Jakoba Errekondo
AEBetakoa baino eraginkorrago, zorri ejertzito oso bat omen da lagun baten gutizia den etxeko arrosadian. Landare gajoen petrolioa den izerdia amerikarrek Irakekoa baino aise errazago lapurtzen dute.
Zorriak azkarrak izaki, badakite bai zein landaretan apopilo jarri eta hura jabetzerako beren morroi bihurtu. Zorriak nola arraio aurkitzen du, ordea, ostalari inozentea?
Duela ia mende erdi bat zientzialari ugariren lanak baliatuz Frantziako INRA, nekazaritza ikerketarako institutuko zuzendari izan zen Francis Chaboussosusek bota zuen teoria batek zorriaren ostalari otzanena zein izan daitekeen ulertzen lagun gaitzake. Trofobiosiaren teoria deitzen zaio eta inguruan duzun edozein agronomori galde iezaiozu, ea unibertsitatean erakutsi edo badenik ere aitatu dioten... Trofobiosia landarearen elikaduran gertatzen den desoreka bat da. Desoreka hau naturalki gerta daiteke: lehortea, tenperatura gora-behera handiak... edo gizakiak eragin dezake: ongarri gehiegi, inausketa latzak, botikak... Ondorioz landarea proteolisi egoera batean murgiltzen da, hau da, proteina eta azukre konplexuak hautsi eta izerdira igaroko diren nitrogeno sinplea eta azukre motzak ekoizten ditu. Ejertzitoka datozen izurriteetako intsektuak eta gaixotasunetako onttoek izerdi gozoena, nitrogenoa eta azukrea oparo, duten landareak aukeratzen dituzte.
Zorriaren zorriona aldatzeko, landarea berezko proteosintesi egoerara itzuli beharko litzateke, intsektu eta onttoentzako batere erakargarri ez diren proteina eta azukre konplexuak osatzera, alegia. Hau lortzeko hona trikimailu parea: baga, alga edo osinak uretan jarri eta lau-bost egunetara beste hainbeste urakin nahastuta landareak busti, biga, koipea ederki baino hobeto garbitzen duen garbikari baten ttantta batzuk uretan nahasi eta landarea, eta batez ere zorriak busti, lehenengo bustian ez bada bigarrenean zorriak hilko dira soineko argizari geruza urtu eta hilko dira.
Intsektizida gehienek landarean proteolisia edo desoreka sustatzen dute, beraien negozioa diren zorriak ugaritzeko, noski! Aurreak erakusten omen du atzea nola dantzatu, baina nekazaritzan, beste hainbat eta hainbat gaietan bezalaxe, atzekoz aurrera goazela dirudi... Zorriak zori, zorrionak!
Jabier Agirre
Bilbon uztailean egindako kongresuan aipatu zuten nobedadearen arabera, errotabirusagatiko gastroenteritisaren kontrako txertoa urte-pare bat barru gure artean izango dugula dirudi. Eta birus horrek beherako oso larriak eta deshidratazioak eragiten ditu, urtero milioi erdi haur baino gehiagoren heriotza ekarriz -5 urtetik beherako umeak gehienbat eta herrialde ez garatuetan batik bat-. Gauzak ondo joanez gero, 2006. urtean hasiko litzateke txerto hori sistematikoki haurrei jartzen, baldin eta txertoa garatzen ari den laborategiak ez baditu bere dirua eta ahaleginak beste ikerketa-ildo batera bideratzen.
Baina errotabirusaren garrantzia gutxietsi gabe, gure gizartean askoz ohikoagoa den beste birus bat ere aipatu zuten adituek Basurton egindako jardunaldian: barizelaren birusa, hain zuzen ere. Barizelaren kontrako txertoa aspalditik ezagutzen da, eta AEBetan, adibidez, duela 10 urte hasi ziren txertaketa-egutegietan astanafarreriaren (edo barizelaren) kontrako txertoa sistematikoki erabiltzen, 12 hilabeteko haurrekin. Esperientzia ezin hobea izan da; izan ere, txertoa erabiltzen hasi aurretik urtero 100-150 ume hiltzen ziren, eta gaur egun 2 heriotza besterik ez dira izaten, urtero, Estatu Batuetan -eta txertatu gabeko umeak izaten dira-. Txertoa segurua, eta oso eraginkorra da, beraz. Txertatuta dauden umeek gaitza harrapa dezakete, baina sintomak askoz ere arinagoak izaten dira.
Itxura guztien arabera, Osakidetzak txertoa erabiltzea erabaki du, eta Osasun Saileko iturrien arabera, hemen 10 urteko haurrak aukeratu dituzte txertatzeko, adin horretan pediatrek normalean eskolako ume guztien azterketa egiten dutela aprobetxatuz. Barizela ez da gaitz oso larria, baina zenbait kasutan konplikazioak ekar ditzake, pneumoniak, hepatitisak edo entzefalitisak -eta baita heriotza ere, lehen ikusi dugun bezala-. Gurea bezalako gizarte batean jaiotzen diren adina umek jasaten du urtero barizela, eta ikerketa batek frogatu duenez, txertaketa-kanpaina batean inbertitutako euro bakoitzeko, 1,60 euro aurreztuko lirateke gaitzak eragindako gastuetan. Non da beraz txertoa erabiltzeko zalantza?
Joxerra Aizpurua
Legerik zaharrenetakoa
«Zenbat eta handiagoa izan espazio edo eremu bat, gero eta handiagoa da bertan bizi den espezie-kopurua" biologiaren legerik zaharrenetakoa da. Lege hau landare eta animaliekin frogatu izan da orain arte, baina ez mikroorganismoekin. Are gehiago, ikerlariek mikroorganismoen kasuan aipatu legea ez zela betetzen uste zuten. Oxford-eko (Ingalaterra) Ekologia eta Hidrologia Zentroko bi ikerlarik bakterioen portaera arakatu dute oso bitarteko arrotzean: Oxforden kokatutako lantegi tekniko handi baten makinetako olio zikina jasotzeko ontziak aztertu dituzte. Ontziak tamaina desberdinetakoak ziren eta ateratako ondorioak biologiaren lege zaharrena berresten du, bakterio bizien dibertsitatea handitu egiten baita ontzien tamainarekin batera.
Bakterioek eragin handia dute Lurreko ekologian. Batetik landareen hazkundeari lagun diezaiokete eta poluzioaren aurkako borrokan eragingarriak izan daitezke; baina bestetik, patogenoak direnez, hainbat gaixotasun eragin ditzakete landare eta ugaztunengan.
Orain agerian jarri den bakterio-garapenerako ereduak garrantzi handia izango du medikuntzan, nekazaritzan eta biologian, zeren eta, besteak beste, erabilitako urak tratatzeko teknikak hobetzerik izango da, edo ingurumenaren aldaketa baten aurrean bakterioek izango duten portaera aurreikusterik izango da.
Saturnoko eraztunen atmosfera
Saturnoko eraztunek bere atmosfera dute eta planetarenarekiko desberdina da; datu hauek Cassini zundak igorri berri ditu eta oro har esan daiteke Jupiterren sateliteak diren Europa eta Ganimederen atmosferaren antzekoa dela.
Eraztunen osagaiak nagusiki ur izoztua, hautsa eta hondakinak dira eta kilometro eta erdiko zabalera eta 250.000 kilometroko diametroa dute. Eraztunak inguratzen dituen atmosfera osatzeko eguzki izpi ultramoreek eraztunetako ur-molekulak deskonposatzen dituzte. Horrela, hidrogeno-atomoek ihes egiten dute espazioan zehar eta oxigenokoek, aldiz, bildu eta atmosfera osatzen dute, Europako espazio-agentziako Andrew Coates-ek dioenez.
Londreseko College Unibertsitateko kide den Coates CAPS (Cassini Plasma Spectrometer) tresnaren taldekoa da; tresna hau da eraztunak aztertzeko erabilitako bietatik bat. Bestea INMS (Ion and Neutral Mass Spectrometer) deiturikoa da eta talde germaniar-amerikar batek kudeatzen du.
Saturnoko eraztunen jatorria ez da ezagutzen, nahiz eta jakin sistema ezegonkorra dela eta etengabe birsortzen doala materia-galera konpentsatu ahal izateko.
Cassini zunda AEBen eta Europaren arteko elkarlanaren ondorioa da eta 2004ko uztailaren 1az geroztik Saturnoko eraztunak aztertzen ari da.