Astekaria

 Bestelakoak 

Subiranotasun partekatua: hitz-jokoa ala iruzur berria

Irudia

Jesus Mari Ariznabarreta


2005. alea
2005-09-04
alde 0    kontra 0

Udan zehar urtero pizten dira zenbait eztabaida politiko, batez ere ondorengo ikasturte politikoari begira jarrerak adierazteko, bazterrak zirikatzeko, diskurtsoak argitzeko, edo nahasteko. Batek daki! Aurtengoan, beste hainbat konturen artean Josu Jon Imaz EAJko buruak zirkulazioan jarri duen "subiranotasun partekatuak" kezkatu nau bereziki. Azken hogeita bost urteotan "autogobernu" hitzarekin egin duten iruzur bera orain subiranotasun hitzarekin egiten hasiko diren beldur naizelako.

Nahi izan dutenean autogobernu kontzeptua autodeterminazioarekin eta subiranotasunarekin lotu eta sinonimo gisa saldu dute herritarrak engainatzeko. Baina, hasieratik, autogobernu hitza Espainiako Erresumaren subiranotasun bakar eta zatika ezinean oinarritutako autonomien estatu modeloari dago lotuta. Onartzen den burujabetza bakarra Estatuarena da, eta honek autonomia desberdinei zenbait atal kudeatu edo gobernatzeko ematen dien ahalmen mugatuari deitu izan zaio autogobernua. Eta horrek zerikusi oso gutxi du Euskal Herria bere buruaren jabe izatearekin eta bere etorkizuna askatasun osoz erabaki eta eraikitzearekin. Maltzurkeriaz erabili izan da, behin eta berriz, autogobernu hitza diskurtso posibilistetan, nazio eraikuntzarako bide faltsuak salduz Estatuarekiko morrontza eta gure herriaren eskubideekiko etsikeria estaltzeko eta mugimendu independentista erasotzeko.

Zoritxarrez, sektore abertzale zabala egon da urte luzeetan zehar Espainian eroso bizitzeko estrategia autonomista horretan murgilduta, autogobernuaren esanahi anbiguoaren inguruan alderdi eta sindikatu espainiarrekin bizikidetzan, 90. hamarkadaren bigarren partean autonomismoa krisialdian sartu eta Lizarra-Garazi Akordioak euskal politikan egundoko inflexio-puntua sortu arte. Hortik aurrera argi bereizten dira bi garai: garai zaharra autonomismoari, autogobernuari eta gatazka politikoari lotua; garai berria subiranotasunari eta gatazkaren konponbideari lotua.

Kontestu politiko honetan PP, UPN, PSOE -PSE eta PSN barne- , CCOO eta UGT garai zaharren defendatzaile sutsu agertzen dira mundu abertzaleak subiranotasunaren bidetik urratsak egiten dituela ikusita. EAJk hanka bat garai berrietan eta bestea zaharretan dauka eta hor dirau bere diskurtso bikoitzekin eta hitz-joko nahasgarriekin. Baina, badirudi, bere "mitxelinen" interes ekonomikoengatik, edo buruzagien ausardi ezagatik, edo abertzaletasun ahulagatik, edo alderdiko sektore espainolistaren presioagatik, edo dena delakoagatik, gorputzaren pisu nagusia garai zaharretan jarrita dagoen hankaren gainean jartzen duela.

Nire susmoa da, autonomismoaren eta autogobernuaren diskurtsoa oso gaindituta dagoenez, EAJk subiranotasunari "partekatua" adjektiboa ondoan jarriz hitz-joko nahasgarrien bitartez garai berrietako kontzeptuak erabili nahi dituela garai zaharretan kokaturik duen estrategia politikoa herritarren aurrean zuritzeko. Horrexegatik nago hain kezkatuta.

Euskal Herriaren subjektu politiko izaeraren eztabaidan sakondu ahala gatazka politikoaren konponbidean urrats erabakigarriak egiteko baldintza objektiboak sortzen ari dira. Abertzale eta ez abertzaleen artean, denen artean, adostu beharko da euskal herritar guztiek Euskal Herriaren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea gauzatzeko era. Autodeterminazio eskubidez eta adjektibo mugatzaile gabeko subiranotasunaz ari gara. Eta subiranotasunaren giltzak bi ate zabaltzen ditu: bata, konponbidearena, bakearena; bestea, demokraziarena, proiektu politiko guztiak aukera berdintasunean jartzearena. Orain konponbideak du lehentasun osoa. Ondoren, konfrontazio politiko demokratikoaren esparruan saldu beharko du bakoitzak bere proiektua herritarren babesa lortzeko. Baina eragile guztiek ondoren horretarako planteatzen dituzten estrategia eta helburu politikoak zehatz eta garbi adieraztea oso onuragarria litzateke konponbide prozesua bizkortzeko eta, alderantziz, diskurtso nahasiek kalte handia egiten diote prozesuari.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2004
 
azala2003

2005 zenbakia.
2005ko irailaren 04a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia