Astekaria

 Azkena 

Hemen, ez munduan

Iñigo Aranbarri

Iñigo Aranbarri


2006. alea
2005-09-11
alde 0    kontra 0

Ohartu orduko, De Lancre-ren zerrenda beltzen garaian bizitzea suertatu zaigu. Bada bat erakunde terroristena, bestea metroko pertsona susmagarriena, beste bat umeentzako jostailu arriskutsuena... eta heldu behar zuen, are gehiago abuztu hondarreko abioi amilduen zaparradaren ostean, hegazkin konpainienak. Frantziak, lehenago Erresuma Batuak, Suitzak eta Amerikako Estatu Batuek bezalaxe, publiko egin du praktikan aspaldidanik indarrean zeukan zerrenda. Abiazio zibilaren zuzendaritzaren komunikatuan, bost konpainia dira Frantziako zeru gainean fly to fly-an debekatzen zaiena: Ipar Koreako Air Koryo, Liberiako International Air Services, Mozanbikeko AER, Thailandiako Phuket Airlines eta AEBetako Air Saint-Tomas. Belgikak loditu egin du frantses vichyssoise urtsua.

Eta ondo dago, diogu zibilizazioaren ibilaldi luzean ikasi dugunagatik, horrek hegazkinak amiltzea eragoztea badakar. Egun, Londreserako txartel bat lagun arteko afaria baino merkeago atera daitekeenean, hegoaldekook Travel Club-ari esker Buenos Airesera berrehun eurogatik iristen garenean, hegazkina orain ez dela eliteena diogu. Eta gertuagoko ikusten dugu Zipreko istripua, Venezuelakoa, Perukoa. Geu izan gintezkeen. Terribleago: geure umeak. Eta zerrendei ez deritzegu hain gaizki ere, zerrendetan sinetsi beharra dugu iritsiko bagara irailera, nagituta baina bizirik heldu nahi diogun eguneroko martxara.

Eta hor dago, beharbada, arazoa. Zerrendak egunero irakurriagatik, hegazkinek istripuak izaten segitzen dute. Areago: Frantziak argitara emandako zerrendako konpainia bakar bat ez da uda honetan lur jo duten horietakoa -eta Air Koryok, esaterako, 2001eko apiriletik du debekua!-.

- Baina hobe hori batere ez baino!

Dudarik gabe. Hori pentsatuko zuten, politikoek beroan egindako adierazpenak entzunda, tiro egiteko babestuta sentitu ziren poliziek Jean Charles De Menezes hil zutenean Londresko metroan. Hobe susmagarri bat erruz hiltzea ehun errugabe baino.

Eta hara hor arrazoia, munstroak badu ahoa hori jateko, eta gehiago. Badu ahoa jateko, esaterako, Afrikako miseria egoerak hunkituta, publizitate kanpaina hunkigarrian "iraungitako sendagaiak" eskatzeko, "zuk jada behar ez dituzunak han beharrezkoak direlako". Eta badu ahoa jateko, Mozambikeko aire konpainia debekatu, baina gero haraxe bidaltzeko hemen azterketa teknikoa pasatzeko gai ez diren ibilgailu zaharrak. Errukiagatik, "pobreei laguntzeko". Ez da aurreneko aldia Nazio Batuen Erakundeak noranahi igorritako laguntza zakuetan joan den janariaren egoera salatu dena. Hemen botatzeko zena, elkartasuna da han.

- Hala ere, hobe hori batere ez baino.

Hegazkin konpainien zerrenda luzatu egingo da, berriak argitaratuko dira berehala. Herbeheretan hurrena, iragarri dute. Eta tulipanak beste ezeren gainetik maite dituen munstroak badu ahoa jateko Shell konpainiak Nigerian egindakoak, edo nahinon.

Antilletan, 1918an eraiki zuen Shellek Curaçao-ko findegia. Harrezkero, eta aurrerapenaren ke kutsakorrei esker, nabarmen gaixotu zen behinola eriak sendatzen zituen uhartea eta bertako jendea. 1983an, bertako agintariek zerrenda beltzean sartu zuten usina. Osasunean egindako kalteak albo batera utzita, orduko laurehun milioi dolarretan ezarri zen naturari egindakoagatik ordaindu beharreko kalte-saria. Shellek ez zuen dolar bakarra ordaindu. Findegia Curaçaoko gobernuari dolar batean saldu eta erantzukizun oro kendu zuen aldetik.

- Ikusten? Gobernua bera geratu zuan enpresarekin, kutsakorra dela jakin arren!

Eta bai. Gero eta konbentzituago nago, munduan baino, hemen bizi garela. Mundua beste gauza bat da, beldurra eta kezka sortzen duen halako ez-zibilizazio laino bat. Horrexegatik egin behar ditugu zerrendak. Zerrendak babesa dira. Edo babes ustekoa, baina hori da gutxienekoa.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2005
 
azala2004

2006 zenbakia.
2005ko irailaren 11a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia