Urtea amaitu aurretik, Europako Batzordeak (EBk) erabakiren bat hartu beharko du azukrearen merkatuari buruzko erreformaz. Oraingo proposamenari heltzen badio, kinkan izan daiteke erremolatxaren euskal sektorea. Araba da gune garrantzitsuena; 400 ustialeku baino gehiago eta 3.000 hektarea dituzte. Dagoeneko Euskal Herriko sektore primarioaren egoera hondamenezkoa da eta azukrearen merkatuaren erreformak are hondoratuago utziko luke.
Europako Batzordearen erabakien ondoriozko aldian aldiko erreformak, birmoldaketak edo berregituraketak, gaur arte bederen, arras kontrakoak izan dira Euskal Herriko sektore produktiboentzat, zeren ehunka mila herritarren bizimoduak eta enpleguak jarri baitituzte azpikoz gora. Orain aurretik, siderurgiako sektorea, ontzigintzakoa, etxetresna elektrikoena, ekipamenduetako ondasunena, arrantzakoa, laborantzakoa eta abeltzaintzakoa hartu izan ditu zurrunbiloak; oraingoan, berriz, euskal sektore primarioari datorkio erasoa berriro, azukrearen erreformaren bitartez, eta erremolatxaren sektorea antzalda dezake. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Nekazari eta Abeltzainen Batasunak (UAGA) nahiz erremolatxa-ekoizleek ohartarazi dute datorkigun egoera larri horretaz.
Halaxe da, bai, Euskal Herriko erremolatxaren sektorea arriskuan dago. Ez litzateke harritzekoa izango betiko desagertzea, baldin Europako Batzordearen oraingo planak indarrean jartzen badira, prezioak produkzio kostuaren azpitik geratuko bailirateke. Behin betiko planek datorren urteko urtarrila baino lehen egon behar dute prest eta negoziatuta. Beraz, denbora gutxi dago Euskal Herria are gehixeago pobretuko duen beste erreforma galarazteko. Erremolatxaren euskal sektoreak 400 ustialeku baino gehixeago eta 3.000 hektarea hartzen ditu, eta Arabari dagozkio gehienak. Mahatsaren hurrena, erremolatxa da Arabako nekazaritzako produktu errentagarriena: erdi mailako ustialekuen errentaren %35 osatzen du.
«Nahitaezko laborantza»ren kontrako «basakeria»
Arabako Nekazari eta Abeltzainen Batasuneko Ińaki Fernández de Larrea presidenteak azpimarratu duenez, «erremolatxa ezinbesteko laborantza da» eta «gure ustialekuen errentaren %35aren iturburu da». Gogorarazi du, bestalde, azken urteotan, sektorea errentagarri egite aldera, eginahal handia egin dutela, bai kostuak doitzen, bai sektorea profesionalizatzen. Kontua horrela, ondoko baieztapen hau egin du UAGAko presidenteak: «Erreforma hori indarrean jartzen badute, gerta daiteke sektorea desagertzea, zeren proposatzen dituzten laguntzek laborantza hori galtzea dakarte eta industria ixtea eta benetan, erabateko hondamena litzateke».
Europako gainerako lekuetan ere azukrearen merkatuaren erreforma «neurrigabea» edo «ankerra» dela diote. Sektoreko Europako iturri batzuen arabera, erreformak 6.500 euroko galera ekarriko dio Europako laborari bakoitzari sarrera potentzialetan, eta 80 fabrika desagerraraziko ditu. Lantegi hauetan 150.000 lanpostu daude zuzenekoak eta zeharkakoak kontatuta. Diotenez, erreformak ez du bermatzen Europako azukrearen merkatuaren oreka; oso bestela, bizpahiru urteren buruan hondoratuko ditu 120.000 erremolatxa-ekoizle, sektorean irautea lortzen dutenen errenta ahultzeaz gainera. Prezio-jaitsierak «gehiegizkoak» omen dira eta «eskasegiak» Bruselak laborariarentzat aurreikusitako konpentsazioak (galdutako errentaren %60 jasoko lukete).
Mobilizazioak eta negoziazioak
Euskal Herriko lehen sektorea hilzorian dago. Desager daiteke. Eta ez da berriketa. Aski oraintsu arte, sektore primarioa zen euskal ekonomiaren oinarria. Sektore horrek jarduera nagusi hauek biltzen zituen: nekazaritza, abeltzaintza, basogintza eta arrantza. XX. mendearen erdian, sektore primarioa gailen zen Euskal Herriko barrualdeko lau probintzietan. 1950ean, Nafarroa garaiko landunen %55ak ziharduen sektore horretan; Araban, berriz, %43 inguruak. Are Euskal Herriko probintzia industrializatuenean, hots, Bizkaian, landunen %19a aritzen zen laborantzan. Duela mende erdi ere ez dela, bada, nekazaritza oso kontuan hartzeko sektorea zen Euskal Herrian. Gaur egungo Euskal Herrian, ordea, oso lagun gutxi aritzen dira sektore horretan: biztanle landunen %3 baino ez; hau da, 36.312 lagun, 2001eko (azkeneko) datu ofizialen arabera. Egoera horixe ispilatzen dute Gaindegiak Datu Talaian (www.datutalaia.net) jaso dituen datuek.
Testuinguru horretan, ez da kalterako arrantzako euskal sektoreak bizi duen krisia gogora ekartzea. Espainia Europako Batasunean sartu zenez geroztik, Europako Batasunetiko berregituraketak bete-betean egokitu zaizkio azkeneko hamarkada hauetan. Lehen sektorearen erregularizazioa Europako Batasunaren esku dagoenez, estatu kideen interesen jokoaren sareetan harrapatuta dago arrantzako euskal sektorea.
Euskal Herriko sektore primarioak indargabetzen segitzen badu, etorkizun aski beltza izan bide du. Uste hori oinarritzeko, aski da azken 25 urteotan sektore horrek pisua zer neurritan galdu duen jabetzea. Izan ere, 1975ean jada, biztanle landunen %8,3 besterik ez zuela, sektore horren pisua eskasa bazen, oraingo %3a ordukoaren erdira ere ez da iristen.
![]() |
|
||||
2006 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa