Urnietatik Andoainera bidean, GI-3721 errepideko 0 kilometroa markatzen duen puntuan dago Besabi auzora eramango gaituen bidegurutzea -Zelai sagardotegia markatzen du bidegurutzeak-. Besabiko tabernan gosaldu eta ekin diogu Aranorainoko bideari.
Adarra
Eteneta, Otsolepo, Zaburu
Pinudi itxi-itxiaren ertzetik doa bidea eta halako batean eskuinera dagoen bidezidorretik Otsolepora igoko gara. Hemen trikuharria ikusi dugu, eta baita ehiztari postu pila ere. Parean desafioka ari zaigu Zaburu tontorra, harro, Hernaniko mendirik altuena (780 metro). Gora ekin diogu, harkaitzez harkaitz, harkaitz artean dena txilar, txilar artean dena erle, eta erle artean pasa egin behar! Ezti usaina gure beldurraren usainarekin nahastu da, baina iritsi gara gailurreko Guadalupeko Amaren ermita irudira!
Ezkerrera jaitsi gara, Antxistako mairu-baratzera.
Su etenleen krestatik
Su etenlearekin Azketara iritsi gara, 825 metrora dagoen tontorrera, eta bertako geodesia aulki bihurtu dugu. Behera jaisten hasita Arano ikusi dugu, ezkerrean, mendien babesean eta «Haraño?» esan digu arnasestuak. Aurrera segituta, bidegurutzean ezker-ezkerreko bidea hartuko dugu, eta puska bat aurrerago dagoen bidegurutzean, aldiz, eskuinera, gora.
Unamene
Betizuekin beti izu
Eraso balidate egingo nukeenaz pentsatzen entretenituta iritsi naiz Errekalko gainera. 646 metrora dago bidegurutze hau eta bertan ikusi dugu gaurkoz azken mairu-baratzea. Hemen eskuineko bidea hartuta, Goizuetara iritsiko gara. Aranora joateko, hartu ezker. 121 GR bidea denez, aurrerantzean marra gorri-zuriak jarraitzea besterik ez dugu. Oraune eta Arano mendi magaletik eramango gaitu bideak.
Urak urtu gaitu
Bordak, txabolak eta etxetxoak ditugu bidearen ezker-eskuin. Eta aurrerago San Roke ermita atera zaigu bidera. Atea itxita izan ohi du, eta leiho txikitik santuari kuku eginda jo dugu aurrera.
Aranoko frontoi gainetik behera sartu gara harrizko herrian. Udaletxe berritu berria elegante dago, ondoan aranoarren bilgunea den soziedadea duela. Bezperan utzitako kotxea hartuko dugu itzultzeko, edo bestela, bazkari truke eguerdirako bila joateko plana egingo dugu lagunen batekin. Nahiz eta oinez iritsi duenak merezi duen, benetan, bazkaria ordainetan. Kontsejupe tabernan bertan ondo berdinduko digute barrena, eta herrian beste taberna bat ere bada.
Bidean urari ohore egin diogun arren, orain Aranoko ura, bertan egiten den zerbeza alegia, dugu eskuan.
Erne eta poliki egin beherako bidea, kurbarik bihurrienak josten baititu errepide honek.
![]() |
|
||||
2007 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa