Astekaria

 Luparekin 

Alarma soziala

Irudia

Txoli Mateos


2006. alea
2005-09-11
alde 0    kontra 0

Agian arau juridikoren batean ondo zehaztuta egongo da zertan datzan noizean behin irizpide juridiko modura erabiltzen den alarma soziala delako hori. Ni ez naiz zuzenbidean aditua, herritar gehienak ez diren bezalaxe, eta, hala ere, ziur nago herritar soil asko harri eta zur geratzen direla ikusita epaileek nola erabiltzen duten irizpide hori erabaki zalantzagarriak -gozoki hitz eginez- azaleratzeko orduan. Izan ere, kontzeptu horri dei eginez justifikatzen da tratu txarren bidez hilketa bat ustez eragin duten goardia zibilak kalean uztea eta kutxazain automatiko bat, ustez baita ere, erre duenari behin behineko askatasuna ukatzea.

Soziologo frantziar ospetsu batek zioen krimena edo, egungo berbak erabilita, delitua gizartearen uste edo sinesmen nagusiei egindako iraina dela. Jakina, berehala ikus daiteke definizio horretan dagoen funtsezko arazoa, hots, zeri deitu behar zaion gizartea. Adibide mingarri bat jarrita, susmatzen dut Namibiako gizonezkoen gizartea batez ere dela emakumezkoen adulterioarengatik sufritzen duena eta horiek harrikatzea justifikatzen duena. Gure artera etorrita, abortua galarazteko orduan, antzeko justifikazioa erabiltzen da maiz; baina, nor sentitzen da irainduta emakume batek abortatzen duenean? Dudarik ez dago, hortaz, soziologiaren alde kontserbadoreak hitz egiten duela horrelako baieztapena egiten delarik, eta norbaitek uste lezake harreman handia dagoela ikuspegi horren eta alarma soziala delako horren artean. Ezezkoan nago ni, alta, gaurko epaileen jardunak gutxi baitu, nire iritziz, zenbait ikuspegi kontserbadorek duten sakontasun emozionaletik. Izan ere, arinkeria harrigarri batez erabiltzen da kontzeptua. Horrela, litekeena da alarma soziala ustez eragin duen delitu baten egilea libre geratzea aste batzuk pasatuta. Eta zergatik? Kontua ez delako jadanik agertzen hedabideetan. Amaitu egin da alarma soziala.

Itsua omen da justiziaren jarduna; halaxe dio Mendebaldeko tradizio juridikoak. Baina, oker ez banago, uste horren azpian dagoen baieztapena da justiziak herritar guztiak berdin tratatu behar dituela; alegia, salbuespenik ez duela egiten delitua zigortzeko orduan, justiziaren muina inpartzialtasuna baita. Are gehiago, justiziak ezjakintasunaren estalkia erabili behar duela diote liberal batzuek, eta horrekin adierazi gura da justizia aplikatzerakoan ahaztu behar direla gizakien jardunaren jatorrian egon litezkeen sineskera etikoak, politikoak eta abar. Itsua ez ezik, entzungor ere bada justizia, eta tabula rasatik abiatu beharko litzateke, beraz, haren jarduna. Esan gabe doa justiziari buruzko ikusmolde horri hainbat kritika egiten zaiola, besteak beste, eraikitzen duen eredu ideal horrek ez baitu kontuan hartzen tokian tokiko testuinguru kultural, sozial eta politikoaren baldintzapena. Labur esanda, gizakiaren jokamoldeak, delituak barne, ez dira abstraktuak. Badirudi, beraz, liberalismoari egiten zaion kritika ederto egokitzen zaiola aipatu dugun alarma sozial horri; baina, berriro ere, epaile askoren jarduna urrun gelditzen da justiziaren kontzeptu aurrerakoi batetik, alarma sozialaren termometroari erreparatzen badiogu.

Nola neurtzen da, bada, alarma soziala? Zuzenbidean adituak ez, baina herritar soilok inozoak ere ez gara eta ederto jabetzen gara erabaki juridikoen menpekotasun politikoaz. Hain da begi-bistakoa, iruzkinik ere ez duela merezi. Adibide patetikoa besterik ez da, epaileen erabaki batzuen aurrean, politikariek erabiltzen dituzten tonu eta enfasi desberdinak, erabakiak errespetatzen dituztela ozenki esaten badute ere. Menpekotasun politiko hori gizartea gizarte denetik existitu da, baina, horrez gain, alarma soziala neurtzeko hedabideek gaur egun duten eragin inplizitua hartu behar da kontuan. Itxura batean, nahikoa da delitu bati edo atxiloketa bati oihartzun handia ematea eta komunikabideek hori jasotzea, atxilotuaren eskubideak kolokan jartzeko. Betiko irizpide politiko zaharrari irizpide mediatikoa gehitu behar zaio, beraz.

Ezagun da, baina esan dezagun berriro ere. Gure artean -edo hobe esanda, gure gainean- diharduen justiziak, ebazpen bat justifikatzeko alarma sozialari dei egiten dionean, ez du erakusten ez kontserbadurismoaren sakontasun emozionalik, ez liberalismoaren inpartzialtasunik ezta jardun juridikoaren ikuspegi progresistarik ere. Herritarrok alarmatzen gaituena justizia bera da.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2005
 
azala2004

2006 zenbakia.
2005ko irailaren 11a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia