2005-09-04 -- 2005.zenb
Gure irratiaren lehen emanaldia orain dela 23 urte izan zen eta hiru langile besterik ez zituen: Ermiñe Madariaga, Jaki Lautrê eta Luzien Etxezaharreta. Guztiak euskal kulturaren alde lan egiten zuten lagunak ziren eta lehen egoitza Milafrangan izan zuten (Uztaritze ondoan). Han igaro zituzten lehen laupabost urteak.
Mattin Larzabalek 22 urte daramatza Gure Irratian. Irratiak dituen bederatzi langileetatik bera da beteranoena eta berak kontatu digu irratiaren hasiera: «Garai hartan, Entzun-ikus izeneko elkarteak Frantziako Estatuan sozialistek ezarri nahi zuten irrati eta telebistagintzako iniziatiba pribatua aprobetxatu nahi zuen, onartuak izango zirelako. Helburua diru publikoarekin euskarazko medio bat sortzea zen eta euskara eta kultur elkarteak izango ziren ideia hornitzaileak eta iniziatibak hartuko zituztenak. Sozialistekin hori posible izango zela uste zen, baina urteak joan ahala ikusi zuten ez zela hori beteko. Beraz, ikerketa tekniko bat egin zuten irratia sortzeak zenbat balio zuen jakiteko eta oso garestia ez zela ikusita diru bilketa egin eta 1981. urtean ireki zuten irratia».
Seinalea Uztaritze eta inguruetan entzuten zen ondo, zonalde horretatik kanpo ez.
Larzabal astean ordubetez hasi zen lanean 1982an eta handik urtebetera, Ermiñe Madariagaren ordez, astean 15 orduz hasi zen lanean.
Milafrangan zegoen irratia, baina askotan Baionara joan behar izaten zuten prentsaurrekoetara eta beste hainbat ekitalditara. Hala, Baionan lokala aurkitu ondoren, 1986.ean, hasi ziren lanean.
Hasieran emanaldiak arratsaldeko 19:00etan hasten ziren. Handik sei hilabetera goizetan ere emititzeari ekin zioten. Larzabalek dioenez, «aldi berean langileek ofizioa ikasten genuen, inork ez baitzekien irratian nola egiten zen lan. Euskadi Irratia, Irulegi Irratia eta Xiberuko Botza gu eta gero sortu ziren».
1983. urtean atera zuen Frantziako Gobernuak lege berria eta A eta B kategoriak banandu zituzten, hau da, komertzialak eta elkarte irratiak. Hala, Gure Irratia elkarte irratien barnean sartu zen «ez baikenuen uste publizitatearen bidez bizitzeko adina aterako genuenik eta elkarte irratia izateko baldintzetako bat zen publizitate sarrerak txikiak izatea» dio Larzabalek. "Hala, laguntza kopuru bat ematen ziguten". Bigarren urratsa entzuleei hilabeteko kuota eskatzea izan zen eta 1992. urtean hirugarren urratsa eman zuten: Akitaniako departamentuak diru-laguntza eman zien.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa