Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2005-09-04 -- 2005.zenb

Katixa Garate


Biarritz dantzarekin maiteminduta

Maitaldia dantza jaialdia egingo dute Biarritzen irailaren 9tik 18ra bitarte, hamabosgarren aldiz. Aurtengoak hegoaldeko kutsua izango du, Europako hegoaldetik talde andana hurbilduko baita. Asia eta Amerikatik ere gerturatuko da talderik. Hamar egunetan 42 dantza saio izango da, aretoetan eta kalean. Hip hopetik hasi eta neoklasikoraino. Besteak beste, Aterballeto (Italia), Elirale (Euskal Herria), Teresa Nieto (Espainia), Asami Maki Ballet Tokyo (Japonia), Biarrizko baleta (Euskal Herria), Gelabert Azzopardi (Katalunia) konpainiak izango dira oholtza gainean. Dantzaren gaineko dokumental eta filmak ere izango dira ikusgai.


Folkarekin hitzordua Getxon

Kulturen eta soinuen bilgune izango da Getxo irailaren 1etik 4ra bitartean; izan ere, Getxo Folk nazioarteko jaialdiaren 21. edizioa egingo baitute. Musikari handiak izango dira Areetako Geltoki plazan eta Munduko Terraza gunean: Serbiako Boban Markovic Orkestar, Irlandako Sharon Shannon, Erresuma Batuko Blue Horses, Asturiasko Xera... Euskal Herriko taldeak ere ez dira faltako: Oskorri, Korrontzi eta Ttakunpak kontzertuak eskainiko dituzte. Kontzertuez gain, bidezko merkataritza azoka eta munduko azoka antolatu dituzte.


Infernuko hauspoari eragiten

Hirugarren aldiz egingo dira Inpernuko Poza trikiti jardunaldiak Donostian, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen eskutik. Irailaren 5etik 8ra, Koldo Mitxelena kulturunean. 5ean Xabier Amurizak Bizkaiko kopla zaharrak izango ditu hizpide eta Mixel Ducaurekin batera arituko da kantuan. 6ean Jabier Kaltzakorta tradiziozko dantza koplez mintzatuko da. 7an Kopla zahar eta berriak hitzaldia eskainiko du Joxe Mari Iriondok eta Antton Valverdek koplak kantatuko ditu. Amaitzeko, 8an Laja eta Landakanda eta Iñaki Zabaleta eta Txetxu Urrutiak trikitilariek kantatuko dituzte koplak. Bestalde, aurreko bi edizioetako hitzaldi eta mahai-inguruekin osatutako liburua plazaratu du Trikitixa Elkarteak.


Film laburren lehiaketa Bidasoan

Abian da Bidasoako Film Laburren Nazioarteko Jaialdia. Geroz eta film gehiago aurkezten da jaialdi honetara; aurten 81. Horietatik 32 film aukeratu dituzte atal ofizialean lehiatzeko, iaz baino sei gehiago. Film gehienak (hogei) Madriletik iritsi dira, mordoska bat Kataluniatik eta Italiatik bat. Euskal Herriko lau zuzendari lehiatuko dira: Koldo Almandoz (Amuak), Iñaki Martikorena (La luz de primera estrella), Iñaki San Roman (Eduard y el resto) eta Alan Griffin (Dos encuentros). Filmok Beran, Donezteben, Elizondon eta Hendaian erakutsiko dituzte eta irailaren 9an sariak banatuko dituzte Elizondoko Lur aretoan.


Udaren azkenean, rocka

Rockak Gasteiz hartuko du hilaren 1etik 3ra. Gasteizko Azkena Rock musika jaialdiak talde entzutetsuak bilduko ditu Mendizabalan laugarrengoz; eszenan beteranoak direnak eta talde gazteak. Ostegunean The Soulbreaker Company, The Seepwater Band eta Los Deltonosek eskainiko dute kontzertua. Ostiralean Deep Purple, Wilco, Split 77, Drive-By Truckers eta Rose Hill Drive izango dira, besteak beste, taula gainean. Larunbatean, The Pogues, Queens of the Stone Age, Bad Religion eta Hash, besteren artean, arituko dira zuzenean. Antolatzaileek iazko 28.000 ikusleko kopurua gainditzea espero dute. Rock doinuen laguntzaz.

Antzerkiola Imaginarioak Nazioarteko Topaketak egingo ditu bigarrengoz Urduñan, irailaren 5etik 22ra. Kultur trukea helburu duten jardunaldiotan aktoreentzako ikastaro eta mintegiak eskainiko dituzte. Besteak beste Aitor Agirianok, Roberto Iallik eta Wendell Welsek eskainiko dituzte ikastaroak.

Surfing Visual Art erakusketa zabalik izango da Getariako Museoan (Lapurdi) urriaren lehena arte. Gérard Decoster bildumagilea surfzale amorratua da eta surfa gaitzat duten objektu andana du pilatuta: eskulturak, pinturak, bitxikeriak... egungoak nahiz zaharrak. Horiek guztiak daude ikusgai. Erakusketaren katalogoa ere osatu dute.

Peio Serbielle kantaria espetxean da urriaren 3an ustezko etakideak etxean hartzeagatik atxilotu zutenetik. Hari sostengua adierazteko, ekitaldia egin zuten abuztuaren 26an Maule Baitha aretoan artista ugarik, Niko Etxart, Maddi Oihenart eta Beñat Sarasola tartean. Irailaren 24an beste bat egingo dute Biarrizko Plazaberrin. Bretainiako artistek ere sostengua adieraziko diote irailaren 17an Drome eskualdean eskainiko duten kontzertuan.

Koldo Serra zinemagilea lehen film luzea errodatzen ari da egunotan Artikutzan: The Backwoods. Virginie Ledoyen, Paddy Considine, Gary Oldman eta Aitana Sánchez-Gijón aktoreek, besteak beste, gorpuztuko dituzte filmeko pertsonaiak.

Lauaxetaren omenezko diskoa argitaratuko du Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak urrian. Rafa Rueda gidari dutela, hamaika kantarik (Txuma Murugarren, Mikel Urdangarin, Xabier Montoia, Anje Duhalde...) Lauaxetaren poemak musikatuko dituzte.

Ivan Zuluetaren erakusketa zabaldu dute Donostiako Noventa Grados denda-areto berrian. Azaroaren 6a arte, Ivan Zuluetak egindako argazkiak eta film labur bat ikusi ahal izango dira.

Susana Soto da Donostiako San Telmo museoko zuzendari berria. Rafa Zulaika zuzendariak dimisioa aurkeztu zuenetik museoaren eguneroko kudeaketaz arduratu da Soto. Adierazi duenez guztiaren gainetik honakoa da bere kezka: «Museoaren irudia hobetzea».

Mikel Garmendia aktore ezaguna zendu zen abuztuan. Aktore ordiziarrak makina bat lan egin zuen antzerkian, zineman nahiz telebistan: Ama begira zazu, El florido pensil, Hamaseigarrenean aidanez, Goenkale...


William Douglassek adierazpenok egin zizkion Berriari: «Euskal munduari buruzko ingelesezko ondare intelektuala Euskal ikasketen Pogramak sortu du».

Ismael Manterolak Garan idatziak: «Ez dut uste artearen helburu nagusia komunikazioa denik, baina arteak zerbait komunikatzen duela iruditzen zait. (...) Mundua ulertzeko erak daudela onartu behar dugu, eta artea era bat izan daiteke beste edozein bezala».

Xabier Gantzarainek hitzok izkiriatu zituen Nabarran: «(Merkatuaren) Logika horren arabera, kultura produktu bat da, saldu eta erostekoa, eta kitto. Baina ez da hori bakarrik; logika bihurri horren arabera, (asko) saltzen ez dena ez da ona, ez da kultura, eta ez du merezi irakurtzerik, entzuterik, ikusterik. (...) Arrakastaren publizitatea egiten da, ez obrarena. Berdin zaigu obrak zer ematen duen, zer esaten duen, interesgarria den: ezer berririk dakarren. (...) Eta Arrakastaren Logika iritsi da euskal kulturaren eremu marjinal eta bazterrekora ere. Kostatu zaigu, baina homologatu gara».

Eñaut Elorrietak (Ken Zazpi) Berriari: «Edozein musika eskaintzatan oso talde onak daude. Baliabide gutxirekin eta pirateriaren auzia kontuan hartuta, sinesgaitza da Euskal Herrian dugun eskaintza».

hemeroteka

2003. zenbakia | 2005-07-31
2002. zenbakia | 2005-07-24

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan