Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-09-11 -- 2006.zenb

Jakoba Errekondo


Oketa edo ahabia, abia, afia, gabia, anabia, arabia, berro-mahatsa, azari-mahatsa... Vaccinium myrtillus-ak izena oparo du geurean. Izanagatik izango da bada izenetik ere... Hona mugarri batzuk: Oketa mendia Zigoitian, Oketa auzoa eta Oketagoiti eta Oketabeiti Orozkon, Oketa parajea Elizondoko Berro auzoan eta Afiarana Ameskoako Artatzan. Ameriketako apodakatarrek bere abizena landare honen izenetik eratorria ote den ere aipatzen dute. Izen gehienak ahabitik datozela dirudite, baina oketa? Oka dagoenerako zentzua galdua duen hitz zahartzat dute batzuk eta "sasitza" zentzua ematen diote beste batzuk. Interpretazioak biak dira egoki nire iritziz: landareak sasitza osatzen du gustuko lekuetan eta zaharra dela dudarik ez, nekazaritza edo landareak etxekotzea ametsa ere izan zitekeenik uste ez zuten Pleistozenoko euskaldunek ahabiaren fruitua gustukoenetakoa zutela dema egingo nuke...

Ahabia arra pare bateraino hazten den mulu itxurako zuhaixka da. Txilarraren koadrilakoa, erabat itxiak ez diren goi mendietako baso azidoak, karerik gabekoak ditu paradisu. Adarrak goroldiopean eta orbel artean hedatuz sastraka zabalak osa ditzake. Udaberri erdialdeko loreetatik udan umatzen ditu fruituak: zentimetroa edo txikixeagoko pinportak, urdin-beltzaxkak, mutturrean koroatxo bat dutenak, ardo koloreko mami gazi-gozoa eta hazi ugari dituena.

Konpotak, mermeladak, konfiturak, jeleak, siropak... bere sona gastronomikoa hasarrea bada ere, osasunari dakarzkion onurak direla eta gero eta ezagunagoa egiten ari da. Beherakoa lehortzea, ikusmena hobetzea, ilunpekoa batik bat, ahoko eritasunak eta hemorroideak osatzea, zizareak eta behazun-harriak botatzea, baina batez ere kolibazioek sortutako infekzioak borrokatzeko antibiotiko naturala eta odolaren zirkulazioari lotutako gorabeherak sendatzeko da oso ona. Egun batzuez besterik gabe ahabi janka egitea omen da onena. Fruitu honen sasoi betean baso garairen batean ea topo egiten dugun. Hura janez ederki ikusiko dugu elkar, eta odola arin...

Jabier Agirre


Espainiako Pneumologia eta Bularraldeko Kirurgia Elkarteak (SEPAR siglarekin ezagunagoa) kaleratu berri duen txostenak adierazi duenez, bost pertsonatik batek zurrunga egiten du normalean. Arnas aparatuko gaixotasunetan espezialista den Fernandez-Bujarrabal doktorearen esanetan, "zurrunga egitea ez da, inolaz ere, ongi lo egitearen sintoma" eta, aitzitik, zurrunga egiten duenak ahosabai-errezela (ahosabai biguna, alegia) hipertrofiatua eduki dezake.

Madrileko Gregorio Marañón ospitaleko medikuak zera dio SEPAR elkartearen txosten horretan: lo gauden bitartean ahosabai-errezela erlaxatu egiten dela, eta horrela beherago kokatzen denez, horrek dardara-mugimendua eta bibrazioak eragiten dituela; hasieran zurrunga izango da bibrazioen ondorioa, baina aurrera jarraituz gero, loaldiko apneak ere ager daitezke, arnasketa etenaldiak, alegia.

SEPARen kezka nagusia hortxe dago hain zuzen ere: milioi bat pertsona baino gehiago direla Espainian loaldiko apneak dituztenak. Pertsona horiek zurrunga egiteaz gain, hamar segundotik gorako iraupena duten arnas etenaldiak izaten dituzte, eta zenbait kasutan horrek gau bakarrean bizpahiru orduko arnasketa eta oxigenazio desegokia eragin dezake.

Adituaren gomendioak sinpleak dira oso: obesitatea saihestu, albo batera etzanda lo egin, eta lotara joan aurreko orduetan ez kontsumitu ez alkoholik ezta lasaigarriak ere. Zenbait kasutan, gerta daiteke sudur-maskarilla erabili behar izatea; maskarilla horrek etengabeko presio positiboa mantentzen duenez, ez dio uzten apneari agertzen ere. Baina horretarako, noski, medikuaren diagnostikoa eta aholkuak ezinbestekoak dira.

Joxerra Aizpurua


Zer ikusten duzu, aurreko animalia edo atzeko basoa?

Mendebaldean eta Asian bizi direnen artean dauden kultur desberdintasunak agerian geratzen dira bakoitzak irudi bera begiratzeko izan dezakeen eran. Adibidez, artikulu honekin doan argazkian lehen mailan tigrea eta atzealdean basoa azaltzen badira ere, berriki argitara emandako azterketa baten arabera txinatarrei basora joaten zaizkie begiak eta estatubatuarrei tigrera.
Michigan-eko unibertsitateko psikologoa den Richard Nisbett-ek 25 ikasle estatubatuar eta 27 ikasle txinatarren begi-mugimenduak aztertu ditu eta horretarako mugimenduak harrapatzen dituen aparatua erabili du. Ikasleek egitura antzekoa zuten, hots, zerbait nabaria lehen planoan eta zerbait konplexua atzealdean, 36 argazki begiratu zituzten bakoitza hiru segundoz eta emaitzak arestian aipatutakoak izan ziren.
Nisbett-en arabera asiarrek argazkien atzealdeko sistema konplexuari so egitea ekialdeko filosofiarekin bat dator, hau da, "gauzak bere globaltasunean" ikustea eta estatubatuarrak edota europarrak, ostera, ageriko gauzei so egiteak "ikuspegi analitikoagoa" erakusten du.
Beraz, begi-mugimenduek Lurrari buruz dauden ikuspegien arteko desberdintasunak erakusten dituzte.


Spirit gailurrean

Oportunity eta Spirit robotek 2004ko martxoan lur hartu zuten Marten. Orduz geroztik Spiritek 5 kilometro inguru egin ditu eta laster Husband Hill deituriko gainean izango da.
Bidean argazki eta lagin ugari hartu ditu robotak, besteak beste argazkiko zurrunbiloa. Zientzialarientzat oso garrantzitsua da aipatu gailurra harrapatu izana, bertatik aterako diren argazkien bidez uraren higaduraren aztarnak garbiago ikusterik izango direlako.


Bi abiadurako gunea

Paul Richards eta Xiaodong Song sismologoen arabera, Lurraren erdiko guneak bi abiadura izan ditzake.
Lurraren guneak bi zati ditu: bat gogorra eta trinkoa eta bestea hau inguratzen duena, likidotsua. Sismologo hauen arabera gune trinkoa likidotsua baino azkarxeago doa, hain zuzen ere 0,009 segundo urteko.
Emaitza hauetara ailegatzeko Lurreko hainbat lekutan izandako lurrikarak aztertu dituzte. Izan ere, lurrikara batzuen uhinak lur azpian hedatzen dira, eta Lurraren gunea zeharkatu eta lurrikara gertatu deneko diametralki aurkakoa den guneetara ailegatu daitezke. 18 lurrikara aztertu ondoren beren emaitzak Science aldizkarian argitaratu dituzte.
Dagoeneko hasi dira aldeko eta aurkako iritziak plazaratzen, baina inork ez du azaldu hipotesia egia izatekotan zein eragin izango lukeen gure bizitzan. Inoiz inork ezer esango balu berehala argitara emango genuke, bitartean bitxikeria gisa kontatzen dizuegu.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan