Gotzon Aurrekoetxea Olabarri EHUko irakaslea da eta UEUk argitaratzen duen Uztaro aldizkarian (50. zenbakia) dialektoen eta hizkuntza estandarraren arteko harremanei buruz idatzi du. Estandar eta dialektoen arteko bateratze-joerak izeneko artikuluan Arratiako Dimako (Bizkaia) eta Goierriko (Gipuzkoa) adibideak erabili ditu. Hona ekarria artikuluaren zati bat da.
Euskalkiak eta euskara batuaren edo estandarraren arteko interakzioan elkarreragina dagoela inork ukatzen ez badu ere, inor gutxik itaundu du zer gertatzen ari den bien arteko harreman horietan. Zeinek zeinengan eragiten duen. Joera bateratzailerik ba ote dagoen. Bateratze-joera bizia ala motela bizi dugun gaur egun gure herrietan. Euskararen lurralde guztietan joera bera eta indar berarekin gertatzen ari ote den.
Itaun horien erantzunak bilatzeko asmoz hasi dut ikerketa. Datuak eskaintzean arloka aurkeztuko ditut: fonologia, morfologia, sintaxia (Dimako datuak baino ez) eta lexikoa. Jaso diren datuak multzo bitan bildu dira: herrikoa zutabean herri edo inguru horretan dialektologia tradizionalean biltzen diren datuak (jende zaharrei, herriko semeei, herritik irten gabekoei... jasoak); zutabe horretan 'hizkuntza-iraunkortasuna' neurtu gura da, herriko hizkerari zaion atxikimendua, alegia. Jasoa zutabean kontrako joera biltzen da: eskolan ikasitako edo hedabideetatik jasotako euskara mota. Izatez 'herriko formei atxikimendurik eza' adierazten du zutabe horrek, (herriz) kanpoko kulturak edo kulturek ekarritako formak. Biak zutabean bi erantzun (herrikoa eta jasoa) jaso direnean biltzen dira.
Fonologia
Diman gertatzen dena, aldiz, ez da hain kilikagarria. Herriko formenganako atxikimendua jaitsi egiten da Goierrikoarekin erkatuz helduen artean (%87k eusten die herriko formei). Are nabarmenago gertatzen da gazteen artean; Goierrin %97k eusten bazien herriko formei, Diman %64ra jaisten da atxikipena.
Morfologia
Dimako diagramari erreparatzen badiogu eta datuek benetako errealitatea islatzen badute, modu kezkagarrian hartzeko modukoak direla onartu beharko genuke. Baina, badiot, era zabal eta sakonagoan ikertu gura dudan gaia dela eta hau abiapuntua baino ez dela. Helduek %100ean eusten dieten bitartean, gazteek %51n baino ez dute egiten. Belaunaldi batean ezaugarri morfologiko erdiak berriekin ordezkatu dira.
Sintaxia
Lexikoa
Goierrin fonologia eta morfologian baino askoz ere dialektotasun txikiagoa erakusten dute datuek: %60an baino ez dira herriko berbak jaso helduen artean. Gazteen artean, aldiz gehiago dira ikasiak edo herrikoak ez diren (uler bedi dialektologia tradizionalean herrikotzat jotzen ez diren) berbak. Diman, ostera, helduen atxikimendua oso handia da (%94), baina gazteengan %51ra baino ez da heltzen. Dena den, Goierrin erakutsitakoa baino handiagoa, zalantza barik.
Osotara
Diman helduek ezin hobeto eusten badiete ere, gazteak jada lerratu dira estandarraren atzaparretan, %52an baino ez diete eusten eta herriko ezaugarriei. Hemen bertako hizkera eta estandarraren arteko bateratze-joera bizia da. Eta bitartekorik ez bada jartzen epe laburrean, pentsa liteke estandarra nagusituko dela osorik, bertako ezaugarriak galduz. Helduei dagokionez, herriko hizkeren ezaugarriak hobeto gordetzen dituzte Diman Goierrin baino. Baina gazteen mailan alderantziz gertatzen da.
Ondorioak
Datuek erakusten dutenez, Bizkaia aldean (eta Gipuzkoan?) gazteria euskara estandarrera lerratu da. Aldaera dialektaletatik hain urrun diren formak eskoletan irakatsi eta erabilaraziz, guraso eta aitita-amonen belaunaldiarekin deserrotuz doa. Deserrotzearen abiadura uste eta behar baino lasterrago dela iruditzen zait. Euren hizkera eskolaz kanpoko loturarik gabe gelditzen ari da. Kulturazko deserrotzeari hizkuntzazkoa gehitzen ari zaion honetan, aurreko munduarekin zubia egiteko beharrezko den hizkera ez da horretarako gai.
Alde batetik, euskalkiak eta estandarra urruntzen badira eta, bestetik irakaskuntzan estandarra baino ez bada erabiltzen, puzzlea osotu da: urte gutxi barru euskara bakarra izango dugu. Bateratze-joera bizienaren ezaugarriak dira eta ondorio garbiak aurreikusten dira.
Gauzak horrela, bateratze-joerak orekatzeko lanik egiten ez bada, jardunean den hizkuntza-ideologia edo ideologia estandarra Tore Kristiansen-en hitzetan (standar ideology) ez bada errotik aldatzen, bi belaunalditan galduta egongo dira dialekto tradizionalak. Europan (Danimarkan, Alemanian...) jazo den egoera berean izango gara.
Azken berbak
Henrike Knörr-en hitzak hartuz, euskararen etorkizuna batua eta euskalkien arteko oreka zaindu zuhurrarekin lotuta dago. Joera integratuak indartu behar dira; horiek indartzen ez diren bitartean, gure euskara batua zabala egiten ez den bitartean, jendea hizkeretatik urruntzen joango da, euskararen aberastasuna galduz joango da.
Lizardiren hitzak, Mitxelenak Lengua común y dialectos vascos lanean bezala, neure eginez, «azal orizta, muin betirakoa», zuztar tradizionaletatik sortutako enbor berria nahi dugunok ez dugu nolanahiko euskararik gura.
![]() |
|
||||
2006 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa