko kutxatik igaro zain ilaran gaudela, non ikusten ditugun elastiko zuriak eta beltzak bi eurotan. Benetan elastiko elastikoak, hauek ere Bangladeshen eginak, etiketak gezurrik ez badio. Zergatik izan behar du gezurra? Duela hamar urte mila eta bostehun arropa-lantegi omen zeuden eta hauetako bakoitzak hirurehun edo laurehun bat langile bide zituen; ehunetik laurogei emakumeak eta %20 haurrak. Orain dudarik gabe gehiago egongo dira, eta horietakoren batean egingo zituzten guk erosiak.

- Horiek ez dituk erosi behar, hamaika, hamabi edo hamahiru urteko neskatilek egiten ditiztek, huskeria baten truke. Familia handietako gazteak, neskatxak batez ere, arroza ekoiztetik bizi ezinik, hiri inguruetara joaten dituk etxekoentzat sos batzuk irabaztera, eta eskrupulu gabeko enpresaburuek esklaboen lan-baldintzetan edukitzen ditiztek, eta haiek eginak esklabistak berak bezain eskrupulu gutxikoak diren multinazionalei saltzen zizkietek; eta hik, kontsumitzaile gisa, nekazari esklabotuen lepotik bizi direnen kate hori mantentzen duk salgai horiek erostean.

- Zein salneurrik bermatzen ditin lan-baldintza duinak?

Aurtengo apirilean bi eguneko bisitaldia egin zuen Espainiako enbaxadore Ion de la Rivak Dhakara, bi estatuen arteko harremanak areagotzeko. Espainiar diplomazialariaren arabera, Bangladeshen demokrazia heldua eta indarrean dirauena ikusi du, fundamentalismo eta estremismo musulmanaren kutsurik gabea; horretaz gain, espiritu demokratikoa, eta horregatik Espainiako Gobernua garapenerako laguntza handitzeko gertu dago. Nago ez zuela oihal lantegietan indarrean dirauten lan-baldintzei buruzko txostenik eskatuko.

Indian eta Bangladeshen lan legeria egon ba omen dago, hainbat muga ezartzen dituena lan-baldintzei buruz. Enpresaburuek errespetatzen dituzte? Kontrolatzen ditu gobernuak? Hori bezain garrantzizkoa: nork kontrolatzen ditu kolonizazio frantses eta batez ere ingelesaren ondorengoak diren multinazionalak? Estatu musulmanak, bestalde, emakumeak baztertzen ditu irakaskuntzatik eta lan-merkaturako babesgabeen daudenak haiexek dira.

Bidezko merkataritza sustatzearena ez da gaur goizekoa, baina horrelako saltoki handietara joaten garenean ez dugu informaziorik izaten, publizitatea eta katalogoak bai, ekoizpenari buruzko argibiderik ez.

Kontsumitzaileongana etorriz, kalitate-prezioari kontuan hartzeko beste aldagai batzuk eransteko gertu gaude? Beharbada, informazio sinesgarria eskainiz gero aldatzen hasiko ginateke. Nork eskain diezaguke? Gobernuz kanpoko erakundeek? Administrazio publikoak?

Bestetara sartu-irten bat eginda: Euskal Herriko produktuari lehentasunik ematen diogu? Euskolabelen kontua txantxetan hartu ohi dugu: ekonomia eta eskakizun nazionalak uztartzen zailak bai baina uztarrezinak? Eskertzen eta saritzen ditugu euskaraz artatzen gaituztenak ahoz nahiz idatziz?

Bizkitartean, Txinako jertse eta galtzak blokeaturik daudela irakurtzen dugu, mugak jarriko zaizkiela AEBetan eta EBan sartzeko; gure oihal lantegiei, gure lantegietako lan-baldintzei gero eta gehiago eragingo dieten seinale. Agintarien, gobernuen eta multinazionalen erantzukizun zuzenaz gain, aurki honen ifrentzua da gero eta garrantzi gehiago dugula kontsumitzaileok, garrantziarekin batean erantzukizuna. Informazio-eskea eta erosteko orduan ardura, horra kontsumitzaileon egitekoak, salgaien alorrean behinik behin geroz eta globalizatuagoa dugun mundu honetan.

Mikel Aramendi

Euskal politikako agente nagusienen arteko elkarrizketa erabakigarrien urtea izan behar duena hastera goazela esango nuke. Argi dago denontzat. Giroa heldutasunera iritsita dago, eta prozesu historikoetan "baldintza objektiboek" duten eraginean sinesmen apur bat mantentzen dugunontzat, horrek bere itzala izango du gertakizunetan. Bestalde, egutegi politikoak ere halatsu agintzen du, alderantzizko bidetik bederen: hauteskunderik gabeko urte honetan egiten ez dena, askoz nekosoagoa izango da geroago, hautestontziak gainean direnean. Beraz...

Elkarrizketa horiek noiz, nola eta nortzuen artean izango diren, eta beroietatik zer irtengo ez dago batere garbi, hala ere. Hori, berez, ona, oso ona da, indefinizioek eta inkognitek gutako bakoitzaren segurtasun nahia sumintzen badute ere.

Helmuga non egongo den ez jakitea onuragarria dela diot, esperientziak esaten didalako gure herrian edozein prozesu politiko zapuzteko modurik azkar eta efektiboena dela epilogoa zein izango den hasiera-hasieratik aurreratzea. Hartara, epilogo hori gustukoa ez duten guztiek aldez aurretik badakitelako zer egin behar duten: ez abiatu. Aldiz, ondotxo dakit gure erkide politizatuenek nekez ematen dituztela urratsak edonorako bidean baldin eta azken-portu bat aurreikusten ez badute -nahiz eta, luzarora, gehientsuenon periplo politikoak sabotajeko itsasontziena dirudien-. Akordioek "honaino iritsi behar dute", edota "hemendik ezingo dute pasa" esanez hasten direnak, gure artean, edo erabat inozoak dira edo inolako akordiorik ez dute nahi, eta oso eroso daude status quoan. Honelakorik ere badelako, noski.

Gainera, gaudenean gaudenez, gure agente politikoetako bakoitzaren barne kohesio eta adostasunaz zalantza biziak ditudala aitortu behar dut. Maila eta ņabardura ezberdinekin, denen kasua dela esango nuke. Batzuetan, arretaz begiratuta baino ikusten ez diren pitzadurak dira; besteetan, eskua sartzeko adinako etenak -eta, bide batez, beti izango da kanpotik sartuko den eskurik: politikaren sortzezko legea da-. Botereak, jakina, estali ez ezik porlandu ere egiten ditu ezsadostasun horiek eta, esaten denaren aurka, aski banatuta dago botere hori gure artean. Eta aldaketa guztiek barneratzen dute tentsio dialektikoa: norberaren onerako izan daitekeā edota kalterako.

Bideak nora eramango gaituen zehatz ez jakitearen onuraren alderantzia da, bidean ibili ahal izateko arauak oso argi zehaztu behar dituztela bidaiariek. Oso gutxi, oso oinarrizkoakā baina bidaiari guztientzat nahitaezkoak izango direnak. Bideak ez baitira, soilik, azpiegitura materialak, baizik haiek erabiltzea zilegitzen duten arauak. Baita politikan ere.

Maiz aipatzen dira hitz egin ahal izateko "baldintzak". Ez da oso hitz aproposa, anbiguotasuna ekidin eta joko-arauak argitu nahi baditugu behintzat, anfibologiarako aukera gehiegi eskaintzen dituelako. "Zerbait gerta edo bete dadin nahitaezkoa dena" baita, alde batetik, baldintza, baina baita ere "zerbaiten egoera adierazten duten ezaugarri eta gertakarien multzoa" dira baldintzak. Eta oso gauza ezberdinak uler daitezke, demagun, "baldintzarik gabe hitz egin" behar dela esaten denean, hitza adiera batean zein bestean hartuz gero. Eta hitzekin jolastea ez ezik endredatzea gustatzen zaion herrian gaude.

Politikan eraginkortasunez hitz egin ahal izateko, giro baikorra eta prozedura aproposa behar direla esatea askoz prosaikoagoa -egokiagoa baino- litzateke nik uste. Eta hori zertan datzan? Bada bidean ibiltzeko arau horietan. Gutxi, ahalik gutxien -zenbat eta arau gehiago, orduan eta kolapsoa hurbilago-; baina denek beti errespetatuko dituztenak. Eta inor bidetik kanpo ibiltzera behartuko ez dutenak.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan