Astekaria

 Kultura 

Argitalpenak

Irudia

Pilar Iparragirre


2006. alea
2005-09-11
alde 0    kontra 0



Begiradak

Batzuen artean

Koldo Mitxelena Kulturunea, Periferike

568 or.+ DVD 15 euro

Periferikeren emaitzak

Ixiar Rozasek eta Dario Malventik koordinaturik plazaratu da Begiradak. Miradas y memorias desde el margen. Glances and memories from the fringes, 2003an Livornon eta 2004an Bilbon egin ziren Periferiak deitu topaketetan parte hartu zutenen ekarpenak eta elkarrizketak jasotzen dituen liburua. Bide batez, azpitituluak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta italieraz dituen Asier Burgaletak editatutako eta Iban del Campok zuzendutako Gezurren labirintoa filmaren DVDa ere badarama, Gianni Celati, John Berger, Bernardo Atxaga, María Muñoz, Joaquin Jordá, José Luis Guerin, Lydie Salvayre, Paolo Virno, Marina Garcés, Yann Moulier eta bizi garen mundu neoliberal globalizatu honen martxaz kezkatuak dauden beste askoren hitz kritikoak jasotzen dituena.

Euskal gramatika. Lehen urratsak-VI (mendeko perpausak-2)

Batzuen artean

Euskaltzaindia

334 or. / 18 euro

Euskaltzaindiako Gramatika Batzordearen seigarren fruitua

Aspaldi hasi zen Euskaltzaindiako Gramatika Batzordea euskal gramatika bideratze lanetan, Pierre Lafitte buru zuela hasierako urtetan. Perpaus bakunaren egitura, aditza, testua antolatzeko lokailuak eta perpaus juntatuak landu ondoren, mendeko perpausen azterketari ekin zion, Patxi Altuna buru izanik oraingoan. Menderakuntzari eskaini dizkion hiru liburuetatik bigarrena da Euskal gramatika. Lehen urratsak VI (mendeko perpausak-2: baldintzazkoak, denborazkoak, helburuzkoak, kausazkoak, kontzesiozkoak eta moduzkoak) izenburuko liburukia. Aditz jokatu gabea duten perpaus mendekoak aztertuko dituen zazpigarren liburuki batekin amaitutzat emango du Batzorde horrek oraingo fase hau.

Adelino Sousa

Modesto Arrieta

Kutxa Fundazioa

28 orrialde 3,60 euro

2005eko Donostia Hiriko ipuin saria

Modesto Arrieta zarauztarrak idatzitako Adelino Sousa ipuinak irabazi zuen aurten Donostia Hiriko Kutxa literatur saria. Tristeziari bere bizitza osoa eskaini zion gizon baten istorioa kontatzen du bertan. Izan ere, Adelino Sousa Coimbrako gizonik tristeena zen, baina ez gauzak oker zihoazkiolako, berez horrelakoxea zelako baizik. Bere aita eta aitona ere tristeziari emandako gizonak izan ziren, nahiz gauzak ezin hobeto atera gero eta gehiago nahigabetzen diren horietakoak. Etxekoak jada ez ziren horregatik batere kezkatzen, ohituak baitzeuden bai baten zein bestearen malkoetara. Aita hil eta Adelino gazteak denda eta jatetxearen ardura hartu zuenean, izugarrizko arrakasta izan zuen. Eta orduan tristezia ikertzeko eta sustatzeko fundazioa sortzea erabaki zuen.

Boletin

Batzuen artean

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea

304 orrialde

12 euro

Boletin aldizkariaren azkena

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak plazaratzen duen aldizkari honen azken zenbakian azaltzen diren gaien artean, Bizkaiko jaurerrian 1096-1100 bitartean gertaturikoak kontatzen dizkigu Maria Pura Gutierrezek; Iago Irijoa Cortések, berriz, Gipuzkoa komunitateen gerran (1520-1521): Eguneratze historiografikoa aurkezten du; José Manuel Etxaniz Makazagak Albéitares y Veterinarios Municipales de Bergara 1662-1985 lana osatu du; Jose Luis Barrio Moya Felipe V. Espainiako erregearen garaian Madrileko Udaletxean imurtxikaden diruzain orokorra izandako on Fernando de Llano bizkaitarrari buruz mintzo zaigu; eta Juan Garmendia Larrañaga 1781ean Tolosan erre zen Santa Maria de la Asunción parrokiak bere barnean zituen aberastasunez.

Sara, etxeak eta deiturak lau mendez (XVI-XIX)

Xabier Elosegi

Eusko Ikaskuntza

440 or. / 11 euro

Xabier Elosegiren Sararen gaineko ikerketa

Sarako Udal artxiboaren eta herri horretako katastroaren ikerketa sakonaren emaitza da Xabier Elosegiren lan hau. Euskaraz pentsatua eta egina izan da, nahiz baduen frantses itzulpena. 1987an joan zen egilea Sarara bizitzera, eta emeki-emeki etorri zitzaion liburua egiteko asmoa, batez ere on Joxemiel Barandiaranen lanak irakurri eta gero. Bere ekarpenaren hezurdura Saran ziren agiri guztien datuek eta beste iturrietatik heldu zaizkionek osatu dute, eta horiek eskuratu eta gero bi fitxategitara pasatu zituen. Batean, etxeen taula egin zuen, bakoitzaren datuak eta izena -hala nola historian zehar izan dituzten aldaerak- eskainiz, eta bestean, bertan bizi izandakoen deituren taula.

Auzoak

Urtzi Urrutikoetxea

Susa

152 or./ 12,50 euro

Urtzi Urrutikoetxearen kontakizunek laburtzen duten Bilbo

Bilboren kronika egiten du Urtzi Urrutikoetxeak Auzoak deritzan liburuan, bertako hiritarren bizimoldeei erreparatuz: zabor biltzaile batzuen gorabeherak, semea preso daukan guraso baten eta espetxeratutakoaren neskatilak kartzelara egindako bidaia; familia aurrera ateratzeko lain emango ez dion lan bat ezinbestean onartzera behartuta dagoen gizonaren nahigabeak; auzo bateko kafetegi merkean dirauten etorkinen arazoak; metroan doako kazeta banatzen duenaren maitemina...

Dragoien orroa

Fernando Morillo

Elkar

230 orrialde 12,05 euro

Mitologia eta gaurko gazteen abenturak uztarturik

Kilometroak 2005eko arduradunek autogestioari eta sormenari tartea bilatzen ahalegindu eta ideien lehiaketa bat antolatzea erabaki zuten. Ideia horren ildoa jarraituz, idazlan amaitugabe batentzako proposamenak bidali behar zituzten parte-hartzaileek. Oinarrizko nobela horren zirriborroa Fernando Morillo idazleak egin zuen, garai mitologikoetako borrokak eta gaur egungo neska-mutil talde baten abenturak uztartuz. Gero zirriborroa Inteneten eskegi, eta erantzunen zain gelditu ziren. Hamar-hamabi bat lan jaso zituzten, eta testuari eta bertan ageri zen tonuari hobekien eutsi ziona aukeratu zuten irabazle, alegia Roberto Izagirre eibartarrak bidalitako proposamena.

Nolanahi ere, iradokizun guztiak hartu ei zituen kontuan Fernando Morillok Dragoien orroa nobelaren behin betiko bertsioa osatzerakoan. Bertan, garai mitiko zaharraren amaiera sumatzen hasia da, eta azken herensugea akabatzeko asmoz bildu dira basajauna, jentilak eta gizotsoa, batetik; bestetik, gaur egungo Eskoriatzako gazte koadrila batek gaua mendian akanpatuta pasatzeko asmoa du, lor ditzaketen amodio uneak besterik buruan ez dauzkatela. Gazte horiek ezin igarri, ordea, zer ezkutatzen den lurpean.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2005
 
azala2004

2006 zenbakia.
2005ko irailaren 11a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza